Volver a la página índice

Ozkorrotz

FITXA

Udalerria: Ituren

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Makilipurdi izeneko harkaitzean zen gaztelua, eta Ultzurrotz esaten dioten gain bat ere bada aztarna horietatik iparraldera. Leku-izen hori da Ozkorrotzekin edo Erdi Aroko gazteluarenarekin zer ikusia duen izen bakarra inguruetan. Gaztelua zen lekuan da Iturengo eta Zubietako udalerrien arteko muga.

Oso zelata-leku onean zen gaztelua, urruti ikusten baita hegoaldera eta mendebaldera. Gutxiago, iparraldera eta ekialdera, alde horietara baititu Mendaur eta Ekaitza mendiak, eta horien artean diren gainak.

Ez litzateke, zein garaiz ari garen zehaztu gabe, gazteluak egiteko hau edo bestea izan zuela esatea zentzuzkoa, oso egiteko desberdinak izan baitzitzakeen, Gipuzkoa Gaztelako parte bilakatu (1200) baino lehen -gaztelurik bazen- eta ondoren. Lehenago eraiki bazuten, belardiak zaintzea izango zen gazteluaren egitekoetako bat, belardiek garrantzi handia baitzuten gara haietan. Baina, gazteluari buruzko 1200 baino lehenagoko aipamenik ez da azaldu oraingoz. Lesaka, Goizueta eta Leitza mugakoago izan arren, muga zaintzea izan zen Ozkorrozko gazteluaren egitekoetako bat, Gaztelaren eta Nafarroaren arteko XIV. mendeko gerretan, batik bat, eta muga inguruetan ohi zenbiltzan lapurrei aurre egiteko, bestea. Mendietako gazteluak betekizunik gabe geratu ziren gero, hiriak eta herriak hazi ahala, eta XV. mendearen hasieran itxi egin zuten. Mende horretako Nafarroako gerra zibiletan eta Gaztelarrek Nafarroa hartu ondoren ere erabili izan zuten, Ituren aldea edo muga kontrolatzeko.

Ozkorrotz

Hegoaldeko horma zatiaren xehetasuna. (1999)

Historia

Orzorroz eta Ozcorroz dira dokumetu zaharretan gehien agertzen diren aldaerak, baina bada besterik: Orçorots, Orçorrontz, Orçorrotz, Orcorrotz, Unzarroz¿ Historialariek Eskoriatzako Aitzorrotz gazteluarekin nahastu izan dute batzuetan, eta Atxorroz idatzi ere bai, inoiz. Aita Frantzisko Ondarrak aurkitu zuen lekua, eta Martinenak idatzi bat argitaratu zuen 1994an. Non zen jakiteko laguntza izan zen Ultzurrotz edo Ulzurroz leku-izena, aztarnak Ultzurrotzen egon ez arren.

1214ko abuztuaren 23an, San Saturnino auzoaren aurkako inolako guda-lekurik eraikitzea debekatu zien Antso VII.a Azkarrak (1194-1234) Iruñeko Navarrerria eta San Nikolas auzoetako biztanleei, eta debekua emateko idatzi zuen agirian, izenpetzaileen artean Pedro Martinez Leet agertzen da Ozkorrozko gazteluzain (Otçorrotç jatorrizkoan). Gazteluzain bera agertzen da 1217an ere, martxoaren agiri batean

Horiek dira Ozkorrozko gazteluaz ditugun aipamenik zaharrenak. Data horien arabera, eta agiri zaharragorik edo sorrera atzera dezakeen beste aurkikuntzarik egiten ez den bitartean, gaztelarrek Gipuzkoa hartuta gero eraiki zuten gaztelua.

1259an, Martin Ortiz Mendialdeko ibar-jaunak esku zegoen gaztelua. Beste hiru gaztelu ere bazituen horrek bere kargu: Iruritakoa, Orarregikoa eta Gorritikoa. 1265ean eta 1266an, berriz, Pedro Gartzeiz Bergara zen gazteluzain, eta 8 libera eta 40 kaiza gari zen Pedro Gartzeiz-en urteko soldata.

1276an Migel Garzia Oharriz baztandarra zen gazteluzain eta Ichusco Garro, 1280an. Urte horretan 40 libera eta 200 kaiza gariko soldata zuen Ichusco Garrok. 1297an Pedro Jimenez Mirafuentes zegoen gazteluzain, baina ez Ozkorrozen bakarrik, baita Aussan eta Gorritin ere, eta Mendialdeko ibar-jaun ere bazen, era berean. Mendialdeko ibar-jaun gehienek mugako gazteluren bat ere izaten zuten beren kargu, ez baitzen Iruñean bizi izaten. Nafarroako gainontzeko ibar-jaunek bere merinaldeko hiriburuko gaztelua aukeratzen zuten gazteluzain izateko.

