Volver a la página índice

Zaitegi

FITXA

Udalerria: Zigoitia

Herrialdea: Araba

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Arrato mendilerroaren ipar-ekialdeko 740 metro inguru garaierako muino zorrotz batean zen Zaitegiko gaztelua. Arabako Lautadaren eta Zuia herriaren arteko bide zaharren eta gaurko bideen goiko aldean dago muinoa, eta Arabako Lautadaren iparraldetik Zigoitian barna zihoan bidearen goiko aldean berebat.

Igarobide horiek kontrolatzea eta Nafarroaren mendebaldeko muga zaintzea zen XII. mendearen bigarren erdialdean gazteluak zuen egiteko nagusia.

Zaitegi gaztelua

Baselizaren ekialdeko horma eta gazteluaren oinarriak. (2000)

Historia

Izan zen garai batean Zaitegi, Gazteluaren izena, zaindu hitzetik eratorri nahi zuenik, eta jatorrizko izena Zaitutegi zela zionik ere. Dena dela, era askotara idatzi izan da eta sustrai bera mantenduz beti: Zaitai, Çahitegui, Çaytegui, Çahytegui, Caitegui... Baina Zaitutegi aldaerarik ez du inork aurkitu. Herriaren izenak aldaera handixeagoak izan ditu: Çahytegui (1257), Çaytegui (1295), Çahytagin (1295), Çahytagui (1295)...

Erromatarren garaiaz edo Goiz Erdi Aroaz hitz egiterakoan, ¿Lautadako lau gazteluak¿ edo ¿lau eskuak¿ izenez ezagutzen zituen antzinako zenbait historialarik, Argantzungo, Zaldiarango, Marutegiko (Araia) eta Zaitegiko gazteluak, baina horretarako arrazoi sendorik gabe. Batzuek, gainera, ez zuten Argantzungoa aipatzen; Arabako Lautadaren ekialdeko muturrean zen San Adrian jartzen zuten horrez ordez. Horietako historialari batzuen iritzian beste hirurak baino oraingoagoa baitzen Zaitegikoa. Legutioko jaunak edo Abendañotarrek eraiki izango zuten Zaitegiko hau. Dena dela, hau bai, historiaz froga daiteke, Oinaztarrek erre zuten Berant Erdi Aroan.

Zernahi dela ere, leinuen arteko borrokak gogorrenera iritsi baino lehenagokoa da gaztelua, XII. mendearen bukaeran aipaturik agertzen baita dagoeneko. Baliteke, gainera, XII. mende bukaera baino lehenagokoa izatea ere. Musulmanen eraso batzuek ¿jentilen mendia¿ izan zuten helburu, eta mendi hori Gorbeia bazen, ez litzateke harritzekoa, gorago aipatu diren igarobide horiek zaintzeko, eraikuntza gotorturen bat edo talaiaren bat izatea muino horretan.

1189ko agiri batean agertzen da lehenengo aldiz, Antso VI.a Jakitunak (1150-1194) gazteluzain izendatu bide zuen On Furtado bat dela medio; ez da dokumentu horretan beste xehetasunik ageri. Bere lurraldeetako administrazio antolaketa berritzen ari zen urte horietan Antso IV.a, Aitzorrotz gazteluan egoitza zuen Araba-Gipuzkoa administrazio esparrua barruti txikiagoetan banatuz, Zadorra ibaiaren eskuinaldeko defentsa sendotzea zen erregearen asmoa. Gaur egun Araba den horretan, Zaitegikoa zen, sorreraz, bederatzigarren tenentzia edo administrazio barrutia.

Geroxeagoko agirietan ere gazteluzain bera agertzen da Zaitegin: Furtado (Hurtado), beste eranskinik gabe. 1192ko urritik aurrera, berriz, Arabako Hurtado izenez agertzen da, 1193ko martxora arte. Noble edo aitonen seme zen, beraz, Araba leinukoa, hain zuzen. Data horretatik aurrera, ez dakigu zergatik, berriz ere Furtado, 1194ko urtarrilean, Zaitegiko gazteluzain gisa agertzen den azkeneko aipamenera arte.

