Volver a la página índice

Arrasate

FITXA

Udalerria: Arrasate

Herrialdea: Gipuzkoa

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Deba eta Aramaio ibaiek diseinatu duten 263 metrora dagoen muino baten gainean zegoen gaztelua. Mendixkaren goialdeari, egun Santa Barbara izenez ezagutua, ¿Goiko obalu¿ edo ¿Goikobalu¿ esaten diote, eta gazteluari ere izen hori hasi zaizkio ematen arkeologian. Badago beste toki bat Bekobalu izenekoa. Dena dela, Arrasate izena bera ere interesgarria da. Harresi-ate? Mendate bat?¿ Izen horrek ba ote du zerikusirik gaztelua dagoen muinoarekin?

Arrasate

San Andres edo hego-ekialdeko dorrea, gainean babesa eraiki ondoren. (1999)

Historia

Agirietan oinarritu gabe, edo gaizki ulerturen bat tarteko zela, hasierako historialariek esaten zuten Antso Abarka errege nafarrak 27 gaztelu eraiki zituela, Arrasateko hori barne. Esteban Garibai Zamalloa Arrasateko historiagileak zenbait muga jarri zizkion uste horri bere Los XL libros del Compendio historial de las chronicas y universal historia de todos los reynos de España idatzi mardulean. 1566rako bukatua zuen liburua, eta 1571n argitaratu zuen lehenbiziko; bere herriko gazteluari buruz aipamen hau egiten du, XXII. liburukiaren VIII. atalean:

¿Antso Abarkaren ondasun bezala aurkezten dituzte zenbait herri; Gasteiz eta Donostia ez dira hark sortuak, eta Arrasaten gotorlekua eginarazi zuen, gero Mondragon deitua. (...) Antso Abarkak Gipuzkoan zein eraikin eginarazi zituen aztertzen hasita, eta agiri fidagarriei jarraiki, herrian dagoen gaztelua horietako bat dela baiezta dezakegu; orduan Arrasate esaten zioten (...) eta gero Mondragon (...). Printze horrek gaztelu gotor bat eginarazi zuen Arrasate herriaren gainaldean, harrizko mendi koskor eder baten gainean, zeinak baitirudi propio horretarako sortu zela; garai hartako gotorlekuek bezala, irispide zaila zuen, mendiaren alde guztietan aldapa piko-pikoarekin (...). Gazteluari erasotzea zaila zen Antso Abarkaren garaian, baina egun ere, suzko tresna izugarriak erabili arren, ezin da leherrarazi, ez eta kanoiz eraso ere milia eta erdira; horregatik, zutik iraun zuen, Joan II.a Gaztela eta Leongoaren erregealdiko zazpigarren urte arte. Errege horrek eraitsarazi zuen, herritarrek hala eskatuta, istiluz betetako garai hartan gehiago erabiltzen baitzuten gaizkileek herritarrek baino; egun, dorretzarrak eta zimenduak ikus daitezke, izan zenaren erakusgarri (...).¿

Garibaik berak mugatu egiten digu Antso Abarkaren erregealdia beste bi ataletan, eta 939-958 urteen artean agindu zuela baieztatu. Egun, Iruñeko VI. erregetzat jotzen da Antso Abarka, 970-994. urteen arteko agintaldiarekin. Gaztelako Joan II.aren gaztelua suntsitzeko agindua, berriz, haren agintaldiaren 7. urtean eman bazuen, 1426an izango zen, benetako agintaldia 1419an hasi bazuen (berez, 1406tik erregea zen, 22 hilabeteekin, tutoretzapean).

Herriari zion maitasuna adierazteaz gain, benetan aipamen luzea eskaini baitzion, entzundakoari sinesgarritasun osoa ematen zion. Dena den, esandakoak balio digu kokalekua eta historia atalak idazteko, oso gutxi baitakigu.

Leinuen arteko borroken eraginez, Arrasate herria erre egin zen, 1448an, baina horri buruzko idatzietan ez da aurkitzen gazteluaren aipamenik, eta badirudi ez zutela erabili babesteko, baina oraindik gaztelua ez zegoen oso-osorik suntsituta, Gaztelako Enrike IV.ak eraisteko agindua eman baitzuen geroago, berriro herriak eskatuta, 1457ko martxoaren 30ean.

Rodrigo Ximenez Radak ez du esaten Arrasateko gaztelua Alfontso VIIIak Gipuzkoan eskuratutakoen artean zegoenik. Zazpi aipatzen ditu. Garibaik Arrasatekoa gehitzen dio zerrendari, ¿¿ eta Bizkaiko mugan, Arrasateko gaztelua, zeinari Mondragon deitzen zaion orain¿¿, baina ez du agiririk aipatzen.

