Volver a la página índice

Pintano

FITXA

Udalerria: Burgi

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Kukula mendian zen gaztelua, Burgi, Garde eta Aragoiko Salvatierra de Esca udalerrien mugan. 1.208 metroko altura du mendiak. Algaralleta mendilerro laburraren mendebaleko azkeneko tontorra da Kukula. Handik Aragoi aldera luzatzen da mendilerroa. Pintano izeneko sakana dago 400 metro beherago, mendiaren iparraldean eta ekialdean. Horrela begiratuta Nafarroakoa baino gehiago dirudi Aragoiko, mendiz behintzat lotura handiago baitu Aragoirekin. Mahai baten itxura du Kukulako gainak, eta gain osoa hartzen zuen gazteluak. Leku paregabean zegoen bere eskueran Nafarroaren eta Aragoiren arteko joan-etorriak kontrolatzeko, eta erasorako ere bai, behar izanez gero.

Pintano

Pintanoko Kukula mendia, mendebaldetik begiraturik. Gazteluak gainalde osoa hartzen zuen. (2002)

Historia

Ez zen erraz-erraza izan Pintano gaztelua zuzen non zen jakitea, Zaragozako probintzian, Pintano herriaren inguruetan zela uste baitzuten historialariek. Baina ja ez dago dudarik, harresiak zein herri, hiri edo haranetara begira zituen garbi adierazten baitu 1361eko agiri batek, eta Fago, Lorbes, Garde, Burgi, Erronkari eta Iruñea agertzen dira agiri horretan. Gaztelua non edo han horien artean zen, beraz.

Gaztelua Nafarroako eta Aragoiko Erresumak behin betiko bereizi zirenean eraiki izango zuten seguru asko, XII. mendean edo. 200 edo 300 urte besterik ez zuen iraun. Ez litzateke lehendik ere Kukulu mendian zelata-lekuren bat, ¿gaztelutzarren bat¿ edo komunikazio punturen bat izatea harritzekoa, inguruko mendiak eta haranak ondo kontrola baitaitezke handik.

Leku egokia zen horretarako, baina ez, inori gogor egiteko, Aragoiko muga-mugan baitzegoen, eta urruntxo, berriz, Nafarroako hurbileneko urrutietatik, estualdietan edo eguneroko beharretan lagundu ahal izateko: ¿Aipatutako gaztelua bi legoatara (11 kilometro) baztertuta dago Nafarroan jendea bizi den lekuetatik¿, zioten 1406an, konponketa lanak hainbeste kobratu izana justifikatzeko. Urte horretan Gardeko harginak aritu ziren lanean. Gauza bera adierazten du Asuncion Valenzuelak ere gazteluetako konponketa lanei buruzko ikerketa batean. 10 gaztelutako konponketa lanak aztertu zituen, eta soldata kontuan Pintanon eta Gazteluberrin jardun zutek langileek kobratu omen zuten gehiena.

Burgi eta Pintano elkarrekin aipatu izan dira askotan, tandem bateko bi muga zain izan balira bezala, eta ez zen halakorik. Bi gazteluetako baleztak konpondu zituzten 1362an, urte horretako dokumentu batean agertzen denez. 1364an, Burgiko eta Pintanoko gazteluak hornitzeko garia eman zezatela eskatzen zien Karlos II.ak (1349-1387) inguruko udalei. 1453an, Joan II.ak (1425-1479) gutun bana bidali zien Erronkariko bi kapitainei gaztelu horiek janaririk gabe geratu zirela-eta bere haserrea adieraziz. Bien artean 24 gerrari zituzten Burgiko eta Pintanoko gazteluek, Eska ibaiaren hego-ekialdea defenditzeko.

Pintanoko gazteluan zen jauregiak -hala esaten baitzioten etxe bati- buruhauste handiak eman zituen XIV. mendean. 1319an berritu zuten goitik behera. Baina, haizeak teilatua eraman zion 1352an, eta ia berritik egin behar izan zuten 1361ean, eta goraino harriz, oraingoan.

Janaria ez zenean jauregia, eta jauregia ez zenean ura, bazuten beti zerbait, eta ur biltegiaren txanda izan zen 1405ean. Ura galtzen omen zuen, eta ahitzen zenean, zahagi bat hartuta ur bila bidaltzen zituen gazteluzainak; urruti joan behar izaten zuten, gainera: ¿¿bide luzea egin behar izaten zuten ibarrean barrena; gertuago ez zen urik, euria egiten zuenean izan ezik.¿ Beharbada, Mairuen Iturria esaten ziotenagatik dio bide luzea hori. Dena dela ur biltegiarekin komeria handiak izaten zituzten, agirietan azaltzen denez. Askotan konpondu behar izan zuten.

Dirudienez, jauregia ez ezik, harresia ere konpondu zuten 1361ean, eta 487 libera eta 6 diru kosta izan zitzaien, Asuncion Valenzuelak dioenez. 1360an maiatzetik abendura eta 1361ean uztailetik azarora aritu omen ziren lanean.

1405ean, tximistak estalkirik gabe utzi zuen dorre nagusia, eta 1406an dorre nagusia, gelak eta ur biltegia konpontzen jardun zuten, dorre nagusia bera ere, agiri batek dioenez, nahiko hondatua utzi baitzuen tximistak: ¿Bertan erori zen tximistak apurtu eta suntsitu zituen IIII aldeak, horietako bat guztiz.¿

Gazteluzainen zerrenda aztertuta bitxikeria batzuk aipa daitezke. 1429tik 1431ra, gerra urteak zirelako-edo, Erronkariko haraneko alkate eta Pintanoko gazteluzain zen Pedro Blasquiz. 1462an, Migel Bereterra haraneko kapitain ohia zen gazteluzain. 1387an, Karlos III.ak (1387-1425) Espartzako Remon bere ganberazaina izendatu zuen gazteluzain. Ez dakigu horrek gazteluan ordezkoa jarri zuen edo ez, baina bai, beste Esparza batek hala egin zuela geroago. 1402an, berez Espartzako Rodrigo zen gazteluzain, Joan Ruiz Irunberri Burgiko Burdaspal jauregiko jauna utzi zuen ordezko.

Gaztelu handia ez izan arren, baina bai mugakoa, soldatarik handienetakoak zituzten Pintanoko gazteluzainek. 1290ean, 20 libera eta 100 kaiza gari zen Roi Perez Etxelaz urteko soldata. Baina laster hasi ziren beherapenak, 15 libera eta 75 kaiza gariko soldata baitzuen XIV. mendearen hasieran zegoenarena, eta 8 libera eta 40 kaiza garikoa, 1355ean zegoenak.

1361ean, Aragoirekin gerran zirela-eta, Erronkariko harana eta herriak, gazteluak eta mendateak zaintzeko ardura zuen Migel Beretarra gazteluzainak. Erronkariar baleztari konpainia bat zuen bere aginduetara, eta urte horretako uztailean 20 balaztari ziren Pintanon. 3 florin zen baleztari bakoitzaren hileko soldata. 1362an Fernando Aiantz zen gazteluzain, eta 10 gerrari ziren Pintanon, oinezkoak denak. Kopuru bera zen 1453an ere, baina gerra zibila hasia zen orduko. 1454an 10 libera eman zizkioten gazteluzainari, gerrarientzat jantziak eta oinetakoak eros zitzan.

Joan Arnalt Otxagabia, 1464an gazteluzain zena da agirietan aurkitu dugun azkenekoa. Pintanoko gazteluaz ¿Duela denbora dezente eraitsi zuten, eta ez du soldatarik¿ agertzen da gero, 1476ko gazteluzainen ordainketa zerrendan. 1512an suntsitu beharrik izan ez zutenez, ez da geroztiko aipamenik.

Pintano

Dorre nagusiaren barrualdea, ur biltegiaren kokalekua. (2000)

Egitura eta aztarnak

Mendia bera ere gazteluaren aztarna litzateke Pintanoren kasuan, harkaitza landurik baitago hainbat lekutan, eta landuta egoteak itxura ikusgarria eman dio hegoaldeko maldari, mendebaldeko muturretik gertu dagoen aldeari batik bat. Harresiaren aldeak aipatzen dituen agiriarekin bat ez gatozen arren, triangelu egiturako gaina du mendiak; mendebaldean du punta bat, zorrotzena, ipar-ekialdean, bestea eta hego-ekialdean, hirugarrena.

1361eko agiri batek dioenez, urte horretan goititu egin zuten harresia. Agiri horren arabera, sei alde zituen gainera harresiak. Hona alde bakoitzak izan zezaken gutxieneko luzera: Fago-rakoak, 7 besabete (11 metro); Lordes-akoak, 9 besabete (14 metro); Garde-rakoak, 5 besabete (8 metro); Burgirakoak, 18 besabete (28¿5 metro); Erronkarirakoak, 10 besabete (16 metro); Iruñekorakoak, 2 besabete (3 metro).

Ertzen batean izan ezik, ez da harresiaren arrastorik geratu, baina 1344ko agiri batek sarrera nagusia deskribatzerakoan dioenez alde horretan 5 metro baino gehiagoko garaiera zuen harresiak, eta sarrerak berak 2 metroko zabalera eta 2¿5 metroko garaiera. Harresiak garita edo harrizko txapitula moduko batzuk zituen, 1319an horiek berritzen aritu zirela agertzen baita agiri batean. Jauregiko estalkia ohol berritzen ere jardun omen ziren 1319an. Gazteluak oholezko hesi bat ere bazuen inguruan. Urte berean berritu zuten hori ere.

Mendebaldeko muturrean dira aztarnarik interesgarrienak. Ezpel-tortoek eta sasiak harturik daude gaur egun, baina dorre nagusiaren aztarnak ikus daitezke oraindik. Oinplano angeluzuzena zuen, bistan diren hormatalen arabera. Dorre nagusiaren azpian edo sotoan zen ur biltegia, harkaitza zulatuz egina, eta gazteluzainaren logela, gainean. Goiko aldea ere harrizkoa zuen dorre nagusiak, eta 3 beserdi garaiko horma, gero, inguru osoan, almena eta guzti (1¿5 metrokoak). Horma horietako batek 12,7 metroko luzera omen zuen, eta 1,60 metroko garaiera.

Ondoan diren aztarnak jauregiarenak dira seguru asko, dorretik hurbil baitzen, agirien arabera. Erdian zutabe bat omen zuen estalkiaren egiturari eusteko.

Mendiaren gainean bizkar moduko bat geratu da gaur egun, eta hori da urrutitik ezagutzeko ikur adierazlerik onena. Lehen gazteluko izango zen hori. Sakonune batzuk badira oraindik. Martinenaren ikerketei eta aurkitu zituen agiriei esker dakigu gazteluko esparruan dorreaz eta jauregiaz aparte beste bi etxe ere bazirela: 7 x 6 metrokoa, bat eta 18 x 6¿5 metrokoa, bestea. Biak harresiaren kontra zeuden eta nahikoa zarpaildurik, 1405ean.

Pintano

Dorre nagusiaren sotoa, iparraldeko horma. (2002)

Iristeko

Burgitik da biderik erosoena. Sasi izeneko belardiraino joan daiteke autoz. Burgitik 8 kilometrotara dago hori. Ipar-ekialdera doan pista da gaztelua zen lekurakoa. Alde horretan Kukularaino bidezidorra seinalaturik zegoen lehen. Burgi¿Kukula ¿ Bideko Andre Mariaren baseliza ibilbidea atondu eta markatzeko asmoa dago. Sasi belarditik gora bi ordu inguru behar du.

Pintano