Volver a la página índice

Gollano

FITXA

Udalerria: Ameskoabarren

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Den gaztelu motarako berandukoa da, azkenetakoa, Erdi Aroko gazteluak alde batera utzita gerra edo militar eraikuntza modernoagoak egiten hasiak baitziren XV. mendearen bukaerako. Lehengo gazteluek denbora gutxi iraun zezaketen kanoien aurrean eta gerrarako arkitekturan berrikuntza handiak izan ziren urte haietatik aurrera.

Oraindik ere igartzen da pixka bat Gollanoko gaztelua nolakoa zen. Zuen garaierarekin nahiko erraz hartuko zuten kanoiek parean, eta barruan zirenak azpian, berak. Defentsa eskaseko gaztelua zen beraz. Zegoen lekua bera ere ez zen oso egokia, erreka ondoan eta mendia gertu zuela baitzegoen.

Halako lekuan eta halako gaztelua egiteko, bistan da ez zuela jabeak gerrarako egin, bere izenak eta leinuak itzal eta ospe handiagoa izan zezaten baizik, eta neurri batean ulertzekoa da, baina egiteko militarrik ere aurkitzen zioten, Gaztelako mugatik nahiko gertu baitzegoen.

Gollano

Iparraldeko horma zatia, izkinetako dorre biribilekin, eta dorre nagusia. (1998)

Historia

Fernando de Baquedanok eraiki edo eraikiarazi zuen gaztelua, XV. mendearen erdialdera. 1476ko dokumentu batean agertzen denez, Joan II.ak pribilegio batzuk eman zizkien Gollanoko herriari eta gaztelua eraiki zuenari. Ordurako gaztelua bazen beraz.

Dena dela, garai hartarako ospe handia zuen Baquedano leinukoek. XIV. mendetik aurrera nahiko sarri agertzen dira Nafarroako administrazioan edo Gazteluren batean arduradun. Eta sortetxea ere izango zuten Ameskoabarrenen, Baquedano izeneko herri bat bada-eta Gollanotik urruti gabe. Baina zein etxetakoak ziren ez da oraindik argitu.

Fernando de Baquedano 1476az gero Gollanoko jaun zen beraz, eta Joan II.aren (erregealdia, 1425-79) ingururaino iritsia, nonbait, Nafarroako notario-buru, kontseilari eta finantzari baitzen. Joan II.a eta Vianako Printzea aita-semeen arteko gerretan, aitaren edo Joan II.aren alde borrokatu zen. 1492an, Etaiu, Oko eta Granadako jurisdikzioak erosi zizkion Tristan de Mauleon orduko Arradako jaunari, eta hil zenean iloba bati utzi zizkion ondasun guztiak, jaun titulua eta gaztelua barne.

Etxeengatik zerga gutxiago ordaintzea zen Joan II.ak 1476an eman zizkien pribilegioetako bat, eta pribilegio hori emateko arrazoiak ere adierazten zituen dokumentuan: Gaztelua egiterakoan Baquedano familiak gastu handiak izan zituela eta, Gaztela (Araba Gaztelakoa baitzen) hain hurbil egonik, han gaztelu bat eta herri bat izateak ikaragarrizko garrantzia zuela. Jendea Gollanora bizitzera eragin nahia nabari da zerga gutxitze horretan. Dozena erdi bat zerga mota gutxiago ordaindu behar zituzten guztira, ¿¿y de otras cualesquiera cargas, aunque fuesen para casamiento de infantas o para la gente de guerra.¿ Zerga gutxitze horiek ez ziren, bestalde, Gollanokoentzat bakarrik, hara bizitzera joaten zen guztiarentzat baizik. Zituzten ondasunak eta egiten salerosketak ere zerga pribilegio horretan sartzen ziren, ondasunak beste herri batean bazituzten edo salerosketak Nafarroatik kanpora egiten bazituzten ere. Garai hartan 5 biztanle bakarrik ziren Gollanon.

