Itzuli orri osora

Aierdi

FITXA

Izena: Aierdi

Herria: Urnieta

Auzotegi: Goiburu

Eskualde: Donostia-Beterri

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Baserria

Mendea: XVI

hiribildua.Época: Aro Berria

XIX. mendeko gerretan erre ez zen Urnietako eraikin bakarra da Aierdi. Beraz, Urnietako etxe zaharrena da. Baserri honek bi bizitza izan zituen, bereizi gabeak, eta familia bakarra bizi izan zen antzina. Gaur egun, ganaduarentzako ukuilu gisa erabiltzen dute, eta etxebizitza osagarri bezala.

Herrigunetik ekialdera dago Aierdi, aldapa handirik gabeko mendi bizkar batean. Jatorrizko egitura guztiak gorde ditu, eta ez dirudi dorretxe izateko eraiki zutenik. Horma gotikoak eta armadura goi mailakoak dira, bikainak alde guztietatik begiratuta ere. Atal bakarreko haritzezko bederatzi zutabek eusten diote baserriaren egitura bikainari. Zutabeetako bat hustua dago, eta armairu bat egin dute bertan, haritzezkoa. Zurezko dolare ia osoa du, jatorrizko itxiturak... guztiak ere XVI. mendekoak.

Oinplano karratua du baserriak, bi solairu eta ganbara. Isuri biko estalkia du, eta gailurra alde nagusiari buruz perpendikularra (hego-ekialdera ematen du).

Alde nagusiaren beheko solairua kareharrizkoa da. Arku zorrotzeko sarbidea du, erdiko ardatzetik apur bat baztertua, leiho baten hutsarte txiki bat, dintelduna, eta ojiba arkua duen beste hutsarte txiki bat (azken hori erdi itsututa dago, fatxadari atxikitako terraza batek estaltzen baitu). Lehen solairua eta ganbara manposteriaz eginak daude, eta eskantzuak harlanduzkoak dituzte; halaber, atal bakarreko hiru zutabe ditu hormen gainean bermatuta. Horma kareztatuta dago, eta bost hutsarte ditu lehen solairuan eta beste bi ganbaran.

Ipar-ekialdean ere horma gotikoak ditu, eta zirkuluerdiko arkua duen sarbide bat; horren ondoan antzinako hutsarte bat ikusten da, saietera baten antzekoa (itsututa dago). Iparraldetik zati bat erantsi diote, eta jatorrizko hormaren puska bat estalita dago.

Hego-mendebaldeko aldea orain arte deskribatu ditugunen antzekoa da, eta horma gotikoak ditu beheko solairuan eta manposteria kareztatua lehenengoan. Lehen solairu horretan, hegalaren azpian, hiru leihoren hutsarteak ageri dira. Zurezko zati bat eta zementuzko silo bat atxiki dizkiote, eta fatxada zati bat gordean geratzen da.

Atzeko aldean, hutsarte bakarra du beheko solairuan, sarbide batena; arku zorrotza du, eta kontrahorma handi bat, horma indartzeko. Lehen solairuan hiru leihoren hutsarteak ikusten dira, harlanduzko markoarekin.

Barruko aldean, eraikinaren sarrerak lauzadura dauka zati batean. Sarreraren ezkerretara zegoen garai bateko bizitokia, erdian sua zuela eta tximiniarik gabea. Eskuinetara, gaur egun, sukaldea eta logelak daude, eta IEko aldean dagoen arkutik ere sartzen da horietara. Sarreratik ukuilura ere irits daiteke (barru-barruko aldean dago). Lehen solairua irekia da, eta banaketarik gabea. Eskuinetara ohol mihiztatuekin eginiko itxitura dauka; XVI. mendekoa da jatorriz, eta metrailak hondatuta dago, XIX. mendeko gerretan. Ezkerretara ere bazuen beste itxitura bat, simetrikoa, baina haize bolada batek bota zuen duela urte batzuk. Itxitura horrez gain, beste lau logela ere baditu fatxada nagusiaren aldera.

Lehen solairuaren erdian zurezko dolarearen oinarria zegoen; 15 cm ziren lodi jatorrizko oholak, eta, desmuntatu ondoren, 7 cm-koak jarri dituzte haien lekuan. Dolarearen oinarri hori habe handien gainean bermatuta dago (beheko solairuaren sabaian ikusten dira habe horiek).

Aierdi