Ginea Jauregia
FITXA
Izena: Ginea Jauregia
Herria: Amurrio
Helbidea: Urrutia Jauregiko Landa,4
Auzotegi: Amurrio
Eskualde: Aiaraldea
Herrialde: Araba
Tipologia Orokorra: Jauregia
Mendea: XVII, XIX
hiribildua.Época: Aro Berria
Estiloa: Barrokoa, Klasizista
Eraikin bakartua da, eta hiru gorputz ditu, erdikoa garaiagoa alboetako biak baino. Erdiko gorputzean, fatxada nagusiaren beheko aldea harlanduz egina dago, eta goikoetan, berriz, adreilu mardula dauka. Gainerako aldeak manposteriaz eginak ditu. Beste bi gorputzak, alboetakoak, harlanduz eginak daude.
Alde nagusiaren beheko solairuan galeria bat du, arku eskartzanoekin. Gaur egun hormaz estalita daude, eta leihoak eta sarbideak egin dituzte arku horietan. Moldura bat ikusten da beheko solairuaren goiko aldean eta, gainean, beste bi solairu, biak ere bizitokiak. Bi solairu horiek, esan dugun bezala, adreiluz eginiko hormak dituzte. Izkina bakoitzean dorre zilindriko bat dauka, harlanduz egina, eta egitura horrek Erdi Aroko jauregien ukitua ematen dio Ginea jauregiari.
Gorputz nagusiko lehen eta bigarren solairuetan, erdi-erdian, burdinazko bi balkoi ikusten dira, eta leiho bana mutur bakoitzean. Bao horien guztien dintelak apainduta daude (igeltsua erabili dute horretarako). Moldura batek egiten du bi solairu horien arteko bereizketa, eta erlaitza ere moldura bat da; moldura horiek harrizkoak dirudite, baina azpian adreilua dute. Alde nagusi horretako goiko solairuan bi armarri ageri dira, bi balkoien alboetan jarriak: eskuinekoak Urrutiatarren armak ditu, eta ezkerrekoak Gineatarrenak.
Alboetako gorputzek ere arkua dute beheko solairuan, eta lehen solairuan leiho bat ikus daiteke bakoitzean, plakaz inguratua. Eskuineko gorputzak zirkuluerdiko bi arku izan zituen eskuineko aldean: egutera moduko galeria bat izan zen, baina gaur egun hormaz estalita dago.