1194an, Antso VI.ari Antso VII.a Azkarra jarraitu zitzaion erregetzan (1194-1234), eta honek Iñigo Lopez Mendoza jarri zuen Zaitegin gazteluzain. Iñigo Lopez, ¿Enego Lupi de Mendoça, Cahitegui¿, agertzen da urte bereko irailean Mendigorriako foruak berrestean.

Beste hainbat agiri ere sinatu zituen horrek lekuko gisa; 1197ko ekainean, azkenekoa, San Martin Unx herriari eman zioten forua, hain zuzen. Mendoza gaztelukoa eta leinukoa zen Iñigo hori.

1198ko martxoan eta 1198ko uztailean, ordea, berriz ere Furtado izeneko bat agertzen da izenpetzaileen artean, Caitegui-ko eta Çahitegui-ko tenente gisa.

Urte horietan Zaitegi inguruan zen Nafarroako mendebaldeko muga, eta leku garrantzitsua zen Zaitegi Nafarroako Erresuma defendatzeko. Horregatik aukeratu izan zuten Antso Jakitunak eta Antso Azkarrak hurbileko edo konfiantzako jendea muga horretan gazteluzain izateko. Sarritan agertzen dira horiek hiri-gutunetan-eta agiriak sinatzen.

Rodrigo Ximenez Radaren De rebus Hispaniae liburuan ere agertzen da Zaitegiko gaztelua; 1199ko erasoaren ondoren Alfontso VIII.ak beretu zituen gazteluen artean, eta Zeguitagui idazkeraz, hain zuzen.

Zaitegiko gazteluzainen artean Hurtado agertzen denean bi Hurtado bereizi behar dira, batzuen ustez Arabako Hurtado, batetik, eta azken urteetako bestetik, Hurtado Mendoza, Mendoza leinukoa, bestetik. Urte horietan ere, 1199an alegia, Iñigo Lopez Mendoza zen tenente, gorago ikusi ahal izan dugunez. Gaztelako erregeak 1199-1200 urteetan eginiko konkista erreaz hartan, Gasteiz, Zabalate eta Trebiñu ez ezik, agian hainbat gaztelu eta lurralde ere eman egin zizkioten lekuan lekuko nobleek edo aitonen semeek erregeri, ona baino txarra gehiago baitzetorkien Nafarroako erregeen politikatik. Hori horrela izatera, Zaitegiko gaztelua Mendozatarrek entregatu izango zion Gaztelako erregeri.

Handik aurrera ez zen, urte batzuetan bederen, Zaitegiko gazteluaren berririk izan. Beste hainbat gaztelutako arduradunak bezala, Zaitegikoa ere Alfontso Cerda infantearen alde jarri zen 1288an, eta Gaztelako Antso IV.aren aurka; Lope Diaz Haro III.a, Bizkaiko orduko jauna hil baitzuen errege horrek, bere ezpataz. Gero, eskura zituen arma guztiak erabiliz hartu behar izan zuen Zaitegi (Caytay jatorrizkoan), Gasteiz eraso baino lehen.

Idatzia berantiarra izan arren, XVI. mendekoa, interesgarria da Joan Lazarragak nola azaltzen duen Arabako lautadaren lurralde banaketa bandoen artean: ¿Bi bando nagusitan zatitu zen: batean, Arazko eta Araiako gotorlekuak eta gazteluak bildu ziren, Estibalizko elizaraino, hau barne; bestean, Zaldiaran eta Zaitegi, Estibalizko eliza arte.¿

Ikuspuntu beranduko horretatik nabarmentzekoa da Zaitegiri ematen zion garrantzia Erdi Aroan.

Tontorrean den San Bitor baselizari dagokionez, ez dakigu zuzen noizkoa den, ezta lehen gazteluan zen kaperaren ondorengoa den ere. Gaur egun Letona eta Zaitegi bi herrien esku dago baselizaren ardura, orain hondarrak besterik ez dira. Elizatxoaren izenetik datorkio, bestalde, muinoari berea, San Bitor.

