Oriar Jauregia
FITXA
Izena: Oriar Jauregia
Herria: Legorreta
Helbidea: Koate,1
Auzotegi: Koate
Eskualde: Goierri
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Jauregia
Mendea: XVIII
hiribildua.Época: Aro Berria
Estiloa: Barrokoa
Alde nagusia platabanda batek zeharkatzen du alderik alde, iparretik hegorako noranzkoan, eta sotoa eta lehen solairua bereizten ditu. Gainean, atearen parean, erdi-erdian, harrizko balkoi irtena dago, burdinazko eskudel molduratuekin. Balkoiko sarrerak harlanduzko markoa du. Balkoiaren albo bietara antzeko beste bi balkoi daude. Erdiko balkoi horren eskuinaldean armarri bat dago. Ezkerretara, berriz, hutsarte bat ikusten da, non, garai batean, beste armarri bat zegoen, aurrekoaren berdina (egun desagertuta dago).
Iparraldera ematen duen aldeak beheko solairuan hiru leihoko ilara bat du; harlanduz inguratuta daude eta neurri handikoak dira, eta horiek ere burdinarekin hesituta daude. Lehen solairuaren parean platabanda bat dago (alde nagusikoaren jarraipena da). Beheko solairuko leiho horien gainean, lehen solairuan, lau leiho daude (txikiagoak dira, guztiak berdinak); horiek ere, besteak bezala, harlanduz inguratuta daude.
Ekialdera ematen duen aldea iparraldekoaren berdintsua da. Dena dela, platabanda ez dago lehen solairuan bakarrik, beheko solairuan ere badago. Ate dinteldun handi bat ere badu, sotorako sarbidea hain zuzen, eta soto horretan zeuden garai bateko zalditegiak. Ekialdeko fatxada horretan beheko solairuko leiho guztiek ez dituzte hutsarte berdinak, baina harlanduz inguratuta daude horiek ere. Lehen solairuan hiru balkoi daude, kareldunak, eta harlanduz inguratutako leihoa.
Azkenik, hegoaldeko horma bere erregulartasunagatik eta simetriagatik nabarmentzen da. Bi platabanda ditu alderik alde, beheko solairuaren eta lehen solairuaren parean. Sotoan harlanduz inguratutako leihoak ageri dira, burdinazko hesiz itxiak, eta beheko solairuan ere baditu leihoak, harlanduz inguratuak. Lehen solairuan bost balkoi daude, kareldunak guztiak (aurrekoen antzekoak dira). Hutsarte askotan, jatorrizko materialak gorde ditu, zurezkoak eta burdinazkoak.
Beheko solairutik lehenengora joateko eskaileratik jo behar da; honek bi zati ditu eta, zoritxarrez, oso hondatuta dago. Ganbaran sartzeko, antzeko beste eskailera bat erabili behar da (lehen solairuan hasten da). Hori ere oso hondatuta dagoen arren, eskudelean zizel lanen aztarnak gorde ditu. Estalkia kalitate handiko eraikuntza da.