Itzuli orri osora

Urrutume

FITXA

Izena: Urrutume

Herria: Albiztur

Auzotegi: Olateaga bailara

Eskualde: Tolosaldea

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Baserria

Mendea: XVII

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Barrokoa

Eraikintza Data: 1690

Baserri barroko hau Albiztur udalerriko Olateaga auzoan dago, eta ataripe arkuduna dauka. Eraikin trinkoa eta bakartua da, eta ez dauka atxikitako zatirik. Oina angeluzuzena du, handia, teilatua lau isurikoa, eta hiru solairu ditu: behekoa, lehena eta estalkipea.

Maldan jasoa da eta, horregatik, neurri desberdinetako hormak ditu alboetan. Baserriaren hormak manposteriazkoak dira, eta igeltsuztatuta daude; aurreko aldearen eskantzu eta hutsarteetan kareharri grisezko harlanduak ditu. Kareharrizko harlanduak segidan dauden inpostetan ere agertzen dira, bai mendebaldeko eta hegoaldeko hormetan, bai sarrerako arku bikoitzean. Badira adreiluzko hormak ere.

Aurreko aldea mendebaldera begira dago, eta egitura simetrikoa du; hutsarteak hiru ardatzen arabera antolatuta daude, eta beheko solairuan zirkuluerdiko bi arku ditu. Arkuak erdiko ardatzari buruz simetrikoak dira. Erdiko ardatza, bi arku bikiren bidez, behetik gora antolatuta dago (eskuinekoa, gaur egun, estalita dago). Bi arkuen elkargunearen gainean JHS anagrama daukan ikusten da.

Goian, lehenengo solairuan, burdinazko karela duen erdiko balkoi-leihoa dago. Balkoiaren hutsarteak plakaz egindako apaingarri arrunta du eta, goialdean, 1690eko data duen idazkia.

Estalkipearen buruan aitoren semeen armarria dago, barrokoa; armarri horrek bi gaztelu, giltza eta otsoa dauzka. Armarriaren gainean leiho txiki bat dago, baserria aireberritzeko. Hutsarte guztiek harlandua dute inguruan, eta zeharkako eta jarraian ezarritako inposten bidez zehazten da solairuen banaketa; behekoak, hegoaldeko fatxadaren azpitik, hormaren erdiraino jarraitzen du, gutxi gorabehera. Hegoaldeko alde hori garaiagoa da, baserria maldan baitago.

Hegoaldeko fatxadak lau zati ditu; horietako bitan zurezko bilbea duten paramentuak ikusten dira (zurezko bilbe horiek kareztatutako adreiluz beteta daude eta ezkerraldean estuagoak dira), eta, beste bietan, horma igeltsuztatua ageri da, eta bi hutsarte ardatz ikusten dira (bi zati horiek zabalagoak dira).

Alde horretan, neurri desberdinetako zortzi hutsarte daude, solairu bakoitzean lau, eta estalkipea, berriz, zati batzuetan zabalik gelditzen da, eskuineko muturra izan ezik; hor hutsartea dago. Fatxada egitura erregular samarreko horma baten gainean dago; horma hori harlanduxkaz egina dago, eta gotiko garaiko egiturak ekartzen ditu gogora.

Iparraldeko fatxadan sarbide dinteldun handi bat eta zenbait saietera daude; ekialdean, berriz, hainbat hutsarte, desberdin banatuta, eta ganbara ireki bat.

Eraikinaren egitura bitarikoa da: fatxada edo alde batzuetan harria du, eta hegoaldeko hormaren zati batean, berriz, zurezko egitura ageri da.

Barneko egitura zurezko zutoin sendoetan oinarrituta dago, eta eremua lau hormartetan banatzen dute zutoin horiek; hormarte horien gainean, zureriari eusten dioten habe handiak bermatzen dira. Habe handi horiek, aldi berean, zutikako oin batzuei eusten diete, eta oin horien gainean, beso eta tirante sistema konplexu baten bidez, estalkiaren habeak eta gapirioak daude; estalki hori lau isurikoa da.

Azpimarragarriak dira bai zurezko zatien arteko junturak, kisket eta mihiztaduren bidez eginak, bai piezak muntatzean egin zituzten markak.

Baserriari banaketa erabilgarria eman nahi izan zioten, eta horren arabera antolatu zuten: eraikinaren beheko solairuaren eta lehen solairuaren aurrealdea, bizilekutarako erabiltzen zutena; gainerakoa, ukuilu eta lastategia, eta estalkipeko ganbara handia, lehor toki moduan.

Beheko solairuan, horma batek ukuiluaren aurrealdea banatzen du. Aurrealde horretan, eskuinaldean dagoen sukaldeaz gain, hainbat gela ere badaude. Fatxadan, barruko aldean, arku eskartzanoa ageri dira. Bizilekuak lehen solairuan eremu gehiago hartzen du beheko solairuan baino, gelen eremuak zabaldu egin baitzituzten. Estalkipean, berriz, argi ikusten da Urrutume baserriak zein armadura korapilatsua duen.

2004. urtean Urrutume goitik behera zaharberritzen ari ziren.

Urrutume