Nograro Dorrea
FITXA
Izena: Nograro Dorrea
Herria: Gaubea
Helbidea: Calle Real,16
Auzotegi: Nograro
Eskualde: Añana
Herrialde: Araba
Tipologia Orokorra: Dorretxea
Mendea: XIV, XV
hiribildua.Época: Erdi Aroa
Estiloa: Gotikoa
Dorreak garai batean izan zituen hiru zatien hondarrak ikusten dira. Multzoaren mendebaldean harlanduz eginiko dorrearen hondarrak ageri dira; nahiz eta guztiz hustua dagoen, lau aldeak osorik ditu. Dorre hori iparraldetik eta ekialdetik inguratzen zuen harresiaren zati batzuk ere badira (hegoaldeko zatiak apenas ikusten diren). Santiagoren omenez eraikitako otoiztegi baten arrastoak ere ikusten dira (dorrearen hegoaldeko fatxadari erantsi zioten).
Dorrea 17 metro da luze; oinplanoak 12,30 metro ditu mendebaldean eta ekialdean, eta 8,70 metro iparraldean. Almena batzuk baditu oraindik ere, eta saieterak eta garitoiak ere bai; garitoi horiek modiloien gainean daude, eta dorrearen lau angeluak babesten zituzten.
Dorreak lau solairu zituen. Beheko solairuan, kanpora begira dauden hormetan, saieterak ditu. Bigarren solairua zen solairu nagusia, eta mendebaldeko eta iparraldeko hormetan ere saieterak ageri dira; solairu horretako bao nagusiak ekialdeko eta hegoaldeko fatxadetan daude. Ekialdekoan arku zorrotz handi bat ikusten da (segur aski, garai batean, ate hori izango zen patiotik dorrerako sarbidea). Hegoaldean arku konopiala duen bao bat dago, ongi landutako lau dobelarekin hornitua, eta hirugarren solairuan leihoak ageri dira, arku zorrotzak dituztela (dobela simetrikoak dituzte). Bao horietako batzuen gainean saieterak ikusten dira. Azken solairua dago guztietan hondatuena, laugarrena alegia, eta, huntzak estalita dagoenez, saietera bat ikusten da soilik, mendebaldean.