Volver a la página índice

Mendoza

FITXA

Udalerria: Gasteiz

Herrialdea: Araba

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Arabako Lautadaren mendebaleko muturrean dago Mendoza, Gasteiztik Koartangorako lerroan. Eskualde hori aspaldidanik da jende ibilbide eta igarobide. Mendozatik urruti gabe dira erromatarren garaiko Veleia edo Iruñea hiriaren aztarnak, eta, Zadorra ibaiari hegoaldera jarraituz gero, berehala Argantzongo mendiartea ere. Uribarri-Dibina du iparraldean. Hango gaztelua merkatu eta eskualde administratibo baten buru zen X. mendean. Erromatarren garaiko aztarnarik aurkitu dute han ere.

Erromatarren Astorga-Bordele galtzada ez ezik, Arabako Lautadatik Koartangorako eta Zuia alderako bideak ere Mendozatik gertu igarotzen ziren, Badaia eta Arrato mendilerroetan barrena; eta oso erabiliak ziren XIX. mendea arte.

Gaztelua bera, Laña ibaiaren eta ibi baten ondoan dago, garai bateko Mendibil hartarako bide bazterrean. Hurbilen zituen bideak eta ibia zaintzea izango zen, beraz, gazteluaren lehenengo egitekoa, eta, inguruetan ziren dorretxeekin (Mendibil, Martioda, Oto Barren eta Estarronan), Arabako Lautadaren mendebaldeko bideak eta eskualdea bera kontrolatzea, bestalde.

Baina, Mendoza etxeak egiteko handiagorik ere izan zuen aurrerago, Oinaztarren Arabako oinetxe egoitza nagusi bihurtu baitzen, eta Euskal Herriko abizenik zabalduenetakoa da gaur egun. Jaurerriko egoitza zenez, epaiketak eta justizia ere gazteluan egin izan ziren. Jabetza pribatuko gaztelua izan da betidanik, eta gaur egun, Arabako Heraldika Museoaren egoitza da, Arabako Foru Aldundiaren ardurapean.

Mendozako gaztelua

Ikuspegi orokorra, eta ingurukoak. Aurrean, Laña ibaia. (2000)

Historia

Hurtadotarrei buruzko aipamenak eta Mendozako gazteluaren kokalekua ikusita, pentsa daiteke Mendibilgo dorretxea lehenagokoa zela, eta Mendozako gaztelua haren osagarri-edo izateko eraiki zutela.

Beste leinu handi askoren kasuan bezala, honenean ere zaila da, lehenengo belaunaldietan behintzat, kontatzen dituztenak historikoak diren edo asmatuak diren jakitea. Agiriek diotenez, Mendoza deiturako lehenengoak Laudiokoak ziren, deitura hori hartu baitzuten Laudioko jaunaren bi semek. Merkatari aberats gisa, gerrari gisa edo bestela, Gaztelako gortean, inguruan eta gaztelarren alde ibili izan ziren XII. mende hasieratik. Garai horretan ez zen Mendoza izeneko dorrerik Laudion, ezta Bizkaian ere. Mendoza herrikoa da deitura hori izan zuen lehenengo dorrea edo gotorlekua. Ez dakigu zuzen noiz eraiki zuten hura, ezta Mendozatarrak zergatik joan ziren ere Arabako Lautadara. XII. mendeko bigarren erdiko agiri batean agertzen da lehenengo aldiz.

Laudioko Mendoza leinua XIV. mendean itzali zen. Izena, berriz, ¿Mendi Hotz¿ hitz elkarketatik letorke, dirudienez, Mendioza aldaera ere izan baitu.

1194tik 1197ra bitartean, Iñigo Lopez Mendoza izan zen, Nafarroako Antso VII.a Azkarrak (1194-1234) hala izendaturik, Zaitegiko gazteluaren inguruan zen administrazio barrutiko arduradun. Mendoza leinuaren mende zegoen eskualdea baitzen hura ere.

Mendozako gazteluaren kasuan ¿ez dira asko Euskal Herrian¿ duen arkitektura ere lagungarri da noiztsu eraikia den jakiteko, izan ere, dagoen lekuan ez zen eraikinik, eta dorretxeak noiztsu eginak diren jakitea ez da hain zaila. XII. mendearen bukaeran edo XIII.aren hasieran eraiki zuten, dirudienez. Gazteluan diren zenbait arku ikusita, XIII. mendearen hasierakoa dela esan beharko litzateke, baina inola ere ez XIII.mendearen bukaerakoa. Mendozako gazteluan ez da leiho handirik, ez habe eta soliba apaindurik; teilatupean dituen harrizko lau gaztelu-begi horiek, berriz, 1963koak ditu.

Mendoza etxekoak ziren Araban Oinaztarren buru, beraz, gertu-gertutik bizi izan zituzten leinuen arteko liskarrak, eta gazteluak berak ere bai, tarteka. Arratoko gatazka da izan zituztenen artean gogorrenetakoa. 1200a baino zertxobait lehenagokoa. Oinaztarrek galdu egin zuten, eta Mendozako jauna eta suhia hilik gertatu ziren. Handik urte batzuetara, Mendoza semeak, Mantoluzea esaten ziotenak, Arratoko gatazkan Otxoatarren buru zena, Iñigo Gebara, hil zuen.

Politika kontuan, Gaztelako gortean, hau da, handien ondoan ibili izan ziren gehienetan, eta haien itzalean berak ere handituz joan ziren, bai Araban eta baita Arabatik kanpora ere. Baina, une mingotsak ere pasatu behar izan zituzten: Alarcosko gatazkaren (1195) eta Aljubarrotakoaren (1385) ondoren, esate baterako, batean zein bestean borrokan hil baitzen leinuburua.

Arriagako Kofradiakoak ziren, eta kofradia desegiteko erabakian ere, 1332an, jakin zuten hura beren boterea sendotzeko erabiltzen. Baina botere horrek Mendozako etxetik gero eta sarriago urrundu behar izatera eragin zituen. XIV. mendearen bigarren erdia eta gero ez ziren Mendozako gazteluan bizi, nahiz eta bere jaioterriaz harro egon, testamentuetan eta bestelako agirietan diotenez.

1475ean, Santillanako markes eta Real Manzanaresko konde tituluei Infantadoko duke titulua gehitu zioten. Titulu hori zela eta, Infantadoko dorrea izenez ere ezagutzen zen Mendozako gaztelua. Eta haren sailei dukeen lurrak ere esaten zitzaien. Mendoza deitura, 1603an galdu zuen leinuak, Ana Mendoza oinordekoa, Sandoval batekin ezkondu zenean, hain zuzen. Geroago Silva deitura hartuko zuen Mendoza adar nagusiak eta, Toledo, 1770ean. XIX. mendean, Tellez Giron zen gorago aipatu diren titulu horien eta Mendozako dorrearen jabe. 1856an, eskuz ez ezik, leinuz ere aldatu zen gazteluaren jabetza, orduko jabeak, Mariano Tellez Gironek, alegia, Bruno Martinez Aragon jaunari saldu baitzion.

Gazteluaren jabeak kanpoan bizitzen hasi zirenetik, gazteluzain bat eta ibar-jaun bat uzten zituzten gazteluan eta dukearen lurretan, eta horien esku geratzen zen justizia aplikatzeko ardura, izan ere, epaitegiak, ziegak eta urkabea, denetarik izaten zen leku horietan. XVI. mendean, 42 herrik osatzen zuten dukerria. Dena den, mende horretan Mendoza eta Mendibil herriek bere aldeko epai erabakia lortu zuten, auzi luze batean, eta justizia arloan ez zeuden Mendozako eta Mendibilgo jaunen mende, errege herriak baitziren. Gaur egun oraindik, ikus daiteke Mendibil aldean, Bikolanda deritzan lekuan, erabaki horren ondorioz eraikitako belorit bat, Gaztela eta Leongo armarriarekin, Mendoza etxekoa eta Hurtado etxekoa alboetan dituela.

XVIII. mendean, tokiz aldatu zituzten audientzia eta epaiketa lekua; mende horretatik aurrera dukeek Forondan zuten dorrean egin izan ziren, eta XIX. mendean, desagertu egin zen.

Gaztelako Komunitateen Gerran, presoz bete zen gaztelua, ehun baino gehiago sartu baitzituzten Duranako Batailaren (1521) ondorioz, esate baterako.

1962an, gaztelua zaharberritzeari ekin zion Arabako Foru Aldundiak, jabeekin adostu eta gero. 1963an, berritze lanak bukatzean, han egin ziren Arabako Batzar Nagusiak, lehenago ere noiz edo noiz egin izan zituzten bezala.

