Volver a la página índice

Aitzorrotz

FITXA

Udalerria: Eskoriatza

Herrialdea: Gipuzkoa

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramica 1

Haundia

Txikia

Panoramica 2

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Eskoriatzako Bolibar elizatearen barrutian zegoen gaztelua, 736 metroko haitz zorrotz eta ikusgarri baten gainaldean.

Gazteluak, Leintz izeneko harana kontrolatzeaz gain (Debagoienean), Arlaban mendatean zehar Arabatik zetorren bide nagusietako bat ere begi bistan zuen. Berebiziko garrantzia zuen hegoaldetik iparralderako komunikazioa kontrolatzeko; Arabako lautadaren mendebaldetik itsasora heltzeko, bide horretatik pasatu beharra zegoen. Erdi Arotik kanpo, gazteluaren azpitik igarotzen zen Madrildik Frantzia zihoan bide nagusia, San Adriango igarobidea baztertu zutenetik N-1 errepidea Etxegaratetik egin arte. Tokiaren garrantzia agerian geratu da berriro Eibar-Gasteiz autobidearekin.

Igarobidea kontrolatzeaz gain, Nafarroako erregeak antolatutako barruti baten administrazioaren egoitza ere izan zen gaztelua, eta, dirudienez, Gipuzkoako eta Arabako ardurari zegokion.

Aitzorrotz

Haitza, Gurutze Deuna baseliza eta gazteluaren aztarnak ekialdetik. Haitzaren inguruan, gaztelutik eroritako harriak. (1974)

Historia

Behin eta berriz esan izan da erromatarrak Aitzorrotzen ibili zirela, eta azken urteetako ikerketei jarraiki, inguruan ere ibili zirela uste da. Bestalde, Aitzorroztik gertu, Eskoriatzatik Leintz-Gatzaga herriaren aldera, ibaiaren ondoan, Maulanda auzoa dago, eta esaten da mairuak haraino iritsi zirela, razzia edo erasoaldi batean.

Antso VI.a Jakitunak (1150-1194), alboetako erregeek sortutako arriskuak ikusita, Nafarroako Erresuma sendotzeko politikari ekin zion. Bere garaian, erresumen arteko mugak finkatu zituzten, lehenik Aragoiko Erresumarekin eta gero Gaztelakoarekin, 1179an Naiaran. Eta esan esaten da, Antso Jakituna gehiago kezkatzen zuela mendebaldetik zetorren arriskua Aragoitik zetorrenak baino, eta hori argi erakusten du erresumaren mendebaldean antolatu zuen defentsa sistemak. Gotortzeko asmo horien ondorio izango zen Aitzorrotz.

Ia etenik gabe hiru belaunaldiz Ladron sendiak Arabako agintea eduki ondoren (1130-1179), Antso Jakituna barruti hori banatzen hasi zen. Horrela, 1181-1182 urteetan Diego Lopez (Diago Lupi, Didagus Lupi¿) aipatzen da arduradun gisa ¿Alauam et Ypuzcoam.¿

1184rako badugu arduradun bat Aitzorrotzen (izen horrekin agertzen da, gainera, Aizorroz): Enecone de Oriz. Baina 1185 eta 1188. urteen arteko hainbat agiritan ikusten da Eneko Oritzek bazituela izendapen gehiago ere, Aitzorrotzekoaz gain: ¿¿¿,Dominante et in Ypuzcoa ¿Eneco Oriz in Alava et in Ypuzcoa.¿ Hori guztia ikusita, gutxienez 1184tik Arabako eta Gipuzkoako tenentzien egoitza Aitzorrotz izan zela uste da.

Bestalde, Aitzorrotz modu askotara idatzia agertzen da; 1187ko agirietan bakarrik, honako aldaerak ageri dira: Aiçorroz, Aitzçorretz, Aitzçorrotz, Aitzçorriz. 1188an, Arcorroz eta Azçorroz. Gazteluburuaren izena, berriz, gehienetan Oriz idatzirik agertzen da, baina baita Oritz, Oritç eta Orriz ere. Latina erabiltzen zuten, eta bistakoa da ez zekitela euskarazko soinuak latin grafiarekin ematen; hortik dator izenen nahasmendu edo anabasa.

Arabako tenentzia horri zegokion lur eremua urrituz joan zen Gasteiz hiria sortzearekin, 1181ean. Garai hartako Araban tenentzia berriak sortu zituen Nafarroako erregeak, eta agirietan agertzen hasi ziren: Zabalate, Zaitegi¿ gehienak Aitzorrozko gazteluko agintetik bereizirik; hala, XII. mendearen bukaeran, eta hamar urteko epean, Araban, bost barruti administratibo izatetik hamar izatera igaro ziren.

