Itzuli orri osora

Solanako Markesaren Jauregia

FITXA

Izena: Solanako Markesaren Jauregia

Herria: Villabuena

Helbidea: Herrería,28

Auzotegi: Villabuena

Eskualde: Arabako Errioxa

Herrialde: Araba

Tipologia Orokorra: Jauregia

Mendea: XVI, XVIII

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Errenazentista

Eraikin handia da oso, bakartua. Alde nagusia Herreria kalera begira dauka, eta atzeko aldea Kale Nagusira. Beheko solairua eta beste bi gehiago ditu; atzeko aldean, ordea, solairu bakarra du behekoaren gainean, jauregia maldan eraikia baitago.

Etxearen zati nagusiak hiru isuriko estalkia du, eta erantsi dioten hegalak ere bai. Eranskin hori manposteriaz eta harlanduxkaz egina dago; etxeak berak ere hala eginak ditu horma gehienak, alde nagusikoa izan ezik, izan ere, alde nagusian maila oneko harlandua dauka.

Alde nagusia XVI. mendean eraiki zuten, eta gero, XVIII. mendean, handitu egin zuten; eskuinean, gainera, hegal bat erantsi zioten, angelua eginez bezala. Jauregiaren erdiko zatian sarbide bat dago, Berpizkunde garaiko apaindurekin, eta zirkuluerdiko arkua du, dobela lerdenek hornitzen dutena. Sarbide horren gainean armarri bat ikusten da, koroa batekin, eta honako idazki hau ere ageri da: ESTA ESPADA QUEBRADA MAS MI FE NO FALTARA ("Ezpata hautsia da, baina nire federik ez da faltako").

Beheko solairua oso itxia da: sarbideaz gain, leiho bakar bat du eta. Lehen solairuan bi balkoi ditu; erlaitzak harri molduratuz eginak daude, eta mentsulak eta burdinazko karelak ere badituzte. Balkoi horien artean bi leiho daude eta, leiho horien erdian, jauregiaren armarria. Goiko solairuan beste lau leiho daude, lehen solairukoen antzekoak.

Eskuinean erantsi dioten hegalean ere badu sarbidea, arku eskartzanoarekin hori. Lehen solairuan barlasai molduratua duen leiho bat du, eta goiko solairuan egutera bat, lau hutsarterekin; hutsartetik hutsartera, habeei eusteko, zurezko zutabeak ditu.

Leihoen zurezko lanen maila ona azpimarratzekoa da, eta eraikinak duen itxura trinkoa ere deigarri gertatzen da. Alboetako fatxadetan barlasai molduratua duten leihoak ikusten dira. Ezkaratza apainduta dago, eta interesgarria da. Barruko aldean antzinako egiturari ia erabat eutsi dio, eta ageri diren zenbait armarri ere antzinakoak dira.

Aurreko aldean, etxea baino beherago geratzen den kale batean, etxeko baratzerako sarbidea dago; eskailera batetik jaisten da kale horretara (harrizkoa da, eta burdinazko karel ona du).

Solanako Markesaren Jauregia