Hondarribiko gaztelua
Kokapena eta Egitekoak
Gaztelua Erdi Aroko Hondarribian kokatuta dago, egungo Armen plazan, Karlos V.aren ostatua dagoen toki berean. Bertan, tokirik garaiena hartzen du hiriguneak, 29 metro.
Hasieratik bi egiteko nagusi zituen Erdi Aroan, Txingudi badiaren zaindari izatea eta, muga gertu izanik, lurralderako sarrera zaintzea. Lehenengo betebeharra zaharragoa zen, eskualdea babestea itsasotik zetozen erasoei aurre egiteko, besteak beste normandoen erasoetatik. Bigarren egitekoari dagokionez, 1200dik, Nafarroaren, Gaztelaren eta Ingalaterraren arteko mugan zegoen, eta Erdi Aroaren azken hamarkadetatik, berriz, Frantziaren eta Espainiaren interesen borroka leku bilakatu zen eskualdea, itsasoz nahiz lurrez. Gazteluak herriari eskaintzen zion babesa, baina Hondarribiak berak ere bazituen egiteko nagusi horiek. Hondarribia izenak gorde egin du, bestalde, igarobide izan zelako zantzua: hondar ibia.
Multzoaren ikuspegi orokorra ostatu bihurturik, goitik begiraturik. (2000)
Historia
Uste denez, Nafarroako errege Antso Abarkari (970-999) zor zaio hasierako eraikuntza, baina zenbait berrik askoz zaharrago dela diote, Rekaredo bisigodoaren garaikoa. Kondairak dio 1000. urtean baino bazela eraikin gotortu bat, gehienbat itsaso aldetik etorritako arerioei aurre egiteko. Lehenago, Oiasoko portua izanik, gazteluaren muino azpitik ibiliko ziren erromatar garaiko ontziak, eta ezin da baztertu han zerbait egotea.
Baina ez dirudi Hondarribia eskualde garrantzitsu baten hiriburu denik, Donostiako barrutian sartzen baitu Antso VI.a Jakitunak (1150-1194) hiri horri emandako foruan, 1180an. Ondoren, Antso VII.a Azkarrak (1194-1234) handitu eta gotortu omen zuen gaztelua, Nafarrari zegokion itsasertz guztia bezala, baina horri buruzko agiririk ez dago. 1200ean Gaztelako Alfontso VIII.ak eskuratu zuen, eta Ximenez Radak aipatzen du Fontem Rapitum Gaztelak eskuratutakoen artean. 1201ean errege nafarra herria konkistatzen saiatu zen, baina ez zuen helburua lortu.
1204an erregea larri gaixotu zen, eta testamentua egitean, Nafarroari kendutako hainbat lurralde eta gaztelu itzultzeko agintzen zuen, Hondarribikoa tartean. Sendatu zenean, agindutakoaren zati bat bete arren, Donostiako eta Hondarribiko gazteluak ez zituen itzuli.
Nafarroako erregeek 1524. urte arte mota guztietako ahaleginak egin zituzten Hondarribia berreskuratzeko. Hala eta guztiz ere, itsas portua izanik, harreman estua izan zuen beti Hondarribiak Nafarroarekin, antzinako loturari eutsiz. Antzinatasun horren adierazlea da Bidasoaldean, Oiartzun haranean barne, Goi Nafarrera euskalkia erabiltzea.
Tarte batzuetan Nafarroako Erresumaren pean egon zen. 1256an, Alfontso X.ak eman egin zizkion Hondarribia eta Donostia Nafarroako Teobaldo II.ari (1253-1270) bizi artean “...bere errenta guztiekin, izan itsasokoak zein lurrekoak, eta nire esker onarekin bere bizi guztirako.” Ez dago jakiterik noraino gauzatu zen dohaintza. Karlos II.arekin (1349-1387), 1369an hasi eta zenbait urtez Nafarroaren jabego izan zen, Libourne eta Kanpezuko hitzarmenen ondoren, Gaztelako Pedro I.a eta Enrike II.a anaiordeen arteko gerra aprobetxatuz.
XV. mendean Garzia Lopez Aiara mariskalak, Gipuzkoako ibar-jaun nagusi zela, aurre egin zion Gaztelako Enrike IV.ari, inguruetan lapurretak eta bestelako bortxakeriak eginez. 1466an, erregeak Gipuzkoako Anaidiari bere izenean gazteluak berreskuratzeko agindua eman zion, eta ehun mila marabedi bidali zizkion. Hondarribiko gaztelua hartuta, Anaidiaren esku izan zen zenbait urtez. Baina, 1470ean, berriz, erregeak mariskalari itzul ziezaion agindu zion Anaidiari.
1476 eta 1477an, frantses gerrariek Hondarribia setiatu zuten, Gaztelako Isabel I.a Katolikoaren eta Joana Beltranejaren arteko liskarretatik etekina ateratzeko asmoz. Ez zuten hiria eskuratu, baina gertaerek kezka sortu zuen, baita Nafarroan ere, Joan II.ari zuzenduriko memorialaren arabera. Bi erreinuentzat berebiziko garrantzi estrategikoa zeukan Hondarribia menperatzeak. Hesi horretako kanta bat ezagutzen da oraindik:
Joan Lazkao beltzarana / Gipuzkoako kapitaina / Frantses osteak jakingo dik / Ura Ondarribiyan zana
XV. mendearen bukaeran gertatu zena ere aipagarria da: herriko Andre Mari eliza eraikuntza aurrera zihoala, orduko Gipuzkoako kapitainak lanak geldiarazi zituen. Antza denez, elizak hartuko zuen garaierak oztopatu egingo zuen gazteluak Bidasoa ibai aldra zeukan ikuspegia.
Altadillek argitaratu zituen 1491 eta 1542 arteko gazteluzainen izenak: Joan Ganboa, Diego Lopez Aiara, Hurtado Luna, Karlos Enriquez Cisneros, Pedro Ruiz Ibarra, Diego Bera, Fernando Bera eta Sancho Martinez Leiba. Bestalde, gazteluan 1508an eginiko armen inbentario luze bat iritsi da, eta azpimarratzeko datu bat bada:27 kanoi handi zeuden.
1521ean, Enrike II.ak (1517-1555) armada bat eratu zuen bederatzi urte lehenago aitari kendutako erresumaren zatia berreskuratzeko. Hondarribiko gaztelua eta hiria hartu zituzten urriaren 18an, saialdiaren bigarren zatian, Noaingo bataila gertatu eta gero, eta Nafarroako buruzagi Agramondar gehiago joan ziren 1522ko abuztuan, Amaiurko gaztelua galdu ostean.
1524ko otsailean sartu ziren espainiarrak Hondarribiko hirian, Gaztelako kondestable Iñigo Fernandez Velasco buru zutela, eta hitzarmena onartu behar izan zuten gaskoi eta nafar gudariek, 1524ko martxoaren 25ean. Bi urte eta erdi horietan, Nafarroako bandera gorria eduki zuen gazteluak, ez Frantziako erregearena.
Karlos V.aren agindupean, gaztelua zabaldu eta handitu egin zuten, bolbora erabilerari egokitu, eta gaurko itxura hartu zuen. Gaineko solairuko zabaltza artilleria jartzeko prestatu zuten, Bidasoaren beste ertzera begira. Inguruan gelak egin zituzten, eta egungo mendebaldeko fatxada. Erregeak berak gotorlekua ikuskatu zuen 1539ko azaroaren 26an, Flandesera zihoala.
Ondoko mendeetan, Hondarribiak, Euskal Herria osoak bezala, aldamenetako bi erresumen arteko kolpeak jasan behar izan zuen. Horrela, 69 egun luzez frantsesek setiatu zuten hiria, 1638an. Gazteluko gudariak, irlandarrak, hondarribiarrak eta Tolosa eta Azpeitiko tertzioek osatzen zuten defentsa, Egiako Diego bilbotarra buru zela. Azkenean, Espainiako tropak jaitsi ziren Jaizkibeldik, eta lortu zuten frantsesak uxatzea.
1659an, Pirinioetako Bakea izenpetu zen Bidasoa ibaian dagoen Faisaien edo Konferentzi uhartean, non Espainiako eta Frantziako gorteak bildu ziren. Horren ondorioz, Espainiako Felipe IV.aren alaba, Austriako Teresa, Frantziako Luis XIV.arekin ezkondu zuten, 1660an. Bezperan, aitak eta alabak gazteluko jauregian hartu zuten ostatu.
1719an. Berwick-eko dukeak eta 1794an Konbentzioko gerrariek hiria bereganatu zuten. Azken hauek harresiak eta gaztelua eraisteari ekin zioten, Alemaniatik langile espezializatuak ekarrita. Baina Basileako Bake hitzarmena iritsi zen, eta suntsiketa Bidasoa aldeko hiriko harresira mugatu zuten; gaur egun, harresiaren beste hainbat tokitan ere ikusten dira zuloak (lehergaiak sartzeko eginak).
XVIII. mendearen bukaeran gaztelua baztertu egin zuten erabat. XVI. mendetik aurrera herria bera zen gotorlekua, eta gaztelua laguntzaile gisa agertzen zen. Orduko hainbat agiritan gobernadorearen gaztelua esaten zioten, han bizi baitzen erregearen ordezkaria. Kuartel gisa ere erabiltzen zuten, eta 850 ohe omen zituen. Baina Hondarribia garrantzia galtzen ari zen muga zaintzeko lanetan, defendaezin bihurtu baitzen Jaizkibelgo maldetan kanoiak jarri zituztenetik, eta hala, gaztelua egitekorik gabe geratzen zen. Madrilgo eta Parisko agiritegi militarretan XVI-XVIII. mendeetako Hondarribiari buruzko hainbat txosten, plano eta marrazki gorde dituzte.
Napoleonen gerrariek ere erabili izan zuen gaztelua, eta 1813an, Minaren gerrillariek hartu zuten gau batean, Fermin Leguia beratarraren gidaritzapean. Gazteluan sartu, armak baliogabetu, harrapakina eraman eta gazteluari su eman zioten.
Militarrek 1847an Hondarribiko Udalari eman zioten gaztelua, baina Udalak saldu egin zituen inguruko lurrak enkantean, 1876an. lur horietan, Toki-Ona eta Villa Josefina etxeak eraiki zituzten. Azken etxe honen ganga gotorlekuaren XVII. mendeko armategiaren arrastoa da.
1928an, Espainiako Maria Cristina erreginak gaztelua salgai zegoela ikusi zuen, eta berriro Udalaren jabego bihurtzeko ahaleginak egin zituen. Udalak eskuratu eta alokatu egin zuen zenbait urtez.
Pirinioetako Bake hitzarmenaren III. mendeurrena zela eta, 1959an, gaztelua atondu eta konponketa lanak egin zituzten, erakusketa bat jartzeko.
Udalaren eskutik Espainiako Estatuaren eskuetara pasatu ondoren, ostatu gisa egokitu zuten, eta 1968an Franco diktadore espainiarrak inauguratu zuen. Egun, Karlos V.a izenez ezagutzen da, eta ostatu bihurtu dute. Gazteluan, bere garaian, ezagun askok hartu zuten ostatu, besteak beste, eta orain arte aipatutakoaz gain, Felipe III.ak, Garcilaso de la Vega poetak, Albako dukeak (bertako gobernadorea zen 17 urte besterik ez zituenean); bertako ziegetatik ere hainbat jende igaro zen, Xabierko Frantzisko deunaren anaiak edo Okendo almirantea, besteak beste.
Indusketetan lehengoraturiko ipar-ekialdeko dorrearen aztarnak. (2000)
Egitura eta aztarnak
Egungo ostatuaren barruan Erdi Aroko gazteluaren aztarnak daude, gaurko eraikina baino dezente txikiagoa zena. Gotorlekuaren jatorrizko egiturak oin angeluzuzena zuen, sekzio biribileko dorrez hornituta izkinetan, gazteluaren barruti aldera zabaldurik, eta, ziurrenik, dorre nagusi bat erdian, Nafarroako XII. mendeko gazteluaren eredu bati jarraituz. Gipuzkoako gazteluetatik, Arrasatekoak eta Donostiakoak ere ezaugarri horiek berak dituzte.
Kubo horietariko batek besterik ez zuen iraun, hego-ekialdeko izkinakoak. Baina 1996an, indusketa baten ondorioz, bigarren dorre baten oinarriak agerian utzi zituzten, ipar-ekialdekoarenak. Ostatuaren barruko hormetan igar daiteke guztira lau kubo egon zirela, besteen arrastorik agerian ez badago ere.
Ekialdetik, bost kontrahormak ixten zuten gaztelua, eta haietariko bi egoera onean kontserbatzen dira, gazteluko izkina banatan.
Egungo fatxada nagusia, mendebaldekoa, garai hartako gotorlekuari dagokio; egun karratua eta laua da, eta Karlos V.aren garaian egin zituzten berritze lanek eman diote itxura hori. Sendoa, hainbat gerratako kanoikaden markak gorde ditu, eta ikusten den armarria enperadorearena da. Ekialdean eta beheragoko maila batean, Bidasoa ibaiari eta Lapurdiri begira, gotorlekuko jauregia zegoen, eraikuntza bereizi batean, eta 1794an suntsitu zuten frantsesek. XVI eta XVII. mendeetako zaharberritu egin zuten, defentsa arrazoiak zirela medio: artilleriari aurre egitea zen helburua, eta horretarako, hiru metroko lodiera eman zieten hormei; hala, Erdi Aroko gotorlekua estali egin zuten.
Iparraldean, egungo lorategian, arku bat dugu; gobernadorearen geletarako sarrera izango zen, segur aski. XVIII. mendean suntsiturik zeuden gela haiek, eta berregin beharrean, lorategi bihurtu zituzten. Egungo ostatuko aparkalekuaren mutur batean, gotorlekuaren eraikin nagusitik aldendurik, bolborategia zegoen.
Egungo eraikinaren oina, Erdi Aroko gotorlekuaren hainbat adierazgarri ikusten dira. (Eusko Jaurlaritza: Monumentos Nacionales de Euskadi, 3. liburukia, 1985. urtekoa).
Iristeko
Hondarribiko hiriguneko goialdean dago gaztelua, egungo Karlos V.a ostatuaren eraikin barnean. Aztarnak barrualdean daudenez, bertako arduradunei baimena eskatu behar zaie.