Arrillagaundi
FITXA
Izena: Arrillagaundi
Herria: Usurbil
Auzotegi: Aginaga
Eskualde: Donostia-Beterri
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Baserria
Mendea: XVIII
hiribildua.Época: Aro Berria
Estiloa: Barrokoa
Eraikintza Data: 1740
Alde nagusia hegoaldera du baserriak, errekara begira. Hareharrizko zutabe batzuen gainean dago eta, zutabe horien azpian, manposteriazko horma du. Horrenbestez, galeria bat daukagu, ibar aldera begira. Hasiera batean irekia zen, baina gaur egun zati batean itxia dauka.
Zurezko egiturari eusten dioten habeak harrizko lau zutaberen eta mendebaldeko hormaren gainean daude (horma horrek ixten du galeriaren ezkerraldea). Galeria horrek eskuineko aldetik dauka sarbidea, ekialdeko fatxadan. Fatxada horretan ate bat dago, eta harmailadi txiki bat hori baino lehen; atea igarota, eskaileren gunera, ezkaratzera eta sukaldera irits daiteke. Galeriaren barruko izkinak harlanduzkoak dira, eta garai batean leiho bat ere bazen (gaur egun ate modura darabilte). Eskuinaldeko zati batean izan ezik, galeriako arkupeak erdi itxita daude gaur egun, baina ez denak berdin, eta berdin itxita ez egote horrek fatxada itsustu eta arkupea itxuraldatu egiten du.
Goiko solairuek zurezko egitura dute, baina gaur egun ez da ikusten, igeltsuztatuta baitaude. Alde nagusi horren gainera teilatuaren isurietako bat etortzen da, zeinak hegal irtena baitu, zurezko harburuekin. Ate-leihoak ere zurez landuta daude.
Gaur egun fatxada desitxuratuta dago: batetik, galeria itxita dagoelako zati batean, eta horrek zurezko egitura estali egiten du; bestetik, galeriako harrizko zutabeen azpiko hormari txabola bat erantsi diotelako.
Iparraldeko fatxada baserriaren atzeko aldea da. Esan bezala, baserria maldan eraikita dago, eta atzeko alde horretan lurra lehen solairuaren parean geratzen da, eta bertara zuzenean sartzeko bidea ematen du. Horma osoa manposteriazkoa da, baina ate-leihoetako markoak harlanduz eginak daude. Lehenengo solairuan halako hiru leiho daude, eta ganbara parean beste hiru. Lehenengo solairu horretan badira geroztik egindako beste bi bao eta ate irristatzaile bat, zeinak belartegira eramaten baitu. Pinoiaren goiko aldea irekia da, eta buruz behera jarritako urkila itxurako atal bat du, eta aurpegi bat zizelkatua. Itxuraz, ontzi baten brankako irudia da. 1740. urtea dauka idatzirik, eta teilatu gailurra dauka gainean, barroko erara apaindua, erroilu eta sokekin. Estalkiari eusten dioten gainerako harburuak ere horrelaxe apainduta daude.
Kanpotik begiratuta, mendebaldeko aldea estalita dago zati batean, hormigoi blokez egindako eranskinak direla eta. Horma nahiko erregularra du, harlanduz egina zati batean. Ate-leihoak harlanduz inguratuta daude solairu guztietan. Saietera bat eta ate dinteldun bi dira azpimarragarrienak (biak ere beheko solairuan). Atxikitako zatiaren barrutik begiratu behar da beheko solairua ikusi ahal izateko.
Ekialdeko aldean, ukuilurako bi sarbide eta hainbat bao ditu han eta hemen. Beheko solairua manposteriaz egina dago. Haren gainean, paramentu bat du, igeltsuztatua gaur egun.
Baserri barruko banaketa dela eta, beheko solairuan sukaldea eta ukuilua ditu. Ukuilua eta biltegia hasieran baino handiagoak dira, arkupeari lekua jan diotelako, eta mendebaldeko aldean egin dizkioten eranskinekin zabaldu dutelako. Lehen solairuan bizitokia dago. Ekialdeko fatxadaren parez pare pasillo bat dago, eta haren alde bietara daude, kanpo aldera begira, jantokia eta logela nagusiak; barrualdera begira, berriz, gainerako logelak daude. Lehen solairu horretako zatirik handiena lastategiak hartzen du.
Barrutik, lau hormartetan banaturik dago. Egitura paregabeko baserria da: barrokoa da, lodiera ederreko zutoinak ditu, lira itxurako besoak eta, gainean, solibetan bermaturiko habe nagusia. Beheko solairua egituratzeko eta egokitzeko osagai guztiak hormak eta harrizko pilareak dira. Goiko solairuetan, berriz, zutoinak dira nagusi egituran, eta horien gainean habe nagusiak eta zurezko habetxoak daude.
Zurezko ataletan garbi-garbi ageri dira zenbaki arrastoak. Zurgintzako pieza guztiek zeramaten zenbaki bat, egitura errazago antolatzeko eta zurak pasagailu bidez errazago lotzeko. Aipagarria da eskailera, ederra oso: zurezko balaustreak ditu eta tornuan landutako zutabexkak, goiko aldean bolak dituztela. Ganbarako eskailera oso sinplea da: taula batzuk maila modura jarriak. Ganbararen laurden bat itxita eta bereizita dago, baratzeko produktuak gordetzeko. Teilatupe horretantxe, hain zuzen, ikusten da inon baino argiago egitura barroko paregabea.