Volver a la página índice

Marcillako gaztelua

FITXA

Udalerria: Marcilla

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Kaleko gaztelua zen, Erdi Aroa bukatzen ari zenean eraikia eta pribatua hasieratik; jauretxeek zituzten egiteko berak zituen gaztelu honek: jaunen egoitza zen, eta babesa ere bai; jabearen ondasunen kudeaketa ere bertan egiten zuten, eta ospea emateko eraikina ere bazen.

Esan bezala, jabetza pribatu gisa sortu zen, eta hala jarraitu zuen 1977 arte; urte hartan, orduko Nafarroako Aldundiak Falcesko markesen ondorengoei erosi zien. Gaur egun, egitekorik gabe dago.

Marcillako gaztelua

Eraikinaren mendebaldea. Gaztelu honen ezaugarri bat da dorre nagusia, alde horren erdian kokatua. (2002)

Historia

Agiriek diote 1002an dagoeneko biztanle talde bat bazela Marcillan; 1110ean eskubide jakin batzuk eskuratu zituzten, baina inoiz ez zen aipatzen gaztelu bat, ezta XV. mende arteko gainerako agiri guztietan ere.

Peralta leinuari lotutakoa da Marcillako gaztelua. Peralta leinukoak Karlos III.arekin (1387-1425) hasi ziren nabarmentzen orduko gizartean. Errege horrek 1424an gaztelua egiteko materialak eman zizkion Peraltako Pedro Zaharrari (? ¿ 1442), baita 1.000 libera ere. Peraltako Pedro hori erregearen zerbitzari gisa (¿maestrehostal¿) agertzen da 1403an, eta handiki izendapenez (¿ricohombre¿) 1416tik aurrera. Dirudienez, bere aita Karlos II.aren (1349-1387) idazkaria izan zen, eta ama Ana Sanchez Ruiz Azagra.

Gazteluaren eraikitzaileak eta bere semeak, Peraltako Pedro Gazteak (? ¿ 1492), zerbitzuak eskaini zizkieten errege-erregina berriei, Joan II.ari (1425-1479) eta Blankari, eta haiengandik Marcillako jaurerria eskuratu zuen Peraltako Pedrok Zaharrak, 1429an. Geroago leinuaren ondasunei gehitu zitzaizkion Azkoien (1430), Falces (1457 eta 1470), Azagra¿ eta, hala, Agramondarren eskualde moduko bat osatu zuten. Gerra urteak ziren horiek, eta leialtasunak ordaindu edo erosi egiten ziren.

Peraltako Martin, Pedro Gaztearen anaia, ez zen atzean geratu, eta berak ere jaurerri eta eskubide batzuk lortu zituen urte horietan. Pedro Nafarroako kondestablea izan zen, eta Martin, berriz, erresumako kantzelaria eta Erriberako ibar-jauna. Besteren artean, Martin honek Arradako gaztelua suntsitu zuen, 1455ean.

Marcillako gazteluarekin lotutako pasarte jakingarri batzuk utzi dizkigu historiak; 1462an, Blanka II.a zorigaiztokoa -historialari batzuek erregina izan zela onartzen dute, 1461-1464 urteetan-, Karlos Vianako Printzearen arreba, Marcillan egon omen zegoen bahiturik Ortesera eraman baino lehen. Navarro Villoslada idazleak Peñaflor gazteluan kokatzen du gertaera hori.

1469an, berriz, Marcillako gazteluko jabea atxiki zuten preso, Peraltako Pedro Gaztea, Nikolas Txabarri edo Etxabarri lagun ohia labankadaz hil eta gero (Tafallako gorteetan Peraltako Pedroren aurka jarri zen, nonbait, eta horregatik hil zuen). Nikolas Txabarri hori Iruñeko gotzaina zen, Erresumako diruzaina, Assa gazteluko nekazari-lurren jabe izandakoa, politikari handinahia¿

Fernando Katolikoa erregeak, Nafarroaren konkista gauzatu eta gero, 1513an, Alfontso Carrillo Peraltari Falcesko markesaren titulua eman zion. Peraltako Pedro Gaztearen biloba zen, eta Ana Velascorekin ezkonduta zegoen. San Estebango kondea ere bazen, eta Marcillako jauna.

Nafarroak burujabetza galduta, orduko historialarien arabera, Ana Velascok, bere senarra ez zegoenez, gaztelua suntsitzera joan zirenei aurre egin zien 1516an, eta horiek atzera egin behar izan zuten. Horri esker, gaur egun arte iritsi da gaztelu ikusgarri hori.

Dena den, Pedro Esarteren aburuz, Ana Velasco gazteluari bere hartan eusten saiatu zen arren, gaztelarrek goialdea apurtu zuten, eta fatxadetan ikusten diren egitura ezberdinek erakusten dute gazteluak nolabaiteko kalteak jasan zituela; gainera, agiri batzuek adierazten dute 1516tik aurrera marcillar batzuen kontrako epaiketak egin zirela, nonbait, gaztelua suntsitzen saiatu zirelako.

Ezaguna da gaztelua eta hiri-harresien desegin eta gero Villalba koronelak Cisnerosi idatzitako gutunaren zatia: ¿Jaun handi horrek Nafarroako harresiak eraisteko agindu zuenetik, joan zaizkie harrokeriak, eta inor ez da gai burua altxatzeko ere.¿

Nafarroako beste gaztelu batzuetan bezala, diru-iturri bat ziren Aragoi ibaitik igarotzen ziren almadiak. Castillaje izeneko zerga baliatzen zuten jaunek, eta, hala, almadia bakoitzak enbor bat eman behar zion Marcillako gazteluko jaunari (1429an bereganatu zuen eskubide hori Marcillako jaunak, dohaintza bati esker). Agiriren batek dio enborrak gazteluaren barrualdean uzten zituztela. XVI. mendean, 4 gazteluri ordaintzen zieten almadiakoek eta Tuterako ibar-jaunari ere bai.

Marcillako gazteluan bizi ziren Falcesko markesak, eta markeserriaren egoitza zen. Altzarien, apainduren eta tresnen hainbat inbentario iritsi zaizkigu, eta bestelako aipamenak ere bai. 1548an egin zuten inbentario bat Ana Maria Velasco markesa hil zenean, eta bitxikerien artean, honako gauza hauek omen zeuden gazteluan: Jesus salatzeagatik Judasek eskuratutako txanpon bat, Kristoren koroaren arantza bat, kondestablearen gerra jantziak eta Cid gerrariaren Tizona ezpata. XVI. mendean, gazteluaren hegoaldean areto bat erantsi zuten (1982an kendu zuten) eta horrek garbi adierazten du gaztelua jauregi bihurtzeko asmoa izan zutela, jabeak erosoago bizi zitezen. Geroago ere egin zituzten konponketa eta eraldaketa batzuk, baserri lanen beharrei aurre egiteko batik bat.

1820an herriko alkateak idatzitako gutun baten arabera, gazteluaren kanpoaldean, plaza nagusian, zaindarien etxola batzuk zeuden, eta kubo itxurako gotorleku txiki bat, zaindarien gela izandakoa. Riegoren matxinada zen, eta jaurerri izan zeneko ikur guztiak ezabatu nahi zituzten. Alkateak, gainera, markesa andreak berak ken zitzala nahi zuen -Andaluzian bizi zen-, gastu bat zelako.

Egun, herritarrak gogotik saiatzen ari dira gaztelua eror ez dadin. Nafarroako administrazioak erosi zuenetik hainbat lan egin dituzte, eta 1998an bi hilabetez gaztelu inguruko zulo edo erretenean eta barrualdean zundaketak, indusketak eta garbiketa sakonak egin zituzten. Lanak bukatzerakoan egindako txostenak jasotzen duenez, Marcillako gazteluaren egoera ¿oso txarra¿ da, eraikina material eskasez egina baitago.

Baina gaztelua lehengoratzen ari dira poliki-poliki. Hamarkadak daramatzate horretan: erretena hustu zuten, eta barruko ezponda eta zubia agerian utzi zituzten; hegoaldeko fatxadari atxikirik zeuden XVI. mendeko terraza edo zabaltza arkudunak kendu zituzten; Arma patioaren inguruan eraikitako etxebizitzak bota zituzten¿

Egindako indusketek baieztatzen dute agirietan agertzen dena. Nahiz eta kanpoan eta barrualdean erromatarren garaiko eta XIII. eta XIV. mendeetako aztarnak aurkitu (zeramika eta txanponak), gaztelua XV. mendearen hasierakoa izan daiteke. Inguruan, gaztelua eraiki aurreko murru ilarak aurkitu dituzte.Hormetan harri eta adreilu egitura bat baino gehiago nabaritu arren, gaztelua, hasi eta bukatu, egitura jakin batekin egin zuten, eta ondoren moldaketak sartu zituzten, egoera berriei aurre egiteko. Moldaketa horietako bat aipagarria da harresiak ezin zituzten lodiago egin, eta arerioen artilleriatik babesteko, harresiaren barrualdeko inguru osoa lur eta legarrez bete zuten, ziurrenik XV. mendeko bigarren erdialdeko gerra zibiletan. 1999an gazteluaren ekialdean dauden kaperako, otoiztegiko eta sakristiako hormak garbitu zituzten, eta XVI. mendeko marrazki batzuk aurkitu zituzten.

Marcillako gaztelua

Gazteluaren mendebaldeko eta hegoaldeko ikuspegi orokorra. (2002)

Egitura eta aztarnak

Euskal Herrian hasieratik gaztelu izateko eraiki zen azkenetako bat da. Eraldaketak jasan zituen barrualdean, eta eraikinak atxiki zizkioten mendeetan, baina egun, ia-ia eraiki zuten bezala ikus dezakegu, eta estilo gotikoan eginiko bizileku-militar gisa har daiteke. Hiru ezaugarri azpimarratu behar dira: ematen duen trinkotasun irudia, dorre nagusia fatxadan egotea eta multzo osoa hasieratik eraiki izana.

Gazteluaren oinak angeluzuzen bat izan nahi du, baina fatxadetako dorre angeluzuzenek zeharo hausten dute erregulartasuna, eta hego-ekialdeko dorrearen kokalekuak ere bai.

Gazteluaren behealdea harrizko ezponda bat da, eta gaztelua inguratzen duen erretenaren barruan dago. Ezponda horren gainean, harriek osatzen dituzte harresi eta dorreak, adreilua hasi arte. Adreiluetan ilara multzo bat baino gehiago ikus daiteke, eta horrek erakusten du epeka eraiki zutela.

Fatxada bakoitzak bere ezaugarriak ditu:

- Mendebaldekoa: izkinetan dorre handi prismatikoak ditu, eta erdian, pixka bat garaiago, dorre nagusia. Leiho batzuk ditu, ez guztiak garai berean eginak, eta hegal bat irteten zaio fatxadaren goialdean, dorreen artean, arku gotikoz apaindua eta eutsia. Gauza bera ageri da dorre nagusiaren goialdean. Hiru dorreak ezberdinak dira.

- Hegoaldekoa: bertan da sarrera, eta izkinetan dorreak ditu. Hego-ekialdeko izkinako dorrea zeharka jarria dago. Sarrera arkudunaren gainean, armarria ageri da, XVI. menekoa, Peralta-Velasco sendiarena (ia ezabatuta dago); su-leiho batzuk eta zubia altxatzeko zutabeen zulo luzeak ere ikus daitezke. Mendebaldeko fatxadaren gainalde berdintsua dauka, baina erdian dorrerik ez dagoenez, hegala dorre batetik bestera irteten zaio. Alde horretako fatxadari beste areto bat erantsi zioten bere garaian, eta aztarna horiek nabariak dira oraindik. Gaztelua inguratzen duen erreten edo zuloa igarotzeko zubi bat dago; zati bat finkoa du, eta sarreraren ondokoa igo eta jaitsi zitekeena. Harresia ere zatika egina dagoela dirudi, eta leiho moduko irekiduraz josia dago. Atariaren behealdean, estolda baten bukaera ikus daiteke.

- Ekialdekoa: hegoaldeko muturrean aipatutako zeharkako dorreaz gain, hormaren erdian eta iparraldeko muturrean dorre bana dago. Goialdean, ohiko hegal irtena ikusten da, dorreen artean, almena gisako murru txikiekin. Hego-ekialdeko dorrean harri hutsune bat dago; azpi-atearen arrastoak dira (eraiki ondoren txikiagotu egin zuten). Bestalde irekidurak daude, su-leihoren bat barne, garai eta itxura guztietakoak, baina hegoaldeko fatxadan baino gutxiago.

- Iparraldekoa: izkinetan eta erdian dorreak ditu, eta gainaldean, hegal irten arkuduna, gotikoa. Itxura erregularrago ematen du fatxada honek, eta zenbait leiho eta ateren aztarnak ditu.

Sartzeko, arku bat igaro behar da, giltzarrian herensuge bat grabatua duen arkua, hain zuzen (XV. mendekoa). Agiriek, aztarnek eta eginiko indusketen erakusten digute putzua eta lur azpiko ziegak eta galeriak bazeudela, baina egun egoera kaxkarretan dago barrualdea. Aterpe moduko bat dago, ez erdialdean, pixka bat ipar-ekialdera baizik. Arkuak zituen inguruan, eta ekialdeak bakarrik iraun du. Kapera ere bazuen, geroago San Frantziskori eskainia.

Barrualdeko inguruko behealde osoan, 3¿5 metroko garaierako lur eta legar meta dago, harresiak gotortzeko helburuz egina. Meta horretan eginiko galerietan sar daiteke oraindik (1,40-1,60 zabalera eta 1¿70-2,00 garaiera).

Garai batean, goialdeko inguru osoan almenak eta zaintza bidea zegoen, baina eraldatu egin zuten eraikinaren hirugarren solairua egiteko. Zaintza bideak tunel baten bidez zeharkatzen zuen dorre nagusia.

Gaztelu inguruko zuloa bera ere ikusgarria da, eta han, 1987tik, herriko jaietan kirol berezi bat egiten dute: aitzur jaurtiketa (rabiosa deitzen diote). 1998an eginiko bi zundaketetan, ura aurkitu zuten bi metro inguruko sakoneran. Beharbada, baliteke Erdi Aroan zuloa sakonagoa izatea eta urez beterik egotea.

Marcillako gaztelua

Gazteluaren planoa M.Ines Tabar eta J.Sesmaren ¿El castillo de Marcilla. Intervencion arqueológica 1998¿ lanean. (Trabajos de Arqueología Navarra, 15 zkia., 2001. urtea)

Iristeko

Herrian bertan dago, erdigunean egun, eta inguruak ere atondu dituzte paseatzeko edo egoteko.

Marcillako gaztelua

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk