Markiz
FITXA
Udalerria: Bernedo
Herrialdea: Araba
Zailtasuna
Aztarnak
Kokapena eta Egitekoak
Trebiñuko konderriak eta Izkiz mendiek erdian harturik dago Markiz, Arluzea herrirako bidean, Errota errekaren haran luze eta itxian. Arluzean ere bazen gaztelu bat, eta garrantzi handikoa, gainera. Markizkoa ez da dokumentuetan aipatzen, ez baitzuen hainbesteko garrantzirik. Inguruko biztanleak babestea zen zuen egiteko nagusia.
Harkaitz baten gainaldean zegoen gaztelua; hala ere, handik ez dago ikuspegi handirik haitza bera ere zoko samarrean baitago.
Gazteluaren haitza, iparraldetik begiraturik: goialdean, eraikinaren arrastoak, eta behealdean ur biltegia duen leizea. (2000)
Historia
XI. mendean, Errioxako Donemiliagako komentuari ¿reja¿ zerga pagatzen zioten herrien artean agertzen da. Bi herrik osatzen zuten, dirudienez: Markiz Goikoak eta Markiz Behekoak; Suso eta Iuso deitzen zieten garai hartako gazteleraz. Markiz bakarra agertzen da, ordea, geroko dokumentuetan. Ez litzateke harritzekoa, beraz, Markiz Behekoa gaurko Markiz izatea eta Markiz Goikoa, gazteluaren ingurukoa. 1087ko abizen bat ere iritsi dugu, bestalde: Munnioz de Marchinez.
Gaztelua dagoen harkaitzean ikusten den leize-zuloa gaztelua baino lehenagokoa da; hala diote adituek. Leku egokia zenez, gazteluak ur biltegia behar izan zuenean, leize-zuloaren barruan egin zuten, zorua zulatuz. Jose Migel Barandiaran ere ondorio bertsuetara iritsi zen 1967ko uztailean, han azterketan ibili eta gero: gazteluaren azpian den leize-zuloa ez ezik, inguruetan diren beste hainbat ere erabiltzen zituztela garai haietan; eta baita lehenago ere.
Barandiaranek eta haren laguntzaileek harkaitzaren hegoaldeko zorua aztertu zuten. Gaztelua zen garaiari zegokion geruzan, zeramika puskak, hiltzeak eta azkon mutur bat aurkitu zituzten. Burdinazkoak azkeneko horiek. Barandiaranen arabera, XIII. mendekoak izan omen. Garai bertsuko tresneria aurkitu baitzuten beste aztarnategi batzuetan ere. Hurrengo geruzan, berriz, txanpon bat, leize-zuloa handitzerakoan ateratako harri pusken eta zeramika pusken artean. Txanpona Alfontso I.a Aragoiko eta Iruñeko erregerena zen, eta Alfontso I.a errege 1104tik 1134ra izan zenez, pentsa daiteke, garai hartarako bazela gaztelua. Eta hurrengo geruzan, silex puskak eta silexez egindako tresneria aurkitu zuten, Erdi Arokoa baino ondo lehenagokoak.
Rodrigo Ximenez Rada artzapezpikuak ez du bere De Rebus Hispanie idatzian Markiz izenekorik aipatzen, Alfontso VIII.ak 1200ean hartutako gazteluak izendatzen dituenean; eta bai, inguruko batzuk: Arluzeakoa, Done Bikendi Haranakoa eta Marañongoa, esate baterako. Ximenez Radak 1236an idatzi zuen bere liburua, eta ez zituen gaztelu handi batzuk aintzakotzat hartu nahi izan; horregatik, ez da harritzeko Markizkoa bezalakoak ez aipatzea. Ez du Markiz aipatzen, baina badakigu Alfontso VIII.a Uda ibaiaren haranean barrena sartu zela Nafarroako Erresuman, 1199ko erasoan, eta Gasteiz aldera joan zela gero; erregea eta bere gerrariak Markiztik oso hurbil igaro zirela, beraz. Egia da, bestalde, Nafarroako agiritegietan ere ez dela agertzen.
Zernahi dela ere, Markiztik gertu den baseliza batean, San Joan baselizan, hain zuzen, bada latinez egindako idazki bat, sarrera ondoan, eta han Fernando erregea aipatzen da, Fernando III.a, alegia, (1217-1252). Adituek diotenez, jatorrizkoa da idatzia, eta horren arabera, 1226. urtean eraikia da baseliza. Beraz, badakigu urte horietan ¿Marquiniz¿ ¿horrela idatzita dago sarreraren ondoan¿, bai herria eta baita gaztelua ere, Gaztelako Erresumarenak zirela, halaxe zen-eta Arluzeako gaztelua ere.
1367an, Bastida, Urizaharra eta Lagran herriak ez ezik, Markizko Anaidia ere bereganatu zuen Diego Gomez Sarmientok, Gaztelako Enrike II.arengandik. Pedro I.aren aurka laguntza lortzeaz gain, noble gaztelarrak jartzen zituen Nafarroako mugan, Karlos II.a (1349-1387) galdutako lurrak berreskuratzeko ahaleginak egiten ari baitzen.
Diego Gomez Sarmientok 1384ko uztailaren 15ean egin zuen testamentuan, seme zaharrenari utzi zizkion Markiz eta Arabako eta Burgosko hainbat eskualde. Testamentuan zehaztu gabe agertzen da Markiz, baina beste hirurak, hau da, Ocio, Bastida eta Astulez aipatzerakoan ¿bere gazteluarekin¿ erantsi zuenez, pentsa daiteke Markizko gaztelua baztertua zegoela orduko; horretan bat datoz, gainera, arkeologia aurkikuntzak ere.
Haitzaren hegoaldea: josirik zituen etxeen aztarnak eta leizea. (1997)
Egitura eta aztarnak
Txikia eta entzute handirik gabekoa da gaztelu hau, baina aipagarria, ez baita horren ezaugarriak dituen besterik Euskal Herrian. Gaztelua haitz baten goialdean zegoen eta hegoalde eta ekialdean, haitzari josita, etxe batzuk. Mendebalean edo mendi aldean zorua zulatu zuten, lubanarroa egiteko, eta gaztelua errazago defenditu ahal izateko, hala.
Gehiena eroria dagoen arren, igarri da oraindik zer antolakuntza zuen. Harriz eta karez eginiko hormatal handiak daude goiko aldean, eta harkaitza bera ere landurik dago, hego-ekialdeko muturrean, batez ere.
Gizakiak egindako Leize-zulo handi bat du harkaitzak, beheko aldean. Leize-zuloa barruan ur biltegia egiteko aprobetxatu zuten gero. Horrek igerileku txiki bat dirudi gaur egun. 4 x 3¿10 metro da luze-zabalean, eta lurrez beterik dagoen arren, 1¿25 metro sakonera badu oraindik izkina batean. Ur biltegia baino barrurago, harmaila batzuk daude, harkaitza landuz eginak, eta ezkerreko aldean, zulo bat dago aurrera.
Gauza bera ikusten da haitzaren ipar-mendebaldetik begiratuta ere, leize-zulo hori, eta tunelean, harmaila batzuk goraka, biribilean. Dirudienez, gaztelutik ur biltegira jaisteko eskailerak ziren horiek, edo gazteluan sartzeko bide ezkutu bat, baina gaur egun agerian dago, puska handi bat.
Harkaitzaren mendebalean zen lubanarroa, haitzaren ondo-ondoan, gaztelua malda aldetik babesteko. Harkaitza zulatuz eta ebakiz egin behar izan zuten hori ere; baina gaur egun ez da ondo nabari, lurrez eta landarez beteta baitago.
Garai haietan zabalgune guztiak aprobetxatu behar izaten zituzten, bestalde, euritako ura biltzeko eta behar zen lekura eramateko; ubideak ere izango ziren, beraz, ur-biltegia egiten hainbesteko lanak hartu baitzituzten, baina gaur egun ez daude agerian. Zurezkoak izaten ziren gehienak, eta hala zirenak ondo ustelduta egongo dira honez gero, baina harrizkorik ere ez da, agerian behintzat.
Harkaitzaren hego-ekialdeetan ere igarri da harria landua dagoela, eta dauden zuloek salatzen dute hagak sartzeko egin zituztela; alde horietan etxebizitzak zirela, alegia. Harkaitzak, gazteluak eta etxebizitzek multzo sendoa osatuko zuten, dirudienez.
Ur biltegia leizean. Atzerago, igarobidea, haitzean zehar gaztelura igotzeko. (1997)
Iristeko
Herria eskuinetara utzi, eta 400 bat metrora edo, San Joan baseliza ikusten da ezkerretara, eta ¿Haitzulo Artifizialak¿ dioen pankarta bat. Han bertan utz daiteke autoa, Arluzearako errepidean, eskuineko bazterrean. Baseliza ezkerretara utzi, eta soroa igaro behar da gero, errepidearen paraleloan gutxi gorabehera, harkaitzarekin topo egin arte. ¿Gastelu Beloko Arria¿ deitzen dio Latsagak.