Itzuli orri osora

Carlton hotela

FITXA

Izena: Carlton hotela

Herria: Bilbo

Helbidea: Federico moyua plaza, 2

Auzotegi: Abando

Eskualde: Hego Uribe

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Hotela

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro garaikidea

Estiloa: Eklektikoa

Eraikintza Data: 1919

Autorea: Manuel Maria Smith Ibarra

Carlton hotela eraikin zabala da, bakartua, eta Elkano kaleak, Rodriguez Arias kaleak, Errekalde zumarkaleak eta Plaza Eliptikoak biltzen duten eremuan dago. Barruko gelei, aretoei, jatetxeei eta abarri emandako itxurak eragin frantses handia islatzen du. Ez da harritzekoa, izan ere, garai hartan -1919. urtean eraiki zuten-, oso normala zen Frantziako joeren eragina izatea, estilo hark eraikinari ukitu dotorea ematen baitzion.

Hotelak hartzen du ia eraikin osoa, baina eraikinaren atzealdean bulegoetarako gune bat egokitu zuten. Oinplano trapezoidala dauka, eta sarrera nagusia albo txikienetako batean du: Plaza Eliptikora irekitzen den aldean, hain zuzen. Eraikina ikusgarria gertatzen da: zokalo handi baten gainean dago, eta erdisotoa eta beste sei solairu ditu hotelak; arbelezko teilatuaren pean beste gorputz bat dauka, zazpigarrena.

Alde nagusian, sarbidea terraza baten azpian geratzen da, babesean bezala. Terraza hori lehenengo solairuaren parean dago, eta zutabe laukizuzen sendoek eusten diote. Terrazara bi bao irekitzen dira, bi mailatan jarriak: behekoa lehen solairuari dagokio, eta dintelduna da; goikoa, berriz, bigarren solairuari dagokio, eta erdizirkularra da. Bigarren solairu horretan armarri txikiak ikus daitezke eta, aurreko aldea apaintzeaz gain, hirugarren solairuan irekitzen den balkoiaren oinarri ere badira.

Erdiko ardatz horretan, laugarren solairuan, pilastra txikiagoak daude, eta apaindura ugari dituen atal erdizirkular bati eusten diote. Bi alboetako bakoitzean begiratoki bat dauka eta, hortik abiatuta, alboetako fatxadak hasten dira.

Carlton hotela funtsezko eraikina da Bilboko zabalgunean. Manuel Maria Smithek egin zuen, eta eraikin benetan bikaina lortu zuen. Hotelak kokaleku bikaina du eta, eraikin bakartua izanik, are ikusgarriagoa gertatzen da hirian.

Carlton hotela