Torreluzea
FITXA
Izena: Torreluzea
Herria: Zarautz
Helbidea: Kale Nagusia,28
Auzotegi: Hirigunea
Eskualde: Urola Kosta
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Jauregia
Mendea: XVI
hiribildua.Época: Aro Berria
Estiloa: Barrokoa, Errenazentista
Fatxada nagusiak Kale Nagusira ematen du, eta alde hori da interesgarriena, orekatuena eta bereziena. Beheko solairuan arku zorrotzeko sarbide bat du, dobelaz hornitua. Kanpoko aldean 25 mailako eskailera bat dauka, behe-behetik hasi eta lehen solairurainokoa (beheko alde hori, garai batean, ukuilu eta biltegi moduan erabiltzen zuten). Mentsula sail batek apaintzen du eskailera goiko aldean eta, mentsula horien gainean, gorputz irten bat dauka. Solairu nagusira sartzeko eskailera hori igo behar da, eta sarbidea beheko solairukoaren berdina da, arku zorrotzekoa eta dobelaz hornitua. Sarbide horren gainean armarria dago.
Lehen solairu horretatik hasi eta goraino, harburu lerroak ikus daitezke solairu guztietan, eta leihoak ere bai, arku trilobulatuekin eta leiho-habearekin. Alde nagusiaren bi alboetan harrizko espoloiak ageri dira. Itxura guztien arabera, badirudi harburuen gainean bi galeria zihoazela fatxada guztietan barrena. Beheko galeria eremu gotortua izango zen, eta, beraz, horrek adierazten du defentsarako dorrea izango zela.
Gainerako aldeetan ere ageri dira orain arte aipatu ditugun elementuak: arku zorrotzak, leiho biki trilobulatuak, harburuak...
1456an Enrike IV.ak dorrea mozteko agindua eman zuen, eta, agian, horregatik falta ditu almenak eta eremu gotortua. Eraikin honi "Dorre Luzea" deitzeak esan nahi du, ziurrenik, inguruan izango zela "Dorre Motza" edo "Dorre Laburra" izeneko besteren bat.
Gaur egun, finantza erakunde baten jabegoa da. Joaquin Irizarrek Dorrea zaharberritu ondoren, barruko banaketa asko aldatu da: beheko solairua erabat berritu zuten, banketxearen beharretara moldatzeko, eta gainerakoa kultur jardueretarako egokitu zuten (erakusketa areto gisa erabiltzen dute), nahiz eta saiatu ziren oinarrizko ataripearen egiturari eusten. Barruan, XVI. mendeko margolanak ditu, balio handikoak, Berrugueteren ikasle batek eginak.