Volver a la página índice

Estaka

FITXA

Udalerria: Bardea

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Nasa edo Cabezo Grande de la Nasa izeneko tontorrean dira gazteluaren aztarnak. Santa Margarita mendatetik Ipar-mendebaldera eta Aragoiko muga-mugan dago tontor hori. Gaur egun Aragoiko partean da, gainera, aztarnen zati nagusia.

Oso zelata-leku ona zen/da Nasa mendiko gaina, kilometro askotara ikusten baita ingurua. Baina ez zuten gaztelua, aztarnen eta agirien arabera, zelata-leku huts izateko eraiki. Nafarroaren eta Aragoiren arteko muga eta inguruetako artzainak eta haziendak zaintzea zen Estaka gazteluaren egiteko nagusia.

Aspaldiko igarobidea da Santa Margarita mendatea. Tuteratik Ejearako N-125 errepidea handik igarotzen da gaur egun, eta errepide horretara biltzen dira inguruetako hainbat bide eta pista. Igarobide ez ezik jendearen bilgune ere bazen paraje hori, eta horregatik eraiki zuten baseliza.

Estaka

Gazteluak izandako hedadura osoa, goitik (mendebaldetik) begiraturik. (2002)

Historia

Agirietan eta erdarazko beste paperetan Lestaca, L¿Estaca, Lastaqua, L¿Estaqua¿ idazkeraz agertu izan da gaztelu hau, baina Nasa eta Santa Margarita izenez ere agertzen da batzuetan.

Bardeako gazteluak Antso Azkarraren aginduz eraikiak direla esan izan dute adituek, eta Aragoiko Fernando infanteak 1230a aldean hari idatzi zion gutun bat dago uste horren jatorrian. Errege izatera iristen bazen, besteak beste, gazteluei buruzko auzi guztiak barkatuko zizkiola agintzen zion Fernando infanteak bere kartan, gazteluak banan-banan izendatuz: ¿...Bardean eraikiarazi zenuena: Agilar, hau da, Antso Abarkaren gaztelua, Fozeko gaztelua, Estakako gaztelua, jakinik¿¿

Estakako gazteluaren sorrerari berezitasun pixka bat erantsi nahi izan diote historialari batzuk. XII. mendearen bukaerako gerretan ibilitako jende asko gizarteratu gabe eta lapurretari emanik zebilela-eta, haiengandik defenditzeko asmoz anaidi bat sortu nahi izan zuen inguruko herrietako jendeak, eta 1204ko urtarrilaren 29an bilera bat egin omen zuten Nafarroako eta Aragoiko ordezkari batzuek.

Historialari horiek diotenez elkarte hori sendotzeko asmoz eraiki zuen Antso Azkarrak Estaka gaztelua. Anaidia sortu zutela egia da, nonbait, eta anaidia sortzerako Estaka izeneko leku bat bazela ere bai, agiri batek adierazten duenez: ¿Nafarrek eta aragoiarrek Estakan egin zuten ituna, zeina Bardean baitago.¿

1259an Ferrant Gil zegoen Estakan eta Peñaflor-en gazteluzain. 1264etik aurrera Pedro Gabarda Erriberako ibar-jaunak berak hartu zuen Estakako eta beste hainbat gaztelutako ardura. 1266an 4 gaztelu zituen bere kargu, eta 10 libera eta 50 kaiza gari zen Estakako gazteluzain izateagatik ematen zioten urteko soldata. Baina gastu berezi batzuk ere izan zituzten urte horretan Estaka gazteluan, kanpai bat erosten eta jartzen, batetik, eta ohi baino 12 arma-gizon gehiago 16 egunez mantentzen, bestetik.

1276ko azaroan, Joana erreginaren (1274-1305) ordezkoari leialtasun zina egin zioten Martin Ruiz Aibar Erriberako ibar-jaunak eta Imberto Belpuch Frantziako kodestableak, Peñaflor-ko eta Estakako gazteluen izenean, Martin Ruiz-ek eta beste lau gazteluren izenean, Imberto Belpuch-ek.

1280an labea konpondu behar izan zuten, eta 6 sos eta 6 diru ordaindu zuen orduan Tuterako gazteluzain eta baile zenak.

1276tik 1283ra Pedro Gartzes Amatriain izan zen gazteluzain eta Joan Sanchez Amatriain, 1287tik 1294era. 1290ean, 20 libera eta 100 kaiza gari zen Johan Sanchiz d¿Amatriaynn-en urteko lansaria. Soldata murrizketarekin, 6 libera eta 30 kaiza garira jaitsi zuten gazteluzainena.

Garai horretan Estaka gaztelua baino kezka handiagorik bazuen nonbait Nafarroako errege administrazioak. 1337an, Felipe III.ak alabaren ezkonsariko bahituran jarri zuen, beste bost gazteluekin, eta Aragoiko Pedro IV.ari utzi behar izan zion gero; 200 azkon, campaneta inglesa eta esku errota bat besterik ez omen zuten aurkitu 1357an egin zuten inbentarioan; eta berrikuntzaren bat egiteko ere, mugaren aitzakia jarri behar izaten omen zuten gazteluzainek. Hona zer zioen Martin Sanchez Erespuruk 1362an: ¿Erreinu barruko mugetan bertan inguratzen zuten, eta aragoiarrek gau eta egun hertsatzen zuten.¿ Dirudienez, hala bakarrik lortzen zuten zerbait. Urte horretan, 52 libera 13 sos eta 3 diruko gastua egin zuten konponketa-lanetan; gazteluan egin izan zen handiena. Eta ulertzekoa da gastu hori egitea, Nafarroa eta Aragoi elkarren kontra gerran zebiltzan eta.

Ur kontuek ere buruhauste handiak ematen zizkieten Bardeako gazteluetan. Adierazgarriak dira Estaka gazteluan urarekin izan zituzten gorabeherak. 1351n, Gil Garzia Aniz Nafarroako gobernadoreordeak ur biltegia konpontzeko esan zien, ¿...denbora asko igaro baitute urik gabe,...¿ eta material onez egiteko ¿kareore onez, teilaz eta betun onez¿. Baina, 1364an konpondu egin behar izan zuten berriz ere.

Udan ur biltegia lehortzen zenez Ebro edo Aragoi ibaira joan behar izaten zuten ur bila; hala dio 1366ko agiri batek. Estakako gainetik 16 bat kilometrora dago Ebro ibaia eta 30 bat kilometrora, Aragoi ibaia.

Biltegi ona eta nahiko ura izateak ere ez zituen nonbait arazo guztiak konpontzen. Teilatuak eta bestelako estalki edo gain lau guztiak erabiltzen zituzten euritako ura biltzeko; gero egurrezko edo harrizko zorrotenetatik bideratzen zuten biltegira. Plazatakoa ere biltzen zuten leku batzuetan, ur-biltegia zorua baino beherago egoten baitzen. Baina teilatuetakoa eta jendearen eta abereen hankapean ibilitakoa, dena leku berera joaten zen, eta biltegian usteldu egiten zen gero. Hona zer dioen 1362ko agiri batek: ¿Gazteluko sabaietako itogin eta ur ihesak plaza horretara erortzen ziren, eta handik igarotzen ziren jende eta abereek zikindu egiten zuten ura, eta biltegian usteltzen zen gero.¿ Are gehiago, Estaka gazteluan, zalditegia eta ur biltegia plaza edo patio berean zeuden.

Lau bider, gutxienez, garbitu behar izan zituzten gaztelutik gertuen ziren bi urmaelak: 1358an, 1366an, 1380an eta 1385ean. Eta beharko garbitu, haiek landarez eta errekak ekarritako lurrez betetzen zirenean. Behealdeko urmaelak erabiltzerik ez zeudenean, legoa batera (5,5 km) joan behar izaten zuten ur bila.

1417an, 72 arma-gizon bidali zizkieten mugak zaintzera, eta gazta, ogia, ardoa eta garagarra, gaztelura, jendeak eta abereek zer jana izan zezaten. 1430ean Azagrako Pedrok, gazteluzain zenak, Bardeako egurraren salmentatik hartu behar izan omen zuen soldatako dirua.

4 baleztari omen zeuden 1461ean.

1462an Eneco Zoco zegoen gazteluzain, eta bera izan izango zen azkenekoa, ez da-eta besteren izenik azaltzen agirietan.

1515ean behintzat ez zen gazteluzainik, ¿gaztelu hauek daude: Antso Abarka, Agilar, Peñarredonda, Estaka, Peñaflor eta Mirapeix, baina egun gazteluzainik gabe daude¿ baitio urte horretan Bardeako gazteluei buruz idatzitako txosten batek. Baina noiz suntsitu zuten ez dakigu, ez da-eta 1512an, 1516an eta 1521ean suntsitutakoen artean agertzen.

Estaka

Gazteluaren ipar muturra; branka antza du mendiko hainbat gazteluk bezala. Dorre nagusia ere ikusten da. (1997)

Egitura eta aztarnak

Gain laua, luzarana eta erdi etzana du Nasa mendiak, itsasontzi baten forma eratzen duela. Harresi itxurako koska edo pendiza du, gero, alderik garaienean, eta handik behera hasten da mendiaren malda. Dena dela, gero eta estuago da gaina Nafarroa aldeko ertzak, mendebaldea eta hegoaldekoa, erortzen ari baitira. Zaragozako probintziaren eta Nafarroaren arteko mugarria maldan behera joana da ja. 59 metro luze (I - H) eta 12 metro zabal da gaur egun, alderik zabalenean.

Gainaren ertzean zuen harresia, eta esparruaren erdialdean, dorre nagusia. Dorre nagusiaren bi horma alde bakarrik geratu dira bila ibili gabe ikusteko moduan. 6 bat metro garaiera eta 1,5 metroko lodiera dute horma horiek. Gutxi landutako harriz eta kareorez eginak daude hormak. Kareorez zarpiatua eta berdindua dute barruko aldea, eta oraindik nabari dira habe-zuloak. Angelu zuzenetako oin-egitura zuen erakusten, bi horma horien eta besteen oinarrien arabera.

Bizpahiru harri ilara baizik ez da geratu iparraldeko muturrean, eta beste zenbait harri lerro eta harri-pila han eta hemen sakabanaturik. Ur biltegia izan zitekeena ere suma daiteke dorre nagusitik gertu.

Konponketa-lanei buruzko agirietan aditzera ematen denez, harresiak egurrezko egitura edo aldamio moduko batzuk zituen gainean, arma-gizonak babesteko eta alde batetik bestera arriskurik gabe ibili ahal izateko. Aldamio horietatik egurrezko eskailera bat zen dorre nagusira, eta handik zuen dorre nagusiak sarrera. Dorre nagusiari erantsita zegoen ardandegia, egurrez eta buztinez egina.

Agiriek diotenez beste bost eraikuntza ere baziren harresien barruan: zalditegia, ur biltegia, sukaldea, labea eta jauregia esaten zioten etxea. Zalditegia eta ur biltegia elkarrengandik hurbil ziren. Eta eraikuntza banatan ziren sukaldea eta labea.

1362ko lanei buruzko agiri bati esker dakigu barbakana bat ere bazela. Harrizko oinarriak omen zituen, baina tapiaz, buztinez, egina, handik gorakoa. Eraso ahal izateko alderik egokiena iparraldea zuenez, barbakana han izango zela pentsatzen dugu, gazteluko esparrutik kanpora zegoen eraikina baldin bazen behintzat.

Egurrez edo buztinaz moldaturiko egiturarik ez da geratu, noski, ez teilaturik, ez aldamiorik eta ez zorrotenik. Pezoa eta adreilua ere erabili izan zituztela diote agiriek, baina zeramika puskak bakarrik aurkitu zituzten aztertzen ibili zerenek. Gaur egun Vianako Printzea erakundeak ditu horiek.

Gainerakoa higaduraren esku utzita dago tamalez.

Estaka

Dorre nagusiaren aztarnak, hegoaldetik. Oina angeluzuzenekoa, murru sendoak zituen, eta talaia paregabea zen Bardean eta Aragoiko mugan. (1997)

Iristeko

Tutera eta Ejea lotzen dituen NA-125 errepidea hartu behar da. Zaragozako probintzian sartu baino lehen bide bat dago ezkerretara, 19 kilometro zenbakitik edo zedarritik gertu. Ez dago autoz aurrerago joaterik; beraz, oinez egin beharra dago handik aztarnetarainokoa. Mendiaren beheko aldean bada tarte bat biderik gabe ibili beharrekoa, baina, iparraldera hartuz gero, bada berriz ere goraino doan bide bat.

Estaka