Volver a la página índice

Oro

FITXA

Udalerria: Jaitz

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Gesalazko haranean, ekialdeko xoko batean, bada 920 metroko garaieradun haitz bat. Haitz haretxen gainean zegoen Oroko gaztelua. Mendi horren iparraldean, berriz, Jaitz herria eta gesaltzeak daude. Gesaltzeak gertu zituenez, aberastasun horiek zaintzea izango zen gazteluaren eginbeharra. Lehenago, beste gaztelu bat omen zegoen Gazteluzar izeneko haitzaren gainean, eta hark ere egiteko bera omen zuen. Delako Gazteluzar haitz zorrotz hori, Gesalazko haranetik hego-ekialdera dago, inguru bakarti batean, 850 metroko altueran. Handik pasatzen zen Bidaurretatik eta Arga arroatik Lizarrerrira zihoan bidea. Haitzaren mendebaldean bazen beste bide bat ere. Mañerutik zetorren galtzada erromatarra hain zuzen ere. Musulmanek behin baino gehiagotan erabili zuten beren erasoaldietarako. Bestalde, Oroko gaztelua dagoen mendia, talaia paregabea da Estellerri guztiaren gainean.

947 urtea baino lehenagoko agirietan ere ematen da Geniz-eko gesaltzeen berri.

Oro

Haitzaren tokirik garaiena eta ingurukoak, ipar-mendebaldetik begiraturik. Atzerago, Gazteluzar haitza eta mendatea, Iruiñerrirako bidean. Herritarren arabera, haurrak zirela, dorre biribil bat desegin zuten eskuineko eremuko izkinan; baliteke dorre nagusiaren inguruko harresiko dorre bat izatea. (2003)

Historia

Oraindik orain, Oro izenez ezagutzen dira Esparatz mendiko mendebaldeko maldak. Baita Haitzandiko (Peña Grande) hegoaldeko eta mendebaldeko pendizak ere. Haitzandi, gaztelua zegoen lekua da, eta San Jeronimo baseliza hortik gertu dago.

Dirudienez, 920an, Muetz, Biguria eta Iruxo herrien arteko toki batean gertatu zen Valdejunquerako bataila. Hartan, Abd ar-Rahman III.ak, Kordobako emirrak, Leongo Ordoño II.a eta Iruñeko Antso I.a Gartzes (905-925) garaitu zituen. Arib ibn Saad kronikari musulmanaren arabera, batailatik ihesi joan zirenetako askok Muyas izeneko gazteluan (Muetz) hartu zuten babes. Baina laster eman zuten amore. Garaileek, bataila irabazi ondoren beste lau egun eman zituzten borroka lekuan, ¿...aurkarien baliabide oro suntsitzen, haien etxeak hondatzen, alorrak segaz mozten eta zuhaitzak botatzen.¿

Bataila hartan nafarrak Oroko gaztelua, Gazteluzar izeneko beste gaztelu bat eta Jaizko eliza gotortua defendatzen ahalegindu zirela idatzi zuen Jose Moret-ek 1684an. Aipamen berantiar horrek balio dezake Oro eta Gazteluzar, bi gazteluak azpimarratzeko. Gaur egun ere bi toponimo dira. Gazteluzar, Oroko gaztelua baino lehenagokoa izango zen, eta iritzi hori sustatzen da izenengatik eta kokalekuengatik.

Gartzia IV.a Ramirez Berrezarleak (1134-1150) nobleziaren eta elizaren aldetik laguntza jaso zuen Iruñeko koroa lortzeko. Baina laguntza ez zuen musu truk jaso, ordainduta baizik. Hala, 1135eko uztailan ¿...Zuatzu herria, Oro deitzen den gazteluarekin, nire mende dauden biztanleak barne¿ eman zizkien Iruñeko Antso Larrosa gotzainari eta Santa Mariako kalonjeei.

Horixe da Oro gazteluari buruz aurkitu den lehenengo aipamena. Aipamen horretan argi gelditzen da Ianiz eta Çuaçu bi herri direla, eta 1141ean dohaintza baieztatu zenean ere ohar hori azpimarratu zen. Ianiz eta Çuaçu bi herri ziren, eta Oro gaztelua Çuaçuri zegokion. Dohaintzaren baieztapen hartan Zuatzu ere herri gisa azaldu zen. Geroztik inon ez da hala agertu.

Zenbait historialarik Oro herria zela ere esan izan dute. Horien arabera, San Jeronimo baseliza izango zen bertako parrokiaren ondorengoa, baina adierazpen horiek ezin izan dira frogatu. Frogatu ahal izan dena, XII. mendean Oro izeneko leinu bat sortu zela da.

1141eko dohaintza haren ondorengo 200 urteak ilun samarrak dira gazteluaren jabetzari dagokionez. Agiriak ez dira oso argiak, baina horietako baten arabera, XIII. mendearen hasieran, Oroko gaztelua Naiarako Santa Maria monasterioren esku egongo zen. 1225ean, monasterioak erregeari eman omen zizkion Berbinzana herria, ¿Ohoro¿ herria, eta azken herri horretako gesaltzeak. Eskaintza horretan ez da gazteluri aipatzen. Handik hurrena, Iruñeko gotzaina egin zen ondasun horien jabe.

Dena den, ondasunak gotzainaren eskuetan egonik ere, gazteluzainen soldata errege administrazioak ordaintzen zuen. Ordainketa paper horien artean Martin Gartzeiz Eusaren izena agertzen da. Hau, Horoko eta Irulegiko gazteluzaina zen 1266an, eta gaztelu bakoitzeko 8 libera eta 40 kaiza jasotzen zituen urtero. Martin Gartzeiz Eusaren ondoren Garzia Otsoa Opakoa izan zen Oroko gazteluzain. Honek ebanjelioen gainean leialtasun zina egin zion Joana I.ari (1274-1305) 1276ko azaroan.

1255etik hizketan hasiak ziren, eta azkenean, erregeek eta Iruñeko apezpikuek hainbat itun izenpetu zituzten Oroko, Deioko eta Iruñeko auzoen jabetzaz. Zenbait kasutan Uharteko herria eta gaztelua ere eztabaidagaietan sartzen ziren. Behin betiko ituna 1319an izenpetu zen. Izenpetzaileen artean Felipe III.a eta Joana II.a errege-erreginak eta Arnaldo Barbazan gotzaina zeuden. Eta izenpetu eta handik bi urtera, 1321ko apirilean, gauzatu zen hitzartutakoa. Erregeek Deioko eta Oroko gazteluez gain, Iruñeko lau auzoren eta bost herriren jurisdikzioa eskuratu zuten. Horretarako 500 libera ordaindu beharko zituzten urteko.

Garzia Otsoa Opakoaren ondoren, Pedro Ximenez Mirafuentes izan zen Oroko gazteluzaina (1291-1300). Honek, bere aurrekoaren soldata berdina zuen. Hurrengo bi gazteluzainak, berriz, Remiro Perez Ameskoa (1300-1309) eta Fernando Perez Amezkoa edo Bakedano (1309-1321) izan ziren.

Agirietan irakur daitekeenez, 1309an 20 libera ordaindu zituen administrazioak gazteluaren konponketa lanetarako. Garai hartan mugaren inguruko arazoak ugaritzen ari ziren, eta 1309an bertan, Lizarrako ibar-jaunak hainbat gaztelu gotortzeko agindua jaso zuen Nafarroako gobernadorearengandik. Harrigarria bada ere Orokoa mugako gaztelutzat zeukaten, eta beraz konponketa lanak Nafarroako gobernadorearen agindu horren ondorio izan zitezkeen.

Baina konponketa lan gehiago ere egin zituzten. 1345ean, esate baterako, Pedro Fernandez Eulate gazteluzaina zela.

1335ean Garzia Lopez Bakedano zen Oroko gazteluzaina eta errege gazteluetako gazteluzainen artean, beste hirurekin batera, berak zuen soldatarik txikiena. 20 sos eta 5 kaiza gari jasotzen zituen urteko. Soldata txiki horren arrazoia 1356ko agiri batek ematen du: ¿...hilabetean behin gaztelu horretan bizi izaten da.¿ Hori zela eta, 1357an kontratuak aldatu, eta bere betebeharra gaztelura hilean behin bisita egitera mugatu zen. Beraz, gazteluzaina baino gehiago guarda zela esan liteke. Geroxeago, 1365ean, Lizarrako merinaldeko agirien arabera, Oron ez zen gazteluzainik.

Baina gazteluzainik izan ez arren, gaztelua ez zen desagertu. Bi urtean behin konponketa lanak egiten jarraitu zuten, eta zenbait gazteluzaini soldata ordaintzen ere bai. 1373ko lanetan, almenak handitu zituzten. Horrekin batera, dorrea eta jauregi deitutako eraikina konpondu zituzten. Gaztelura igotzeko bideak ere garbituak izan ziren. 1382an, berriz, estalkiak konpondu zituzten gehienbat, eta horretarako erabili zen egurra, inguruko mendietatik lortu zuten: ¿...Oroko mendian.¿

Gazteluzainei dagokienez, hauek ezagutzen dira: Migel Remirez Arbizu (1371-1374), Gonzalo Ibañez Bidaurreta (1374-1384), eta azkenik, Pedro Gonzalez Bidaurreta. Azken hau 1384an bihurtu zen gazteluzain eta 1393 urtera arte iraun zuen karguan. 1396an, bigarren aldiz, gazteluzainik gabe gelditu zen Oroko gaztelua. Azkenik, Karlos III.a errege zela (1387-1425), Oroko gaztelua baztertua gelditu zen eta orduz geroztik ez dago haren berririk.

1418an, Karlos III.ak cuarteles zergak (eraikinen gaineko zerga) erdira murriztu zizkien Jaizko herritarrei. Murrizketa hori beren eliza eta elizari zegokion barrutia defenda zitzaten egin omen zitzaien. Zerga murrizketaren berri ematen duen agiriak berak argitzen du, eskualdeko biztanleak elizako barruti horretara ¿biltzen direla, gerra garaian edo joan-etorri handiak direnean babestera...¿ XV. mendean defentsarako garrantzitsuagoak baitziren herriak eta herrietako gazteluak, mendian galduta zeudenak baino.

Harrigarria badirudi ere, Oroko gaztelua, baztertu eta 100 urtera, 1512ko konkistaren ondoren suntsitu zituztenen artean aipatzen du Zurita aragoar kronikariak. Baina ez da hain harritzekoa, izan ere, gazteluak administraziotik at baina iraun egin zuen. Jaitz herriko Goñi familiaren eskuetan zegoen. Ez dago jakiterik nola eskuratu zuten; errege batek emanda edo Oroko lur eremuaren jaunak beretzat hartuta.

1480an Beltran Herrikoaldek eginiko testamentuak zera dio: ¿¿por mi mala suerte alcayde del castillo de Oro¿¿, eta beste zenbait oharren artean, berak eta bere adiskideek gaztelutik egindako lapurreten berri ematen du. Baita lapurretak nortzuei egin zizkieten ere. Ez du Jaizko jaunik aipatzen, baina litekeena da berak jarri izana gazteluburutzan. Izan ere, XV. mendean, gerra zibilak izan ziren eta Jaizko jauna buru belarri borrokatu zen Agramondarren alde.

1545eko epai batean bada gazteluari buruzko beste aipamen bat. Bikario baten aipamena da eta zera dio: ¿...Martin Goñi (...) Tafallako gazteluzain izana, errege katolikoa erreinu honen jabe egin arte Oroko gazteluko gazteluzain izan zen....¿ Bikario horren arabera, Martin Goñi izan zen Oroko azken gazteluzaina. Martin Goñik, inoiz Tafallako gazteluzaina izateaz gainera, erregearen inguruan ibilia izan behar zuen eta Oroko gaztelua dohaintzan jaso zuela dirudi.

XVII. mendearen bukaeran, oinordekotza baten bidez, Jaizko jauregia eta Oroko lurrak Goñi leinuarengandik Cortesko markesaren eskura igaro ziren.

Oro

Murru bat, gailurretik gertu, hego-ekialdean. Ez dago zehazterik bidea egiteko soilik zen edo barruti bat ixteko. (2003)

Egitura eta aztarnak

1373ko lanek gazteluak zuen egiturari buruz zertzelada batzuk ematen dituzte: dorre bat, eta jauregia edo bizilekua zeuden. Almenak ere aipatzen dira, eta horrekin, inguruan harresi bat zegoela ondoriozta daiteke. 1382an konpondu zituzten horiek: ¿...dorrearen teilatu lauak eta gelak¿¿ Estalkiez hitz egitean zabaltzaz ari dira eta egurra eta harlauza dira zabaltza egiteko erabilitako materialak.

Gaur egun daude aztarnak hutsaren hurrengoa dira. Hona hemen, gaineko aldeko haitz landuaz gainera zer ikusten den:

- Ur biltegia: iparraldeko maldan, gailurretik hamar bat metro beherago, ezpelak eta arteak ia hartua daukan sakonune bat dago. Oina angeluzuzenekoa du, 4¿8 metroko luzera eta 2¿8 metroko zabalera. Hiru alde haitza landuz eginak daude, eta horrek soto itxura ematen dio. Laugarren aldea, berriz, iparraldekoa, landu gabeko harriz egina da, eta 1¿7 metroko luzera du asko jota. Murru horrek hiruzpalau harri ilarako luzapenak ditu mendebaldean (2 metro) eta ekialdean (2¿5 metro). Alde batean, haitza hiru maila osatzeraino landua dago. Ur bila jaisteko erabiliko ziren.

- Haitza garaiena dagoen lekua egokitua dago eta kareore arrastoak daude. Hori dorrearen kokalekua izango zen ziurrenik eta ikusitakoaren arabera, dorrea, angeluzuzen formakoa izango zen.

- Ekialdean landu gabeko harriz egindako beste murru txiki bat dago, baina ez dago jakiterik zeri zegokion.

- Haitzaren magalean zeramika eta teila puskak daude.

Lehenago aipatu dugun 1480ko testamentuaren pasarte batzuk oso dira interesgarriak. Horietako bat, hauxe da: ¿...nirekin gazteluan zeuden zenbait lagunek idiak eraman zituzten gaztelura...¿ Testamentuan hainbat ideia errepikatzen dira, eta horien arabera, badirudi garai hartan gaztelua bizitoki gisa erabil zitekeela. Izan ere hainbat eraikin zituen eta sarrera ere gaur duena baino errazagoa omen zuen idiak eta ostutako gauzak eraman ahal izateko.

Gazteluaren kokalekua zehaztu nahian informazio bilketa lan handia egin zuen Isidoro Ursua Irigoienek. Ondoren, jasotakoarekin idatzi bat plazaratu zuen: ¿Oroko gaztelua.¿ Azpimarragarriak dira bestalde Gazteluzar eta Castillo Viejo toponimoaren inguruan jasotako aipamenak.

Oro

Ur biltegiaren aztarnak. Iparraldeko itxiera, barrualdetik begiraturik. (2001)

Iristeko

Bide zabal batean Jaitz herritik San Jeronimo baselizaraino joan daiteke. Biguria herritik ere irits daiteke, elizaren ondoko pistari jarraituta autoz (beste kilometro bat dago). Gaztelura igotzeko, baseliza inguratzen duen bidezidorra hartu eta ehun bat metroan jarraitu behar zaio, ezkerrean dagoen harritza ikusi arte. Luzexoagoa bada ere, hobe da bidezidorrari jarraitzea, haitza inguratu eta hego-ekialdetik igotzea. Guztira ordubete bat pasatzen da gora iristerako.

Oro

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk