Deio
Kokapena eta Egitekoak
Monjardingo gaztelua izena ere ematen zaio. Mendi baten tontorrean dago, harkaitzen gainean; mendia 893 metrora dago, eta zorrotza da, mendebaldean izan ezik. Toki askotatik ikusten da gazteluko mendia, zeina Jurramendiren (1.044 m.) ondoan baitago. Bi mendi horien artean, mendate bat, Lizarra-Logroño errepidea (N-111) eta herri sorta bat daude.
Iparraldean, Ega ibaiaren arroa eta mendiak ikusten dira (Lokitz, Urbasa, Andia¿). Mendebaldean, Joar mendiak eta Berrueza harana ditu. Ekialdean, Jurramendi eta Ega ibaiaren arroa, Ebrorako bidean. Hegoaldean, paisaia zabalak daude Ebro ibairaino, muinoz josita. Dagoen lekuak dagoelako, Deiok bazuen bere garrantzia; hegoaldetik etorrita, adibidez, igarobide bat zegoen behealdean, Ega ibaiaren arrora eta iparraldeko mendilerroetara joateko. Iparraldetik begiraturik, berriz, funtsezkoa zen zenbait haran babesteko. Horixe izan zen, hain justu, gazteluaren egitekoa mendeetan, Hegotik iparrerako eta iparretik hegorako bidean, ate izatea alegia. Gauza bera gertatu zen XIX. mendean, gotorleku eta kuartel bihurtu zutenean.
Horrez gainera, badirudi errege-erreginen panteoi ere izan zela, nahiz eta egun zalantzan jartzen den hori.
Euskal Herrian ez da ohikoa, baina gaztelu honen azken 1.100 urteetako historia ezagutzen dugu, bere itzal guztiekin, jakina.
Gazteluaren ikuspegi orokorra, goitik begiratuta. (2002)
Historia
Doneztebe eta Deio izenez historian ezaguna, egun askoz ezagunagoa da Monjardin izenez. Deio, berez, hasieran, eskualde bat zen, gutxi gorabehera egungo Estellerria. XVIII. eta XIX. mendeetan esaten zuten gazteluaren inguruan lore asko zegoela, eta horregatik jarri ziotela Monjardin izena. Izen hori ere oso zaharra da; gutxienez, XII. mendearen erdialdetik dator (1143ko agiri batek honela dio: ¿¿Doneztebeko Monjardin gazteluan¿), eta dirudienez, Nafarroan bizi ziren frankoen giroko Mons Garzini hitzetatik dator. 1266ko agirietan Moniardin izenez ere ageri da hiru aldiz.
X. mendean, gotorleku garrantzitsu zen, eta Lizarrako inguruak hartu ondoren, Antso I.a Gartzesek (905-925) gaztelua kendu egin zien Tuterako Banu Kasi familiakoei, 907. urte inguruan. Baina ez dago jakiterik noiztik datorren gaztelua. Eskualdeari dagokionez, IX. mendeko aipamenak ageri dira (¿Degius¿, ¿Dearri¿¿) kristauen eta musulmanen idatzietan. Ziurrenik, gaztelua han egongo zen IX. mendearen bigarren erdialdean Banu Kasitarrak beren lurraldea zabaldu zutenean eta Deierri hartu zutenean, 859 inguruan. Dena dela, gazteluari buruzko lehenengo aipamen zuzenak 882 eta 883 urteetakoak dira, Banu Kasi familiaren barruko eta kanpoko borroken ingurukoak. Beti bezala, batek baino gehiagok aipatzen dute gazteluaren erromatar jatorria, baina oraingoz ez dago horren frogarik.
Gazteluaren konkistatzaileak, Antso I.a Gartzesek, Iruñeko eta Deioko errege gisa izenpetzen zuen batzuetan, eta bertan babestu zen edo bertatik aurre egin nahi izan zion Abd ar-Rahman III.ari 924an, urte hartan eginiko erasoaldian. Borroka txiki bat gertatu zen, baina musulmanek Ebro aldera jarraitu zuten, lehenbailehen erasoaldia bukatutzat jotzeko nahian, 97 egun baitzeramaten Kordobatik atera zirenetik.
Esaten da Antso I.a Gartzes gazteluko kaperan lurperatu zutela, 925ean, berak eskatuta, baita bere semea ere, Gartzia I.a Sanchez (926-970). Gero tokiz aldatu omen zituzten, eta Leireko monasteriora eraman. Urte askoren buruan, nobleek kaperan jarraitzen zuten biltzen, erregearen oroimenez. Uste horren oinarria Albeldako idatzi batean dago, X. mendeko bigarren erdialdean idatzia: ¿Doneztebeko elizpean ehortzi zuten...¿ Deiokoaz gain, Doneztebe izeneko beste bi gotorlekuak, gutxienez, ezagutzen dira.
Egun, Deierri izena gaztelaniazko Yerri udalerriri deitzeko erabiltzen da. Sustrai bera izan dezake Deikaztelu herriko izenak.
Gaztelua noiz sortu zen ez dago argi, eta X-XIII. mendeen artean zeinen jabetza izan zen ere ez da guzti argitu, orain arte erabili diren agiriak ez baitira zeharo fidagarriak. Dirudienez, Iratxeko monasteriora igaro zen jabetza, gazteluari atxikitako lurrekin batera (1033?); gero, badirudi berriz koroaren esku geratu zela (1045?), eta ondoren Iruñeko mitra bereganatu zuela (1092?). 1060an Sancho Fortun zen arduraduna (dominator), Fortun I.a Antso Lapurdiko II. bizkondearen semea.
Gotzainen esku zegoela, Deioko gaztelua Nafarroaren historiako bi pasarteren lekuko zuzena zen, XI eta XII. mendeetan. Lehen gertaera adierazgarriak, Peñalengo fratrizidioak (1076) zatiketa ekarri zuen erresuman, eta Deio berriro muga bihurtu zen, orduko hartan Aragoiren eta Gaztelaren artean. 1111. urte inguruan, berriz, nafarrak kanporatu egin zituzten eta frankoek hartu zuren haien lekua gazteluan (erresuman gertatzen ari zenaren isla zen hori). Urte haietan, erregeen agirietan agintarien berri ematen denean, askotan agertzen da Deio orduko gotzainaren esku zegoela. Gartzia IV.a Ramirez Berrezarleak (1134-1150) eginiko dohaintza batean, adibidez: ¿Antso izanik Iruñeko apezpiku eta Doneztebeko gazteluan.¿ Aragoiarren eta gaztelarren eraso baten ondoren ere bai, 1177ko ekaineko agiri batean ¿Antso izanik konde Donezteben eta Leginen¿ (beraz, berriro aragoiarren esku zegoen).
1223ko apirilean, Iruñeko apezpiku Remirok, Deio eta Uharteko herria eta gaztelua eman zizkion Antso VII.a Azkarrari, Iruñeko elizaren aldeko dohaintzak eskertzeko. Jabetza kontuak korapilatu egin ziren gero: 1238an, Teobaldo I.ak gazteluaren ondasunak eman zizkion Pedro Ramirez Piedrola Iruñeko gotzainari, nahiz eta gaztelua bera ez zion eman (¿gaztelua bera izan ezik¿).
1255ean, Teobaldo II.a erregea berriro gaztelua bereganatzeko ahaleginetan hasi zen. Ituna ere egin zuen Pedro Ximenez Gazolaz gotzainarekin, Deioko eta Jaizko Oro gazteluak haren eskuetara igarotzeko, baina Aita Santuak ez zion eman oniritzirik eta bertan behera geratu zen. 1321ean, ordea, eta arazoak arazo, gaztelua koroaren jabetza izatera igaro zen, 1319ko beste itun bat gauzatu zenean. Hitzartutakoaren arabera, erregeak Iruñeko 4 auzo, Deio eta Oroko gazteluak eta hainbat herri eskuratu zituen, urtean 500 liberako errentaren truke.
Nahiz eta elizarena izan, gazteluzainen izenak ezagunak ditugu garai gehienetan:
1031-1068 urteen artean, Sancho Fortuñones zen gazteluzain, Iratxeko agirien arabera. 1060ko agiri batean, esate baterako, ¿Antso Fortunion jauna, Doneztebeko Deiokoa, eta Blaskita andrea, haren emaztea¿, esaten da. Aragoiarren esku egon zenean, Erroko arduradun eta Nafarroako konde Antso Sanchez (1077-1098) zen gazteluzaina Deion. Batzuetan eliz-gizonak edo elizaren inguruko lagunak izendatu zituzten. Hala, 1265ean, Jenego Gil d¿Els Arcx zen gazteluzaina, eta 8 libera eta 40 kaiza jasotzen zituen urtean. 1276ko azaroan, Joan Perez Legariak leialtasunaren zina egin zion Joana I.aren (1274-1305) ordezkariari, Imberto Belpuch Frantziako kondestableari.
Jabetza koroaren eskuetara itzuli zenetik, agirietan maizago geratu da gazteluaren gorabeheren inguruko informazioa. Dena dela, gaztelu honek ez zuen lehentasunik izan muga urrundu zutenetik, eta hori argi ikusten da konponketa lanetan. Askotan, inguruko leinukoak edo herriko semeak ibili ziren gazteluzain lanetan: Iguzkitzako jauregiko Medrano, Bakedano, Desoio, Eulate¿
XV. mendeko gerrak zirela, gaztelua gehixeago hornitu zuten. 1429ko abenduko berriek diote -Gaztelarekin gerran zegoen orduan-, 10 balaztari zeudela gazteluan, eta 2 kanoi zituela, gutxienez. Agramondarren eta beaumondarren arteko gudan, 1450-1451 urteetan, balaztari gutxiago zituen gazteluak, 4 besterik ez.
XV. mendeko gerra zibilari amaiera emateko asmoz Agoitzen 1479an izenpetutako itunaren arabera, Leringo kondeari aitortu zizkioten Doneztebeko gazteluaren eta haranaren jabetzak, hainbat herri, gaztelu eta gazteluburutzaren artean. Handik aurrerako itunetan, ez zen zalantzan jarri izan Monjardinen jabetza nork zuen. Leringo kondeak, Nafarroatik erbesteratu eta aberastasunak kendu zizkiotenean, 1507an, Fernando erregeari eman zizkion erresuman zituen ondasunak Gaztelako beste batzuen truk. Jarraian, errege horrek Joan Ribera, Nafarroako mugako kapitain jenerala, izendatu zuen Nafarroako ondasunen administratzaile.
1512ko uztailaren 21ean, Fernando Katolikoak bidalitako gerrariak Nafarroan sartu ziren, Burundatik, eta 25ean Iruñeak amore eman zuen; handik aurrera, berdin egin zuten gainerako herri eta gazteluek. Amore eman zuen azkenetako bat Deio gaztelua izan zen (irailean hartu zuten gaztelarrek). Urrian egin zuten nafarrek erresuma berreskuratzeko lehenengo saialdia, eta saio horretan, Agramondarrek lorpen batzuk egin zituzten; esate baterako, Tafallako, Cabregako eta Deioko gazteluak eskuratu zituzten. Batzuen aburuz, San Martingo Joan Ramirez Bakedanok eta Iguzkitzako Jaime Belaz Medranok, Lizarra galdu ondoren ere, urriaren bukaeran, borrokan jarraitu zuten Mengaurduy gazteluan.
1512an, Fernando Katolikoak orduko Leringo kondeari, III.ari, Nafarroako kondestable tituluaz gain, Monjardin gaztelua eman zion, Nafarroako errege-erreginek haren aitari kendu zioten hura bera. Horri esker, 1512 eta 1521 urteen artean ez zuten gaztelua suntsitu. 1564an, Brianda Beaumontekoa Diego Alvarez Toledorekin ezkondu zen, eta Deioko gaztelua Alba leinuari atxikirik geratu zen, beaumondarren beste ondasun eta tituluekin batera. XIX. mendean, jabetzak Albatarren esku jarraitzen zuen.
1836an, karlistek gaztelua erabili zuten, gotorleku bihurtuta. Han konpainia bat kokatu zuten, kanoi batekin. 1836. urtean eginiko plano bat gorde da, bere xehetasunekin. II. Karlistaldian ere izan zuen bere garrantzia gaztelu honek, bereziki Jurramendiko batailan (1873ko azaroaren 7tik 9ra).
Kuartel gisa ere erabili zuten II. Karlistaldiaren ondoren, beste toki batzuetan egin zuten bezala. Honekin batera, Jurramendiko gotorlekua ere erabili zuten, XX. mende arte.
Ur biltegiaren barrualdeko ikuspegia. (1999)
Egitura eta aztarnak
Nahiz eta haitz baten gainean eraikia izan, ez da haitzen gainean eraiki ohi zituzten gazteluen antzekoa, oso zabala baita. Eraikin osoa haitzean ezarria dago. Pentagono irregular baten itxura du oinak; E-tik M-ra hedaturik dago, eta itsasontzi itxura du apur bat. Kanpotik begiraturik, zatirik ikusgarriena hegoaldeko muturra da: dorre angeluzuzen sendo batekin bukatzen da, hori ere haitzaren gainean eraikia; harlanduzkoa da, eta lubanarro edo erreten bat du.
Horma zati batzuk bereiz daiteke, harlanduen arabera, harresian zehar. Dena dela, Erdi Aroko harresiaren bukaera edo goialdea galdu du gazteluak, luzera osoan galdu ere. Sarrera ekialdean dago, iparraldeko muturretik gertu, harrizko eskailera luze baten bukaeran. Agirien arabera, 1367an harrizko eskailera handi bat egin zuten, haitzaren behealdetik gaztelura.
Atearen inguruan XIX. mendean eginiko konponketak nabari dira, fusilak erabili ahal izateko eginiko aldaketak. Sarreratik gertu, gazteluaren barrutian jada, Gurutze Deuna baseliza dago, lehen Donezteberen kapera deitzen zioten. Baselizaren parean, ekialdeko harresiari atxikirik, gela batzuk ageri dira -beharbada Albatarrek jartzen zuten gazteluzainaren eta bere familiaren bizilekua-, XIX. mendeko gerretako egokitzapenekin, jakina.
Gela multzo horren eta baselizaren artean beste eraikin bat dago, apala, ur biltegia estaltzen duena. Benetan ikusgarria da ur biltegia, inguruan ibil baitaiteke. Burdinazko atearen azpian, ura biltzeko kanalaren azken harria dago oraindik. Gaur ere ura dago, eta herriaren ustetan, ez da sekula agortzen. Gazteluaren eraikinik zaharrenetako bat da; 1371ko agiri batek dio ¿biltegi txikia¿ konpondu egin zutela, eta, beraz, badirudi besteren bat ere bazela garai hartan.
Mendebaldeko hormaren gainean, XIX. mendeko gotorlekuaren aztarnarik nabarmenenak ikusten dira; bi solairuko eraikina da, eta bietan fusil-leihatilak ageri dira. Gazteluak, kanpotik begiraturik, alde horretan 15 metroko garaiera izan dezake.
Kaperan edo baselizan zilarrezko prozesio-gurutze bat zegoen (gaur egun herriko elizan da), 75 x 48 zentimetrokoa, Berant Erromanikokoa. Artzainek aurkitu zutela esaten da (edo artzain batek), eta gazteluaren kaperaren izena aldarazi zuen gurutze horrek.
Espainiako Armadaren Geografia Zerbitzuaren agiritegia (kartoteka, 490 zkia.). (Castillos Reales de Navarra (siglos XIII al XVI) liburutik hartuta, 1994)
Iristeko
Behin herriaren goialdeko azken etxeraino iritsirik, edo pistatik poliki-poliki igo, mendiaren ezkerraldetik, edo gaztelutik jaisten den bidezidor bat hartuta zuzen igo.
Gaztelua itxi egiten dute, baina udan egun osoan zabalik egoten da.