Gazteluaren inguruan zirenek eta haren babesera biltzen zirenek izango zituzten beste pribilegio batzuk ere agertzen dira dokumentu horretan: ¿Gollanoko etxean eta gotorlekuan bizi direnak, edo bertako barrutian, 200 pausoko inguruan, ezingo dira preso hartu, eta ezingo zaizkie beren ondasunak kaltetu, ez lapurreta egiteagatik, ez inor hiltzeagatik, ez bestelako krimenik egiteagatik, denik larriena ere, salbu lehen mailako krimen guztiz larria egiteagatik, eta norbait erailtzeagatik¿. Justizia kontuan ere estatuz berezia zuten beraz, gazteluan edo gazteluko lubanarro ertzetik 200 urratsera bitartean bizi zirenek.

Erriberrin eta 1480an izan zen Nafarroako Gorteen hurrengo bilera, eta berretsi egin zituzten Joan II.ak Gollanoko herriari eta Baquedanori emandako pribilegioak, eta gauza bera egin zuen Magdalena erregeordeak ere, urte berean.

Badirudi 1512ko, 1516ko eta 1521eko gaztelu eta harresi suntsiketetan Gollanokoa zutik geratu zela, ez da-eta suntsitutako gazteluen zerrendetan agertzen. Baquedano familiak han jarraitzen zuen behintzat 1566an, garai horretako agiri batek dioenez, herritarren kontra 1476. urteko pribilegioak erabili baitzituen Diego Ramirez de Baquedanok, cuarteles edo kuartel-zergak zer ordaindurik ez zuela frogatzeko. Nafarroan, palacio de cabo de armeria zirenek ez zituzten zerga mota horiek ordaintzen, sortetxea zutenek eta etxe baten jabe zirenek, batik bat.

Baquedano familiak ederki baliatu zen 1476ko pribilegioez, baina herritarrak ere ez ziren gora begira egon. XVI. mendean behintzat behin baino gehiagotan erabili zituzten gerretara ez joateko. Ez ziren, esate baterako, 1521eko gerrara eta Donibane-Lohizuneren aurkako 1542ko eta 1558ko erasoetara joan.

Eta hona, jakin-mina duenarentzat, gazteluaren jabe izan ziren beste Baquedano leinuko batzuen izenak: Sebastian eta Fernando aita-semeak, XVI. mendearen bukaeran eta XVII.aren hasieran. Gero, Fernandoren semeek eman zioten leinuari jarraipena. Baina, Andres de Baquedano seme zaharrena ondorengorik izan gabe hil zenez, Jose Antoniok hartu zuen oinordekotza. XVII. mendearen hasiera arte gazteluan bizi izan ziren, eta San Bartolome parrokian lurperatzen zituzten. Orduko bizi-leku erosoa zen gaztelua, jauregia izateko atondu baitzuten, baina ez gazteluari berari leihoak handituz etab., hari ondoan beste eraikuntza bat erantsita baizik. Eta orduan zen bezalaxe iritsiko zitzaigun gero erori izan ez balitz.

1741ean, Felipe V.ak Fuerte Gollanoko markes egin zuen arestian aipatu den Jose Antonio de Baquedano y Rada hori. Gollanotik kanpora ere bazituen etxeak: Olkotzen, Lakarren eta Amunarrizketan, esate baterako; eta Lepuzaingo, Zurundaingo eta Erdoitzako jaun bazen, aparte. Jose Antonioren ondoren Fernando de Baquedano haren semea izan zen leinuburu.

Gollanoko etxeari buruz beste xehetasun batzuk ere badira 1788an hango bikarioak Espainiako Historiaren Errege Akademiara bidali zuen txostenean. Armategian zen tresneriaren inbentario txiki bat, adibidez: ¿Gerrarako tramankulu batzuk, mosketeak, esku kanoiak, oinezko eta zaldizko gizonentzako maila jakak, burdinazko jantziak, buruko babesak eta zubi altxagarria igotzeko katea¿. XVIII. mendearen bukaerarako tresneria gehiena zaharkiturik zegoen dirudienez. Eta Joan II.a erregek erabilitako lo-gela bat ere aipatzen du; eta San Antonio Abad-ari eskainitako kapera bat, dorrean zen gelaren bat, seguru asko, etab.

Errege Akademiak 1802an argitaratu zuen hiztegian laburbildurik dago bikario horren txostena, eta han jauregi hitza agertzen da Gollanoko gaztelua adierazteko.

Gollano

Ikuspegi orokorra, hego-mendebaldetik begiraturik. (2000)

Aztarnak

Gaztelu txikia zen, egia esan. Dorre nagusia zen gazteluko parterik ikusgarriena. Dorre nagusiak angelu zuzenez eratutako harresia zuen inguruan, eta harresiak lau dorre txiki zituen, bat kantoi banatan; eta lubanarroa, kanpoko aldetik, inguru guztian. Iparraldeko bi dorreek bakarrik iraun dute gaur arte, eta ez osorik, eroriak baitituzte goiko aldea eta hormen kanpora aldeko harri estalia.

Lubanarroari eta harresiari dagokienez, berriz, atal batzuk bakarrik geratu dira. Gaur egun lubanarrorik ez da hegoaldean eta mendebaldean, eta sasiak harturik dago ekialdekoa. Harresiaren puska handiagoren bat ere egon daiteke alde horretan. Lubanarroak harria zuen bi alboetan.

Harresiak eratzen zuen esparruaren erdian zen dorre nagusia. Dorre handia zen hain esparru murritzerako, angeluzuzena, harlanduz egina goraino, eta horma sendoekikoa. Modiloiek eusten zioten adarbeari. Almenak ere izango zituen baina ez dute iraun. Gezi-leiho bestelako asko ditu hormetan. Dena dela, hiru horma bakarrik geratu dira zutik, hegoaldekoa eroria baitu. Arku zorrotzeko ate bat zuen alde horren erdian, 2¿40 metro garaia, eta matakana, armarria, hiru bat gezi-leiho eta bestelako batzuk ere bai.

Lau solairukoa dorrea zen, matxinelen arabera, beheko oina gehi hiru solairu, alegia. Oraindik berekin ditu bi arkuen eta birako eskaileraren beheko parteak, eta tximiniaren aztarnak ere nabari dira iparraldeko hormaren kontra.

Altadillek bisitatu zuenean gaur baino egoera hobean zegoen gaztelua. Hala dirudi behintzat 1934an Nafarroako gazteluei buruz argitaratu zuen lanean agertzen den deskripzioa irakurrita. Altadillen arabera, dorre nagusiak ez zuen oinplano angeluzuzena, beste eraikin angeluzuzen bat baitzuen alde bati erantsita. Artean hogei bat harmaila zituen eskailerak, eta irtenune horrek dorrerako sarrera eta zubi altxagarria babestuko omen zituen. Gotorlekuaren bi marrazki agertzen dira Altadillen bigarren liburukian: goitik ikusita egina, bata, eta aurretik ikusita egina, bestea. Bigarren horretan gaur egun erorita dagoen aldea agertzen da. Oso marrazki interesgarria da, beraz, alde hori nola zen jakiteko. Dena dela, berak aipatzen duen irtenunea goitik begiratuta egindako marrazkian bakarrik ikusten da.

Gaztelua behar bezala konpontzea gauza zaila izango litzateke gaur egun, etxeak berritzeko erabili baitzituzten garai batean. 1960a inguruan erori zen dorre nagusiaren hegoaldeko horma, eta gero huntzak hartu zituen aztarnak. 1997an hasi ziren zegoena txukuntzen eta zaintzen, baina 2001ean dorrearen beste zati handi bat erori zen, eta goiko aldean puska bat kendu zioten gero, badaezpada.

Baina horma horien guztien atzean zer gertatzen zen nola jakin? Horretarako ba omen zen/da bide ezkutu bat, irudimenak egina seguru asko: tunela, gaztelutik Urederra ibaira.

Gollano

Dorre nagusia, moztu ondoren, eta inguruko aztarnak. (2002)

Iristeko

Gollanorako errepidearen ondoan ezkerretara da gaztelua, herrira iritsi baino lehenago.

Gollano

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk