Victoria Eugenia Antzokia
FITXA
Izena: Victoria Eugenia Antzokia
Herria: Donostia
Helbidea: Argentina Errepublika,z/g
Auzotegi: Kortazar Zabalunea
Eskualde: Donostia-Beterri
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Antzokia
Mendea: XX
hiribildua.Época: Aro Garaikidea
Estiloa: Eklektikoa
Eraikintza Data: 1909
Autorea: Francisko Urkola
Eraikin monumentala da, oinplano angeluzuzenekoa. Zimenduak, forjatuak eta estalkia egiteko, hormigoi armatua erabili zuten, garai hartan ohikoa baitzen hala egitea, batik bat antzokietan eta eraikin publikoetan, suari aurre egiteko material ona delako eta, asko irauteaz gain, mantentzen erraza delako. Fatxadak, berriz, Igeldoko harrobietatik ekarritako hareharriz egin zituzten erabat. Korridoreetako eta atarteetako zoruan, Noallatik (Valentzia) ekarritako lauzak jarri zituzten, atarte nagusian izan ezik; han, marmol mosaikoa erabili zuten. Eta bigarren mailako geletan, pinua eta haritza.
Eraikinak 2460 m²-ko eremua hartzen du. Antzokiaren alde nagusiak ibaia dagoen aldera ematen du. Guztietan ezaugarri bera nabarmentzen da: arku karpanelak dituzten hiru hutsarte ditu -lehen solairukoak balkoiak dira-, alboetan zutoin bakartuak dituztela, oso lerdenak, idulki gainean binaka jarriak. Zutoin horien beheko aldeak ildaxkaz eta irudi geometrikoz apainduta daude.
Solairu nagusian, zirkuluerdiko hiru arku handien arkuarte apainduak nabarmentzen dira. Esan bezala, arku horiek hiru balkoi irtenetarako sarbide dira; balkoi horiek harrizko balaustreak dituzte, eta, horien gainean, lehen deskribatu ditugun zutoin pareak daude. Apaindurak egiteko, berriz, lore irudiak erabili zituzten eta medailoi tipikoak, espainiar platereskoko bustoekin.
Goiko solairuan, hiriko armarria ageri da erdian, eta zutoinen lekuan eskultura multzo ederrak ikusten dira, Jose Iñigezek eginak: tragedia, musika, dantza eta komedia. Multzoa ixteko edo, triangelu formako frontoi eder bat du, hori ere beste guztia bezala apaindua, eta erpinen buruan, berriz, pinakulu txikiak ageri dira. Gorputz nagusiak alboetan dituen terrazen atzean bi dorre nabarmentzen dira, aurreko aldean bi busto handi dituztela. Horiek ere pinakuluak dituzte muturretako goiko aldean.
Alboetako aldeak, luzeenak, oso elkarren antzekoak dira, eta bietan ere, erdiko gorputzari atxikitako zutoinak nabarmentzen dira; ildoz apaindutako fusteak dituzte, eta solairu nagusia eta hurrengoa hartzen dituzte, balkoi handien tartean.
Fatxada nagusitik sartzen da atarte nagusira, eta hortik ohorezko eskailerara iristen da (guztia marmolean egina dago).