Ramirez De La Piscina Familiaren Jauregia
FITXA
Izena: Ramirez De La Piscina Familiaren Jauregia
Herria: Eltziego
Helbidea: Del Barco,1
Auzotegi: Eltziego
Eskualde: Arabako Errioxa
Herrialde: Araba
Tipologia Orokorra: Jauregia
Mendea: XVIII
hiribildua.Época: Aro Berria
Estiloa: Barrokoa
Beheko solairua eta solairu nagusia platabanda batek bereizten ditu fatxada nagusian. Goiko aldean erlaitz molduratua dago. Hutsarteei begiratuta, argi ikusten da lehen solairuan gehiago dituela beheko solairuan baino. Beheko solairu horretan molduraz inguratutako sarbide bat ikus daiteke, eta horren eskuinean lau angeluko leiho bat; ezkerrean duen baoa, berriz, handiagoa da, eta horrek ere moldurak ditu inguruan.
Lehen solairuan lau bao ditu, laurak molduraz inguratuak. Erdiko ardatzekoak balkoi irtenak dira, eta muturretakoak leiho-balkoiak. Lau baoen artean, xafla lauak ageri dira.
Etxe honek teilatu hegal handia du, eta harburuetako zizel lana bikaina da; estalkia isuri bikoa da, eta gailurra alde nagusiari buruz perpendikularra.
Atzeko aldean arkupea du eta, horren gainean, galeria bat.
Barruko aldean, sarbide nagusia igaro eta ezkaratz moduko batera iristen da. Hortik aurrera jarraitu, eta eskailera aurkituko dugu. Hain zuzen ere, eskailera dagoen gune hori da etxe barruko gauzarik interesgarriena, kupula bat baitu gainean (ganbaran ikus daitekeenez, buztin-lastozko egitura du, eta zurezko armazoi batek eusten dio). Barrualdea margoz apaindua du -gaur egun nahiko hondatuta dago-, eta argizuloak eskailera tartea argitzen du. Bizileku nagusia eta logelak solairu nagusian daude.
Etxe hau hiriko jauretxeen tipologian sartzen da bete-betean. XVII. eta XVIII. mendekoak dira mota horretako eraikin gehienak, eta alde nagusian izaten dituzte elementurik interesgarrienak: harlandu ona, armarria, burdin lan onak, teilatu hegal harburudunak...