XIV. mendean, gazteluzain gehienak inguruko herrietakoak izan ziren, (Etxalar, Doneztebe, Ezkurra, Irurita¿) baina baita urrutiagotik etorriak ere (Urtubia leinukoak, Etxaideko jauna, Ezpeleta, Guardia herritik¿). Mendearen hasieran 8 libera eta 40 kaiza gari zen gazteluzainaren urteko soldata. 1355etik aurrera, ordea, Karlos II.aren doitze neurriak zirela-eta, gutxiago kobratu izan zuten: 6 libera eta 30 kaiza gari. Sancho Iñigez Lizarazu Etxaideko jauna zen orduan Ozkorrotzen gazteluzain.

1314an, Pere Arnalt Urtubia Urtubiako jauna jarri zuten gazteluzain, eta 1321ean, bere gerrari taldearekin Gorritiko gaztelua berreskuratzeko gatazkan borrokatu zen, eta Beotibarkoan ere han zen dirudienez (1321-9-21); gero berak ordezkatu zuen behintzat Mendialdeko ibar-jauna, Beotibarren hila. Gipuzkoako muga aldeko mendietan lapur asko zebilela eta alde hura kontrolatzeko eskatu zion Nafarroako gobernadoreak Pere Arnalt Urtubiari, eta horrek 300 gerrari bildu zituen. 200 berarekin ibiltzeko hartu zituen, eta gainontzekoak Ozkorrozko, Gorritiko eta Iruritako gazteluetara bidali zituen; 42 Ozkorrozkora, 40 Gorritikora eta 40 Iruritakora. 88 libera 10 sos 10 diru eta 5 kaiza gari behar izan zituen gerrariak mantentzeko. Garai horretan, 20 sos eta 5 kaiza gari zen gerrari baten urteko soldata.

Gazteko jauregia zarpaildu samarik zegoen 1334an, 11 libera gastatu zituzten gazteluko hainbat leku konpontzen, eta 10 libera, 1352ko konponketetan. 1357an, gazteluan ziren tresnen eta altzarien inbentarioa egin zuten, eta kutxa bat, mahai bat eta gatza gordetzeko kutxa bat besterik ez zuten aurkitu: Nafar erako kutxa bat, hiru erregu garirentzako edukiarekin (85 litro); orea egiteko taula bat; eta gatza gordetzeko kutxatila bat

1357tik 1363ra, berriz ere egoera gogortu egin zen muga inguruetan. 1378ko uztailean, 20 gerrari zeuden gazteluan, oinezkoak denak, eta 10, irailean. 20 oinezkoak 15 egun egon ziren eta haien gastua -50 florin soldatatan- Donibane Garaziko Gassernaut (Garzia) Ibarrolak ordaindu zion Migel Otxoa Ozkorrozko gazteluzain eta Sunbillako Zubizar dorretxeko jaun zenari. Gaskoineraz idatzi zuen Gassernaut-ek, eta ¿castet d¿Orcorrotz¿ dio ordainagirian.

XV. mendearen hasieran puska bat erori zitzaion gazteluari eta utzi egin zuten irudienez, hala diote behintzat gazteluzainei ordaintzeko 1406ko zerrendetan: ¿Bertan ez da inor bizi¿ agertzen da 1406ko agiri batean.

Baina, berriz ere haren beharra izan zuten XV. mendeko Nafarroako gerra zibiletan. 1459a aldera Agramondarrek inguratu zuten gaztelua, baina inguruko jaun Agramondarrek lagundu behar izan zieten, Altzateko, Bertizko, Zubizarko (Sunbilla) eta Azpilkuetako jaunek. Handik Amaiurko gaztelura joan ziren laguntzera, hura ere setiaturik baitzegoen.

Bada Enrike IV.a Espainiako erregearen gutun bat, 1461eko maiatzaren 18an Logroñon sinatua, eta Ozcorroz-koei edo Horçorroz-koei armaz lagundu izanagatik Gipuzkoako Anaidiari eskerrak emateko idatzia. Baina Ozkorroz dioenean Eskoriatzako Aitzorrotzez ari da seguru asko, eta hala ulertu izan zuten herrian, 1570ean herri bihurtzeko eskaera egiterakoan ere aipatzen baitzuten gutun hori.

XV. mendearen bigarren erdiko berri gutxi da gainontzekoan, gazteluari dagokionez behintzat. Goian aipatu diren horiek, 1494an Joan Perez Bertiz zela gazteluzain, eta erregeak zergak barkatu zizkiola.

Ozkorrozkoa ere 1512an eta 1513an gaztelarrek suntsiarazi zituzten gazteluen zerrendan dakar Zurita kronikari aragoarrak. Suntsitu bazuten berriz eraiki izango zuten, ze 1520an Donamariako Luis jauna eta Irunberriko gazteluzainaren anaia baitzegoen Ozkorrotzen gazteluzain, eta 10 gerrari zeuzkan gazteluan.

Esartek dioenez Nafarroako erregearen aldekoek erabili zuten azkena. Noaingo gatazkaren ondoren Guillermo Gouffier Frantziako Frantzisko I.aren almirantea eta Bonnivet-eko jaunaren laguntza izan zuten (1621etik aurrera), eta indarberriturik Nafarroa Behere osoa eta Orreagatik eta Hondarribiara bitarteko haran guztiak hartu zituzten. Baina neguaren bukaera aldera berriz ere gaztelarrek hartu zuten Orreaga, eta 1522ko martxoaren 14an Donamariako jaunak Pedro Montoro gaztelarraren esku utzi zuen Ozkorrozko gaztelua, hilabete batzuez presoak edukitzeko erabilita gero.

Seguruenik ere, 1522an bertan suntsitu izango zuten gaztelua, urte horretan Karlos V.a enperadoreak 8.000 marabediko dohaintza egin baitzion Pedro Montorori.

Ozkorrotz

Hegoaldeko horma zatiaren ekialdeko muturra eta barrualdeko harresia, hegoaldetik begiraturik. (1999)

Egitura eta aztarnak

Harkaitzetako deritzagun horietako gaztelua zen Orkorrozkoa, harkaitz batean zegoen egon ere eta. Harkaitzaren gainaldea bitan banaturik dago gaur egun, ebaketa sakon bat baitago bi aldeen artean. Aztarnak diren aldea, ekialdekoa, bestea baino zabalagoa eta garaixeagoa da. Sakonune bat dago bestean, mendebaldekoan, alegia. Erdi Aroan gaztelu beraren osagai izango ziren seguru asko, baina ez dugu bateratzen zituen edo biak inguratzen zituen harresiaren aztarnarik aurkitu. Zaila da Pere Arnalt Urtubiak bidali zituen 42 gerrari ekialdeko partean bakarrik aterpe eman ahal izan zietela sinestea; gazteluko jendeak ere non edo non bizi beharko baitzuen. Mendebaldeko partean ere izango zen zerbait, gazteluaren beste parteren bat-edo, eta bi esparruekin bat egitez gero, harresia behar zuen han ere.

Bizpahiru harri ilara lerro berean, hori da han den aztarna nagusia. Hegoaldeko partean luzera guztian dira harriak: 18 metro inguru, tarteka harririk gabeko unerik ere bada baina. Ekialdeko muturrera iritsi baino lehen bi harri ilarako lerroa hasten da, hegoaldekoa baino gorago, harresi barruan zen eraikinen batena-edo.

Hormarik eta aztarnarik ere ez da ekialdeko esparruaren beste hiru aldeetan. Harkaitz-amildegia dago iparraldean eta ekialdean, eta gorago aipatu den ebaketa, hegoaldean. Harkaitzaren beraren hegoaldera, haranaren aldera, malda malkartsua dago, gaztelutik eroritako harriz osatua.

Hego-ekialdeko amildegiaren gorenean haitzei atxikirik, amildegiaren gainean, harlauza meta batzuk daude murru baten aztarnak izango balira bezala, baina urruti samar daude gazteluarenak izateko.

1334ko konponketari buruzko gainean harlauza pila batzuk daude, harkaitzaren kontra. Hormaren baten aztarnak dirudite, baina urruti samar daude gazteluarenak izateko.

Sarrera nagusi bat ere aipatzen du 1334ko konponketari buruzko agiriak; beraz, sarrera nagusiaz aparte beste sarreraren bat edo batzuk ere bazituen harresiak. Zelatarientzat behatoki bat omen zegoen sarrera nagusiaren gainean, eta beste bat ere bai non edo non, bi konpondu zituztela baitio 1334ko agirian. Beste lan batzuk ere egin zituzten urte horretan, jauregia esaten zioten eraikina berritik egin, dorre nagusia zaharberritu eta kakategi berria egin, esate baterako.

Ozkorrotz

Makilipurdi haitza, gazteluaren kokalekua, eta ingurukoak, ekialdetik begiraturik. (1999)

Iristeko

Iturengo Aurtitz auzotik gora doan pista hartu behar da aurrena. Mendaur urtegia eskuinetik inguratu, eta harkaitz aldera jo behar da gero. Bidea jaisten hasten denean -kaskartzen ere hasten baita- hobe autoa uztea. Pista harkaitzaren barrenean bukatzen da, eta han gorantz hartu behar da. Urtegitik ordubeteko bidea dago eta hogei minutu baino gutxiagokoa, berriz, autoa uzteko lekutik gora.

Mendiz ere joan daiteke, eta bide politagoa da: Ekaitz mendira igo behar da, eta handik Makilipurdiko harkaitzera jaitsi, eta hasieran aipatu den Ultzurrotz horretan barrena, bidezidor batetik Ozkorrozko aztarnetaraino.

Ozkorrotz