Volver a la página índice

Lukuzeko gaztelua

FITXA

Udalerria: Lukuze-Altzumarta

Herrialdea: Nafarroa Behera

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Lukuze herriaren gainaldean, Lukus Oihena deitutako 237 metro garaierako muinoan zegoen gaztelua. Ekialdean, Turon izeneko kasko ederrean gaztelu baten aztarna ikusten da, eta atzerago, Nafarroa Beheraren ardatza den Biduze ibaiak marrazten duen harana. Ibar hori izan da betidanik Hego Euskal Herrirako pasabidea. Garruze ere Lukuzetik gertu dago oso, ipar-ekialdean, eta herri hori Donejakueko bideko geltoki garrantzitsua zen lehen.

Lukuzekoa jaurgo pribatuko gaztelu tipikoa zen, eta leinuaren egoitza izateaz gainera, gerraren bat edo tirabiraren bat sortzen zenerako babesleku ona zen. Bestalde, eraikinaren tamainak eta aberastasunak ospe handia eman zioten Lukuzeko leinuari. Gaztelua, leinuaren baroierrien arteko bide lokarria eta zaintzailea zen. Lukuze, Oztibarre eta Landibarre lotzen eta zaintzen zituen. Dena den, nahiz eta gazteluko jabeak klase sozial altukoak izan, ez ziren burujabeak, erregeren baten menpean egoten baitziren. Ondorioz, gaztelua euren esku utzi behar izaten zuten.

Lukuzeko gaztelua

Harrizko hondakin bakarrenetako bat, inguruko hormari jositako zulo angeluzuzena; beharbada ur biltegia zen. (2000)

Historia

Gaztelua, Lukuze leinuaren sorlekua zen. Joseph Nogaret-ek sarrera honekin laburbildu zuen familiaren historia: ¿Jauntxo nafar boteretsu horiek oso eginkizun garrantzitsua bete dute beren herrialdean, bai eta zorigaiztokoenetarikoa ere.¿ Leinuaren historia eta gazteluarena eskutik helduta doaz, eta bien historiaren zedarri nagusiak Euskal Herriko Erdi Aroko historian finkatzen dira. Agiriek gazteluaren eta leinuaren izena hainbat eratara jaso dute: Luxe, Luxa, Lucxa, Lucxe, Lusia, Luxta¿

Dirudienez, Lukuzeko jaunak Akizeko Bizkondetatik zetozen. Arnaud-Lupo Akizeko Bizkondeak, 1065 eta 1070 urteen artean hilak, Garzia Arnaud bere bigarren semeari eskualde bat eman zion. Eskualde horrek geroago Amikuze eta Oztibarre lurraldeak izango zirenak biltzen zituen bere baitan. Bi horiek Akizeko bizkonterrian baitzeuden X. mendearen bukaeratik, gutxienez.

Beste batzuen iritziz, 1058-1059 inguruan, Garzia-Arnaud-ek indarrez hartu zituen lur horiek Akizeko baroierritik bereiziz. Ondoren, honen seme bat eta biloba bat izango ziren Agramondar eta Lukuzeko leinuen sortzaileak, hurrenez hurren. Nolabait esateko, Lukuzekoak Nafarroa Beherako beaumondarrak ziren.

Nafarroa Beherako beaumondar horiek, beraz, Amikuze eta Oztibarre lurraldeetako buruak izan ziren, baina Akizetik Akitaniaren mendetasunera igaro ziren gero, nahiz eta Nafarroako Erresuman sartzetik ere gertu ibili. Lurralde horiek Biarnoko bizkondeak, Gaston IV.ak, hartu zituen 1090ean. Urte hartatik hasi eta 1134-1136 urte bitartera arte, Biarnoko bizkonterri izan ziren. Izaera hori galduta, ostera Akitaniaren menpe gelditu ziren, baina 1140an Biarnok hartu zituen berriro ere.

Brasc-Garzia, Garzia-Arnauden biloba, Lukuzeko, Izurako eta Landibarreko jauna zen, 1095eko agiri batean agertzen denez. 1118an Alfontso I.a (1104-1134) Iruñeko eta Aragoiko erregearekin ibili zen Zaragozako hesian, beste behe-nafar batzuekin. 1130. urtean eman zuen azken arnasa. Hurrengo jauna, Arnaldo-Dat, 1140an hil zen Akizeko Bizkondearen alde jarrita Biarnokoei aurre egiten ari zela. Bere semeak eta oinordekoak, Lukuzeko Pedrok, Akizeko bizkonde titulua ere eskuratu zuen geroago. Eta beraz, Lukuzeko eta Akizeko tituluak batuz bi horien arteko bereizketaren aroari amaiera eman zion, hasi eta ia ehun urte geroago.

Bitartean, Amikuze lurraldeko batzarretan hiru leinu hasiak ziren nagusitzen: Agramont, Lukuze eta Garruze.

1171n, Lukuzeko Pedrok, Akizeko bizkondea eta Lukuzeko jauna izateaz gainera Oztibarreko jauna ere bazenak, biarnotarrak bere lurretatik kanporatu zituen. Baina lurralde horiek guztiak Akitaniako dukerriarenak zirenez, Lukuzeko Pedroz gainera beste jabe bat ere bazegoen, Rikardo Lehoi-Bihotza hain zuzen, Ingalaterrako erregea izango zena (1189-1199).

Lukuzeko Pedro, Lapurdiko eta Nafarroa Beherako beste jaunekin batera, matxinatu egin zen 1177an, eta orduan, Rikardo Lehoi-Bihotzak hesiz itxi behar izan zuen Akize. Lukuzeko Pedro setioan hil zen eta hiriak amore eman zuen. Ondorioz, Pedroren alabak, Nabarra izenekoak, leialtasun zina egin behar izan zion ingelesari.

Heriotza horrekin, Akizeko bizkonde kargua, eta Amikuzeko eta Oztibarreko jaurgoak, Nabarraren senarraren, Tartasko bizkondearen, eskura igaro ziren.

Kontuak kontu, 1177ko matxinada haren ondoren Nafarroa Beherako lurraldeak Nafarroako erresumara igarotzen hasi ziren banan-banan. Zehatz-mehatz, 1196ko martxoan, Arnaldo Raimundok, Tartasko eta Akizeko bizkondeak, leialtasun zina egin zion Antso VII.a Azkarrari (1194-1234) eta orduan pasa zen Oztibarreko eskualdea Nafarroako erresumara.

XIII. mendearen hasieran Pedro Arnalt I.a zen Lukuzeko jauna. Honek, Nafarroako erregearekin hitzartua zuenaren aurka, gotorleku bat eraiki zuen, eta arazo hori konpontze aldera zin berezi bat egin behar zion Antso erregeari 1228an.

Hurrengo jauna Pedro Arnalt II.a izan zen eta euskaldunen erregearen alde borrokatu zen Lapurdin. Hain justu, 1243an edo 1244an Hazparneko Zaldu leinuaren gaztelua hesitu zuen. Eta ekintza hori agertzen da 1249an Ingalaterrako Leicesterko kondeak aurkeztutako salaketetan.

Geroago, 1258ko urrian, Lukuzeko jaun Brax Garziak (III.a zenbaiten genealogien arabera) leialtasun zina egin zion Teobaldo II.ari (1253-1270). Basailu zin horrekin, Lukuzeko jaunak gerra garaietan gaztelua erregearen zerbitzurako jartzeko konpromisoa hartu zuen. Horren truke, erregeak, gazteluak une horietan jasandako kalteak ordainduko zizkion, eta bitartean beste egoitza bat eskainiko zion. Eta gerra bukatzean, gaztelua itzuliko zion. Hitzarmen horretan agertzen zen beste puntu bat, erregeak urtero 100 libera ordaindu behar zizkiola zen, baina jaunak sari hori jasotzeari ukatzeko aukera zeukan, baldin eta bere betebeharrak bertan behera utzi nahi bazituen. Erregeak ordaintzeari utziz gero, bestalde, betebeharrik gabe geratuko zen Lukuzeko jauna. Dena den, Lukuzeko jaunak argi utzi zuen Nafarroako erregeari baino lehenago zor ziola basailutza Tartasko bizkondeari (¿...nire berezko jaunaren, Tartasko bizkondearen, eskubidea izan ezik¿). Ordainketa zenbait eta gazteluaren erabilera batzuk agirietan idatzita geratu dira.

Gaztelua Lukus Oihena izeneko herrixka protohistorikoaren gainean eraiki zuten. Hori noiz izan zen ez dago argitua. Dena den, hasieratik Lukuzeko leinuaren egoitza izan zen, nahiz eta leinuak beste gaztelu bat ere bazuen Oztibarren.

