Volver a la página índice

Etxautz

FITXA

Udalerria: Baigorri

Herrialdea: Nafarroa Behera

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramica 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Gaztelua Baigorri herriaren gainean dago kokatua, Aldude edo Baigorri ibaiaz beste aldera, kasko batean. Etxautz sendiaren eta bizkondegoaren egoitza nagusia izan da mendeetan zehar, eta horrekin guztiarekin batera, Baigorriko haraneko zentro feudala. Gazteluaren eta bizkonterriaren kokapena oso estrategikoa zen Nafarroako erresumarentzat, inguruko eskualdeak ikusten baitira bertatik. Gaztelutik gertu bide asko zeuden, norabide guztietara zihoazenak, nola Baigorrira hala inguruko haranetara.

Gazteluaren egiteko nagusia Baigorriko bizkonterriaren egoitza izatea zen, Etxautz leinuari lotuta. Horrez gainera, Nafarroako erregeari leialtasun zinez atxikirik zegoen, eta egiteko publikoak ere bazituen. Horien artean Nafarroako erresumarako igarobide bat zaintzen zuen, gazteluaren behe aldetik pasaz Baigorri haranean barrena zihoana. Bestalde, gerrari talde bat beti prest zuen bizkondeak, erregeak behar zuenerako.

Egungo jabeek berritu dute gaztelua eta bisitak jasotzeaz gain, aurretik eskaturik, lo ere egin daiteke bertan. Beste ekintza batzuetarako aretoa ere eskaintzen du (hitzaldiak, erakusketak, topaketak¿).

Etxautz

Kanpoko ikuspegi orokorra, iparraldetik begiraturik. (2001)

Historia

Baigorriko harana 980an aipatzen da lehen aldiz, eta nola harana hala bizkonterria, hainbat izenez agertzen dira agirietan: Bigur (980), Bygur, Beigur, Beygur, Begur, Baigur, Baiguer, Bayguer, Bayguerr, Beygorri, Vaygurra¿ Gazteluaren eta leinuaren izenek ere aldaera asko dituzte: Echau, Echauz, Echaux, Etsau, Echaus, Chaus, Etchaus, Echaud¿ eta inguruko hizkuntz erromanikoaren ¿d¿ ¿-a aurrean darama gehienetan: Deschaus, d¿Echaus, d¿Etchaus¿

Erromatarrek beraien aztarnak utzi zituzten haranean, batik bat lur azaleko edo sakonera gutxiko meatzaritzari lotutakoak. Gaztelua dagoen lekuan ere garai hartako aztarnak aurkitu zituzten azken zaharberritze lanetan.

Erromatarren garaitik hainbat mende berririk gabe igaro ostean, iparraldetik etorritako feudalizazioarekin batera, Baigorriko harana unitate gisa agertzen hasi zen XI. mendearen hasieran. Dirudienez, 1020. urte inguruan, Gaskoinako dukeak, Sancho Guillermok, Nafarroako Nagusi Antso III.a Gartzesi (1004-1035) Baigorri eman zion, eta errege nafarrak bizkonterria sortu zuen 1033. urte inguruan. Lehenengo bizkondea Garzia Lupo izan zen, Jaurgainen arabera erregearen suhia, eta haren anaia Bizkaiko kondea zen, Eneko Lupo. Ziurrenik, unitate feudal hori haraneko biztanleek osatzen zuten.

Hasiera batean, Baigorri titulurako eta leinurako erabiltzen zen baina poliki-poliki bereizten hasi ziren Etxauzko jauna eta Baigorriko bizkondea.

Ingalaterra eta Nafarroaren arteko borroketan, 1237 eta 1248 urteen artean, bizkondeak Iruñeko erregearekin parte hartu zuen. Itunaren ondoko 1249ko galdeketan, nafarrak Lekorneko garrotarren gazteluko lehen hesia altxatzera etorri zirenean, Etsau deiturako hiru gerrari salatu zituzten baionarrek. Gertakari horien ondorioz, 18 baionar eta Ortesko bizkondea, eta 19 gerrari hil ziren. Arestian aipatu hiru etxauztarretako batek salaketa gehiago ere jaso zituen galdeketan, txerriak eta ahuntzak lapurtzeagatik. Bestalde, ingelesek eta lapurtarrek beste lau akusazio egin zituzten ¿Baigorriko bizkondearen gerrarien¿ aurka.

Agiri askotan geratu ziren leinukoen izenak, beti ere Nafarroako erregeen zerbitzuan. 1266an Amaiurren 91 egun emateagatik bere gerrariekin, vezcomte de Bayguerr-i egindako gastu guztiak ordaindu zizkioten. Jimeno Gartzeiz II.a zen orduko Baigorriko bizkondea. Kargu horrez gainera Mondarrain gazteluko gazteluzaina ere izan zen 1300etik 1305ra, eta hurrengo lau urtetan, Amaiurkoa. 1328an atzera Amaiurko gazteluzain izan zen eta 1332 arte iraun zuen. Bere seme zaharrena, Garzia Semen II.a, ondorengorik gabe hil zenez, beste seme bat, Remon Guillen, bihurtu zen bizkonde. Bizkonde hori Nafarroa Beherako Rokaforteko gazteluburua zen 1350ean. Lehenagokoei bezala, Nafarroako erregeak bizkondeari, edozein beharretarako ere beti prest egon zedin, gerrari talde baten mantenua ordaintzen zion.

Etxautz abizeneko asko ibili ziren Nafarroako administrazioan XIV. mende horretan, batzuk gazteluzaintzetan. Leinu nagusiko oinordeak ez zirenak ere, izan sasikoak edo izan ezkontzaz lotuak, beste leinuburuak ziren.

Hurrengo bizkondeari, Semen Garzia IV.ari, batzuetan Baigorriko bizkondea eta bestetan Etxauzko jauna deitzen zioten. 1371n esate baterako, gaskoieraz dagoen Nafarroako diruzainengandik jasotako ordainketa baten agirian ¿Semen Garzia, Etxauzko jauna, Baigorriko bizkondear¿ deitzen zaio. 1378ko irailaren 1ean, 105 florin jaso zituen, erregearen zerbitzuan 15 egunez armatua egoteagatik 32 gerrarirekin. Geroago, 1389an, zaldun izendatu zuen orduko errege Karlos III.ak (1387-1425).

Rodasko Maisu Nagusiaren baimenarekin, 1413an, Etxauzko Joan bizkondea Jerusalemgo San Joan ordenaren zaldun izendatu zuen Karlos III.ak. Leonor infantaren tutorea izateaz gainera, Etxauzko Joan Lizarrerriko ibar-jauna zen, eta 1428tik bertako Gaztelu Nagusiaren gazteluzaina ere bai. Bestalde, erregeak emanik, Donibane Garaziko bidesariaren errenta jasotzen zuen.

1455ean, Etxauzko Karlosek Joan aita ordezkatu zuen Lizarrako gazteluzaintzan, baina 1460an gaztelarrek gaztelua kendu zioten. Joan Fernandez Bakedanok, Ekalako jaunak, gaztelua berreskuratu zuen, eta orduan Baigorriko bizkondea berriz ere gazteluburu bihurtu zen. Etxauzko Karlos, Karlos Beaumontekoaren Margarita alabarekin ezkondu zen 1423an, eta ezkontza horrek Beaumondar egin zuen. Hori zela medio Joan II.a erregeak (1425-1479), 1451. urtean emandako Bilatortako jaurerria kendu egin zion. 1469 urtean gertatu zen hori.

1512ko konkistaren ondoren, erresuma berreskuratzeko saioetan Nafarroako erregeekin leial jokatu zuten etxauztarrek, eta horren ordainetan hainbat postu eta eginbehar eskuratu zituzten. Etxauzko Antonio, aldiz, katolikoekin matxinatu zen Joana III.a erreginaren (1555-1572) aurka, baina 1570ean barkamena lorturik, ez zuen hurrengo matxinadan parte hartu. Etxauzko Karlosen bigarren semea, Bertrand, Baionako apezpiku zela kalbinismoaren aurka borrokatuko zen.

Etxauzko Bertrand (1556-1641) hori gazteluan jaioa zen. 1595ean Baionako gotzaintzarako izendatu zuen Klemente VIII.a Aita Santuak, baina 1599 urtera arte ez zuen kargua hartu. Apezpikua zela, Baionako barrutian oso hedatua zegoen kalbinismoaren aurka borrokatu zen. Baita Pierre Lancre magistratuaren gehiegikerien aurka ere, batik bat bere sorginen eta sorginkerien itsumenagatik. Borroka horretan, 1609an, 5 apaiz heriotzatik salbatu zituen, Zugarramurdiko sorginen aurkako epaian. 1600ean, Axularri Sarako erretoretzara iristen lagundu zion, eta politikari lanak ere egin zituen, besteak beste, Erro eta Baigorri haranen arteko belardietako arazoetan eta Nafarroako foruei buruzko berridazketan.

1618an, Toursko artzapezpikua izendatu zutenez, Baionatik joan beharrean izan zen, eta Toursen bertan hil zen. Hil aurretik, Luis XIII.a erregearen kaperaua zen, eta kardinala izateko ere aukerak zituen, baina Richelieuk oztopoak jarri zizkion bide horretan. Axularrek, Gero liburuko Gomendiozko Karta izeneko atalean, lagun gisa aipatu zuen, eta Joannes Etxeberri Ziburukoak 1636an argitaratutako Eliçara erabiltçeko liburua eskaini zion: ¿Jaun Noble Bertran de Echauz, Tursko Aphespiku digneari dedikatua¿

XVI. mendean, gazteluko atarian dagoen dataren arabera 1555ean, bikoiztu egin zuten eraikinaren hedadura, hegoaldera luzatuz. Urte horietan tituluak eta ondasunak metatzen jarraitu zuten etxauztarrek. 1599an, esate baterako, Etxauzko Joan II.a Joana Agerrerekin ezkondu zen, Lasako, Buztintzeko eta hainbat tokitako oinordekoa zenarekin.

1789ko iraultzaren ondoren gaztelua ospitale bihurtu zen. Geroago Joan Isidore Harizpe mariskalaren (Baigorri, 1768 - Lakarra, 1855) esku egon zen. Izan ere mariskal hori Margarita Etxautz Caupennerekin ezkondu zen 1795ean. Biak ere oinordekorik utzi gabe hil ziren, eta beraz, Margaritaren ahizpak jaso zuen gaztelua, baina bera ere seme-alabarik gabe hil zenez, 1850ean Abadia-Arrast sendiari saldu zioten gaztelua eta bizkonde titulua Caupenne sendiak berreskuratu zuen.

Andre eroslearen seme Xarles gazteluan bizi izan zen, eta bere anaiak, Antoniok, bere abizenez ezagutzen den Hendaiako jauregia eraiki zuen. XX. mendean, Etxauzko gazteluan egonaldiak egin zituen Charlie Chaplinek, bere zenbait filmaren laguntzailea zen Harri Abbadie Arrastek gonbidatua.

II. Mundu Gerlan alemaniar gudarosteak erabili zuen eraikina eta sotoetan ziegak atondu zituzten beren gudari eta ofizialentzat. Teilatuan, metrailadore postu bat jarri zuten.

Gaztelua monumentu historiko izendatu zuten 1989tik.

1995ean, Robert Pierne eta Line Ledac senar-emazteek gaztelua erosi zuten eta konpontzeaz eta altzariz hornitzeaz gain zaharberritzeari ekin zioten. Horrela, Frantziako Etxe-Ondareen zaharberritzearen lehen saria eman zioten, bi urte geroago.

Jabeek hainbat gertaera kontatzen dute konponketaz. Teilatua zulatuta omen zegoen, esate baterako, uso parada bat atontzeko. Bestalde, beheko solairuan, sukaldean, lau metroko sakonerako zulo bat zegoen, batzuen ustez Orreagako batailaren ondoren Karlomagnoren gerrariek bi gurdiko urrea lurperatu baitzuten bertan.

2001eko azaroan, gaztelua salgai dago.

Etxautz

Gazteluaren behealdeak eta sotoen irteerak. (2002)

Egitura eta aztarnak

Egun jauregi itxura du eta ez dirudi gaztelua zenik ere, inguruko harresiak, zubi altxagarria eta hainbat defentsarako eraikin galdu baititu.

Gazteluko eraikin nagusia oso trinkoa zen, oin angeluzuzenekoa eta dorre biribilekin izkinetan, baina 1555ean hegoalderantz zabaldu zuten eta egungo hedadura Erdi Arokoa halako bi da. Hegoaldeko Erdi Aroko dorreak desagertu ziren eta fatxada berrian, izkinetan, bi garitoi jarri zituzten, bata zilindrikoa eta bestea prismatikoa. Hasierako hegoaldeko harresi sendoak, bere irekidura militar eta guzti, etxe barruan iraun du. Hasierako eraikinaren murruak eta ipar-ekialdeko dorre barrukoaren eskailera XII. mendekoak dira. Zabaltzearekin batera egungo sarrera atondu zuten iparraldean, sotoaren sarrera baztertuz.

Bi dorreetan mota ezberdineko su arma leihoak daude, baina egun, leiho zabalak ageri dira lau fatxadetan eta horregatik du gazteluak basa jauregiaren itxura.

Barrualdea bi solairuk eta ganberak osatzen dute eta hori guztia sotoen gainean eraikia da, kanpotik nabari denez. Sotoa gazteluaren eremutik ekialdera hedatzen da eta leiho batzuk ikus daitezke. Sotoan, arma erakusketaren aretoan, galeria baten bukaeran, hasierako sarrera zena nabari da oraindik.

Ganberaren egurrezko teilatupea oso ikusgarria da, enbor batzuk 15 metrokoak baitira. Dirudienez, XVI. mendean eraikina luzatu zutenean, Baionan zeuden Europa iparraldeko ontzigileak etorri ziren teilatua egitera. Ganberan ere nabari dira zabaltze haren aztarnak, besteak beste, hego-mendebaldeko dorrearen atea zena.

Altzari eta armen bildumak azpimarratzekoak dira. Beste bilduma batzuk xumeagoak eta bitxiagoak dira, Charles Chaplin-ekin lotura duten objektuak esate baterako. Eskaileretako horman etxauztarren armarria dago, hiru marra urdin etzanda zilar gainean, esaldi bat lagun duela: ¿Sinetsitik nahia / Nahitik ahala.¿

Etxautz

Teilatu azpiko ganbararen ikuspegi orokorra. (1999)

Iristeko

Iparraldetik etorrita, Baigorriko lehen auzoan eskuinetara dagoen pilotalekutik gora joan behar da, gaztelua adierazten duten bide seinaleei segituz. Baztandik, Izpegi mendatean barrena, Baigorriko geltoki auzora iritsita, iparraldera jo behar da kale-errepidetik, Karrika auzoko pilotalekuraino.

Hau izan daiteke bisitatzeko ordutegia: 10-12 eta 14-17.30. Astelehenetan itxita, uztailean, abuztuan eta irailean izan ezik.

Etxautz

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk