Itzuli orri osora

Oxirando dorrea

FITXA

Izena: Oxirando dorrea

Herria: Gordexola

Helbidea: Oxirando, 1

Auzotegi: Zubiete

Eskualde: Enkarterriko Haranak

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Dorretxea

Mendea: XVI

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Gotikoa, Errenazentista

Oxirando dorrea Zubiete auzoaren hego-ekialdeko muturrean dago, Herrerias ibaiaren eskuineko aldetik Artziniega eta Sudupe lotzen zituen "galtzadatxoaren" gainean (oraindik ere horrela esaten diote inguru horri).

Oxirando dorrea bakarra da bere sailean, bai bolumenagatik eta barruko banaketagatik, bai arkuteriaren berezitasunagatik eta kalitateagatik. Bizkaiko arkitektura zibilak eman duen eraikinik ederrenetako eta erakargarrienetako bat da Oxirando eta, beraz, lehen mailako ondarea dugu.

Oinplano angeluzuzen etzana du eraikinak, eta piramide formako estalkia. Bi zatitan bereizita dago, argi eta garbi. Batetik, etxe gotikoa dago, Oxirando dorrea: eraikin kubikoa da, mnposteria eta harlandu ona tartekatuz egina. Bestetik, jauregia dago: oinplano angeluzuzena du, aurrekoa bezala manposteriaz eta harlandu onez egina, baina honek Berpizkunde garaiko estiloaren arauei jarraitzen die.

Dorreak oinplano ia karratua du, eta lau solairu eta ganbara. Beheko solairuan ukuilua zegoen eta, jatorrian, sarbide bakarra zuen: arku zorrotz bat alde nagusian. Bi sarbide -bat geroztik egina- eta leihatila pare bat kenduta, ia erabat itxia zen.

Lehen solairuan -bizilekua bertan zegoen- hutsarte dinteldun bi ditu, barruko aldean zimenduak dituztela, eta zenbait saietera eta beste leiho modernoago bat ere bai. Beste dorre batzuek bezala, Oxirandokoak ere solairu nagusia oso garaia zuen eta, horri eskerrak, XVII. mendean egin zituzten berrikuntzetan beste solairu bat atera zuten, bigarrena; solairu horretan lau bao ageri dira, dinteldunak. Horietako hiru atal bakarrekoak dira, eta forja lan finek babesten dituzte; eskuinaldeko balkoikoa da bereziki ikusgarria.

Hirugarren solairuan egongela dago, lau baoren bitartez irekia. Solairu honen gainean ganbara almenaduna dago, eta hortik teilatura irits gaitezke.

Dorrearen atalik aipagarriena eraikinaren armarri nagusia da. Armarri handia da, eta Palaciotarren armak ditu.

Jauregia dorreari atxikita dago, mendebaldetik, eta garaiera bera du. Oinplano angeluzuzena du eta, dorreak bezala, zenbait solairu ditu, ongi bereiziak: behekoa, solairuartea, bizilekua eta ganbara.

Beheko solairua batik bat ukuilutarako erabiltzen zuten, eta zenbait hutsarte ditu: argizulo txiki batzuk eta, batik bat, sarbide bat, eraikinaren sarbide nagusia dena. Lehen solairuak edo solairuarteak gela batzuk ditu, eta eserlekuak dituzten hutsarte dinteldun batzuetatik sartzen da argia.

Bigarren solairuak, nagusiak, bizileku itxura ematen dio eraikinari. Leiho eroso batzuk ireki zizkioten. Solairu honen osagarri, arkuteria bat ezarri zuten goiko solairuan. Originaltasun eta kalitate handiko arkuteria da, eta horrexek ematen dio Oxirandori berezitasunik gehien. Forma finak ageri ditu eta, erlaitz apaindu baten gainean, begiratokiaren eskudela eta zutoinak bermatzen dira. Zutoin horiek, halaber, moldurekin apaindutako sei arku beheraturi eusten diete.

Arku galeria hori ez ezik, angeluetako kuboak ere azpimarratu behar dira. Gaur egun jada ez dute gerra erabilerarik, apaindura huts dira, eta Bizkaiko dorre batzuetan ikus daitezkeen garitoien oroigarri dira.

Jauregiaren inguru guztiak erlaitz berria du goiko aldean, eta horren gainean dorreak duen bezalako ganbara eraiki dute.

Oxirando dorrea