Dena dela, ezin dugu ahaztu, bolada batez Gaztelako koroaren pean egon ondoren, Gipuzkoa 1123 eta 1199 urteen artean berriro Nafarroako Erresumari atxiki zitzaiola, eta urte horietan Antso VI.a Jakitunak eta Antso VII.a Azkarrak gotortu egin zutela Euskal Herriko mendebaldea, Gaztelaren nagusitasunari aurre egiteko. Beraz, garai horretakoa izan daiteke Arrasateko gaztelua, eta aukera hori indartu egin da eginiko indusketarekin.

Han 1653an eraiki zuten baseliza bat, Letona eta Leibar egileen arabera, XIX. mendearen hasieran hondatua.

Arrasate

Zarugalde edo ipar-mendebaldeko dorrearen aztarnak eta harresien bukaerak. (1999)

Egitura eta aztarnak

1994an, Mertxe Urteagaren zuzendaritzapean (Arkeoikuska-1994, 217-228.orr.), indusketa lanak egin zituzten Goikobalun. Lan horien helburua zen jakitea zein egitura zeukan gazteluak, parkea hankaz gora jarri gabe. Bazeukaten hiru dorreren berri, eta handik abiaturik, laugarren dorrea aurkitu zuten, eta dorreen arteko horma zatiak. Aurkikuntza horiekin, gazteluaren oina marraztu zuten, angeluzuzen bat, ia karratua, izkinetan dorre zirkularrekin eta barruti aldera zabaldurik. Hormak 30 metro luzekoak ziren gutxi gorabehera, eta 2¿2 metro zabalekoak.

Ez zen ikerketaren helburua hori zehaztea, baina egitura horri edukita, baliteke aztarnak XII. mendeko bigarren erdialdekoak izatea, zuhurtasun osoz esanda. Beti bezala, horrek ez du esan nahi lehenagotik zerbait zegoenik, Garibaik aipatutako Antso Abarkarena, esate baterako.

Izkinetako lau dorreen aztarnak ikusten dira parkeko goiko aldean, bideen artean, eta lauren egoerak ezberdinak dira. Ipar-ekialdeko dorrea eraldatua dago oso, iturri bat egin baitzuten behealdean, eta brontzezko herensugea jarri zuten herriko ikurra gisa (¿Mont-Dragon¿). Ipar-mendebaldekoan, bigarren edo Zarugalde dorrearen ondoan, harresiaren harri batzuk ikus daitezke oraindik. Dorre hori haitz baten gainean egina da. Azken bi dorreetan, Hego-mendebaldekoan edo Aramaion eta Hego-ekialdekoan edo San Andresen, benetako harriak bilatu behar dira, gainean hormak eraiki baitituzte babesteko asmoz, dorrearen itxurari estu-estu jarraituta. Etorkizunean, arazo handirik gabe ken daitezke estalki horiek. Bi horiek dira osatuenak, eta aztarnen garaiera 1,7 eta 1¿4 metrokoa da. Ziurrenik, biek jarraipena izango dute goialdea inguratzen duen pasealekuaren azpian. Mendia bera ere kontuan hartu behar da, egokitu egin baitzuten gaztelua eraikitzeko.

Egun, gazteluak hartzen zuen eremua zabaldi lau bat da, eta mendiaren maldak parke zoragarri. Erdigune horretan, dorre nagusia bilatu behar da etorkizunean. Erdi Aroko herria mendiaren iparraldeko maldan hedatzen zen soilik, baina egun herriak inguratu egin du mendixka behealdetik. Nahiz eta gainerako hiru aldeak askoz malkartsuagoak izan, arkeologoek ez dute baztertzen defentsarako bigarren lerro bat egon zitekeela maldetan.

Arrasate

Arkeolanek eginiko planoa: ¿hipotesien araberako berreraikuntza¿. (Eusko Jaurlaritza: Arkeoikuska-94). Izkinetako dorre eta hainbat horma zati zuzenez gain, egungo parkeko bide zirkularra ere marraztu dute.

Iristeko

Arrasateko alde zaharra muinoaren iparraldeko maldan dago. Igotzen den edozein kaletatik gaztelura joan daiteke. Handik, Gazteluondo toponimoa zeharkatu behar da (auzo bat zen, eta kale bat da egun). Baina muinoaren inguruko edozein auzotatik ere igo daiteke, bideak baitaude.

Arrasate

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk