Volver a la página índice

Gixuneko gaztelua

FITXA

Udalerria: Gixune

Herrialdea: Lapurdi

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Harrizko muino baten gainean dago gaztelua, metro batzuk beherago Biduze ibaia Aturrirekin bat egitera joaten ikusten duela. Leku ezin hobean zegoen Biduze eta Aturri ibaietan gora eta behera igaro zitezkeen txalupa, ala eta gainerako ontziak kontrolatzeko. Bestalde, denbora luzean egon behar izan zuen erresumen, bizkonderrien eta jaurerrien arteko mugan, eta zegoen lekuan egonik, eta jaurgo baten egoitza eta mugako gaztelu izanik, bistan da ez zuela egiteko faltarik izango. Baina, suntsitu ere egin zuten bizpahiru aldiz.

1763tik aurrera, Gixuneko herria ere, Bardozekoa eta Uhurtikoa bezala, Lapurdiko parte izango zen, berek hala eskaturik eta Estatuko kontseiluak hartara eraginik. Eta gaztelua ere -nahikoa hondatua, orduko- Lapurdiko bilakatu zen herriarekin batera.

Herriaren izena gisu (karea) hitzetik bide dator.

Gixuneko gaztelua

Kanpoko ikuspegi orokorra, ipar-ekialdetik begiraturik. (2001)

Historia

Herria, leinua eta gaztelua, hirurak nahasten ditu lehenengo aipamenak. XI. mendean aurkeztu zuten Gixune, lehenengoz, historiaren aurrean; Antso III.a Gartzes Nagusiak (1004-1035) Lapurdiko bizkonterria sortzeko egin zuen agirian, hain zuzen; 1023 inguruan. XI. mendearen bigarren erdialdean, Arbelako bizkonderriari loturik agertzen da, eta hori bera ere Lapurdikotik berezirik. Gixuneko jaurerria noiz sortu zen ere ez dakigu zuzen. 1070a baino lehen sortu izango zela, hori baino gauza ziurragorik ez.

Gixuneko jaunen genealogia dagokionez, Joan Jaurgainek 1898an proposatua ontzat eman izan da, baina hura egiaztatuko duen agiri fidagarririk ez da aurkitu oraindik. Genealogia horren arabera, Sancho I Fortun Arbelako lehenengo bizkondearen semea izango zen Gixuneko lehenengo jauna; XI. mendearen bukaeran. Eta horren semea, Fort Sanche Ortesko Malfara izeneko bizkondeak hil zuenez, beste seme batek hartu bide zuen oinordetza, eta anaiaren hiltzailea, Arnaud Sanche, hil izango zuen gero. 1105. urte inguruan Ahaxako oinordekoarekin ezkondu omen zen gero, eta Gixuneko eta Ahaxako jaun ez ezik, Garaziko Iriberriko jaun ere bilakatu zen azkenean. Gixuneko eta Ahaxako hirugarren eta laugarren jaunak Bonet II.a eta Bonet III.a izan ziren, 1135etik 1168ra, lehenengoa, eta 1168tik 1185era, bigarrena. Ahaxa deitura erabiltzen zuten horiek.

Dirudienez, Bonet III.aren ondoren banandu egin ziren bi jaurerriak, eta Guillaume Arnaud Ahaxa izan zen Gixuneko bosgarren jauna. Zernahi dela ere, 1186ko agiri batean Gixuneko eta Ahaxako jaun balitz bezala agertzen da hori, berak ezarri baitzuen lekukoari zegokion sinadura.

Hor eteten da Jaurgainek proposatu zuen genealogia-katea, eta horren arabera, badakigu XII. mendean zeintzuk izan ziren Gixuneko jaun, baina ez, XIII. mendean zeintzuk izan ziren.

Guillem Arnalt de Guissen baino ez da agertzen 1237tik 1248rako Nafarroaren eta Ingalaterraren arteko gerra bukatzean Leicesterko kondeak eta Nafarroaren aldekoek egin zituzten kalte zerrendetan. Baina ezin da, salaketa irakurrita bakarrik behintzat, gizon hori gixundarra zen, hango jaun zen edo gazteluaren jabe zen jakin. Genealogia kontuetan aditu direnen arabera, Gixuneko seigarren jauna izango zen eta 1255ean artean bizirik egongo zen, Ingalaterrako Eduardo printzeak gaztelua Guilhem Arnaud Atharratzeri, Lapurdiko baileri edo erregeren ordezkariari uzteko eskatu baitzion urte horretan.

Handik bi urtera, 1257ko uztailaren 27an, zehatzago esateko, gerrari talde bat osatu zuten baionarrek eta, gauean Gixunera joanik, herria hartu, eta gaztelua erre zuten goizean. Ez dakigu zergatik egin zuten hori, baina erabat suntsiturik geratu zen gaztelua, eta ez zuten, dirudienez, XIV. mendearen erdialdera arte berreraiki, hala adierazten dute bederen aztarnarik eta gazteluari buruzko berririk ezak. Gertatuak gertatu eta gaztelua gaztelu, ez zen, nonbait, Gixune jaunik gabe geratu, XIII. mendearen bukaeran leinu berri bat ageri baita, Albret leinua, Aturri ibaiaz bestaldeko leinu ospetsua, hain zuzen.

Ehun Urteko gerra hasia zen jadanik (1337), eta gero eta hurbilago ziren frantziar gudarosteak, Agen hartua baitzuten orduko. Gixuneko gobernadorearen eta Lapurdiko bizkondearen izendatze kontuak zirela-eta, Albret leinua ingeles administraziorekin liskarrean zebilen bien bitartean.

1338az gero Albreteko Bernardeitz (edo Bernard Aiz) zen Gixuneko jaun. Handik bi urtera, beren jauna Albreteko Pierre zela jakinarazi zieten Gixuneko herritarrei. Horrek, Albret leinukoren baten sasiko semea, izatez, Gixuneko Mirepeix izeneko nasa erosi zion Baionako bikote bati.

Liskar horietatik Albretarrak irten ziren irabazle, eta, 1338an, Gixunen gaztelua berreraikitzeko baimena eman zion Ingalaterrako erregeak Albreteko Pierreri. Gaur egun Gixunen ikus ditzakegun aztarnen parte bat ordukoa da, arkitekturari dagokionez behintzat. Ingalaterrako erregeren baimen agirian ez da agertzen, lehendik zegoena gotortzeko edo, baionarrek mende bat lehenago erabat suntsitu bazuten, berri-berritik egiteko, zertako eman zion baimena.

Lancastereko dukearen garaian -1377tik aurrera, behintzat- txanpona ere egin izan zen Gixuneko gazteluan. Eta badirudi, nahiz eta hau dioen pasartea oso argia ez izan, Gaztelako eta Leongo Pedro I.a erregearen oinordeko zelako egin ahal izan zuela, Ingalaterrako Eduardo III.aren edo bere aitaren baimenarekin, noski. Gaztelu pribatu batean horrelako lanak egitea, harritzekoa da, hala ere.

Leinu bidez, Albreteko Joanari zegokion Albreteko Pierreren oinordeko izatea, eta hala izan zen. Arnaud Curtonekin ezkondu zen Joana, Ane izeneko alaba bat izan zuten. Karlos Beaumontekoarekin ezkondu zen hori, 1407ko urtarrilaren 19ko itunak bi leinuak lotzen zituela. Eta Gixuneko jaurgoa ere beaumondarren eskuetara igaro zen horrela. Beaumondarrek titulu bat gehiago izango zuten handik aurrera. 1409an, Gixuneko bidesaria edo Aturri ibaian pasatzen zen saltzeko jenero guztiaren gain petxa-edo kobratzeko eskubidea beretu zuen.

