Aldaparo

Ola edo errota ibilarazteko ibaitik edo errekatik ura hartzen eta biltzen duen egitura.

Akrotera

Frontoi baten erpinean ezarritako elementu apaingarria, estatuei edo beste edozein motibori (loreontziei, animalia alegiazkoei...) eusten diena.

Atzapar

Elementu apaingarria da, azazkal kakotuz eta gogorrez hornituriko hanka baten eitea du, eta zutabe baten fustea bere harroinarekin bateratzen du.

Alfiz

Apaingarri arkitektonikoa, baoa arkuan lekukotzen duen moldura edo irtengune lauki formakoa. Ia beti inpostak hasten diren puntuan hasten da, eta lurreraino luza daiteke.

Almena

Antzinako gotorlekuek murruen goialdean edukitzen zuten zaintza eremua; formaz angeluzuzena izaten zen gehienetan, eta gaztelua zaintzen zeudenei babesa ematen zien.

Arbotante

Beheko aldea kontrahorman bermatuz eta goiko aldea gangan, azken horren pisuaren bultzada kontrahormari igortzen dion euskarria.

Arku golatu

Lau zirkunferentzi zatiz osatutakoaren eitea du. "S" itxurako bi profil balira bezala agertzen ditu bere formak.

Arku erori

Arku kopuru bakoitiz osatutakoa, arkuon zentroak inposta lerroaren azpitik daudenean, alboetakoak izan ezik, hauen zentroak aipatu lerroan kokatzen dira eta.

Arku karpanel

Zirkunferentzi zati desberdinez osatutako arkua, bakoitza bere zentroarekin eta betiere kopuruz bakoiti. Zirkunferentzi arku horiei guztiei dagozkien angeluek 180º osatzen dute. Ezagunena hiru zentroko karpanela da.

Arku konopial

Erdian zorrotza eta lau zirkunferentzi arkuz osatua dagoena, elkarrekin berdinak bi alboetakoak eta bi erdikoak, baina erdiko hauek beren zentroak arkutik kanpora dituztela. Angelu guztien balioa 360º-koa da.

Arku gilatu

Itsasontzi baten gilaren itxura duen arkua.

Arku eskartzano

60º-ko angelua duen arku beheratua, eta horrexegatik bere dobelen aurpegi-ebakiak triangelu ekilatero baten beheko erpinera zuzenduta dauzkana.

Arku fajoi

Habearte bateko kanoi-gangan zintxo moduan nabarmenduta ateratzen dena.

Arku formero

Habearte baten ardatzaren norabide zuzenarekiko paralelo doana, eta eskuarki habearte nagusia ondoko alboko habeartearekin komunikatzen duena.

Arku lobulatu

Elkarren artean ebakitzen diren hiru zirkunferentzi arkuz edo gehiagoz eratuta dagoenaren trazatua.

Arku zorrotz

Kopuru bikoitiko zirkunferentzi zati desberdinez osatua dagoena, zati berdinak bi-bika eta bakoitza zentro desberdinarekin dauzkala; giltzarrian elkartzen dira angelua eratuz. Berebat zentro desberdineko bi arku berdinez osatua dagoena, elkar ebakitzean giltzarrian angelua eratzen duten bi lerro zuzenez elkartuta daudenean.

Arku peraltatu

Garaiera edo gezia argia baino handiagoa daukan arkua.

Arrapalarku

Oinak edo abiaguneak lerro horizontal berean ez dauzkana eta, horrenbestez, simetrikoa ez dena, hots, abiagunea garaiera desberdinean duenez, bere intradosa elkarri lotutako bi zirkunferentzi arku ahokatuz definituta daukana.

Arku apaldu

Garaiera edo gezia argia baino txikiagoa daukana. Arku beheratu.

Arku beheratu

Garaiera edo gezia argia baino txikiagoa daukana. Arku apaldu.

Arku toral

Eliza baten gurutzadura eratzen duten lau arkuetatik bakoitza; gehienetan arku horien gainean bermatzen da ganga.

Arkitrabe

Taulamendu baten beheko partea, frisoari eusten dion elementu horizontala, zutabearen eta honen kapitelaren gainean bermatzen dena.

Arkibolta

Faxa makotu moduan arku baten kanpoko aurreko aldea eratzen duen molduren multzoa.

Alakatu

Zehar edo eslaian ebakiriko ertza.

Ateburu

Atearen goiko aldean janben edo bi euskarriren gainean ezartzen den osagai horizontala, bao bat eratzen duena.

Areto erako oinplano

Oinplano basilikala dute mota honetako elizek eta, batez ere, Erdi Aroan eraiki ziren. Garaiera eta zabalera berdineko habearteak dituzte (albokoak erdikoa baino apalxeagoak dituenik ere bada), eta horregatik horma perimetraletan irekitako baoetatik sartzen da barrura argia.

Argi

Bao baten barne dimentsio horizontala. Arkuaren euskarrien arteko distantzia horizontala.

Arkupe

Arku multzo batek eusten dion estalpea, batez ere zenbait eraikuntzaren behealdean aurkitzen dena.

Arrosa leiho

Leiho handi zirkulu formakoa, beirakiz hornitua, batez ere eliza gotikoetan ikusten dena.