Volver a la página índice

Legin

FITXA

Udalerria: Itzagaondoa

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Ardanatz herriko iparraldean ipar-mendebaldetik hego-ekialdera luzatzen den mendilerro batean dira aztarnak, mendilerrotik bereizita dagoen muino batean, hobeto esan. Untzitiko eta Lizoaingo haranak bereizten ditu mendilerro horrek. Gaztelua non zen adierazteko ¿Urroz sartzen da¿ esamoldea ere erabili izan zuten agirietan; beste herrietatik urrun zegoela alegia, konponketa lanak egitera joateko eta materiala eramateko, batik bat. Ardanatz herriaren izena Legin-Ardanatz, bikotean agertzen zen lehen (Ardanaz Leguin).

Gaur egun bi errepidek, inguratzen dituzten arestian aipatu den mendilerroa, inguruan diren herriak eta gaztelua izan zen lekua. Iruñea eta Irunberri lotzen dituzte, era berean, eta badirudi bere garaian igarobide izandako bera aukeratu zutela errepide horiek egiteko. Bi igarobide horiek kontrolatzea izango zen, beraz, gazteluaren egitekoetako bat. Baina, espetxe edo heriotza zigorra zuten presoak zaintzeko leku ere izan zen garai batzuetan, eta sari edo bahitura gisa ere erabili zuten, gain behera hasi zenean edo lehenago izan zuen garrantzirik ez zuenean, batez ere.

Legin

Mendiaren goialdea, goitik (mendebaldetik) begiraturik. Bi harresi nabari dira, harri pila bihurturik. (2001)

Historia

924ko uztailaren 23an, ostiralez iritsi ziren Abd ar-Rahman III.aren gudarosteak Legina: ¿Gero Legingora; tropek bidean harrapatzen zuten guztia desegiten zuten, uztak suntsitzen, herrixkak eta gazteluak hondatzen.¿ Horrela deskribatu zuen Arib Ibn Saad kronikariak Irunberritik Leginako etapa. Hankapean harrapatzen zutena txikituz, soroak erre eta herriak eta gazteluak deseginez igarotzen omen ziren. Legindik Iruñera joan ziren biharamunean, eta ez omen zuten inor aurkitu han, orduko denak alde eginak baitziren: ¿Iruñera iritsi eta ez zuten inor aurkitu; hutsik zegoen...¿

Beharbada Legin talaia soil bat baino ez zen izango 924an, baina horrek ez du esan nahi dorrea defendagarria ez zenik. Sarrera bigarren solairura izango zuen seguru asko, eta egurrezko esku-eskaileraz igoko ziren, gero hura kenduta dorrea errazago defenditu ahal izateko. Nolanahi ere, Arib Ibn Saad kronikariaren arabera, gatazkarik ez zen izan inguru horietan, suntsiketak eta harrapaketak bakarrik.

Handik gutxira tenentzia edo administrazio-gune berezi baten egoitza bilakatu zen Legin, eta dorre soil baino gehiago izango zen seguru asko. 1014an Garzia Ortiz zen gobernadore, Antso III.a Gartzes Nagusiak (1004-1035) Leire monasteriori egin zion dohaintza agiri batean agertzen denez. Gero, 1083ko urtarriletik 1097ko abendura arte behintzat, Lope Gartzes-ek izan zuen tenentziaren ardura, eta Sancho Sanchez Nafarroako kondea zeritzotena, hurrengoa. 1097tik 1116ra arte izan zen hori tenente, eta ¿Beila Latron¿ edo ¿don Beila¿, 1138tik gutxienez 1152ra, Ladron eta Bela etxeetako leinuburua eta gero Gebara izena hartuko zuena. Dirudienez, bere aitak, Ladron edo Nafarroako Ladronek ere izan zituen hainbat tenente kargu 1134tik 1136ra bitartean, Legingo, besteak beste. Gero Gaztelara joan zen nonbait, eta handik itzuli ondoren berriz ere Legingo tenente kargua hartu zuen, eta lehen baino urte gehiagorako oraingoan. Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako hainbat tenentzia ere eduki zituzten aita-semeen artean.

XII. mendearen erdialdean-edo errege gaztelu bilakatu zen, dirudienez, 1157tik aurrera gazteluzaina baitzegoen Leginen, eta ez tenentea. Urte horretan Antso Ramirez zen Leginen gazteluzain, eta bera Zangozan ere, 1158ko uztailetik 1163ko urtarrilera arte behintzat.

Eraso bat baino gehiago jasan behar izan zuen Legingo gazteluak Aragoiko eta Gaztelako erregeek Nafarroako Erresuma desegin nahi izan zutenean. Aragoiko Alfontso II.aren eta Gaztelako Alfontso VIII.aren arteko itunaren ondoren, Burgos eta gaur egun Logroñoko probintzian diren hainbat herri eta lur kendu zizkion Gaztelako erregeak Nafarroari (1173). Baina ez zitzaion nahikoa iruditu nonbait, hurrengo urtean berriz sartu baitzen Nafarroan, eta Legingo gaztelua hartu zuen, bi egunez inguratuta eduki gero.

1176an izan zen hurrengo erasoa. Kalagorritik hasi ziren oraingoan, eta bigarren aldiz hartu zuten Legingo gaztelua. Antso VI.a Jakitunak (1150-1194) Parisko Pedro edo Artaxona gotzaina bidali zuen, baina ez zen garaiz iritsi, eta Uharteko gaztelura joan behar izan zuen, gaztelarrek aurrera jarraitzen bazuten Iruñea aldea defendatzeko asmoz. Abuztuaren 22rako, berriz ere Naiaran zeuden gaztelarrak, baina Legin gaztelua ez zegoen ja nafarren esku.

1177ko ekainaren 26an, Aragoiko erregeak dohaintza bat egin zien Arguedasko biztanleei eta dohaintza agiriak hau zion orduko agintariez: ¿...eta beste konde bat Donezteben eta Leginen...¿ Eta 1178ko irailean egindako dohaintza batean, berriz, beste hau: ¿¿Ildefontso erregea Leginen...¿

XIII. mendearen hasieran Rodrigo Argaiz izan zegoen gazteluzain, Antso VII.a Azkarraren (1194-1234) 1201eko martxotik 1222ko abuztura arteko agiri gehienak berak sinatu baitzituen, Legingo gazteluari zegokion aldetik. 1234an, berriz, Teobaldo I.a errege zela (1234-1253), Sancho Ferrandi Montagut izeneko batek (Sancio Ferrandi de Montagut Castellum de Leguin) sinatu zuen errege horrek Bilatortako herriari eman zion dohaintza baten baieztapenaren agirian. Baina 1259an ibar-jaunaren esku zeuden Legingo, Izabako, Melidako eta Murillo el Frutoko (Murilfrito) gazteluak. 1266an Pedro Aibar zegoen gazteluzain, eta 8 libera eta 40 kaiza gariko soldata zuen. 1276an, berriz, Pedro Ruiz Argaiz, eta 1280an bi gaztelu zituen bere kargu, Legingoa eta Artaxonakoa; baina gobernadore-orde edo tenent logar del governador ere bazen aldi berean.

XIV. eta XV. mendeetan, konpontze eta gotortze kontuetan behintzat, mugako gazteluei eman izan zitzaien lehentasuna. Legingo gaztelua ez zegoen mugan, eta hori nahiko argi nabari da gazteluzainen zerrendetan, konponketetan, armaz hornitzerakoan¿

XIV. mendearen hasieran Obanosko Kapareen Batzordeko batzuk Legingo gazteluko ziegan egon ziren preso. Handik Zangozara eraman zituzten batzuk, baina bi behintzat, Martin Perez Janariz eta Remiro Beortegi, gazteluan bertan urkatu zituzten (1313an). Aibarko Martin zen orduan Gazteluzain. Tarteka beste preso mota batzuk ere egon izan ziren gazteluan.

XV. mendearen hasieran egoera negargarrian zegoen gaztelua, 1403an konponketa agiriek diotenez, tximistak dorrearen goiko aldea bota baitzuen: 20 beserdi edo 10 bat metro, eta gazteluaren goialderik gabe geratu zen. Ate nagusia ere hezetasunak handiturik zegoenez, zaila omen zen irekitzea edo ixtea.

1404tik 1431ra Martin Perez Noain izan zen gazteluzain. Oso abaildua eta zahartua zegoen nonbait 1431rako eta ezin zuen jarraitu: ¿Gizona ahul eta hondatua dago, eta adinean oso aurreratua dagoenez, ezin du jarraitu¿, eta Blanka I.ak (1425-1441) Joan Martinez Noain Martin Perez-en semea izendatu zuen gazteluzain.

XV. mendeko bigarren erdialdean mugakoek baino garrantzi handiagoa zuten barrualdeko gazteluek. 1453tik aurrera Karlos Aiantz beaumondarra izan zen gazteluzain, baina era berean Mendinuetako jaun bazen hori eta handik urte batzuetara Karlos Aiantzen jaurgoko bilakatu zen Legingo gaztelua. Iruxoko, Leiungo eta inguruko herrietan biltzen zergetako dirutik ordaintzen zioten soldata. 1457an, 300 florineko soldata zuen.

1460tik aurrera, Eguesko Joan Orreagako priorea izan zen Legingo gazteluzain, eta Erroko Lope, 1464an. Agoizko herria zaintzeko ardura ere beregain zuen Eguesko Joanek.

Leialtasuna erakusteko eta eskatzeko aldi egokiak ohi dira gerra garaiak-eta, ez dakigu zeren truke, Joan II.ak (1425-1479) Legingo gazteluaren eta hari zegozkion lurren eta mendien dohaintza egin zion (1466) Orreagako prioreari, arestian aipatu den Eguesko Joan horri. Ez dakigu 1479ko Agoizko ituna zein ondoriotaraino eraman zuten Nafarroako erregeek Leringo kondeari egin zion dohaintza, baina Karlos Aiantzek gazteluaren jabe zela frogatu behar izan zuen gero. Lehendik ere Legingo gazteluzain izana baitzen jaun hori, 1471z geroztik.

Gaztelua jabetza pribatuko bilakatu, eta ondasunen eta lurren banaketak leinuen artean sortu izan zituzten liskarrak baretu zirenean Legingo gazteluari buruzko berriak ere isilduz joan ziren. 1494an Ollokiko jauna zela gazteluburu eta errege administrazioak ordaintzen ziola soldata, hori beste berririk ez zen geratu handik aurrerako agirietan.

Zuritak bere ¿Aragoiko Urte-liburak¿ lan mardulean jasotzen duenez, Legingoa izan zen gaztelarrek, Nafarroa hartu ondoren, suntsitu zituzten gazteluetan lehenengoetakoa, zutik uzteko arrazoirik ere bazuten arren, Mendinuetako jaurgokoarena eta beaumondar batena baitzen.

Legin

¿Mairuen iturria¿. Aztarnak, gazteluaren mendiko behealdean. (2003)

Egitura eta aztarnak

Zaila da, beti ere, aztarna guztiak aipatzea, eta errazagoa ez, berriz, diren aztarnek elkarrekin zer ikusteko duten zehaztea. Are zailagoa da oraindik Legingo gazteluaren kasuan, zuhaitzez eta bestelako landarediz estalirik baitago gaztelua zen lekua.

Iparraldeko maldan ez da, ez harresirik eta bestelako hormarik. Ez zuten indartu beharrik izan, amildegia dago-eta mendiaren alde horretan.

Harritza handiak dira, kontrara, hegoaldeko maldan, baso artean, eta bereziki luzea bat, aldenik alde zeharkatzen baitu malda. Oraindik ere nabari da harresi bat izan zela han, hego-ekialdeko muturrean. Beste harri pila bat dago hegoaldean. Lehenengoa baino laburragoa da hau, eta agirietan aipatzen dutena, bestalde.

Goialdean diren aztarnen arabera, han zen gazteluko dorre nagusia, bistan baitira dorre biribil baten oinarriak. Harresiz inguraturik zegoen dorre hori. 1403an Induraingo bi hargin aritu omen ziren dorre hori berritzen, eta egituraz zilindrikoa zenez, ¿moriskoen erara egina¿, mairuen erara egina zela zioten.

Basoan ere badira, tarteka, eraikuntzaren batzuetatik eroritako harriak, eta baita, landare gutxiago den une edo zabalguneak ere. Egin izan zituzten konponketetako agirien arabera, eraikin bat baino gehiago zen gazteluko esparruan, jauregi esaten zioten bat, harlauzaz eginiko estalia zuena, eta labea babesten zuena, besteak beste.

Hego-ekialdeko muturrean den hormatalaren ondoan, harresia bihurgunea egiten duen lekuan, lubanarro baten aztarnak nabari dira. Agirietan ere azaltzen da lubanarro horren aipamenik.

¿Mairuen iturria¿ esaten dioten harrizko iturri gotikoa, behealdean geratzen da, gotorlekutik hego-mendebaldera; ziurrenik, urez hornitzen zuen gaztelua, ur biltegia agortzen zenean.

Legin

Goialdean, oin biribileko dorre nagusiaren oinarrien xehetasuna. (2003)

Iristeko

Itzagaondoa harana zeharkatzen duen errepidean, Ardanazerako bidea hasten den gunean, pista bat dago kontrako aldera doan, gazteluaren aztarnak diren lekura, alegia. Pista batetik bestera aldatuz iristen da mendiaren barrenera. Landaretza dela-eta, nahiko igoera zaila da handik gorakoa.

Legin