Volver a la página índice

Korres

FITXA

Udalerria: Arraia-Maeztu

Herrialdea: Araba

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Arabako Mendialdean, Arraia-Maeztuko partean dago gaztelua, edo gaztelu zena. Soila menditik eta Izki(z) errekatik hurbil, harkaitz baten gainean gorderik, begi jakin-goseen zain, nolabait esateko. “Ibaiak eta bideak, igarobideak eta gazteluak, gehienetan elkarri eskua emanda”, esango luke baten batek. Ega da eskualde horretako ibai nagusia. Horrek egin zuen gaur Araba deritzogun horretatik Nafarroa alderako bidea edo igarobidea; eta sarrera/irteera hori zaintzeko eta kontrolatzeko eraiki zuten geroago Korres gaztelua (Portiella de Corres). Garrantzi berezia hartu zuen 1200etik aurrera, gaztelutik gertu pasatuko baitzen Nafarroaren eta Gaztelaren arteko muga. Erregearen eskuetatik, Gaunatarren edo Gaonatarrenera eta haienetatik Lazkaotarrenera pasatu zen gero, eta handik aurrera haiek erabakitzen zuten gazteluaren egitekoa zein izango zen ere.

Korres gaztelua

Gazteluaren haitza, igarobide gainean, ekialdetik begiraturik. (2000)

Historia

Oraindik ere “Mairuen gaztelua” esaten omen diote herrian. Bestalde, izen-osagai bera daramate gazteluaren barnean diren beste bi lekuk ere: “Mairuen gela”, batek, eta “Mairuen hilerria”, besteak (Migel Lasa, “El Castillo de los Moros.” Euskalerriaren Alde, 13 zkia., 1923). Eta “Mairuen leizea” deritzaten bat ere bada urruti gabe, Soila mendiaren iparraldean, Atauriko partean, alegia. Garbi ageri da, beraz, musulmanen oroitzapenak sustrai sakonak utzi zituela inguruetan. Ez dakigu gaztelua noizkoa den, baina bai, musulmanak Atauritik gertu ibili zirela beren joan-etorrietan, 823an eta 867an gutxienez. Izan ere, ibilbide erosoa zen Ega ibaiaren harana Kalagorritik edo Lodosatik Arabako Lautadara etortzeko eraso.

Ximenez Radak Toledoko artzapezpikuak ez du, Gaztelako Alfontso VIII.ak 1198-1200 bitartean Nafarroari eginiko erasoetan eskuratu zituen gazteluen artean, Korreskoa aipatzen, baina bai, erregeak berak, 1204an, gaixo zegoela egin zuen testamentuan. Indarrean zegoen bitartean egindakoez damuturik-edo, eskualde hori Nafarroako erregeari itzuli nahi izan zion. Honela dio testamentuak, eskualde horri dagokion partean: “....Marañonek, Alcazarrek, Kanpezuk, Antoñanako herriak eta Atauriko eta Korresko gazteluek Nafarroako Erresumaren jabego behar dute izan, eta hari dagozkio.

Korres gaztelua

Lehenengo harresiko dorre borobil baten aztarnak. (2000)

Sendatu zenean, ordea, ez zuen hitza bete, eta testamentuan agertzen diren horietatik Alcazarko eta Marañongo gazteluak bakarrik bereganatu zituen Nafarroak. Testamendu horretan bada gauza bitxi bat, izena osorik agertzen dela: “Portella de Corres.”

1256ko otsailaren 3an, Gaztelako Alfontso X.a Jakitunak forua eman zion Korresko herriari, 1095eko Logroñoko forua, egokiturik. Hamar egun lehenago, Aguraini emana zion berea, eta, zazpi egun geroago, hiribilduena emango zion Santa Kurutze Kanpezuri.

Garai batean, gazteluak eta hiribilduak erregeenak izan ziren, baina gero jabetza banatzen hasi ziren. Korresko gaztelua 1312an errege-ondasuna zen artean, udal agiritegian den dokumentu baten arabera. Gaztelako Fernando IV.ak honela dio Korres eta Durruma Kanpezu herrien artean izan zuten auzi baten erabakian: “Korresko nire gazteluan neronek jarritako gazteluzainari.” Ez dakigu Korresko gaztelua eta herria noiz igaro ziren Gaunatarren edo Gaonatarren jabetzara. Montielgo gatazka (1369) baino geroago seguru asko, Enrike II.a Trastamarakoak Pedro I.a Ankerra, bere ugazanaia, garaitu eta hil ondoren. Errege berriak lagundu ziotenei bere esker ona erakutsi nahi zien eta ondoko urteak dohaintza urteak izan ziren Gaztelan eta gaztelarren mende zeuden lurraldeetan. Eta, bide batez, aliatuak jarri zituen Nafarroako mugetan.

XVI. mendearen hasieran, Elvira Gaunarenak ziren Korresko herria eta gaztelua. Ordurako, Lazkaoko Feliperekin, Lazkaoko jaunarekin, ezkondua zegoen Gaunatarren leinuko andre hori. Horien seme zaharrenaren edo Joan Lopez Lazkao Gaunaren eta Joana Enriquez Arellanoren arteko ezkontza hitzartu zenean (1532), zegokion maiorazkotzari amaren eskutik zetorkiona, Korresko herria eta gaztelua erantsi zizkion Lazkaoko jaun berriak. Bide batez, Harana ibarra eta Kontrasta herria ere bereganatu zituen.

Handik aurrera, belaunaldiz belaunaldi Lazkao leinuarenak izan ziren Korresko gaztelua eta herria, eta gauza handitzat zeukaten, gainera. Sinatu behar zuten agiri guzietan azpimarratzen zuten gazteluaren jabe zirela. Leinuaren ikurtzat bezala eduki izan zuten beti. 1660ko urtean, oraindik lehenean jarraitzen zuen Korresko oinordekotzak, han jaio baitzen Felipe Lazkao Sarria, uztailaren 19an, eta Buxandako parrokian, San Fausto desegingabearen elizan bataiatu bide zuten.

Baina Landazurik bere idatzietan dioenez, 1798an bazterturik eta zaindaririk edo alkaiderik gabe zegoen gaztelua, eta Valmedianoko markesa zen haren jabe. Gazteluek eginkizun militarrik ez zuten ordurako. Jabeari, berriz, gazteluek baino ospe handiagoa ematen zioten hiri-jauregiek, eta bizitzeko erosoagoak ere baziren, bestalde.

Aztarnak eta egitura

Bere garaian, harkaitzaren gainean mendebaletik ekialdera luzatzen zen gaztelua, ekialdera eta hegoaldera amildegi bana zituela. Oso aldapatsuak edo malkartsuak dira harkaitzaren iparraldeko eta mendebaleko parteak ere.

Mendebaletik igota goraino iritsi baino lehen, harresi bat dago, aurrerabidea galarazi nahirik bezala. 50 bat metro luze izango zen berritan, baina gaur egun nahikoa desegina dago. Hala ere, nabari da oraindik hormatal horren erdi aldean zen sarrera. Eta geratu diren aztarnen arabera, bi dorre biribil ere baziren sarreratik gertu. Malda gorenean, lubaki handi bat dago harkaitzean alderik alde, 10 bat metro sakona eta 5 bat metro zabala. Gaur egun ez dago lubakiaren alde batetik bestera igarotzeko zubirik.

Bigarren barrutiko hegoaldeko izkina, zintzur gainean. (2000)

Lubakia gaindituta, honen gainean, beste harresi bat dago, eta beste barruti bat eratzen du. Harresi horrek mendebalde osoa ixten du, eta 15 bat metro gehiago ditu iparraldean, beste lubaki bateraino.

Harresia, 50 bat metro luze da guztira, 1’40 metro lodi eta 3’50 metro gora, alderik gorenean. Esparru horren hegoaldean, beste eremutxo bat osatzen du harresiak eta harkaitzak. Beste eraikin batzuen aztarnak ere badira alde horretan, sakabanaturik; harri handiz eginak, batzuk. Alde horri deritzo “Mairuen hilerria.”

Bost bat metro gorago, beste esparru bat dago, hirugarrena, bere garaian harresiz inguraturik zegoena; baina gaur egun hormatal batzuk baino ez dira geratzen. Harkaitzaren ekialde osoa, alderik garaiena hartzen du esparru horrek. Eremu horretako gauzarik interesgarriena zisterna da, zisterna gangaduna. Gazteluaren hegoaldeko harresiaren kontra egin zuten, harresia baliatuz. 5 metro luze, 1’90 metro zabal eta 1’80 metro garai zen, ganga hasten den altueraraino. Horri esaten zioten, eta zaio, “Mairuaren gela.”

Aurrerago, ekialdeko muturretik gertu, haitzean eginiko zulo bat dago, harri pilatuz inguraturik: 4 bat metro behera eta 3 x 2 metro luze-zabala. Ez zer zen, baina gaztelukoentzat ogia erretzeko labea zela esaten dute herrian.

Iristeko

Gaur egun Izki Parke Naturalean (1998an sortua) dago inguru guztia. Korresko elizatik abiatuz gero, hilerriraino autoz ere joan daiteke, baina handik aurrera oinez joan beharra dago, pistaren egoeragatik eta parkean autoak sartzea debekatua dagoelako. Laster bistaratzen dira gaztelua dagoen lekuko harkaitza eta Soila mendia, hau ezkerretara. Aurreraxeago, Parkeko seinale bat dago (“Korres 1’1 km”), bidegurutze batean. Han, eskuinerako bidexka hartu behar da, eta bidegurutzetik 125 metrora, eskuinean bidezidor bat hasten da. Hari jarraitu behar zaio amildegiraino, eta gero, gaztelurako igoerari heldu.

Korres gaztelua

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk