San Martin
FITXA
Udalerria: Ameskoabarren
Herrialdea: Nafarroa Garaia
Zailtasuna
Aztarnak
Kokapena eta Egitekoak
San Martinen bertan da gaztelua, elizatik gertu. Beste etxeak baino garaiago da eta ikusi hutsera antzematen zaio eraikuntza berezia dela, baina ez dirudi, hurbilagotik ikusi gabe, gaztelua denik. Izatez Ameskoabarren udalerrikoa da herria, baina Urbasa eta Lokiz mendilerroan arteko haranean dago; udalerriaren goiko aldean eta Arabako igarobide batean, beraz.
Asmo txarrez zetorrenari Nafarroarako bidea galaraztea zen San Martingo gazteluaren egitekoa. Baina ez zegoen egiteko horretan bakarrik, beste gaztelu bat ere bazen-eta haran berean mendebalderago: Artaxo gaztelua, eta Larraonako partean, zehatzago esateko. Eta beste hiru dorretxe edo jauregi ere baziren gutxienez haran berean: bat Ekalan eta bi Zudairen. Elizak ere gotortuak ziren eskualde horretan, edo gotortu egiten zituzten gerra garaietan. 1494an, esate baterako, Fernando de Baquedanori eskatu zioten, besteak beste Larraonako eta Eulateko elizak eta San Martingo gaztelua gotortzeko eta hornitzeko
Gollanoko eta San Martingo gazteluak Baquedano leinuarena izan ziren XVIII. mendera arte; jabetza pribatukoak eta oinordekotza berari jarraitzen zitzaizkionak, gainera.
Aztarnak eta eraikin berriak, hegoaldetik begiraturik. (2000)
Historia
XV. mendearen hasieran Baquedano leinuko batek eraikia da gaztelua. Mendearen erdi aldera Gollanokoa egin zuen Fernando de Baquedanok. Haren aurrekoren bat izango zen agian.
Baquedano leinuak eragin handia zuen Ameskoa eskualdean, Ameskoabarrenen gehienbat, baina Nafarroako administrazioan eta elizako gorabeheretan ere izan zuen zer esana. XIV. mendean hasi ziren Baquedano leinuaren barnean bereizten, eta askotan ezin da agirietan aipatzen dena zein leinutakoa den jakin. XV. mendeko gerra zibiletan, esate baterako, batzuk Agramondarren alde eta besteak beaumondarren alde borrokatu ziren, eta sutsu borrokatu ere, zein bere bando zuzendaritza ondoraino iritsi baitziren.
1300etik 1494ra bitartean gutxienez 25 Baquedano aurkitu ditu Martinena ikerlariak errege gazteluetan arduradun edo gazteluzain, eta Ameskoatik batere hurbil ez diren herri eta hirietan, batzuk: Donibane Garazin, Ferreran (Erriberako merinaldean), Tuteran, Guardian etab. Herriko kapitain ere izan dira leinuko batzuk.
Gertaera garrantzitsu askotan hartu zuten parte Baquedano leinukoek, eta buru-buruan, batzuek. Gaztelarren kontra Lizarra defenditzen aritu ziren 1451ean eta 1512an. Lizarran 1491ean ere, baina kontrako bandoan, orduan, Lope de Baquedano izeneko bat, Lizarrako Belmetxer eta Zalatanbor gazteluak hartu baitzituen beaumondarrentzat.
Gaztelaren aurkako 1429ko eta 1430eko gerran ikusi zen zer eginkizun zuen San Martingo gazteluak. Eta Baquedano leinuak ere sutsu parte hartu zuen gerra horretan. Iruñea aldeko eta Lizarrako aldeko herriak eta gazteluak (Gaztelako mugatik hurbil zeudenak batik bat) gotortzeko eta hornitzeko agindua zabaldu zenean, San Martingo gazteluan zegoen/jarri zen Beltran de Baquedano, 18 baleztariekin; Eulateko gotorlekuan (elizan, seguru asko), Juan Ramirez de Baquedano, 20 baleztari bere aginduetara zituela, eta Larraonako elizan, Ramiro de Baquedano, 10 baleztarirekin, Mirafuentesko abadea zuzendari zutela. Horiez gainera, eta mugatik hurbilago, Artaxoko errege gaztelua zegoen Lokiz mendilerroan, Arabako Kontrasta begipean zuela. Gaztelu horretan ez zen 1429ko gerran Baquedano leinukorik, baina han ere ibiliak ziren bere garaian, 1365etik 1429ra bitartean Baquedano leinukoak izan baitziren Artaxon gazteluzain.
Gorago esan bezala, Fernando Katolikoaren 1512ko erasoan Baquedano leinuko batek defenditu zuen Lizarra, Juan Ramirez de Baquedano orduko San Martingo gazteluaren jabeak, zehatzago esateko. Amore eman behar izan zuen azkenean, eta arerioek begirunez hartu zuten, merezi zuela-eta. Halere, Nafarroako errege-erreginekin erbestera joatea erabaki zuen berak.
Nafarroa berreskuratzeko 1521eko saioan ere gogor borrokatu zen bere erregearen alde. Berak hartu zuen San Martingo gaztelua, eta Katalina bere emazteari utzi zion Magdalena de Beaumont-i kenduta. Ameskoarrei altxatzeko deia egin ondoren gerrarako jendea behar zen lekuetara joan izan zen. Gutxienez bospasei gatazkatan hartu zuen parte: Zengarren, Logroñon eta Noainen, Donibane Garazin, Hondarribian, Irunen¿. Eta Irunen hil zen. Alargunak Magdalena de Beaumont-en aurka borrokatu behar izan zuen gero, gaztelua berari zegokiola epaitegietan frogatzeko.
1513ko zerrenda batean ere agertzen da San Martin; cuarteles zerga ordaindu behar ez zutenen artean, hain zuzen, izan ere palacio de cabo de armeria baitzen gaztelua. 1567an, ordea, ez pagatzeko pribilegioa zuela frogatu behar izan zuen Diego Ramirez de Baquedanok, San Martingo gazteluaren eta Ekalako dorretxearen orduko jabeak, haraneko herritarren kontra, ordainarazi egin nahi baitzioten horiek.
1683ko epai batean berretsi egin zieten ez ordaintzeko pribilegioa. Artean jabe bakarra zuten dorretxeak eta gazteluak.
Baina, beste ika-mika bat ere izan zuten 1683koa epaia baino lehen; titulu kontuagatik, hura. 1623an San Martingo Jaun titulua eskuratu nahi izan zuen Jose Ramirez de Baquedanok. Herritarrek erregerengana jo zuten orduan, beren desadostasuna agertzeko, eta San Martingo Gazteluko Jaun tituluarekin konformatu behar izan zuen azkenean. Handik urte batzuetara Marques de San Martin de Amescoa titulua sortu zuen Karlos II.ak, eta Diego Remirez de Baquedano y Lopez de Arcaya, Jose Ramirez de Baquedanoren semea izan zen San Martingo lehenengo markesa (1690). Horrekin ere ez ziren herritarrak gustura, eta 1695ean Marques de Andia titulua sortu zuen erregek. San Martingo gazteluan jaioa zen orduko jabea, eta garai hartan han jaioa izatea zen ohorea, ez zen-eta dagoeneko gaztelua gazteluen eginkizunetarako ibiltzen.
Beste kristauek baino eskubide batzuk gehiago bakarrik ez, eserlekua ere berezia zuen gaztelu-jabeak herriko elizan. Eliza San Martini eskainita zen, bestalde.
Andiako bigarren markesak -aita bezala Diego zen hura ere- eraiki zuen Urbasako jauregia, gero leinuaren ikur bilakatuko zena, eta hura eraikitzean hasi zen San Martingo etxea edo gaztelua gainbehera.
Dorrea, eta mendebaldean eta iparraldean jositako eraikinak. (2000)
Egitura eta aztarnak
Eraikuntza militarren artean sailkatu izan da San Martingo gaztelua. Arkitektura aldetik begiratuta nahiko justu sartuko litzateke gazteluen mailan, dorrearen ondoan txiki geratzen baitzen gainerako guztia. Dena dela, harresi sendoa zuen, eta oinplano biribileko dorre txiki bana ere bai, harresiaren lau kantoi bakoitzean; beraz, gazteluen artean sartu dugu guk.
Dorre nagusia, harresiaren hormatal bat eta hego-ekialdeko dorre txikia, beste aztarnarik ez dira agerian. Hala ere, gauza gehiago ere igar daitezke: harresiak ekialdean eta iparraldean eratzen zuen esparrua eta ipar-ekialdeko dorrearen beheko aldea.
Harresiak hegoaldekoa du parterik interesgarriena, hormatal luzea geratu baita. Ate bat du alde horretan eta han ikusten da zeinen horma lodiak zituen. Ateburuan armarri txiki bat dago, Baquedano leinuarena; zeharkako hiru zerrenda, eta 1539ko data.
Hormatal horren jarraian, hego-ekialdeko kantoiko dorrea dago, beheko aldea bakarrik. Biribila da, eta landu gabeko harriz egina. Hiru gezi-leiho ditu, su-armak erabiltzeko eginak. Leiho horietako baten beheko aldea zen baino zabalago da gaur egun, oiloak sartzeko eta irteteko moldatu baitute. Lehen zenetik zertxobait aldatua dago beste leiho bat ere, kanpo alderako ertzak zabalago ditu orain; hegoaldeko hormatala hobeto zaintzeko zabalduko zizkioten seguru asko.
Harresia osorik zegoenean, eratzen zuen esparruaren erdian zen dorre nagusia. Oinplano luzaranekoa da, harlanduz egina, eta lau solairukoa, oinekoa barne dela. Iparraldekoa eta hegoaldekoa ditu alderik laburrenak, eta lau isurialdeko teilatua du. Gaur egun iparraldeko eta ekialdeko hormak bakarrik ditu guztiz agirian, beste bietan etxebizitzaren bat edo bestelakoren bat baitu erantsita. Leiho batzuk gehiago ere baditu gaur egun. Goreneko solairuan, matakan itxurako kakategi bat du mendebaldeko horman.
Gaztelua ikusten izan ginen batean (1999-10-10) orduko jabearekin hitz egin genuen, eta esan zigunez bere aitak erosi zuen gaztelua, eta hark eraiki zuen dorre nagusiari erantsita dagoen etxea. Aditzera eman zigunez damuturik zegoen etxebizitzarekin alde horretako hormatala eta dorrea kenarazi baitzituen.
Hegoaldeko horma sendoko atea eta Bakedanotarren armarria. (1999)
NA-7130 errepidea bakarrik igarotzen da San Martindik, eta Lizarratik edo Olaztitik joan nahi izanez gero, Agurain aldera hartu behar da Zudaireko bidegurutzean. Araban errepide horrek A-3116 izena hartzen du Kontrastatik gertu.