Elorregi Jauregia
FITXA
Izena: Elorregi Jauregia
Herria: Legazpi
Helbidea: Telleriarte,43
Auzotegi: Telleriarte
Eskualde: Goierri
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Jauregia
Mendea: XVI, XVII
hiribildua.Época: Aro Berria
Estiloa: Gotikoa, Errenazentista
Hiru solairuko eraikin kubiko handia da, bakartua; alde nagusia eta ezkerrekoa harlanduz eginak ditu, eta atzekoa eta eskuinekoa manposteriazkoak dira. Jatorrian, beheko solairua, solairu nagusia eta ganbara zituen, baina XVI. mendearen amaieran, beste bizileku bat atera zuten ganbaran. Baoak ez zizkioten itsutu, eta lau argi iturri ditu ganbarak.
Beheko solairuan arkupe bat du, bi arku zorrotzekin, eta, bien erdian, zutoin lodi zilindriko bat; arkupearen barruko aldean, hondo-hondoan, zirkuluerdiko sarbide bat dago. Ezkerretara, berriz, beste sarbide bat ikusten da, apur bat zorroztua, eta saietera bat ere bai. Eta eskuinetara, leihotxo konopial bat.
Eskuineko aldea ia ez da ageri, aldaparen goiko aldean geratzen baita, baina sarbide eskartzano bat eta hiru saietera ikusten dira. Ezkerreko aldean, leiho berri batzuk ageri dira, eta saietera luze bat.
Solairu nagusiak bost leiho ditu aurreko aldean, nahiz eta ezkerretik hasi eta bigarrenak ez dirudien jatorrizkoa. Dinteldunak dira, baina dintel horietako batzuetan pareka jarritako zirkuluerdiko arkuak daude zizelkatuta, eta jarraian jarritako zenbait arku beste batzuetan (landare irudiekin apainduta daude guztiak).
Ezkerreko aldean ere mota horretako bi leiho ditu, eta leiho biki bat ere ageri da, apur bat zorroztua. Atzeko aldean beste leiho biki zorroztu bat dago, eta saietera bat. Antzinako ganbara izan zenaren aurreko aldean saietera batzuk ikus daitezke: horietako bat oso aldatuta dago gaur egun.
Eraikinari zati bat erantsi zioten gorantz; zati horren aurreko eta ezkerreko aldeetan lau leiho handiko multzoak ageri dira, guztiak dinteldunak. Atzeko aldean beste leihotxo batzuk ditu, horiek ere dinteldunak, eta, agian, berriagoak.