Gixuneko hurrengo jauna Luis Beaumontekoa izan zen, Leringo lehenengo kondea. Orduko Akize artekoa hartua zuten frantsesak. Nor zeinen alde zegoen erakusteko garaia zen, beraz. 1444an, Gixune baroierri egin zuen Ingalaterrako Enrike VI.ak.

1449an, berriz ere erasoari ekin zioten frantsesek, biarnotarren laguntzarekin. Zuberoa hartu ondoren, Lapurdi eta Baiona berenganatzeko asmoz abiatu ziren. Baionara bidean, Hastingues hartu zuten, eta Gixune inguratu zuten gero, 1449ko abenduaren erdialdean, 5 edo 6.000 gerrari eta hainbat kanoirekin.

Bada Gixunen gertatuaren kronikarik, baina luze joko luke idatzi den guztia hona ekartzeak. Laburtuz, beraz…. Joan Perez Donamaria omen zegoen Gixunen gazteluzain, eta beaumondarren ordezko. 300 edo 800 pertsona omen ziren frantsesei eta biarnotarrei aurre egiteko prest zeudenak. Gau batean, 1.600 edo 4.000 baionar joan ziren, marea aprobetxatuz Aturri gora, alkatea buru zutela, inguraturik zeudenei laguntzera; eta hainbat noble lapurtar eta gaskoi, haien artean. Baina Gaston IV.a Foixko kondea gailendu zen gatazkan, eta, hildako, itotako eta desagertu, gizon-galera handia izan omen zen gixundarrei laguntzera joan zirenen artean. Dena dela, Gixunek amore eman zuen 1449ko abenduaren 15ean, eta frantziar gudarosteek bidea libre izan zuten Baiona aldera jarraitzeko. Gatazkatik bizirik irten zirenei joaten utzi omen zieten gutxienez.

Gaston IV.ak Lavedango jauna jarri zuen gero Gixunen gazteluzain, sei hilabeterako. Eta Luis Beaumonteko Gixuneko baroiak epe horretan leialtasun zina egin ez zuenez, han zituen eskubide guztiak galdu zituen.

1450ean, berriz ere Albretarren eskuetara itzuli ziren Gixuneko gaztelua eta baroi titulua. Karlos II.a zen orduan Albreteko jaun. Karlos II.a hil zenean (1471), Albreteko Alain bilakatu zen Gixuneko eta Albret etxeko jaun, Joan III.a Albretekoaren, edo, 1494tik 1516ra Nafarroako errege izango zenaren aita, hain zuzen.

Garai horretan, Joan Lur Calom-go jaunak zuen, izatez, Gixuneko gazteluaren ardura, baina ordezko bat uzten zuen han. 1473an Bertrand Bedorede zegoen Joan Lur-en ordezko.

1485eko uztailaren 27an, ordea, Albreteko Alainek Gixunen eta inguruetan berari zegokiona Roger Agramonti eman zion, dohaintza moduan: justizia ahalmenak, Gixuneko baroierria, etekinak, nasa, errota etab. Oraindik argitu gabe dago zergatik egin zuen dohaintza hori, baina Agramondarren aspaldiko asmoa beren jabetza Biduze edo Ereitia ibaiaren bukaeraraino hedatzea zela, hori gauza jakina zen. Alabaina, ez zuten zerabilten asmoa 1534. urtera arte lortu ahal izan. Bestalde, eta hau nola eta zergatik izan ere ez dakigu oraindik, beaumondarrak egin ziren Gixuneko gazteluaren jabe, eta Luis II.a Leringo bigarren kondea izan zen hango hurrengo baroia.

Bien bitartean, berriz ere gerra zibila piztu zen Nafarroan. Joan III.a Nafarroako erregeak Gilles La Balme bidali zuen gaztelua hartzera, eta 1494an, Bernard Domezain Gixuneko orduko gazteluzainak, amore eman behar izan zuen erasotzaileen indarrak ikusita. Handik hara, berriz ere Albreteko Alain bilakatu zen Gixuneko baroi. Hori hil zenean (1522), semea ere hila baitzen orduko, bilobak hartu zuen Gixuneko gaztelua, Nafarroako Enrike II.a erregeak, alegia (1517-1555).

Ez dugu hau ziurta dezakeen agiririk aurkitu, baina Gixuneko gaztelua ere erre egin izango zuten espainiarrek 1523an, inguruko hainbat herri eta gaztelu erre zituzten eta.

Gaztelarrek Nafarroa Garaia hartu zutenean gainbehera hasi ziren Iparraldeko leinu gehienak. Leinu bakarra salbatu zen gainbehera horretatik, Agramont etxekoa. Hori suspertu egin zen orduan, eta sekulako indarra hartu zuen Aturri arroan, eta Baionan ere bai. Enrike II.a zen Gixuneko jabe 1534ko azaroaren 8an, eta, harekin hitzartu ondoren, Gixuneko gazteluaren jabe egiteko agindu zion Klara Agramond orduko leinuburuak Sarrikotako Johannoti: “Gixuneko gazteluaz eta gotorlekuaz jabetu”.

Hartan bukatu zen, eta betiko, Albret etxekoen garaia. handik aurrera Agramondarren lurraldeei loturik geratu da Gixune, Bidaxuneko administrazioaren menpean, alegia. 1563an, Gixune konderri egin zuen Karlos IX.a Frantziako erregeak, eta Antonio I.a Agramont leinukoa izan zen konderriko eta inguruetako beste hainbat herri eta lurretako jaun. Gero, dukerri bilakatu zen 1687tik aurrera, Antonio IV.a Noaillesko dukearen alabaren ezkontza zela bide. Harrez gero, Gixuneko duke titulua erabili izan zuten Agramont etxeko oinordeko nagusiek, ordu arte, XVII. mendean behintzat, konde titulua erabili izan baitzuten.

Gixuneko gazteluari buruzko berri gutxi da gainerakoan, Agramond leinukoei lotuta geratu zenez geroztik (1534). Erlijio gerrak eta espainiarren mehatxuak zirela-eta, Gixuneko eta Ezpeletako gazteluetan gerrariak jartzeko eskatu zion Denys de la Hilliere Baionako gobernadoreak Frantziako erregeari 1589an, hala ekialdean eta hegoaldean babesa izan zezan hiriak.

Erlijio gerrek iraun zuten bitartean ez zen soldadurik falta izan Gixunen, batzuetan Baionatik bidaltzen zituzten soldaduak eta janaria. 1749an ere, berriz ere garai estuak zirelako-edo, baziren soldaduak Gixuneko gazteluan, eta hartan herritarrek ordaindu behar zituzten gastuak: 350 libera. Baina 1764rako utzita zegoen gaztelua, eta ez, oso egoera onean.

Gaur egun Gixuneko dukea da gazteluaren jabe, eta Ondare Historikoen zerrenda sartua dago, baina gaztelua hondatzen ari da.

Gixuneko gaztelua

Biduze ibaia eta gaztelua. (2001)

Egitura eta aztarnak

Angelu zuzenez eratua du oinplanoa, eta, muinoari jarraiki, ekialdetik mendebaldera hedatzen da. 30 metro luze da eta 20 metro zabal, gutxi gorabehera. Aztarnak, berriz, ikus daitezkeen gehienak XIV. mendekoak dira.

Lubanarroa zuen ekialdean, gaur egun gaztelua ikusteko ibilbidea den lekuan. Leku malkarra eta defendi erraza zuen iparraldea, Biduzera begira eta ibaia bistan dela, eta nahikoa malda etzanean jaisten dela, hegoaldea. Mendebaldean muinoaren bukaera aldera, triangelu formako lurrak eta terraza edo zabaltza bat direla zioen Rene Cuzacq-ek 1967an; Aturri aldera kanoiak jartzeko egokitua, beharbada. Anne Berdoy-entzat (2001), berriz, kasko baten aztarna dagoela alde horretan; egitura zaharrago baten aztarna-edo.

