Itzuli orri osora

Aginaga

FITXA

Izena: Aginaga

Herria: Alkiza

Auzotegi: Sakamindra Bailara

Eskualde: Tolosaldea

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Baserria

Mendea: XVIII

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Barrokoa

Alkizatik Anoetara errepidean behera goazela, ezkerretara dagoen lehen bidea hartu behar da, eta bukatzen den arte jarraitu: han aurkituko dugu baserri bikain hau. Aginaga baserria eraikin mota honetan ohikoa den baino eskema landuagoak erabiliz eraiki zuten. Berdin gertatzen da Alkizako gainerako eraikinekin ere, nola herrigunekoekin hala baserriekin. Aginaga baserria halaxe egina denez gero, baserria ez ezik, oinetxea ere badela esan daiteke.

Aginaga baserria bakartua dago, inguruan ez du beste etxe edo baserririk. Oinplano laukizuzena du, isuri biko estalkia, eta teilatu gailurra aurreko aldeari buruz perpendikularra da. Hormak manposteriazkoak ditu, aski ongi kareberrituak eta zurituak. Harlandua agerian du bai horma izkinetan edo eskantzuetan, bai baoen markoetan, bai armarriaren beheko aldean ere.

Goitik beherako banaketa ohikoa du: beheko solairua, lehenengo solairua eta ganbara. Aurrealdea bikaina da, arteari bagagozkio goi mailakoa eta ikusgarria, guztiz egitura erregularrarekin.

Solairu bakoitzeko hutsarteak simetrikoki banatuta daude. Muturretako ardatzetakoak leihoak dira (beheko solairukoek burdin hesiak dituzte). Beheko solairu horretan, ezkerreko leihoa ardatzetik kanpo dago, eta harlanduz inguratuta ez dagoen bakarra da, duela gutxi eginiko bi sarbideekin batera. Halaber, ardatz nagusi bat dago erdian, honako elementu hauekin osatua: beheko solairuko sarbideak, lehen solairuko armarriak eta ganbarako idi begi obal itsutuak.

Sarrera itxita dago orain, eta bi leiho daude lehen atea zegoen lekuan. Ate zabala zen, oso altua, eta dobelaz hornitutako zirkuluerdiko arkua zuen. Armarria bikaina da, XVIII. mendeko topologiaren arabera egina, moldura eta apaindura askorekin. Armarria zortzi zatiz osatuta dago eta armak zortzi zati horietan banatuta daude; armarriari aingeru baten irudiak eusten dio.

Beheko aldean, eskuinean, eguzki ordulari bat ageri da horman grabatuta. Lehen solairuak kanpora dituen hutsarteak balkoi irten samarrak dira; zorua harrizkoa dute, gingil itxurako moldura batzuekin, eta barandak edo eskudelak burdin forjatu sendokoak dira. Ganbarako hutsarteak, berriz, leihoak dira. Baserriak modiloi batzuk ere baditu apaingarri gisa (lehen solairuaren parean geratzen dira).

Pena da baserriaren ezkerreko aldea hainbeste aldatu izana: zati bat erantsi diote eta, horrekin, bao batzuk estali dituzte. Horma horren beheko solairuan bi sarbide eta leiho bat ageri dira (sarbide bat eta leihoa itsututa daude). Sarbidea zirkuluerdiko arku zabala zen, dobelaz hornitua. Bao guztiek harlandua dute markoetan. Sarbideko dobela txikietan eguzki ordulari bat dago zizelkatua. Beste sarbidea ate irristagarri batekin tapatu dute; horma horretan, azkenik, beste sarbide bat ireki dute, interesik gabea.

Eskuineko aldea are gehiago aldatu dute: beheko solairuari hainbat elementu erantsi dizkiote, eta eskuineko muturra erabat estali dute. Eskuineko alde horretan bi bao soilik dira aipagarri, hain zuzen aldatu ez dituzten bakarrak. Beheko solairuan, erantsi dizkioten zati berriek erdi tapatuta, zirkuluerdiko arku bat duen sarbidea ikusten da, dobelaz hornitua.

Baserriaren atzeko aldean, ganbarak soilik du kanporako irekidura, alde hori malda-maldan geratzen delako batik bat. Bi sarbide ikusten dira eta bi saietera edo gezi leiho, bat txaranbeldua eta biak harlanduz inguratuak. Sarbideetako batek zurezkoak ditu janba eta dintelak ; bestea metalezko ate irristagarri batek tapatzen du, baina arku baten dobela zati bat ikusten da. Pinoiaren goiko aldean bi irekidura edo hutsarte angeluzuzen daude, baserria haizeberritzeko. Atzeko aldeko horma utzixeago dago, eta harlandua kareztatuta dauka.

Aginaga