Oñatiko Udaletxea
FITXA
Izena: Oñatiko Udaletxea
Herria: Oñati
Helbidea: Foruen Enparantza,1
Auzotegi: Hirigunea
Eskualde: Debagoiena
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Udaletxea
Mendea: XVIII
hiribildua.Época: Aro Berria
Estiloa: Barrokoa, Rokokoa
Eraikintza Data: 1758
Autorea: Martin Carrera
Fatxada nagusia bikaina da -rokoko estilokoa-, eta hiru hutsarte ditu solairu bakoitzean. Hutsarte guztiek arku beheratua dute oso, eta moldurekin apainduta daude. Beheko solairuan hiru arku ageri dira, eta ondoren arkupe bat; arkupe horren aurreko aldea ere harlanduzkoa da, eta bi leiho eta sarbide bat erakusten ditu. Ojiba ganga batek estaltzen du arkupea, hiru zatitan. Eraikinaren barruko aldean, erdian, eskailera handi bat dago (kupula batek estaltzen du).
Lehen solairuan, balkoi irten eta jarraitu izugarri batek hartzen ditu hiru hutsarteak. Zola harrizkoa du, zizelkatutako mentsula handien gainean jarria, eta eskudeletan forja lan aipagarria du. Bigarren solairuan, berriz, hiru balkoi txiki ikusten dira; behekoaren ezaugarri berak dituzte, baina neurri txikiagoan. Hutsarteen apaindurak nabarmentzekoak dira: frontoi zatituak, floroiak... Zenbait pilastra jarraitu ditu goitik behera, eta horiek banatzen dituzte ardatzak.
Alde nagusian, armarri bikain bat gailentzen zaie gainerako elementu guztiei. Hiriaren armak ageri ditu, eta, ohi denez, goian, triangelu formako frontoia du. Eraikinaren estalkiari eusteko, harrizko harburu zizelkatuak eta erlaitz modura jarritako moldura lodiak ditu. Pilastren goiko aldean, floroi handi batzuk ditu; estalkia baino gorago geratzen dira, eta erdikoa da guztietan nabarmenena: haize orratz handi bat eta burdin forjatuz eginiko gurutze bat ditu.
Eskuineko aldeak bost hutsarte ardatzez osatutako egitura asimetrikoa du. Beheko solairuan harlandua du, eta gainerakoetan manposteria. Solairu guztiak platabanda bidez bereizita daude, eta hutsarte guztiek markoa dute. Ezker muturreko ardatzak hausten du simetria: arkuperako sarbide bat du beheko solairuan, balkoiak lehenengoan eta bigarrengoan (lehen solairukoa itsutua dago). Gainerako hutsarteak leihoak dira, balkoi bat izan ezik.
Estalkia, zurezko harburuekin, harrizko erlaitz lodi baina sinple baten gainean bermatzen da. Zumalakarregi kalera ematen duen aldean gargola bikain bat ikus daiteke.
Atzeko aldean, simetrikoki jarritako bost hutsarte ardatz daude (bi alboetakoen berdinak). Sarbidea eta horren gainean dagoen balkoi bat izan ezik, gainerako guztiak leihoak dira. Sarbidea beheko solairuan dago, erdi-erdian. Ezkerreko aldeak Kale Barrira ematen du, eta eskuinekoaren berdina da, nahiz eta hutsarte bat gutxiago duen beheko solairuan, eta lehen solairuko balkoi irtena, eskuinekoan ez bezala, irekia dagoen.