Lehen aipatu dugun lubanarroaren goiko aldean dago dorre nagusia; 8 bat metro luze da gaur egun. Dorre-atari motakoa da, arku baten gainean eraikia, alegia, Biarnoko estilora. Marrazki zahar batean ikusi ahal izan dugunez, gaur den baino askoz garaiagoa zen dorrea, eta almenaduna. Goiko aldean puska handia falta du, baina oraindik ikus daitezke mataka baten aztarnak. Puntu erdiko arkua zuen sarrerak, lurretik bost bat metrora. Gaur egun harriz itxita dago. Sartzeko zubi altxagarri bat zen, lubanarroaren gainean.

Harresi sendoak zituen, dirudienez, eta altuera handikoak gainera; 10 bat metrokoak, gutxi gorabehera. Tamalez, gune batzuetan ezponda bilakaturik daude gaur egun. Gain zabala zuten, oinez lasai ibiltzeko bezain zabala, baina ez zuten almenarik. Hormei dagokienez, berriz, ez ditu denak egitura batekoak, ezta horma aldeak berak ere. Iparraldekoan garbi ikusten da bi alde edo atal dituela. Ekialdekoan leihoek erakartzen dute arreta XVII. edo XVIII. mendean eginiko leihoak edo irekidurak baititu. Mendebaldeko horma, berriz, gazteluko jaunen egoitzaren fatxada zen. Besteak baino zaharragoa eta egitura hobekoa da, eta besteek baino leiho eta argi-zulo gehiago ditu: bi leiho-pare gotiko, bakarkako bat, beste irekidura batzuk, gaur egun itxiak. Alde horretan zuen/du ate ezkutua edo poterna e`re, eta hori da gaur egun gazteluak duen sarrera bakarra. Matakan baten aztarnak ere nabari dira, halaber. Hegoaldean, hormatal bakarrak osatzen du harresia.

Gorago esan bezala, Biarnoko estilora egina da dorre nagusia. Bi harresi atalen erdian harturik dago. 2’10 metro lodiko hormak ditu. Dorrearen bi aldeetara, eraikin batzuen aztarnak ageri dira, ekialdeko harresiari erantsirik. Badirudi ur biltegi bat ere bazela alde horretan, hego-ekialdeko izkinan.

Lorioaren ipar-mendebaldean dago jaunen jauregi izandakoa, lehen aipatu den ate ezkutuaren ondoan, hain zuzen. Batzuen ustez hori da gazteluak duen eraikuntzarik zaharrena. Alde bakoitzak 13 metro ditu, eta 3 solairu, jauregiak. Beste eraikin batzuen aztarnak ere nabari dira esparruko hego-mendebaldean.

Kareharri grisez egina dago gaztelua, Gixuneko kareharria deritzanaz egina, dirudienez. Harrobia bistan dago oraindik, ibaiaren aldera.

Gotorlekuaren ekialdeko etxeek hiribildu moduko bat osatzen zuten Erdi Aroan, bere harresi, lubanarro eta guzti, eta, 1817ko plano baten arabera, elizak zutik irauten zuen XIX. mendean.

Gixuneko gaztelua

Baionako udal agiritegiko 1590eko planoaren xehetasuna: Gixuneko gazteluaren marrazkia eta inguruko etxeak. (Sendoa argitaraldia, HiriBuruak.Baiona).

Iristeko

Biduze ibaiaren ondoko gain batean dago gaztelua, portuko auzotik hurbil.

Gaztelu ingurua ikus daiteke, baina harriak erortzeko arriskua dela-eta sarrera galarazita egongo da beharbada, sartzeko debekurik ez dagoen arren.

Gixuneko gaztelua

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk