Volver a la página índice

Arguedasko gaztelua

FITXA

Udalerria: Arguedas

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Herriaren ondoan, tontor malkartsu baten gainean zen gaztelua, eliza, herria, inguruko zelaiak eta Ebro ibaia gainbehera hartzen zituela. Inguruko joan-etorriak kontrolatzea eta herria babestea ziren, beraz, gazteluaren egiteko nagusiak. Eta musulmanak joan ondoren izan zuen gainera lanik handiena, erresuma kristauen arteko gerretan alegia, izan ere hurbil zuen Aragoiko muga, eta Gaztelakoa ere bai, hori Errioxa aldera zabaldu izan zenean.

Arguedasko gaztelua

Gazteluaren kokalekua, herriaren gainean, zulo edo erretenez berezitako gainalde osoan. (2001)

Historia

Dirudienez, Antso V.a Ramirez Iruñeko XI. erregeak (1076-1094), eta 1084ko urtean, hartu zuen Arguedas. Baina musulmanez inguraturik jarraitu zuen gero ere, beste 35 bat urtean, Valtierra eta Tutera haien esku geratu baitziren 1119 arte. Errege berak antolatu zuen herria, eta herriko gazteluan, ¿¿nik, Antso Ramirezek, Arguedasko gazteluan¿, sinatu zuen hiri-gutuna, 1092.

Urte hori baino lehenagokoa da, beraz, gaztelua, eta gaztelu horren aurretik ere bazen, dirudienez, zerbait, eta leku berean seguru asko. Ez dakigu nolakoak ziren, ez gaztelua eta ez herria, ezta zer lotura mota zuten ere elkarrekin. Dena dela, Arguedas baino garrantzitsuagoa zen Valtierra, garai haietan, eta hobeto prestatua zegoen gerrarako. Gazteluaz gainera, beste zenbait dorre ere baziren inguruetan herria hobeto zintzeko, eta herria bera gotorturik zegoen, bestalde. Bada bi herrien arteko aldea ondo adierazten duen anekdotatxo bat: Abd al-Rahman III.ak Valtierrako gazteluan eman omen zuen gaua 924ko erasotik itzultzerakoan, eta Arguedas, berriz, aipatu ere ez dute egiten kronikariek.

Garrantzi handiko tenentzia edo administrazio-unitatea izan zen Arguedas musulmanak Ebro aldetik joan ziren arte, eta ezagunak dira Arguedasko orduko jaun edo tenente batzuk. Izen eta urte batzuk ez datoz agiri guztietan bat. Horien artean Aznar Aznares, ¿Aznar Aznarez, Funesko eta Arguedasko jauna¿ edo ¿Aznar Aznarez, Arguedasko eta Tuterako jauna¿, da aipatuenetakoa.

Joan Diazek aldaketa handiak ezagutu zituen tenente izan zen bitartean (1122-1137) Alfontso I.a Borrokalariak (1104-1134) heriotza, Iruñeko eta Aragoiko Erresumen banaketa eta Gartzia IV.a Ramirez (1134-1150) Nafarroako errege izaten ere bai, hiru urtez.

1177an, berriz ere -ez dakigu noiztik- Aragoiko parte zen Arguedas, eta Alfontso II.a hango orduko erregeak arma-gizonak jarri zituen herrian; eta zuen forua berresterakoan lur sail eta eskubide gehiago eman zizkion, bestalde.

Baina denbora gutxian izan zen Aragoiko parte, Antso VI.a Jakitunak (1150-1194) berreskuratu baitzituen, bai herria eta bai gaztelua. Errege horren garaian Lop de Mendoça zen Arguedasko tenente, 1191n behintzat.

Hona gazteluzain batzuen izenak ere: 1197an Pedro Cascante zen; 1201ean, Aibarko Ximeno; 1259tik 1266ra, Gil Martinez Urantzikoa (Gil Martinez d¿Els Arcx izenez jasotzen dute agiriek). 1276tik 1280ra, Diago Perez Sotes; Arguedasko eta Azkoiengo gazteluen izenean egin zion Joana I.ari (1274-1305) leialtasun zina. Joan Sanchez Monteagudo, gero, 1280tik aurrera. Beltran Noeris izeneko bat ere izan zen tartean, baina berriz ere Sanchez Monteagudo familiakoei eman izan zieten gazteluaren ardura, Pedro Sanchez Monteagudo aitari, 1304an, eta izen bereko semeari, hurrena. Aita-semeen artean berrogeita hamar urtez izan ziren horiek gazteluzain. Aldi berean kapitain edo defentsako arduradun ere bazen Arguedasko zenbait gazteluzain.

Ur biltegiaz aparte putzu bat ere bazuen gazteluak. 1365ean eta 1372an garbitzen eta konpontzen aritu ziren, eta ¿ay agoa biua¿ dio 1372ko agiriak, putzuan iturria dagoela alegia, ez dela euritako ura. Gazteluko esparrutik kanpora egongo zen seguru asko, zeren harkaitzaren beheko aldean zegoela baitio beste idatzi batek.

1379an zerga gutxiago ordaindu behar izan zuten Arguedasko biztanleek, nahikoa gastu izan zutela gaztelarrei gaztelua kentzen eta hura konpontzen eta Karlos II.ak (1349-1387) barkatu egin zien parte bat. 1430ean, berriz ere udalaren gain geratu zen gaztelua konpontzea. 100 libera kostatu zitzaion konponketa, baina erregeak herriko labearen etekinak eman zizkion ordainetan.

Askotan konpondu behar izan zituzten gazteluaren harresiak, eta oinarriak ere bai, behin edo behin. Emakumezkoak ere lanean jardun zuten 1385eko konponketetan, trebezia berezirik behar ez zen lanetan baina. Badu Itziar Muñoz Cascantek han lanean aritu ziren emakumezkoen soldatei buruzko azterketa bat. Bertan ikus daitekeenez, eta ohizkoa zenez, lanen hasieran emakumezkoek, gizonezkoen soldatarekin alderatuz, gutxiago jasotzen zuten (kasu honetan, %14,3 gutxiago zehazki): 6 diru eta 7 diru, hurrenez hurren. Gero, eta erregeari esker, langile gaitugabeei soldata igo egin zieten, baina areagotu egin zen sexuen arteko aldea, emakumezkoek gizonezkoen erdia jasotzen zutenez: 3 sos gizonezkoek eta 18 diru emakumezkoek (sos 1 = 12 diru).

1387an, Bardea alderako hormatalean aritu ziren lanean. Dorre batetik besterako karelak eta almenak konpondu zituzten, harriz eta igeltsuz, eta egurrezko aldamioak edo ibil-lekuak ere bai, bide batez, baina horretarako harresiaren zabalera bikoiztu behar izan zuten lehenbizi.

Konponketa kontuan harresiak ematen zuen lanik gehiena, ikusi besterik ez dago zenbat urtetan aritu ziren harresietan lanean: 1286an, 1371n, 1384an, 1385ean, 1387an, 1431n eta 1440an. Gaztelua utzi egin zuten gero, eta ez da harritzeko hain aztarna gutxi izatea.

1337an ezkonsaritako bahitura gisa erabili zuten gaztelua, eta Aragoiko Pedro IV.ari eman behar izan zioten beste bost gazteluekin. Gauza bera gertatu zen 1404an ere, berriz ere Aragoiko erregeari eman zioten Blanca printzesaren ezkonsaria bermatzeko; beste hiru gazteluekin, orduan. Horrelako kasuetan gazteluzainaren leialtasun-zina baliorik gabe geratzen zen, eta errege edo jaun berriari zin egin behar izaten zioten. Bestalde, gaur egun nazionalitatea deituko geniokeenari ere uko egiten zion gazteluzainak, jaun berriari erabat leialak izateko.

Arguedasko gazteluan gertaturiko anekdoten artean Elvira Castrorena kontatu ohi da. Lapurretan harrapatu omen zuten, baina haurdun zegoenez, umea izateko geratzen zitzaizkion 4 hilabeteak gazteluko ziega batean pasatu behar izan zituen (1307), eta ibaian ito omen zuten erditu zenean.

1456an, Joan II.ak (1425-1479) Arguedasko herria eta gaztelua saldu zizkion Peraltako Martini, honek Vianako Printzearen aurkako gerran izan zituen gastuengatik-edo. Salmenta baino gehiago gastuen ordaina izan zen, eta beste gaztelu eta herri batzuk baziren tartean.

Zurita kronikari aragoarrak dioenez, Fernando Katolikoagandik berak eman zuen, Nafarroa Garaia konkistatu ondoren (1512), Arguedasko gaztelua suntsitzeko agindua.

Irulegi

Herriko elizako inguruetatik begiratuta, gazteluaren iparraldeko horma zati bat, arrain-hezurdura egituraz eraikia. (2000)

Egitura eta aztarnak

Harresia leku gehienetan desagerturik dagoenez, amildegiak eta lubakiak hobeto adierazten dute nondik noraino zen gaztelua. 40 metroko luzera (iparraldetik hegoaldera) eta 30 metroko zabalera (ekialdetik mendebaldera) zituen. Erretena edo lubanarroa, berriz, ekialdetik mendebaldera doa uztai bat eginez iparraldetik, gazteluaren eremua Bardeako mendietatik bereiziz.

Bi harresi lerro eta bi esparru zituen gazteluak, konpontze lanetako agirien arabera, 6 tapiales zen, almenak barne, iparraldeko hormatalaren garaiera. Bardea aldera begira zuen sarrera, eta gutxienez bi dorre zituen alde horretako hormatalak. Ate ezkutu edo beste ate txiki bat zuen kanpoko harresian.

Herritik ere ikusten dira kanpoko harresiaren aztarnak. Harriak arrain-hezurren egituran taiutuz eraikia du hormataletako bat, eta antzinatasunaren adierazle da hori; XI. mendekoa? Tontorraren hego-mendebaldean da aztarnarik luzeena: 18 metro luze, eta 0'90 metro zabal. Gaur egun sare burdinazko batez loturik daude hormatala eta harriak, mendi erortzeko zorian dagoelako. Beheko aldean porlanez sendotu behar izan dute, bestalde. Bada beste zati interesgarri bat ere kanpoko harresian, hego-ekialdeko izkinan, baina puskaz puska desagertzen ari da.

Dorre nagusiak oholez eta igeltsuz egindako (1371) aldamio moduko bat zuen goiko aldean, zelatarako. Dorre nagusiaz aparte beste hiru dorre txiki ere baziren gutxienez: sarreraren ondoan, bat, kaperatik gertu, labearen ondoan, bestea eta mandio gainean, hirugarrena. Oinplano biribilekoa zen horietako bat.

Arkupez edo aterpez horniturik zeuden gazteluaren lorio nagusiko hiru alde. Etxebizitzak, kapera, espetxea, zalditegia, eraikuntza pilatxoa zen harresien barruko esparruan; horietatik bi besteak baino garrantzitsuagoak edo dotoreagoak omen ziren, eta bata goian eta bestea behean zeudenez, bati goiko jauregia eta besteari beheko jauregia esaten zieten. Eraikuntza bereizia zuen kapera.

Gaur egun, sakonuneak, hormatal eta harri ilara batzuk, besterik ez da bistan gazteluko esparruan, eta oinplano biribileko eraikuntza baten oinarriak, ipar-ekialdean; agirietan aipatzen den dorre txiki zirkularren oinarriak, agian. Gainerakoan, Erdi Aroko zeramika puskak eta teila kondarrak, han eta hemen sakabanaturik.

Hegoaldeko ertzetik gertu den zuloa ur biltegia sarrera zen bere garaian. Gaur egun zabaldurik edo handiturik dago ahoa eta sar daiteke ikustera. Lurra eta harkaitza ebakiz egina da, eta oraindik ere ikus daitezke urari eusteko harriz eta kareorez egin zuten horma. 1384ko agiri batek dioenez, jarioa egin zitzaion eta konpontzen aritu ziren urte horretan. 5 metroko luzera eta 2¿4 metroko zabalera zituen ur biltegiak.

Gazteluko esparrutik kanpora ere bazen eraikuntzaren bat edo beste; dorre bat eta bi barbakana, behintzat. Dorreari albarrana esaten zioten, 1365eko dokumentu batean agertzen denez. Valtierra alderako partean zuen bat eta Bardea alderako sarreraren aurrean, bestea.

Irulegi

Lur azpiko ur biltegi gangadun baten aztarnak, urak ekarritako lurrez beterik. (2000)

Iristeko

Gazteluaren aztarnak diren tontorrera igotzeko, eliza inguruan den La Peña kalea / Yugo santutegirako bidea alde batera utzi, eta ezkerreko kalea hartu behar da, Auzo Berri aldera alegia. Gero, eskuineko lehenengo kalea, Auzo Berri kalea. Mendiaren barrenean amaitzen da kale hori, eta handik gora urak egindako lubaki sakon bat dago eskuinetara, eta bidezidor bat lubanarroraino. 5 minutuko bidea da, gutxi gorabehera. Harkaitzean egindako harmaila batzuk ere badira lubanarrora baino lehen.

Irulegi

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk