Volver a la página índice

Mauleko gaztelua

FITXA

Udalerria: Maule

Herrialdea: Zuberoa

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramica 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Maule betiko bidegurutze batean dago; hegoaldetik iparraldera, Uhaitzandi ibaiak sortutako ardatzean da, eta ekialdetik, Biarnoko Olorue eta inguruetatik, Barkoxen edo Ospitale-Pian barrena, mendebaldera zioan Nafarroa Behere aldera beste bide bat du. Maule igarobide ezinbestekoa zen, beraz; egia esan, Zuberoa osoa zen igarobide edo lotura erresuma eta lurraldeen artean. Lextarren, berriz, zuberotarren ohiko bilgunea zegoen.

Gaztelua Maule-Lextarreko multzoaren hegoaldeko muino baten gainean dago, 216 metroko garaieran. Maule gazteluaren itzalean sortu zen, eta bertako biztanleak eta ingurukoak babesa lortzen zuten han. Bestalde, gaztelua Zuberoako agintarien egoitza izan zen bizkonderria sortu zutenetik, eta horren inguruan sortzen ziren egitekoak ere bereganatu edo bete behar izan zituen gazteluak (espetxea, justizia aretoa); kuartel lanak ere egin zituen, eskualdeko biztanleak kontrolatu edo kanpoko arriskuei aurre egiteko. Egiteko gehienek Erdi Aroa gainditu zuten eta horietako batzuk XIX. mende arte iraun zuten.

Mauleko gaztelua

Eraikinaren ekialdea, sarrera eta dorreekin. Aurrean, zubi altxagarria zuen atari ondoko zatia. (2001)

Historia

Erdi Aroan, Mauleko gazteluaren historia, hiriari lotu-lotua dago, eta Zuberoa osoaren historiarekin bat egiten du. Mauleon sendiaren armarriak izan duen bilakaera ere azpimarragarria da: familiaren ikur izatetik bizkonderriaren ikur izatera igaro zen; Maule herriak ere ikur hori hartu zuen, eta egun, Zuberoako ikurra da.

Esaten da Aznar izeneko bat izan ote zen Zuberoako bizkonde, eta geroago, 980an, Garzia Loup delako bat. 1016. urte inguruan, zehaztasun osoz agertzen da Gilermo Dat bizkondearen izena, Bigorrako Saint-Pe monasterioa sortzeko eginbeharrei lotua. Pirinioen iparraldeko lurraldeetan titulu hauek ageri dira nagusiki: Gaskoniako kondea, Biarnoko bizkondea eta Olorueko bizkondea. XI. mendean, Biarnoko bizkondeak Oloruekoa eta Bigorrako konderria hartu zituen, eta Zuberoa ekialdetik setiatzeko indar egiten du.

Gilermo Dat bizkondearen semeak, Raimundo Gilermo Salamace goitizenekoa, loraldia eta gainbehera ezagutu zituen bere agintaldi luzean (1030etik 1086ra, zenbaiten arabera); elizak printze titulua ere eman zion, baina, azkenik, bizkonderria gainbehera joan zen. 1085ean, Zuberoako bizkondeak, haren semeak eta zaldun nagusiek Biarnoko Gaston Centulle bizkondeak prestatutako itunaren zina egin behar izan zuten, eta Zuberoa Biarnoren mendeko bihurtu zen. Biarnotarrei laguntza eman behar zieten borroka garaian, Iruñeko erregearen eta Gaskoniako kondearen aurka izan ezik. Beraz, Zuberoa Biarnoren mende geratu zen, beraz, baina bizkonderri hori, aldi berean, Iruñeko Erresumaren eta Gaskoniako kondearen mendeko zen. Gaskoniako duke titulua Akitaniako dukearen esku geratu zen XI. mende horretan.

XI. mendean, bizkondeek Maulen izan zuten egoitza, zalantzarik gabe, egungo gaztelua dagoen muino horretan. Gaztelua Burdin Aroko herrixka gotortu batean eraikia dago, gizakiak eginiko kasko luze baten gainean. Arkeologiak oraingoz ezin izan du frogatu kasko hori Burdin Arotik hona etengabe erabili izan duela gizakiak, nahiz eta handik gertu erromatarren garaiko aurkikuntzak egin dituzten, eta, ziurrenik, Zuberoako bizkonderria sortu baino lehen, Gaskoniako dukeek eremu gotortu bat izango zuten hor eskualdea kontrolatzeko asmoz.

