Larrea
FITXA
Izena: Larrea
Herria: Villabona
Auzotegi: Larrea
Eskualde: Tolosaldea
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Baserria
Mendea: XVI
hiribildua.Época: Aro Berria
Gauza guztien gainetik, eraikin honen armadura bikaina nabarmendu behar da, kalitate handikoa baita, eta XVI. mendean eraikia. Sarrerako arkua ere polita du, eta harriz eginiko beste zenbait elementu ere nabarmentzeko modukoak dira.
Eraikinak oinplano angeluzuzena du, eta bi solairuk eta ganbarak osatzen dute. Zurezko teilatua du, isuri bikoa, eta gailurra alde nagusiari buruz perpendikularra. Alde nagusian, beheko solairuan, horma gotikoak ditu beheko aldean eta manposteriazkoak goikoan. Solairuen artean bi modiloi lerro ikus daitezke, eta horiek nabarmentzen dira gehien. Horma igeltsuztatuta dago, eta leku batzuetan zartatuta. Hormaren erdiko aldean arku zorrotzeko sarbide bat dago, dobelaz hornitua, zeinetan eltze bat ageri den zizelkatua. Lehen solairuan, lerroan ezarritako lau leihoren hutsarteak daude. Ganbarak oholez eginiko itxitura bat du, berri samarra.
Ipar-mendebaldera ematen duen aldeak sarbide dinteldun bat du, eta leiho baten hutsartea. Lehen solairuan, lerroan jarritako lau leihoren hutsarteek hartzen dute fatxada. Hego-ekialdeko aldeak ez du deus aipagarririk: maldan eraikia da, eta mandiorako edo lastategirako sarrera du lurraren parean. Gainera, beste eraikin bat du ondoan atxikia, eta itxi egiten du alde hori. Atzeko aldeak ez du interesik, nahiz eta beheko solairuko horma gotikoa den. Harlandu guztiak kareharrizkoak dira.
Oro har hartuta, landa inguruko eraikin baten itxura du. Sarrera nagusitik sartzen da baserrira. Sarreratik ezkerrera, sukaldea du, beheko suarekin eta arraskarekin. Aurreko aldean, sukaldearen ondoan, ganadua eta askak daude. Sarreraren eskuineko aldean eskailera dago, eta handik lehen solairura igotzen da. Lehen solairu hori hainbat gelatan banatuta dago, adreiluz eta igeltsuz eginiko trenkadekin, mihiztatutako oholekin eta bilbeekin. Eskailerari jarraituz, ganbarara iristen da (hori ere zati batean baino gehiagotan banatuta dago). Haritzez eginiko hamasei zutoinek, guztiak atal bakarrekoak, eusten diote baserri honen egitura bikainari. Zurezko dolarea ere badu, ia osorik.