Orgaz Dorrea
FITXA
Izena: Orgaz Dorrea
Herria: Lantaron
Helbidea: Fontecha,z/g
Auzotegi: Fontecha
Eskualde: Añana
Herrialde: Araba
Tipologia Orokorra: Dorretxea
Mendea: XV
hiribildua.Época: Erdi Aroa, Aro Berria
Estiloa: Gotikoa
Orgazko dorrea multzoaren erdian dago. Oinplano angeluzuzeneko eraikina da, eta beste guztiak baino garaiagoa da, maldaren gorenean eraikita baitago. Hormak harlanduz egin zituzten, eta harri landuetan gaur egun oraindik ere ikus daitezke hilarri ikur batzuk, lanean aritu ziren harginek eginak. Iraun duten elementu nagusiak defentsarako egiturak dira: modiloien gainean jarritako hegala, almenaduna; horma lodiak, saieterak... Araban gaur egun dauden dorreetatik erabat harlanduz egina dagoen bakarretako bat da. Barruko aldea hutsa du guztiz.
Esan dugun bezala, dorreak jauregia dauka erantsita. Jauregi hori bizitokiak behar zituztelako eraiki zuten. Harlanduzko hormak ditu, eta dorrearen mendebaldean dago. Oinplano angeluzuzena du, eta zenbait solairu ikusten dira behetik gora (dorrearen erdiraino iristen da jauregia). Etxarte edo patioa ere badauka.
Beheko solairuan, ezkaratza, zalditegiak eta gela osagarriak zeuden. Solairu horretan sarbide nagusia nabarmentzen da, zeinak arku konopial bikaina duen; gainean bi armarri landu ikusten dira. Eskuinekoan, Hurtado de Mendozatarren armak ageri dira, eta Gaztela eta Leongo armarriak. Ezkerrekoak Guzmandarren armak ditu.
Goiko bi solairuetan bederatzi saietera ikusten dira, eta Erdi Aroko zenbait leiho biki. Aipagarrienak arku lobulatua daukatenak dira, harlandu bakarrarekin eginak.
Dorreak harresi zati bati eusten dio, zehazki, iparraldeko fatxadatik abiatzen den zatiari. Hiru saietera ditu harresiak, zabalak eta oso luzeak. Horrek ere agerian uzten du multzo honek defentsa zereginak zituela.