1122an, Gassion bizkondeak haren mendeko zela zin egin zion Aragoi eta Iruñeko errege Alfontso I.ari (1104-1134), eta Bigorrako kondeak ere bai. Agirien arabera, errege horrek gaztelu bat eraiki zuen Zuberoan, eta hori Mauleko gaztelua izan daiteke (segur aski, gaztelua egin aurretik, beste eraikin bat izango zen han, agian eremu gotortu bat).

XII. mendearen bukaeran, areagotu egin ziren Nafarroako Erresumarekin zituzten harremanak. 1196an, adibidez, Raymundum Guillelmi, vicecomitem de Sola Tartaskoak zin egin zuen Antso VII.a Azkarraren (1194-1234) mendeko izango zela. Nolabait, Biarnoko eta Zuberoako bizkondeek, beren arteko gorabeherak argitzeko, Nafarroara jo zuten. Geroago, 1203an, Agramont gazteluan ageri da Zuberoako bizkondea, Remond Guillem Sola, bertako jaunak Nafarroako erregeari zina egin zionean. Jaurgainen genealogiari jarraituz, 1196koa Raimundo Gillermo II.a izango zen, eta 1203koa, izen bereko III.a.

Ezaguna da Raimundo Gillermo IV.a bizkondeak 1234ko urrian Teobaldo I.ari (1234-1250) eginiko zina, haren mendeko zela alegia, baina, era berean, aitortu zuen Ingalaterrako erregeari ere behar zuela obeditu. Zinaren truke, urtean 60 liberako errenta eskuratu zuen, berarentzat eta Mauleko gazteluan izango ziren ondorengoentzat. Bizkondea Nafarroako agiri gehiagotan agertzen da; badakigu, esaterako, 1237an mailegu bat jaso zuela Teobaldo I.a erregearengandik, eta hartutako gaztelua jarri zuela berme gisa.

XIII. mende horretan, Ingalaterrako errege-erreginek egungo Frantziako Estatuko hainbat lur galdu zituzten, eta, azkenerako, Akitaniarekin soilik geratu ziren; ordutik aurrera, estutu egin zuten hego-mendebaldeko bizkonderrien kontrola. Ez dirudi Zuberoako bizkondea ingelesen alde borrokatu zenik Taillebourg eta Saintes batailetan, eta Ingalaterrak eta Nafarroak gerraren ondoren sinatu zuten itunean ere (1249) nafarrek ez zuten egin horrelako salaketarik. Bestalde, 1244an, bere aitak egin bezala, Raimundo Gillermo V.ak ere Nafarroaren mendeko zela zin egin zion erregeari. Orduan ere aitortu zuen Ingalaterrako erregearekin zuen lotura, baina haien aurka egiteko prest azaldu zen Ingalaterrako erregea bera edo Gaskoniako seneskala Nafarroako lurretan sartzen baziren.

Frantziarren aurkako izaniko galeren ondoren, eta Nafarroako Erresumarekin bakea izenpetua, Ingalaterrako Enrike III.ak Simon Monfort bidali zuen Zuberoara; dukerrian ordena jartzeari ekin zion Monfortek, eta 1252an, Mauleko gaztelua hartu zuen. Ondoko ituna guztiz betetzen ez zenez eta lurraldea zeharo menperatu ezinik, Monfortek Akitaniako dukearen izenean, Zuberoa eta Mauleko gaztelua berriro hartu zituen, 1257an. Ekintza horretan Raimundo Gillermo V.a bizkondea hil egin zuten, eta haren alargunak, Markesiak, mendetasun aitortza sinatu behar izan zuen seneskalaren aurrean. Itunean Mauleko bizkonderria eta Mauleko gaztelua Eduardo Ingalaterrako printzearen esku uztea aurreikusten zen.

Hurrengo bizkondeak, dena den, Mauleongo Oger III.ak -hildakoaren eta alargun izenpetzailearen semea-, borrokan jarraitu zen 1258tik aurrera, eta ingelesak bota egin zituen Zuberoatik behin-behinekoz. Urbano IV.a Aita Santuak bitartekari lanak egin zituen, eta 1261. urte bukaeratik gaztelua printzearen esku zegoenez, haren jabetza eskuratu zuen, truke baten bidez.

Geroztik, Ingalaterrak kapitain-gazteluzain bat jarri zuen Maulen, eta Zuberoa hobeto kontrolatzea lortu. Jaurgainek kargudunen zerrenda bat egin zuen 1884an; hona hemen: Oger Mothe (1261-1275), Gaillard Ornon (1275-1277), Vital Caupenne (1277-1289), Helia Caupenne (1289-1295). Ingelesentzat, Maulekoa mugako gaztelua zen, Biarno burujabea baitzen. Eduardo I.ak, 1272tik Ingalaterrako errege, galdetegi bat egin zuen bere lurraldetan, eta emaitzetan ikusi zuen dukerriaren defentsa ahula zela; hori ikusita, lurraldea gotortzeari ekin zion, eta hainbat hiribildu sortu zituen. Mauleko gaztelua ere gotortu zuten urte horietan, eta beharbada garai hartan jarri zioten harresia Mauleko herriari, nahiz eta elizaren baimena askoz beranduagokoa izan, 1373koa. Oloruetik zetorrela, Mauleko gazteluan egon zen Eduardo I.a 1287ko abuztuaren 19an.

Frantziako eta Ingalaterrako Erresumen artean 1294an berriro liskarrak sortu ziren, eta Mauleongo Oger, Nafarroako zaldun eta handiki izendatua, Nafarroako eta Frantziako erregearen alde jarri zen -Felipe I.a Nafarroakoa eta Frantziako IV.a zen errege-, eta Ingalaterrako erregearen deia baztertu zuen. Gerra horretan, Ogerrek Mauleko gaztelua hartu zuen, eta Raimond Arnaud Laas, Laasko jauna, jarri zuen gazteluzain, 1297an, eta lurrak berreskuratu zituen. 1299an, honela deitu zion bere buruari: Zuberoako bizkonde, Jaungoikoaren graziak lagunduta.

Baina 1303an, Ingalaterrak eta Frantziak bakea izenpetu zuten, eta berriro bakarrik geratu zen Mauleongo Oger. Klemente V.a Aita Santuak eta Felipe Nafarroako eta Frantziako erregeak bitartekari lanak egin zituzten, eta Mauleongo Ogerrek truke egin zuen Nafarroako erregearekin: bizkonderria, Mauleko gaztelua eta Zuberoako hainbat ondasun eman zizkion, eta erregeak emandako ondasun batzuk hartu zituen (Arradako gaztelua, Melida, Abaiz, Berbintzana).

Ituna Luis I.arekin (1305-1316; Frantzian Luis X.a, 1314-1316) gauzatu zen, 1307an. Nafarroako erregeak, bestalde, Zuberoaren gaineko eskubide horiek Ingalaterrako erregearen esku utzi zituen, eta hortik aurrera, bera izan zen Zuberoako bizkonde eta bertako justizia gorena, harik eta Frantziako erregeak berriz eskuratu zuen arte mende eta erdi geroago. Mauleongo Ogerrek, berriz, goi-goiko karguak hartu zituen Nafarroako Erresuman, 1318an hil zen arte; leinuak han jarraitu zuen gero ere, bizkonderria behin betiko galduta.

Ingalaterrako erregea berriro hasi zen kapitain-gazteluzain karguan norbait jartzen; Garzia Arnaud Ezpeleta, Ezpeletako jauna, izan zen lehenengoa, 1307ko abuztuan, eta Fortaner Batz urte hartako urritik aurrera. Kapitan gisa, egiteko militarrak zegozkion kargu horretan zegoenari, baita gaztelua mantentzea, konponketak egitea eta herriko tropak antolatzea ere. Gazteluzain zen aldetik, Zuberoako gobernadore izatea ere bazegokion, errege-zergak biltzea, Lextarreko batzarretara deitu eta zuzentzea, justizia egitea, erregearen ondasunak kudeatzea. Askotan, zeregin horietarako, ordezko bat izendatzen zuten, eta XIV. mendetik aurrera, gazteluzaintzarako laguntzaile bat jartzen zuten. Geroago, kapitain-gazteluzain karguari gobernadore deitzen hasi zitzaizkion, eta hala geratu zen.

1337an, Ehun Urtetako Gerra (1337-1453) izenez ezagutzen dena hasi zuten Frantziak eta Ingalaterrak, eta bi urte geroago, Frantziako erregeak Biarnoko bizkondeari eskaini zizkion Maule eta Zuberoako bizkonderria, kendu egiten baitzizkien ingelesei.

1357an, zuberotarrak ingelesen aurka matxinatu ziren, zerga berri bat zela eta. Matxinatuen burua, Arnaud Guillaume Olhaïbi, Mauleko gazteluko ziegetan sartu zuten, eta ondasunak kendu zizkioten. Baina Frantziaren eta Ingalaterraren arteko gerrak ahuldu egin zituen erregeen botereak, eta nonahi sortu ziren lapur taldeak eta areagotu egin ziren jauntxoen gehiegikeriak. Herriak eta hiribilduak hasi ziren Biarnoko bizkondeari babesa eskatzen, diru truke. 1375ean, Gaston III.a Febusek babesa ematea onartu zuen, urrezko 4.000 frankoren truke, eta gerrariak jarri zituen Mauleko gazteluan. Bestalde, XIV. mendearen bukaeran, Agramondarren eta Lukuztarren arteko liskarrak zabaldu ziren Zuberoara.

Ingelesek garai horretan zenbait konponketa eta hobekuntza egin zituzten gazteluan, 1319an, esate baterako, Odon Miossens erregearen ordezkari zela.

1385ean, Ingalaterrako erregeak Karlos Beaumontekoa izendatu zuen Zuberoako gobernadore, eta Mauleko gazteluzain ere bera izan zen1433an hil zen arte.

Luis Beaumontekoak, Leringo I. konde eta Nafarroako kondestableak, aitaren kargua hartu zuen Maulen, baina ordezko gisa izenpetzen zuen, Enrike VI.a Ingalaterrako erregeak Humfroy Lancastre, Glocesterko dukea, izendatu baitzuen 1434an kargu horretarako. Glocesterko dukea 1446an hil zen, eta Ingalaterrako erregeak Foixko Joan izendatu zuen hura ordezkatzeko, baina Leringoak ez zion tokirik utzi, besteak beste, argudiatzen baitzuen berak ordaindu zuela 1446an eraikitako dorre berri bat eta beste konponketa batzuk. Erregeak burua makurtu zuen, eta 1447ko maiatzean Luis Beaumonteko Leringo I. kondeari eman zizkion gazteluaren etekinak. Luis Beaumontekoarekin areagotu egin ziren leinuen arteko borrokak (bera Lukuztarren alde jarri zen). Bereterretxeren kanthoria-n jasotzen den hilketa Luis Beaumontekoaren zerbitzariei leporatzen diete.

XV. mendean izugarria omen zen gaztelua; Joan Chartier kronikariak honela deskribatu zuen: Harkaitz zinez goran jarririk Guienako gaztelurik azkarrena.

Ingelesen garaia ere bukatzear zegoen, hiru mende igarota. Karlos VII.a Frantziako erregeak behin betiko erasoari ekin zion 1449an, Biarnoko bizkondearen laguntzaz. Uztailean, Foixko Gaston IV.ak, Foixko konde eta Biarnoko bizkondeak, 10.000 gerrarirekin hesitu zuen Maule. Herriak berehala amore eman zuen, baina ez Luis Beaumontekoak (gazteluan babestu zuen bere burua). Nafarroako Joan II.a (1425-1479) ere joan zen laguntzera bere gerrariekin, baina biarnotar eta frantziarren baliabideaz ohartuta, eta hitz egitea alferrikakoa zela ikusita, itzuli egin zen bere erresumara. Irailaren erdialdean etsi zuen gazteluan zeudenek, eta urtebetean Frantziako erregearen aurka ez borrokatzeko zina egin zutenez, bizirik utzi zituzten.

Foixko Gastonek Frantziako Felipe VI.ak 1339an eginiko dohaintza erabili zuen Mauleko gaztelua eta Zuberoako bizkonderria eskuratzeko (betiere, ingelesei kendu behar zizkieten), eta Guimon Dessa jarri zuen kapitan-gazteluzain (1451-1462). Hurrengo 60 urteetan jabetza zeinena izan zen ez dago guztiz argi, gehienbat 1461etik aurrera; urte horretan, Luis XI.ak bere aita ordezkatu zuen erregetzan, eta Paristik izendatzen zituzten Mauleko gazteluzainak. XV. mendearen bukaera horretan, 30 bat gerrari izaten ziren gazteluan, eta orduan eginiko konponketen berri ere iritsi zaigu.

1510 eta 1512 urteen artean, Frantziak behin betiko eskuratu zuen bizkonderria. Geroztik, eta Frantziako Iraultza arte, Zuberoarako gobernadorea (garai batean kapitain-gazteluzain zena) izendatzen jarraitu zuten. Hurrengo urteetan gazteluaren inguruan izaniko gertaera batzuk aipa daitezke, baina garrantzia galtzen ari zen:

-1523-12-3: Espainiako gerrariek, Orangeko printzearen gidaritzapean, gaztelua hartu zuten. Emandako laguntzagatik, Lukuzeko Joan, Lukuzeko jauna, gazteluzain eta Zuberoako gobernadore izendatu zuten. Urte bat geroago, frantziarrak erasoa prestatzen ari zirela, Lukuzekoak Johannot Elizeiri jarri zuen gazteluan, eta alde egin zuen. Berriro frantziarrek hartu zuten, eta 1542 urtera arte, Pedro Urruti izan zen gazteluzain, Altzürüküko gazteluko jauna. Bere iloba, Atharratzeko Joan, izan zen hurrengo gazteluzaina (1542-1549).

-Joan Beltzuntze IV.ak, Makeako bizkondeak, kapitan-gazteluzain zenean protestantea zela aitortu zuen, eta elizaren erreforma sustatu zuen. Erlijio gerra piztu zenean, Lukuzeko Karlosek, Atharratzeko jaunak, bi aldiz hartu zuen gaztelua (1568 eta 1570), eta Montgommeryko kondeak (1569) eta Joan Beltzuntze IV.ak (1587) berreskuratu egin zuten protestanteentzat. Honek gaztelua eta hirigunearen defentsak konpontzeari ekin zion, zerga berrien bidez.

-1641ean, Luis XIII.ak, diru beharretan baitzen, Iruriko Arnaud kondeari, mosketeroen kapitainari, saldu zion Zuberoako bizkonderria, 70.000 liberatan. Orduko kapitan-gazteluzainak, Armand Beltzuntze Mehaineko bizkondeak ez zion utzi nahi izan gazteluzain izateari, nahiz eta halaxe agindu zion erregeak 1642ko irailean. Poyanneko baroiak hartu behar izan zuen gaztelua, urriaren 9an, Nafarroa eta Biarnoko erregearen ordezkari nagusiak. Jarraian, Luis XIII.ak gaztelua suntsitzeko agindua eman zuen, eta lanak azaroaren 27an hasi ziren. Zuberoa osoko 350 edo 400 herritar ibili ziren zeregin horretan, 6 hilabetez. Zuberotarrek doan lan egin zuten, eta, gainera, 4.274 liberako gastuari egin behar izan zioten aurre.

-1648an, berriro gaztelua eraikitzeko agindua eman zieten zuberotarrei, gutxienez inguruko harresia; dirudienez, Erdi Arokoa baino luzexeago egin zuten (36.000 liberako gastua izan zuen). Bildutako zergekin, gobernadoreak Lextarren egoitza berria eraiki zuen (1650), egungo udaletxea, eta orduz geroztik, Mauleko gaztelua espetxe gisa eta hornidura militarren biltegi gisa erabili zuten. Bizkonderria saltzearen aurka egiteagatik sortu ziren gastuek, gazteluak eragin zituenek eta zergek zordun bihurtu zituzten herritar asko, eta hortik sortu zen Bernard Goienetxe Matalas-en matxinada, 1661ean (maiatza-urria). Gaztelua hesitzea lortu zuten, baina ezin izan zuen hartu. Esaten da apaizaren burua gazteluan zintzilik egon zela ia bi hilabetez.

-Frantziako mugak gotortzeko politika orokorrean, Vaubanek Mauleko gaztelua berritu zuen, eta 1685etik aurrera kanoiak jarri zituztela esaten da. Arkitekturan zulo edo irekidura batzuk izan daitezke lekuko bakarrak, ez baitago garai hartako bestelako defentsa eraikin tipikorik.

-Mauleri buruz 1759an eginiko deskribapen batean, gaztelua egoera txarrean zegoela esaten da. Garai hartan, gazteluan eta inguruan batailoi bat zegoen, Wellington jeneralen gerrariak Pirinioak eta Bidasoa ibaiaren mugak zeharkatzen ari baitziren. 1814ko otsailean, batailoiak alde egin zuen, eta zalditeriako patruila ingeles batek bereganatu zituen gaztelua eta hiria.

Geroago, Pabeko erregimentuaren konpainia batek kuartela eduki zuen gazteluan 1870. urte arte. Frantziako Armadak berriro erabili zuen gotorlekua I. Mundu Gerran. Geroago, iparraldeko eraikina hainbat familiak bizitoki gisa hartu zuten, baldintza kaxkarretan, beste etxe batzuk eskuratu arte.

Geroztik, hutsik egon da, eta egun, jendeak bisita dezan prestatzen ari dira. Monumentu historikoen erroldan dago, eta Udalarena da gaztelua.

Mauleko gaztelua

Gazteluko ikuspegi orokorra, udaletxeko plazatik begiraturik. (2001)

Egitura eta aztarnak

Eraikina ipar-hegoaldeko norabidean egina da, eta kanpoan, iparralde eta hegoaldeko muturretan, barruti bana ageri da, harresi-ezpondaz mugaturik. Barruti protohistoriakoaren lekukoak dira, eta gazteluak biltzen zituen etxeak ere han egongo ziren, zerbitzarien eta gerrarien familien bizitokiak.

Gaztelu bera gizakiak eginiko kasko luze baten gainean eraikia dago, zulo sakon batez inguratua. Egun, gazteluaren oin irregularrak 62 metro ditu luze (I-H), eta lekurik zabalenean, berriz, 52 metro. Iparraldeko eta mendebaldeko harresietan, lau dorre biribildu nabari daitezke, tripatsu bertako hitzetan. Hegoaldeko mutur triangeluarrean eta ekialdean ez dago dorrerik egun, baina esaten da bertan ikusten den egitura angeluzuzen bat dorre nagusiaren aztarna ote den. Luis XIII.a erregearen aginduz 1642an gaztelua birrindu zutenean, bazegoen defentsarako dorre bat, oso dotorea eta handia, idatzi baten arabera. Gehienbat iparraldeko erdian, harresiek bi harri egitura dituzte; behealdeak askoz landuagoak izango ziren, lurretik kanoi-zuloetaraino.

Eraikinaren iparraldea da egungo zatirik ikusgarriena; bi dorre, sarrera eta bizitokiak daude, arbelezko estalki baten azpian. Aurrean, hiru arkuko zubi batek gainditzen du zulo edo erretena. Zubiaren azken zatia altxagarria zen, eta gazteluko atarian bi zulo luze daude oraindik, zubia altxatzeko habeentzat eginak.

Sarrera ondoko gela tiro egiteko leiho txikiz josita dago; gazteluaren defentsarako egin zituzten, arerioari erasotzeko behin atea igaroz gero. Iparraldeko eraikin multzoak harrizko eta egurrezko barrualdea du, eta bertan, gazteluaren eta Zuberoaren historiari buruzko erakusketa iraunkor bat prestatu dute. Hango bi muturretatik joan daiteke harresiaren goialdera, gainalde inguruko zaintzaileen bidera.

Barrutiko hegoaldean, Erdi Aroko gazteluaren bukaera izan zitekeenaren aztarnak daude eta, haratago, eskailerak, gela batera jaisteko. Egun ez dago jakiterik inguruko hori nolakoa zen eta zein egiteko zituen. Gaztelua bukatzen zen zati horren ekialdean egongo zen dorre nagusia, eta, gertu, putzu bat, etxetxo teilatudun batean. 28,60 metroko sakonera omen du putzuak, eta 1,5 metroko diametrokoa. Bestalde, han-hemenka ikusten ziren murruak estali egin dituzte, gordetzeko, etorkizunean egin behar diren indusketetarako.

Barruti horretatik, iparraldeko eraikinaren azpian dauden bi ziegetara jaisten da. Hauek, dena den, ez dira soto bakarrak; izan ere, galeriak daude gaztelutik kanpora, baina hondatu egin dira.

Mauleko gaztelua

Oinaren krokisa, bisitarako ematen duten agiritik hartua (2001).

Iristeko

Mauleko beheko auzoetatik adierazita dago bidea; Gaztelü zaharra dioten seinaleei jarraitu diegula Aparkaleku bat ere atondu dute gazteluaren behealdean. Ematen duten ordutegi bat: 11:00-13:30 eta 15:00-19:00, Pazko oporretan, ekainaren 15etik irailaren 30era eta maiatzaren 1etik eta ekainaren 15a bitarteko asteburuetan.

Mauleko gaztelua

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk

 

Guardar