Martiartu dorrea
FITXA
Izena: Martiartu dorrea
Herria: Erandio
Helbidea: Goierri-Martiatu errepidea, Z/G
Auzotegi: Goierri
Eskualde: Txorierri
Herrialde: Bizkaia
Tipologia Orokorra: Dorretxea
Mendea: XVI
hiribildua.Época: Aro Berria
Estiloa: Gotikoa, Errenazentista
Antzinako dorrea hareharrizko harlanduxka irregularrez egina dago. Leiho eta saietera batzuek ez dute kanpora ematen, Berpizkundeko eraikinaren hormek estaltzen baitituzte. Sarbideek eta bao biki zimendudun batek soilik zeharkatzen dute paretaren lodiera osoa.
XVI. mendeko lanek dorre gotikoaren hondarrak estali zituzten, 1,5 m-ra iristen ez zen horma batekin. Gainerako guztia berria da. Etxe gotortuak 2,40 m-ko hormak ditu, eta hirugarren solairuan metro bat gutxiago dute. Kalitate oneko hareharri landuz egina dago.
Beheko solairua, ukuilua edo biltegia izango zena, itsua da ia erabat. Ekialdeko eta mendebaldeko hormetan saietera bana dago, eta hegoaldekoan sarbide handi bat. Goiko solairuan hutsarte gehiago ageri dira, eta alde nagusian, adibidez, leiho biki bat eta eraikinaren sarbide nagusia daude, dobela handiz hornitutako arku zorrotz handi bat, alegia (gaur egun itsututa dago). Arku horretara iristeko kanpoko aldean dagoen eskailera batetik igo behar da, eta eskailera hori hormetako materiala baino eskasagoarekin egina dago. Azkenik, solairu horretan, bi saietera goratu daude, eremua argiztatzeko jarriak.
Bizileku itxurarik gehiena, ohi bezala, hirugarren solairuak du. Bao gutxi ageri da bertan: leiho bana hegoaldean eta ekialdean, eta antzeko hutsarte bat, txikiagoa, mendebaldean. Azken bi solairu horietan mentsula ilara batzuk ageri dira hormetan: itxuraz, ez zuten zeregin militarrik, eta apaindurak besterik ez ziren.
Eraikinaren hormek mentsula bikoitzeko frisoak dituzte goiko aldean eta, horien gainean, almena lanak egiten dituen balaustre bat dago. Angeluetan kubo batzuk ditu, eta horietako batean ageri da dorreak duen apaindura bakarra: animalia formako gargola bat (ezin da zehaztu zein animalia den).
Dorretxea, denborarekin, baserri bihurtu zen. 40ko urteen amaieran, Bilboko Udalak bereganatu zituen eraikin hau eta San Antonio ermita (gaur egun, Erandiokoaren eskuetan daude biak). Tamalez, erabat utzita dago, eta asko eta azkar hondatzen ari da. Teilatua falta du, eta eguraldiaren eragina jasan behar izaten du; horrez gain, hormetan landaredia gailentzen hasi zaio.