XIII. eta XIV. mendean Lukuzeko jaunak askotan agertu ziren Nafarroako agirietan, gehienetan Lukuzeko gaztelutik urrun. Esaterako, Arnalt Pedro Lukuze, 1270ean, VIII. Gurutzadara joan zen bere gerrariekin. Horrez gainera, Lukuzeko jaunak Nafarroako erresumako zenbait gaztelutako gazteluzain ere izan ziren, eta bitartekari lanetan edo ekintza militarretan ere jardun zuten. 1280an, esate baterako, orduko jaunak 30 libera eta 100 kaiza gari jaso zituen Casedako eta Santakarako gazteluen arduragatik. Baina dena ez zen ona. Urte horretan bertan, Lukuzeko jaunak Oztibarren eta Amikuzen eginiko gehiegikeria batzuk aztertzen ere ibili baitziren.

Arnalt Lupo Lukuze, orduko jauna, ondo moldatu zen Karlos II.arekin (1349-1387). Zalditegia prest izateagatik, 1363ko abenduan, urrezko 400 florin jaso zituen. Oztibarreko, Donapaleuko eta Garruzeko bidesarietatik jaso zuen kopuru hori. 1363 amaieran egin zen, beraz, dirutza horren jabe, nahiz eta erregeak ia bi urte lehenago agindu zuen ordaintzeko, 1362ko otsailean hain zuzen. 1368an Logroño hiria eta bertako gotorlekua hartu zituen Lukuzeko jaunak, eta Nafarroako bandera berak jarri zuela esaten da. Horren ordainetan, Karlos II.ak bertako zubiko bidesariaren etekinak eta ricombría titulua eman zizkion leinuari. Familia Nafarroako Gorteetako partaidea bihurtu zen.

1370ean, Armalt Lupo Lukuzeren alaba Saurine, Atharratzeko eta Ahatsako jaunarekin, Arnaud Sanchorekin, ezkondu zuen, eta berak hartu zuen Lukuzeko jaun kargua. Karlos III.ak zaldun izendatu zuen Arnaud Sancho 1389an.

Baina leinuaren ezaugarri nagusienetakoa matxinatzeko eta traizio egiteko beti prest agertzea izan zen. Horren adibidetzat, 1376an, Karlos II.ak Tuterako eta Caparrosoko gazteluak Gaztelako Enrike II.ari eman nahi izatea egotzi zion Lukuzeko jaunari. Karlos III.arekin ere izan zuen tirabiraren bat Arnaud orduko jaunak. Izan ere, 1401ean 10.000 florineko zorra barkatu zien emazteari, Arnauton semeari eta beste batzuei.

Lukuzekoak bete-betean sartu ziren leinuen arteko borrokan. XIV. mendearen lehen erdirako hasiak ziren gerran, eta erregeek ezin izan zituzten geldiarazi. Erregearen aginduz, 1342an, Donibane Garaziko gazteluburuak Agramonteko eta Lukuzeko gazteluak hartu zituen, eta 1370ean oraindik ere ahaleginak egiten zituen erregeak gazteluburuak tregoa luza zezan. 1384an, aurreko urtean erregeak hala aginduta Donibane Garaziko gazteluzainak Lukuzekoaren ardura hartu zuen, eta lan hori ordaindu egiten zioten.

XV. mendearen bigarren erdian, Lukuzeko jaunak, inoiz izan zuen aberastasunik eta botererik handiena lortu zuen: hiru gaztelu zituen gutxienez, zazpi baroierri eta hainbat jaurerri, hainbat lekutan goiko, erdiko eta beheko justizia egiteko eskubidea, eta 3 leinu nagusien burua zen. Urteko sarrerak 40.000 liberakoak omen ziren. Baina bizpahiru hamarkadetan ia dena galdu zuten.

Gaztelarrek eta aragoarrek 1512an Nafarroa hartu zutenean, Lukuze urrun samar geratzen zen Donibane Garazitik. Horretaz, irailean, Villalba koronelaren gerrariek eraso baterako joan-etorrian Garruze erre ondoren, Lukuzeko gaztelua eman egin zuten. Baina orduko Lukuzeko jauna, Joan IV.a, Nafarroako errege-erreginen aldean lerrokatu zen, eta eraso txikiak egiten zizkien konkistatzaileei. Dena den erresuma berreskuratzeko saioan, Nafarroaren aurkako zurrumurruak zabaltzen hasi zen: gerrara joatea ez zela Nafarroako erregearen alde joatea Frantziako Frantzisko I.aren alde joatea baizik...Nafarroako gerrarien burua ez izateak bultzatu omen zuen jarrera hori hartzera.

1513. urteko ekainean, espainiarrek inguruko noble batzuen leialtasuna lortu zuten Izuran zin eginik, baina Lukuzeko eta Agramonteko jaunak ez zeuden horien artean. Lukuzekoak Espainiaren alde zerga biltzen ari zirenen lana oztopatzen saiatu ziren, eta labankadaz hil zuten zerga biltzaile horietako bat. 1515eko abuztuan Donapaleun zegoen Lukuzeko jauna. Egun hartan Zuberoako eta Nafarroa Beherako hainbat jaunek leialtasun zina egin zioten Nafarroako erregearen ordezkariari, Atharratzeko Joan Arrangoitzeko jaunari.

Handik gutxira, Joan eta Katalina errege-erreginek, zuten agintearen adierazle gisa, euren agindupean hartu zuten Lukuzeko gaztelua. 1515eko azaroaren 5ean Atharratzeko Joan izendatu zuten gazteluburu, eta azaroaren 10ean giltza ematearen ekitaldia ospatu zuten. Ordura arte Lukuzeko jauna izandakoak, Joan San Jaime Izurakoak, gazteluko giltza etorri berriari eman zion eta inbentarioa egin zuten. Inbentario hartan, armak eta artilleria erroldatzeaz gain, gazteluko barrutian etxe berri eta zahar bat aipatzen ziren. Azaroaren 26an itzuli zioten gaztelua errege-erreginek Lukuzeko jaunari.

1515 bukaeran, gerrari gaztelarrak Donibane Garazin zeuden. 1.200 oinezko eta 600 alkabuzari ziren, eta Gonzalo Avalosen agindupean zeuden. Euren esku ez zeuden Nafarroako erresumako bazter gutxi horiek eskuratzeko asmoz Lukuzeko gaztelua hartzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu.

Baina agiriek frogatzen dute, 1516tik aurrera, Lukuzeko jaunak Espainiako enperadoreari laguntzak eman zizkiola. Karlos I.ari, esate baterako, 1523ko erasoa berak aholkatu zion. Gertaera horren ondoren, Nafarroako erregeak, Enrike II.ak (1517-1555), hitzak ekintza bihurtu eta Lukuzeko gaztelua suntsitzeko agindua eman zuen 1524ko maiatzaren 2an Pauetik. Esan eta egin, gaztelua birrindu zuten eta ondasunak konfiskatu egin zizkioten Lukuzeko jaunari. Ez zuten gaztelua berriro eraiki.

Hala ere, gaztelua behera erori arren leinuak aurrera segitu zuen. Urte batzuk geroago, erregeak traizioa barkatu zion eta Joan San Jaime Atharratzeko gaztelura joan zen bizitzera. 1559ko uztailaren 26an hil zen.

Bere oinordekoa, Lukuzeko Karlos, leinuen artean bakea nagusitze aldera Isabel Gramontekin ezkondua zen lehenagotik. Baina atzera gerra piztu zen, eta berriz ere galtzaile irten zen Lukuzeko jauna. Erlijio Gerrak ziren orduan, eta 1567tik aurrera Lukuzeko jauna hainbat jaunen buru jarri eta Joana III.a (1555-1572) hugonotearen aurka altxatu zen. Hasiera batean Garruzeko eta Mauleko gazteluak hartu zituen, baina azkenerako ahaleginak alferrikakoak izan ziren. Gerra galdu zuen eta erreginaren barkamenik gabe Otsagira joan zen bizitzera. 1572an, erregina hil ondoren Atharratzera itzuli zen eta bertan bizi izan zen 1604an hil zen arte. Bera da Atharratzeko gazteluko kantu zaharrean agertzen den jauna.

Leinuaren gainbeheran zihoan arren, beste belaunaldi bat iraun zuen. Lukuzeko Karlosek alaba bakarra zuen, Charlotte-Catherine. Alaba bakar hau 1593ko urriaren 4an ezkondu zen Louis Montmorency-Bouteville-rekin. Horrela, Lukuzeko ondasun eta titulu guztiak Montmorency etxera igaro ziren. 1621etik aurrera Lukuzeko Charlotte ¿Lukuzeko subirano¿ izena erabiltzen hasi zen, inongo oinarririk gabe. Baina handik lasterrera, 1671n, Elizabia jauregiaren jabea zen Iruriko kondeak, erosi egin zion Lukuzeko titulua Frantzisko Enrike Montmorency-ri.

XVII. mendean gaztelu zenaren inguruko basoa pribatua zen oraindik ere eta Erdi Aroko ohiturak zirauten. Alegia, gertuen zeuden 18 etxetakoek urtean behin jaunaren alde lan egin behar izaten zuten garoa mozten. Horietako bi basora joan behar ziren San Migel egunean, bezperan, edo biharamunean, eta makila astinduz ¿Elgorria hautzenda Elgorria hautzneda¿ oihukatu behar zuten, urtean zehar abereak bazkatzera ekarri ahal izateko.

Wellington jeneralaren gerrariak muinoan barrena ibili ziren 1814eko ekainean, Soult mariskalaren gerrarien atzetik.

Lukuzeko gaztelua

Kasko nagusiko iparraldeko horman dagoen eraikina (4,70 x 3,10 metro); ez dakigu zein erabilera zuen; egun, ehiztariek erabiltzen dute. (2003)

Egitura eta aztarnak

1821etik Lukuze aztarnategi ezagutzen da eta herri protohistoriko gisa erroldatua dago egun.

Gazteluaren aztarnak bereziak dira. Izan ere muino baten gainaldean daude eta inguru osoa pendizez eta kasko txikiz itxia dago, gazteluaren kokalekuari triangelu itxura emanez. Bide batek aztarnen multzoa inguratzen du.

Esparru horren barruan, erdian gutxi gorabehera, muino bat dago. Berrogeita hamar bat metro diametroko zirkulu handi bat da, lubanarroz inguratua, eta hauxe zen gazteluaren barruti nagusia. Lubanarroaren ondoan, baina beste aldean, txikiagoak diren beste bi muino daude (Ekialdekoa eta Mendebaldekoa). Bi horiek ere lubanarroa dute inguruan.

Biribil handian, barruti nagusian, sastraken artean harrizko aztarna batzuk ikus daitezke. Harri batzuk mendebaldeko lubanarroan bertan daude, esparru nagusiaren eta alde horretako kaskoaren artean. Horiek harresiaren aztarnak dira. Barruti barruan, mendebaldean, 5 x 2¿5 metroko zulo bat dago, eta ingurua harrizkoa du. Dirudienez gangaduna zen. Zulo horretako alde bat lubanarroaren ondoko gazteluaren harresia zen. Patina edo ur biltegia omen zen. Ipar-mendebaldean, beste eremu angeluzuzen bat dago (4¿70 x 3¿10 metro) eta murrua lurretik 1¿50 metrora iristen da; orain gutxi arte, ehiztariek erabili dut, baina egun sasiek hartu dute.

1991n, Christian Normand-ek 4 hektareako aztarnategi horren plano bat osatu zuen eta 1994an, plano horren laburpen bat (1:2000 eskalakoa) argitaratu zuen. Bertan, beste zenbait argibiderekin batera, barruti nagusian aipatu dugun aurreneko zulo hori marraztua dago, eta bigarren eremu angeluzuzenari buruz zera idatzi zuen arkeologoak: ¿..... Multzo arkitektoniko hori oso hondaturik dago, eta oinarri batek eta ganga formako igarobide batera zeramaten eskailera maila batzuek osatzen dute.¿ (Archéologie des Pyrénées Occidentales et des Landes, 13. zkia, 1994).

Lukuzeko gaztelua

Lukus Oihenako planoa, 1:2000 eskalan egina. Eremuak triangelu bat eratzen du, kaskoz eta erretenez adierazita. (Christian Normand: Archéologie des Pyrénées Occidentales et des Landes, 13. liburukia, 1994. urtea).

Iristeko

Lukus Oihena muinoa Lukuze herritik hegoaldera dago, Donapaleu - Hazparne D-14 errepidearen beste aldera. Errepide horretan Lukuzerako bidegurutzea dago, eta bidegurutzean mendi aldera doan errepidetxo bat hasten da. Handik 500 bat metrora, goraino iritsi baino lehen, bihurgune batean eskuinetara zuzentzen den bide bat aurkituko dugu. Autoa bertan utz daiteke eta pixka bat ibiliz gero, eskuinean ikusiko dugu gaztelu zenaren aztarna multzoa.

Lukuzeko gaztelua