Volver a la página índice

Latsaga

FITXA

Udalerria: Izura-Azme

Herrialdea: Nafarroa Behera

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Izura herritik gertu dago gaztelua, Biduze ibaiak osatzen duen haranaren malda baten hasieran; Iparlatzeko maldan. Izura herria, Nafarroa Beherako Oztibarre lurralde historikoaren erdigunean kokatua dago, Donapaleuren eta Donibane Garaziren artean. Erdi Aroan garrantzia handiko herria izan zen. Mendebaldean, mendien beste aldean, garai batean Oztibarrerekin oso lotua zegoen Landibarre eskualdea dago.

D-933 errepidea eta GR-65 ibilbidea haranean barrena doaz, eta antzinako bi bide garrantzitsuren lekukoak dira; Astorga-Bordele erromatar galtzada eta geroagoko Donejakue bidea. Donejakue bidearen Europako 3 adar nagusiak (Tours-etik, Vézelay-tik eta Le Puy-tik zetozenak) Izuran elkartzen dira. Laugarren adar nagusia, berriz, Somportik eta Aragoitik datorrena, Gares herrian elkartzen da aurreko hiru bideekin.

Hasieran, Latsaga gaztelua eraikin soil bat zen. Baina XIV. mendean, leinuari ospea emateko eta jaurgoaren egoitza izateko asmotan, handitu egin zuen Latsaga familiak eta gaztelu bihurtu zen. Beraz, betidanik izan da pribatua.

Latsaga

Multzoaren ikuspegi orokorra, Behanuerako errepidetik begiraturik (iparraldetik). (1999)

Historia

Oztibarre, Landibarre eta Nafarroa Beherako beste hainbat lurralde historiko bezala, XI. mendean hasi zen eskualde gisa aipatzen. Amikuzeren iparraldean eta Garaziren hegoaldean dagoenez, esan liteke, bi lurralde garrantzitsuk erdian hartzen zutela. 1196an, Arnaldo Raimundo II.ak, Tartasko eta Akizeko bizkondeak, leialtasun zina egin zion Antso VII.a Azkarrari (1194-1234), eta horrekin Oztibarre Nafarroako erresuman sartu zen berriro.

Urte horietan, Izura, Landibarre bezala, Lukuzeko jaunen eskuetan zegoen baroierri bat zen. Pedro Arnaldo II.a Lukuzekoak auzo berri bat sortu zuen Izuran eta Morlaàs-ko forua eman zion arauak finkatzeko. Lukuzeko jauna auzoa sendotzen saiatu zen, baina Antso VII.a Azkarrak, 1228an, harresiak suntsitzeko agindua eman zuen. Orduan, leialtasun zina egitera behartu zuen, eta baimenik gabe gotorlekuak eraikitzea debekatu zion. Izuran zituen eskubide guztiei uko egin behar izan zien.

1249an, erabilera eskubidea jabetza bihur ez zedin, 40 urte lehenago Haranbelzko ospitaleari Izurako basoaren ustiaketaren truke eginiko dohaintza baieztatu zuten. Idatziaren lekuko gisa noble izenpetzaileen artean Pedro Latsaga agertzen zen. Horretaz, ordurako, Latsaga familia nobleen kategoria hartuta zegoen.

VIII. edo azken Gurutzadan, Pedro Latsaga berak edo bere semeak parte hartu zuen. Frantziako Luis IX.ak (1226-1270) antolatuta, bere suhi Teobaldo II.a (1253-1270) Tunisiara joan zen hainbat nafar jaun eta gerrarirekin. Izurriteak jota, joandako asko ez ziren itzuli, bi erregeak barne. Baina Latsaga jaunak berriz etxeko atea jo ahal izan zuen.

Arnaud-Loup II. Lukuzekoa, Lukuzeko, Izurako eta Landibarreko jauna eta bizkondea, Karlos II.aren (1349-1387) aholkularia eta ganberazaina izan zen. 1331n, leinuen elkarte bat antolatu zuen Arnaud-Guillaume Agramonteko jaunaren aurka borrokatzeko, eta orduko Latsagako jauna, Bernard, talde horretan sartu zuen.

Bestalde, Latsaga deiturako batzuk Nafarroako administrazioan ere ikusi izan ziren: Pedro Arnalt Latsaga Gergako gazteluzain postuan (1348); eta Garzia Arnaut Latsaga, ¿Ichusco¿ edo ¿La Sala¿ (Latsagaren ordez) deitua, Rokabrunako gazteluburu (1385-1411?).

Leinua, ekonomikoki eta politikoki, bere maila gorenera, beste Pedro Latsaga batekin iritsi zen. Berak bihurtu omen zuen hasierako eraikin gotortua gaztelu. Delako Pedro Latsaga hau Joana Beaumontekoarekin ezkondua zegoen, Luis infantearen eta Maria Lizarazu baigorriarraren sasiko alabarekin.

Pedro Latsaga, agramondar eta lukuzekoen arteko gerran, ez zen inoren alde lerrokatu, nahiz eta Lukuzekoengandik gertuago ibiliko zen agramondarrengandik baino. Busti ez zenez, 1384an izenpetutako leinuen arteko tregoan lekuko gisa agertu zen. Handik urte betera Miranda de Argako gazteluzain izendatu zuten Latsagako jauna, eta orduan bere izenari mosen hitza erantsi zion. Aragoitik etorritako hitz horrek noblezia adierazten zuen, eta izenaren aurrean jartzen zen. Baina lehenago ere ikusi izan zen Latsaga izena adierazle horrek lagunduta. Bi aldiz hain zuzen ere. Behin, esate baterako, 1380ko abuztuaren 8ko gaskoierazko agiri batean: ¿Mossen en Pes de Lacxague.¿

Pedro Latsagak erregeei egin zien zerbitzu handienetako bat Albaniako laguntza izan zen. Albanian Luis infantea egoera larrian zegoela, Karlos II.ak (1349-1387) 100 lantza (500 gerrari inguru) bidaltzeko eskatu zion Latsagako jaunari. Baina berak ezingo ziela gastuei aurre egin aurrez abisatu zion. Hala ere, Latsagako jauna, emaztearen ezkontza saritik 1.900 dukat hartuta eta zilarrezko 42 markoko mailegu bat eskatuta, Albaniara abiatu zen.

1388an itzuli zenean, Karlos III.a (1387-1425) orduko erregeak, emandako zerbitzua eskertzeko asmoz, Oztibarreko errentak, lurralde horretako eta Zuberoako baile karguaren errentak eta zuberotarrek bi urtean behin ordaintzen zituzten 10 behi eta 4 izokin eman zizkion Latsagako jaunari. Garai hartarako, bestela ere hainbat herriren jabea zen, agiri batean Latsagako jaunaren jabetza bezala Altzumarta, Irisarri eta Labetze aipatzen baitira Nafarroa Beheran eta Gentein, Zuberoan.

Ondoren, Nafarroako kargurik gorenerako izendatu zuten, ganberazain kargurako hain zuzen, eta Karlos III.arekin ibili zen bidaietan. Ibili zen Nafarroan eta ibili zen Biarnon (1391n), eta zenbait arazotan epaile izatea ere tokatu zitzaion, Foixko konde eta kondesaren arteko arazoan esate baterako (1392a). Bestalde, Latsagako jaunak, Avignongo lehenengo Aita Santua zen Klemente VII.aren (1378-1394) alde ere lan egin zuen zenbait gerrari lagun zituela.

1393an Pedro Latsaga hil zenean, bere biloba Bertrand Sainte Engracek, alaba bakarraren semeak, hartu zuen oinordekotza. Bertrand hori Baigorriko Etxautz leinuko batekin ezkondua zegoen eta aitonaren mailari eusten saiatu zen. 1396an zaldun izendatu zuten, eta urte horretatik 1408. urtera arte Donibane Garaziko gazteluzaina izan zen. Ohiko soldataz gain, karguari zegozkion dohaintzak eta errentak ere jasotzen zituen. Karlos III.ak, 1408an, 100 liberako dohaintza eman zion gazteluburu karguaren baile batzuen errenten truke. Bestalde, 1403an Avignongo Aita Santuari 3.000 florin eskatzen zizkioten oraindik ere Pedro Latsagaren oinordekoek. Hark egindako zerbitzuaren zorra kitatu gabe baitzegoen. Karlos III.a erregeak lagundu zuen zor hura kitatzen, Iruñeko, Tarazonako eta Kalagorriko apezpikuei hainbat ondasun bahituz. Bestalde, errege horren agindupean, Latsagako jauna Ingalaterrara joan zen egiteko batzuek betetzera.

Hurrengo erregeari ere, Joan II.ari (1425-1479), bere zerbitzuak eskaini zizkion Bertrand Sainte Engracek. Errege horrek, 1431n, eskertzeko, 314 liberako saria eskaini zion. Dirutza hura Izurako eta Donibane Garaziko bidesarietatik jaso behar zuen. 1433ko eta 1434ko bi agiri ditugu Bertrand Latsagako jaunaren alargunak Oztibarreko bidesariaren urteko errentak jasotzen zituela frogatzen dutenak. Bertan jartzen du, 100 libera jasotzen zituela urteko.

Leinuen arteko borroka piztu zenean, Bertrand Sainte Engracen seme edo biloba bat hil egin zuen agramondar talde batek. Bere amaren arabera, ¿inolako arrazoirik gabe eta hark inor kaltetu edo haserrarazi gabe¿; Roger Gramont jaunari igorritako idatzian.

Gaztelarrek Nafarroako erresuma hartu ondoren, 1513ko ekainean, hainbat noblerekin batean Latsagako jaunak leialtasun zina egin zion Fernando Katolikoari, Izuran. Dena den, leinu-buruak Nafarroako erregearen alde borrokatzen segitu zuen 1521ean.

Lukuzeko familiarengandik berriro aldendu ziren XVI. mendeko Erlijio Gerretan. Izan ere, Latsagatarrak Joana III.a Albretekoari (1553-1572, erregin) lotu zitzaizkion eta Latsagako jaunak ez zuen Oztibarreko baile kargua galdu urte horietan.

Geroago, 1609ko irailaren 12an, orduko errege Enrike III.ak (1562-1610, errege; eta Frantziako Enrike IV.a, 1589-1610) Latsagako jauna bere zerbitzuan zebilela aitortzen zuen gutun batean. Eta dohaintza bat egiten zion jarrai zezan. Idatzian, ¿handiki baino gehiago aberats¿ zela esaten zuen. Baina XVI. mendetik aurrera Nafarroa Beherako jaun gehienak gainbehera hasi ziren. Sainte Engrace deitura ere jaurgotik desagertu zen, 1743an, Nafarroako Gorteetarako onarturik Valentin Sainte Marie bilakatu zenean Latsagako jauna.

Gazteluaren jabetzari dagokionez, Latsagako jaunak saldu egin zuen eta 1870ean Donapaleuko notario baten esku zegoen; M. Schilt-en esku. Honek Izurako M. Primorena jaunari saldu zion gero eta orduz geroztik jabetza ez da izurarren eskutik atera. Noiz zehazterik ez badago ere, egun batean gaztelua erre egin zen.

Latsaga leinuaren armarria lau ataletan dago zatituta eta bakoitzean lehoi bat ikusten da aurreko bi zangoak eta burua altxaturik. Leinua Nafarroako Gorteetako partaidea zen.

Joxe Migel Barandiaranek Uharte-Hiriko andre bati entzundakoaren arabera, Latsaga gaztelua eta Jutsiko Larramendi etxea laminek eraiki zituzten.

Latsaga

Dorre-ataria, ekialdeko izkinan, eta bi aldeetako horma zatiak. (1999)

Egitura eta aztarnak

Egun, askotan, Latsagari jauregia deitu arren, gaztelu gisa hartu behar dugu. Latsaga gaztelua, Gixunekoarekin batera, gaskoi eredua segitzen duen bakarra da Euskal Herrian. Eraikinen multzoa baserri handi bat bilakatua da.

Gazteluak lau alde ditu, baina oinak ez du angeluzuzen forma, ipar-mendebaldeko hormatala motzagoa baita hego-ekialdekoa baino. Harresiak sendoak dira, 1¿5 metroko lodiera dute hainbat tokitan, eta horrez gainera garaiera handikoak dira. Baina ez dute gorde almenarik edo goialdeko egurrezko egiturarik. Harrizkoak izan arren harlanduen tamainak ezberdinak dira ilara bakoitzean. Gainean, igarobide bat dago, eta mendebaldeko eta hegoaldeko hormataletan, angeluzuzeneko gezi-leiho batzuk daude.

Eraikina baserri bihurtzerakoan, inguruko harresi guztietan ate batzuk egin dituzte, eta gaur egun, lauzpabost sarrera daude. Hego-mendebaldean oraindik ere lubanarroa nabari da. Lau izkinak sendotzeko lau modu ezberdin erabili zituzten:

-Ekialdeko izkinan harlanduzko dorre atari bat eraiki zuten. Oinak angeluzuzen forma du, eta bere ipar-ekialdeko fatxadan dago gazteluaren ataria. Ojiba-arkukoa da, eta dobelek marrazten dute sarrera. Egitura horri eskerrak errazagoa da gazteluaren zati hori noizkoa den esatea; XIV. mendekoa gutxi gora behera. Aipagarriak dira burdinsarea jaisteko eta igotzeko bi ate zangoetako zirrikituak eta sarrerako harrizko zorua. Fatxada horretan eta hego-ekialdekoan, leiho gotiko bana daude, dorrearen garaikideak. Dorre-ataria gaztelu gaskoien ezaugarria da, baina Latsagakoan ez bezala, gehienetan harresiaren erdian egoten dira.

- Iparraldean dorre karratu batek lotzen ditu bi hormatalak, eta bertan harri egitura bera dute harresiek eta dorreak. Dorreak, alde bat gazteluaren barrualdera zabalik du, eta kanporako hiru aldeetan gezi-leihoak ditu.

- Mendebaldeko izkinan dorretxo hexagonal baten aztarnak daude. 1934eko Joseph Nogaret-en liburuak dakarren marrazkian osorik agertzen da.

- Hegoaldeko izkinan hasierako dorretxea zena edo 3 solairuko jauregi gotortua dago eta ez zuten gainean ezer eraiki.

Hasierako etxe gotortu hori ez da gehiegi bereizten Nafarroa Beherako jauregi edo etxe gotortuetatik. Oina angeluzuzenekoa du, 15¿5 x 11 metrokoa, hedadura osoa 169 metro koadrokoa da eta 103 metrokoa barrualdeari dagokiona. Gutxienez hiru solairu zituenez, gaztelua bere inguruko harresia baino garaiera handiagokoa zen. Murruak ongi landutako harlanduz eginak dira, eta murruen lodiera 1¿4 metrokoa da, lau aldetan gezi-leihoak eta bestelako irekidurak daudelarik. Hau izan zen leinuaren sortetxea eta baita bizilekua ere XIII. mendetik aurrera gutxienez. Ondoren, Pedro Latsagaren garaian edo geroxeago, XIV. mendearen bukaeran, inguruko harresia eta dorreak eraiki zituzten, eta eraikin multzoa benetako gaztelu bihurtu zen. Ordutik aurrera, hasierako eraikinak dorre nagusiaren lana egin zuen eta eraikin berrietan bizi ziren jaunak.

Multzoaren barrualdean, hiru hormatalei loturik, eraikinak daude, denak ere garai ezberdinetakoak, eta harresira igotzeko eskailera zirkularra mantendu egin da.

Latsaga

Marrazki baten xehetasuna: gazteluaren iparraldea. Mendebaldeko izkinako dorretxo hexagonala nabari da. (Joseph Nogaret: Les châteaux historiques du pays Basque Français, II. liburukia. 1934. urtea)

Iristeko

Gaztelua Izura herritik hego-mendebaldera kokatua dago, kilometro batera gutxi gorabehera. Gaztelura daraman bideak ez du gaztelutik aurrera segitzen, han bertan amaitzen da. Iholdiko inguruetatik ere iritsi daiteke herrira eta gaztelura etor daiteke, D-508 errepidea erabilita, Iparlatze mendatean barrena. Etxe pribatua denez, ez dago barrua bisitatzerik.

Latsaga