Campos Eliseos Antzokia
FITXA
Izena: Campos Eliseos Antzokia
Herria: Bilbo
Helbidea: Bertendona, 5
Auzotegi: Abando
Eskualde: Hego Uribe
Herrialde: Bizkaia
Tipologia Orokorra: Antzokia
Mendea: XX
hiribildua.Época: Aro Garaikidea
Estiloa: Eklektikoa
Eraikintza Data: 1920
Autorea: Alfredo Acebal, J.B. Darroguy
Aurreko aldean gorputz nagusi bat ageri da, erdian, eta sarbide nagusia ere han dago; alboetara, berriz, gorputz bana dago, erdikoa baino baxuagoak. Gorputz nagusian, arkuteria nabarmentzen da gauza guztien gainetik, alderik alde ia guztia hartzen baitu. Arkuak nabarmendu egiten dira horman: hiru erroska dituzte irudi askorekin, eta barrualdetik ere irudiak ditu.
Arkupearen barruko aldean, hiru bao maila daude sarbide nagusi hirukoitzaren gainean. Lehen mailan harrizko karela duten lau balkoi daude, eta balkoi horietara ematen duten baoak dinteldunak dira (erdikoak bihurriak dira, eta alboetakoak gingildunak ). Horien gainean, bi bao handik forjazko balaustre sinple batera ematen dute. Bi bao handi horien artean, azkenik, lau leiho txiki daude. Arkuteria osatzeko, berriz, friso apaingarri mardul bat ikusten da.
Arkuteriaren beheko aldean, idulki baten gainean, sarrera dago. Idulkiak kontraste bizia egiten du fatxadarekin, material desberdinez egina baitago. Sarrera horretan lau sarbide daude, pilastra artean, eta sarbide horiek igarota harmailadi xume bat dago.
Gorputz nagusi horretatik beste bi irteten dira alboetara, eta bat, gainera, ez dago osorik. Alboetako sarbideak gorputz horietan daude, eta gainean emakume irudi batzuk daude, zeramikaz eginak. Greziar itxurako janzkera eta orrazkera dute, eta haizezko instrumentu txiki bat daramate. Eraikinaren goiko aldean balaustre jarraitu bat dago.
Eraikinaren gauzarik deigarriena apaindura bereziak dira. Proiektua Alfredo Acebal arkitektoak egin zuen, baina fatxadaren apaindurei dagokienez, Darroguy dekoratzaile frantziarrak egin zituen. Landare eta lore irudi ugari jarri zituen, Mediterraneoko animaliak, eta zeramikazko irudiak ere bai.
Eraikinari maiz kendu dizkiote zatiak, eta horregatik da garrantzitsua gugana iritsi denari bere horretan eustea. Eraikin modernista da oso-osorik, mende hasieran eklektizismoaren baitan sortu zen joera adierazgarrienetako baten adibidea, eta gure artean ez dira horrelako eraikin asko, ez publikoak, ez pribatuak. Diseinuaren kalitatea, forma mugituak, baoen irregulartasuna, irudi batzuen berezitasuna... horiek guztiek Art Nouveau-k fatxadan izan duen eragina erakusten dute, baina baita modernismo katalanetik gertu dauden elementuen eragina ere.
2004. urtean eraikina zaharberritzen ari ziren.