Itzuli orri osora

Butroe gaztelua

FITXA

Izena: Butroe gaztelua

Herria: Gatika

Auzotegi: Butroe

Eskualde: Mungialdea

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Gaztelua

Mendea: XV, XIX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Estiloa: Eklektikoa

Eraikintza Data: 1480, 1888

Autorea: Marques de Cubas

Francisco Cubas arkitektoak berregin zuen Erdi Aroko gaztelu hau, 1888an, Torrecillako markesaren aginduz. Leku horretan Erdi Aroko dorretxe bat zen (XIV-XV. mendeak), baina gaur egun haren arrasto gutxi dago; eskuineko dorre handiaren beheko aldean ageri den harlandua besterik ez. Cubas arkitektoak, dorrea zaharberritu baino gehiago, errepika arkeologiko bat egin zuen, Erdi Aroko arkitektura militarraren osagai guztiekin.

Gaztelua eraikin bakartua da, eta Butroeko auzoan dago, izen bereko errekaren ondoan. Oinplano angeluzuzena du, eta dorre handi zirkular bat erpin bakoitzean; erdian, berriz, dorre nagusia ageri da. Hormatzar almenadun batzuek ixten dute eraikina.

Alde nagusiko sarbidetik barruko patio edo etxartera heltzen da, eta handik gazteluko alde guztietara joateko aukera dago. Iparraldeko dorre handia da garaiena (patioan sartu eta eskuinera geratzen da), eta lau zati ditu, lau kanoizulorekin; gainean, terraza almenaduna dauka. Mendebaldean dagoen dorreak aurrekoak bezalako erradioa du, eta bi solairu. Bi solairuek egongela hexagonal bana dute erdian, eta horietatik iristen da sei egongeletara. Hirugarren dorreak aurrekoak bezalako diametroa dauka, eta ganga handi batek osatzen du, zeinaren gainean dorretxo bat ikusten den, bikain eraikia. Dorretxo horrek era berean sei dorre ditu eta eskailera kiribil bat. Kiribil hori eskailera nagusitik abiatu eta dorretxoaren terrazaraino heltzen da. Laugarren dorreari dagokionez, ganga orokor bat du, eta sei saietera irteten dira bertatik. Bi solairu ditu, eta bakoitzean, sei logela handi eta sei bainugela daude, azken horiek beren bao eta guzti. Dorre nagusia eraikinaren erdian dago, eta laugarren solairuraino iristen diren dorre poligonal batzuk ditu atxikita.

Dorre nagusi horrek oinplano angeluzuzena du, eta estalki laua. Goiko aldean, hamar garitoi almenadun ditu, eta barruko aldean, eskailera kiribila, terrazara igotzeko. Dorrearen barruan egongela nagusia dago, sukaldeak ere bai, harlanduz eginiko gangen gainean eta, halaber, hainbat areto, handiak eta txikiak; areto horiek simetrikoak dira, eta labirinto bat osatzen dute. Dorrearen bigarren eta hirugarren solairuetan hainbat areto daude. Laugarren solairua armen aretoa da. Bosgarrena estalkiaren azpian dago, zeinak arbelezko erremateak eta haize orratzak baititu. Zenbait baotan kolorezko beirateen arrastoak ageri dira.

Eskuinaldeko fatxadan kapera bat du atxikia, erabat gotikoa. Lau ojiba bao ditu alde bakoitzean kaperak, kontrahormen eta isuri biko arbelezko estalkiaren artean.

Butroeko gazteluak, gainera, ongi betetzen du berezi edo bitxi izateko baldintzetako bat: bakartua dago, eta espezie exotikoz jantzitako lorategia dauka inguruan.

Butroe gaztelua