Zaitegi gaztelua

Gazteluaren iparraldeko izkina, zulo edo erretenaren beste aldetik begiraturik. (2000)

Egitura eta aztarnak

Gaztelua aspaldidanik hondaturik dagoen arren, bizirik iraun izan du horren oroitzapenak, eta Espainiako Historiaren Errege Akademiaren hiztegia, 1802an argitaratua, dugu lekuko: ¿Zaitegiko antzinako gazteluaren aztarnak ageri dira (¿) Gaur egun guztia suntsitua dago, eta ermita bat besterik ez da ageri¿¿, dio hiztegi horretan. Gauza bera esan beharko genuke gaur egun; baina baseliza ere hondaturik dagoela erantsi beharko genuke. Coellok ere badakar gazteluaren aipamena, bere mapan (1848).

San Bitor baselizaren aztarnak baino ez dira nabari iritsi berrian, baina baselizaren ekialdeko hormaren aldera joanez gero harri ilara batzuk ere berehala bereizten dira hormaren hegoaldeko muturraren segidan. Harresiak edo zena zelakoak hor zuen hasiera, dirudienez. Horma horren bestaldeko muturrean, berriz, harresi sendo bat dago. Hormaren jarraipena dirudi, eta izkina zorrotz batez bukatzen da, gazteluaren branka bailitzan, Zaitegi aldera begira. Baselizaren ekialdeko horma hori gazteluaren harresia izango zen bere garaian, edo haren gainean egingo zuten, seguru asko.

Gazteluaren iparraldeko muturrean hasten zen mendebaldera begira zuen harresia. Harresi sendoa zen gaur egun ikus daitekeenaren arabera: 1¿50 metroko lodiera zuen. 1¿70 metroko harresi atal bat agerian dago oraindik, aipatu dugun mutur horretan, baina hortik hegoaldera belarrez estalitako konkor bat baino ez da ikusten. Hego-mendebalean du mendiak alderik garaiena, eta haraino iristen dira mendebaldeko harresiaren aztarnak. Harkaitza ebakiz egindako lubanarro bat ere bazuen iparraldeko muturrean beheko aldean.

Harresiaren aztarnarik ere ez da ageri gainontzeko aldeetan. Baina diren harri ilarak, harresi atalak eta maldak kontuan izanik, 35 bat metro luze izango zen gaztelua, eta 16 bat metro zabal, alderik zabalenean. Hego-mendebaldean, lekurik garaienean, harkaitza landua dago, eta handik hurbil dago garai batean ur biltegia izan zitekeenaren lekua ere.

Baselizak berak ere merezi ditu, noski, bizpahiru hitz, zer ikusi zuzena baitzuen gazteluarekin. Horren ekialdeko hormari hegoaldera eta iparraldera jarraitzen zaizkion hormak normalak baseliza batentzat, 1¿50 metroko lodiera dute eta. Nahikoa argi dago horiek non edo han gazteluari lotuak zeudela. Iparraldeko horman ere bada beste atal bat, mendebaldera luzatzen dena, eta horrek 1¿50 metroko lodiera du. Iparraldeko muturrean, baselizaren buru aldean den harri pilak, berriz, hor dorreren bat-edo izan zela adierazten dute.

Baselizaren mendebaldeko eta hegoaldeko hormek ere, propio baseliza egiterakoan eraikiak diruditen arren, ezin bazter daiteke gazteluaren hesia osatzen zuen hormaren batenak izatea.Gazteluaren ekialdean, esparrua litzatekeen horretatik kanpora, terraza edo zabaltza moduko bat nabari da, bestalde, eta batzuek beste esparru baten aztarnak irudikatu dituzte hori ikusita.Inguru guztia teila puskaz estalia dago. Gehienak baselizako teilatukoak izango dira, noski, baina Erdi Aroko zeramika puskak ere aurki izan dituzte, Gasteizeko Arkeologia Erakustokira eramateko bilketa lanak eginda gero ere.

Zaitegi gaztelua

San Bitor baselizaren hondakinak. Ezkerrean, gazteluaren mendebaldeko harresia nabari da oraindik. (2000)

Iristeko

Letona herrian, elizara iritsi baino lehen, ¿San Bitor kalea¿ dago eskuinetara, etxe berrien artean. Kalearen bukaeran bada autoa uzteko lekua, eta oinez ere igo daiteke gaztelua zen lekura. Mendia ikusten da aurrean, mendebaldera. Ez dago galbiderik. 20 minutu nahikoa dira goraino igotzeko.

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk