Itzuli orri osora

Maria Cristina Hotela

FITXA

Izena: Maria Cristina Hotela

Herria: Donostia

Helbidea: Argentina Errepublika,z/g

Auzotegi: Kortazar Zabalunea

Eskualde: Donostia-Beterri

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Hotela

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Eraikintza Data: 1909

Autorea: Charles Mewes, Francisco Urkola

Victoria Eugenia antzokia eta Maria Cristina hotela, eraikitzen hasi baino lehen ere, proiektu beraren parte izan ziren (1902an Sociedad de Fomento de San Sebastian elkartea sortu zenetik bertatik), eta eraiki zituztenean, multzo banaezina osatu zuten hiriaren barnean. Charles Mewes arkitekto frantziarrak egin zituen planoak, 1904an, eta Francisco Urkola arkitektoak zuzendu zituen eraikitzeko lanak.

Etxarte ireki baten inguruan antolatu zuten eraikina, oinplanoa "L" formakoa baitzuen; egitura horrekin, eraikinean bi hegal sortzen ziren, eta bien artean eremu ireki handia geratzen zen hotelaren lorategiak jartzeko. Ondoren, 1949an, oinplano hori osatu egin zuen Manuel Urkola arkitektoak, egoki osatu ere; hala, beste hegal bat atxiki zion, Okendo kalerako noranzkoan, hari buruz perpendikularra. Horrela, Maria Cristina hotelak jatorrian "L" formako oinplanoa bazuen ere, gaur egun "U" formakoa du. Fatxadak, berriz, Kamino kalera ematen zuen. Atxikitako zati horrek ere eraikinaren gainerako zati guztien estiloari jarraitzen zion, eta ez zuen apurtzen eraikinaren jatorrizko antolamendua, lorategiek bereganatu zuten eremu ireki horren inguruan egina. Argentinako Errepublikaren pasealekura ematen duen aldean zuen sarrera nagusia hotelak, eta, berritu zutenez geroztik, Okendo kalera ematen duten lorategietan dago.

Sarrera nagusiaren ondoren atarte handia dago, eta handik eskailera nagusira eta zenbait galeria eta pasabidetara irits daiteke, eta horietan barrena beheko solairu horretako egongela ugarietara joaten da: jatetxea, jantokia, irakurketa gela, atseden gela... Guztiek ere apaindura ugari eta ederrak dituzte, eta kanpoko terrazarako sarbidea ere bai. Terraza horrek, errekara eta lorategi publikoetara begira dauden aldeetan barrena, bueltan-bueltan, eraikina inguratzen du, eta inguruko eremuetatik bakartzen du.

Hotelak beste lau solairu ditu (atxikitako hegalean bat gehiago du, ganbaren solairua). Sotoan, hotelak eskaintzen dituen hainbat zerbitzu daude: sukaldeak, berogailua, upategiak eta abar.

Hotelaren fatxada guztiak hareharrizko harlanduz eginak daude; eskailera nagusia eta egongela garrantzitsuenak marmolezkoak dira. Solairuen armazoiak eta estalkia egiteko ez zuten erabili hormigoi altzairuduna, zura baizik, eta sostengurako egiturak egiteko, berriz, metalezko pilareak erabili zituzten. Fatxadek balkoiak eta leihoak dituzte, eta apainduretan Daniel Zuloagaren zeramikak eta errotondako kupula dira ikusgarrienak.

Maria Cristina Hotela