Mendozako gaztelua

Ikuspegi orokorra hegoaldetik begiraturik. (2000)

Egitura eta aztarnak

1962an, lastategi bihurturik zegoen dorrea, eta huntzak harturik ere bai, orduko. Lehenengo solairura igotzeko eskailera eroria zuen, eta halaber inguruko harresiaren zenbait atal ere.

Mendozako eraikuntza multzoa dorretzat hartu izan da askotan, baina dorre soila ere ez da, dorreaz aparte harresia eta lau izkinetan beste lau dorretxo ere baditu-eta. Arkitektura aldetik begiratuta, dorretxea denik ere ez daiteke esan, beraz.

Inguruan dituen harresi aldeak ez dira angelu zuzenak eratuz elkartzen; eta luzean ere berdinak ez direnez, trapezoide bat osatzen dute lauren artean. Ekialdeko eta mendebaleko harresi aldeak, 28na metro luze da bakoitza, eta 25na, beste biak. 5 metro inguru du harresiak gora, kanpoko aldetik, eta 1¿70 metro, lodian. Hegoaldeko harresi aldearen erdian du gazteluak sarrera. Harrizko arku zorrotz batera egokitua du atea, eta gezi-leihoak ditu atearen alde banatara. Ekialdeko eta iparraldeko hormataletan ere baditu gezi-leihoak, Mendibilgo bide eta ibi aldera, alegia. Harresiak harlauza zuen gainean, erosoago ibili ahal izateko; zelatariari lana errazteko, alegia. Egitura soila du harresiak, kareharriz egina dago, eta ia batere landu gabekoz, gainera.

Lau izkinetako dorreak oinplano biribilaren gainean eginak daude, eta 6¿5 metroko diametroa dute. Almenak, 1963ko berrikuntzetan erantsi zizkioten.

Ez dakigu non eta zenbateraino zabal zen, baina lubanarro bat ere bazuen garai batean.

Harresi barruko esparruan dago dorre nagusia, erdian, gutxi gorabehera. Ia karratua da, 13 metro luze, eta 11 metro zabal. Horma sendoak eta lodiak ditu (1¿30 metro, behean), kareharriz eginak eta berdindu soilean utziak. Gorago eta meheago dira, bestalde, solairuetako solibak bermatzeko koska behar zutenez, hormari lodiera kenduz konpondu baitzuten arazoa. Dorreak 21 metroko garaiera du gaur egun, eta bost solairutan banaturik dago barrua, lekuan aurkitu zituzten hondakinak eta beste zenbait dorretxe aztertu ondoren, hala egitea erabaki baitzuten berritzerakoan.

Beheko solairuak bere sarrera zuen hegoaldera, baina ez, harresiarenaren parean. Oro har, beheko solairuetan ohi zituzten zalditegiak. Dena dela, beheko solairuak inguru guztian zituen/ditu gezi-leihoak, beheko aldea, dorrearen ingurua eta lehenengo solairurako sarrera babesteko.

Lehenengo solairuak, ekialdeko horman zuen sarrera, kanpoko eskailera bat igota. Beste guztietara igotzeko, berriz, zurezko eskailera bat zen/da barruan.

Erdiko solairuetan, dorrearen jabea eta haren familia bizi izaten ziren, eta soldaduak, gorenekoetan. Leiho gutxi ditu, oro har, baina gorago eta handiagoak. Leihoen ordez gezi-leihoak dituzte azkeneko biek, teilatupekoak, batez ere.

Teilatupean dituen lau matakanak edo irtenuneak eranskinezkoak ditu, lehen zurezko ibilbideak baitzituen inguru guztian, erasora zetozenetatik defenditzeko. Teilatua, aldiz, lau isuritakoa zuen lehen, eta hala du orain ere.

 

Mendozako gaztelua

Multzoaren oinaren marrazkia. (Micaela Portilla: ¿Torres y casas fuertes en Alava¿, l. liburukia, 1978. urtekoa)

Iristeko

Gasteiztik bertatik joateko, Sansomendi eta Oto aldera hartu behar da, A-3302 errepidetik. Gasteizko saihesbidea ere errepide horretara irteten da, Mendoza dioen irteeran saihesbidea utziz gero. Errepide bera hartu behar da Langraiztik eta N-1tik etorrita ere. 341 irteeran utzi behar da N-1 errepidea.

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk