Errege itsas kluba
FITXA
Izena: Errege itsas kluba
Herria: Donostia
Helbidea: Ijentea, 9
Eskualde: Donostia-Beterri
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Itsas kluba
Mendea: XX
hiribildua.Época: Aro Garaikidea
Estiloa: Arrazionalista
Eraikintza Data: 1929
Autorea: Jose Manuel Aizpurua, Joaquin Labaien
Oso forma bereziak ditu, eta horiek itsasontzi bat gogorarazten dute: zuritua dago, masta, eskudela , zurubia eta leiho biribilak ditu... Eraikina arrazionalismoaren arkitektura moldeen arabera egina dago; besteak beste, kristal handiak ditu hormen lekuan. Eraikinak mailaka antolatutako zenbait atal ditu, teilatu zapalekoak, eta akuario zaharraren karga hormen gainean eraikitako zutoin egitura batek eusten die (sei metrotik sei metrora zutoin bat). Zutoin egitura horretatik zutabe karratu batzuk sortzen dira; zutabe horiek agerian geratzen dira solairu nagusian, hormekin bat egiten duten lekuetan izan ezik (ekialdean eta hego muturrean, adibidez). Goiko solairuan, berriz, barne zutabe biribil batzuk daude.
Proiektuak, solairu ezin hobeto artikulatuak sortuz irtenbide zentzuzkoak bilatzen ditu. Altxadurak dira irtenbide horien adierazpenik garbienak. Esan dugun bezala, kristalezko leiho handiak ditu, badia edozein lekutatik ikusi ahal izateko. Sarrera gisa eskailera luze bat dago, bi zatitan banatua. Lehenengotik Klubera sartzen da, eta bigarrenetik jatetxe publikora. Solairu nagusitik bainu hartzaileen gelara jaisten den eskailera estaliak zirkuluerdi baten forma du. Kanpoaldeko eskailera zutabe baten inguruan kiribiltzen da. Zutabea badia hondotik abiatzen da, eta goiko solairuko terrazatik gora irteten; hormigoizko lauza biribil bat du goiko muturrean, eskaileraren guardasola balitz bezala.
Horrek guztiak goiko solairuko hegats baten gisako gorputza eta solairu nagusiko ipar muturreko biribilgunea zehazten ditu. Klubaren premia berriei erantzuten dien banaketa honela dago finkatua: beheko solairua: festa areto handia, balandralarien eta bainu hartzaileen gelak, sukaldea eta komunak; solairu nagusia: harreragunea, liburutegia, joko aretoa tabernarekin, batzar gela, terraza estalia eta komunak; goiko solairua: jatetxea, taberna eta terraza handi bat. Espazio garbi bat lortzea da helburua.
Liburutegia, harreragunea eta joko gela bata bestearen ondoan daude, kortina, horma txiki, altzari edo kristal soilen bidez bereizirik, espazioak mugatuz baina erabat itxi gabe, halako eran ezen espazio osoa begiz harrapa baitaiteke. Solairu nagusiaren antzeko espazio batasuna eratzen dute, halaber, barnealdeak eta terraza estaliak, ez baitago bi esparruok bereizten dituen itxiturarik; lerro fin baten gisako kristalezko egitura bat besterik ez, eta horrek espazio garbia eta gardena eratzen du, eta badia ederresteko aukera eskaintzen.
Joko aretoak, berriz, muga zehatzak dituen espazio bat eratzen du. Hormak panelez estalita daude, eta hamabi hutsarte karratu txiki dituzte lurretik gertu, jokalariek badia ikusi ahal izan dezaten, eserita jokatzen duten bitartean. Joko aretoaren kanpoaldean, leiho karratuek eta biribilek beren banakotasuna galtzen dute xafla baten gisako zurezko zerrenda batean txertaturik.
Goialdean leiho bat dago, alderik alde, inguru osoan (40 bat metro), eta horri esker, erosotasuna, ikuspegi zabala eta irekitasun handi samarra lortzen da barruan. Jatetxean espazio librearen ideia azaltzen da berriro: altzariak, argi tresnak, barra eta barneko sei zutabeak... aretoan zehar mugitzeko orduan ahalik eta oztoporik txikiena egiteko moduan banatuta daude.
Solarium bat ere bada, pasealekura itxia eta itsasora irekia.