Itzuli orri osora

Otazu Jauregia

FITXA

Izena: Otazu Jauregia

Herria: Arratzu-Ubarrundia

Helbidea: Otxategi,14

Auzotegi: Zurbao

Eskualde: Gorbeialdea

Herrialde: Araba

Tipologia Orokorra: Jauregia

Mendea: XVII

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Barrokoa

Otxategi auzoan dago jauregi bikain hau, Zurbaoko herrian. Egia esan, etxe batek eta atzeko aldean erantsitako pabiloi batek osatzen dute. Multzo horren inguruan, batetik, plazatxo bat dago, manposteriazko harresi txiki batek itxia (bola batzuk ditu apaingarri); bestetik, hegoaldera ematen duen aldean, lorategi bat, eta, azkenik, iparraldean, baratzea.

Beheko solairua, lehenengoa eta ganbara ditu, eta lau isuriko estalkia. Hormak era askotako materialekin eginak daude: manposteria dute (beheko solairuan), harlandua dute (baoen markoetan eta eskantzuetan), eta badute adreilua ere (goiko solairua ixteko).

Alde nagusian (ekialdera begira dago) eta pabiloiaren arku galerian daude elementurik interesgarrienak. Alde nagusi horren angeluetan apaindura batzuk ikusten dira.

Beheko solairuan sarbidea dago, dintelduna. Sarbidearen bi alboetan harrizko bankuak ditu erantsita, eta ezkaratza argitzen duten leiho txikiak ere ikusten dira. Solairu nagusian Otazutarren eta Gebaratarren armarria nabarmentzen da; armarri horren albo bakoitzean, berriz, balkoi bat ageri da. Alde nagusiaren goiko aldean zurezko hegal handi-handia dauka. Ildoz eta kiribilez eginiko harburuen gainean dago, eta apaindura bikainak ditu (Arabako Lautadako onenetakoak).

Otazuko jauretxeak dituen apainduren artean alde nagusiaren bi muturretan ikusten diren bi pilastra gainjarriek dute interes gehien. Hala ere, nabarmentzekoa da eraikinaren burdinazko eta zurezko atalen maila ere. Gainerako aldeek ez dute interesik.

Galeria duen pabiloia mendebaldean dago, etxeari erantsia, esan bezala. Galeria du gauzarik deigarriena, zutabeen gainean bermaturiko arku karpanelekin.

Otazu Jauregia