Urte horietan, hiribilduak sortzen eta foruak ematen jarraitu zuen erregeak, besteak beste, honako hiri eta herri hauei, Donostia (1180), Gasteiz (1181), Antoñana (1182), Bernedo (1182), Argantzon (1191). Unitate administratibo horiek eta hiriak sortzea Antso VI.a Jakitunak abiatu zuen antolakuntza aldaketen barnean ikusi behar da. Erresuma kontrolatuago bat eraikitzen ari zen, eta mugak gotorragoak nahi zituen, bereziki mendebaldekoak. Bestalde, tenentzia horietako buru izan zirenen izenak, Aitzorrozkoak barne, askotan agertzen dira erregeak izenpetutako agirietan lekuko gisa, eta horrek esan nahi du erregearen gertukoak zirela, berarekin ibiltzen zirela.

1189tik aurrera ez dakigu nor izan zen Aitzorrozko arduradun. 1194an, Arabako hainbat tenentziatan gazteluburuak aldatu zituzten: Guardia, Zaitegi, Zabalate, Gasteiz¿ Urte hartako urtarrilean Pedro Ladron agertzen da Aitzorrozko arduradun gisa, Petro Latrone Aitççorrotç (Gebara deitura hartuko duen leinuburua zen).

Hurrengo erregeak, Antso Jakitunaren semeak, Antso VII.a Azkarrak (1194-1234), politika berari heldu zion. Dena dela, Gipuzkoan ere errege izan zen urteetan -hasierako 5 urteetan-, berri eta aipamen gutxi ditugu Gipuzkoako eta Arabako tenentziari buruz. 1195ean, Lope Sanchezek utzi egin zuen Arluzeakoa, eta Pedro Ladron ordezkatu zuen Arabako eta Gipuzkoako tenentzian, Aitzorrotzen.

1999-1200 urteetako gertaeren ondoren, Gaztelako Alfontso VIII.ak eskuratu zituen Arabako eta Gipuzkoako lurraldeak, eta Aitzorrotz gaztelua ere Gaztelaren jabego bihurtu zen; Ximenez Radaren kronikariak halaxe jakinarazten du (Aicorroz izenez aipatzen du).

Gazteluari buruzko beste aipamen bat ere ageri da geroxeago, eta han ere gaztelarren esku dagoela esaten da. Arabako Barria monasterioko abadesak 1217an eginiko erosketa batean, honako adierazpena dago: ¿Enrike izanik Gaztelako errege, Lope Diaz Arabako dominatzaile eta Aitzorrozko eta Udalako tenente.¿

Aitzorrotz ez da berriro Nafarroako Erresuman egongo, nahiz eta historialari batzuek hala uste izan duten; Ozkorrotz gazteluarekin nahastu izan dute Aitzorrotz, eta XIII eta XIV. mendeetan Ozkorrozko gazteluzainak Nafarroako Erresumaren mendeko baitziren, Aitzorrotz Nafarroaren jabego izatera itzuli zela pentsatu izan dute.

Bestalde, Aitzorrotz inguruak Oñatiko konderri barruan zeuden, Gebaratarren menpean, eta Erdi Aroko azken mendeetan leinua Gaztelari atxikita zegoen; garai hartan, Arabako iparraldean eta Gipuzkoako hego-mendebaldean jaurerri zabala zuten. Gaztelako Enrike II.ak Leintz haraneko lurraldeak, gaztelua barne, eman zizkion 1370ean Beltran Gebarari -Gipuzkoako ibar-jaun ere bazen aldi hartan-, egindako zerbitzuak saritzeko. Garai hartako berririk ez dago gazteluaren inguruan, eta ez dago frogatzerik Erdi Aroko azken hiru mendeetan Gebaratarren esku egon zela gaztelua.

Ondorengo zenbait aipamenek erakusten dute, XV. mendean, 1457 eta 1463 urte bitartean gehienbat, gaztelua erregearen esku zegoela, bandoen arteko liskarrek geldiaraztea izan zela gazteluaren zeregina eta. Horrela, Enrike IV.ak zenbait pribilegio eman eta eskubide berretsi zituen, 1461eko maiatzaren 18an, Logroñon zegoela. Leintz haranekoak eta Gipuzkoako Anaidia agurtu, eta saritu egin zituen:

¿Ozkorrozen laguntza emateko erakutsi duzuen prestutasunagatik eta zuen gain hartu dituzuen lanengatik, esker onez eta Jaungoikoaren nahia bete dadin, nik ordainduko ditut zuen soldatak.¿ XVI. mendean, Eskoriatzako herriari emandako Villa izendapena zela-eta izandako auzian lekuko eta frogak aurkeztu zituzten, eta agirien artean egiaztatzen zen Enrike IV.a erregeak zorionak eman zizkiela. Agiri horietan ikusten da Aitzorrotz eta Ozkorrotz gazteluak nahasten zituztela, eta ez da harritzekoa ondorengo interpretazioetan ere hala gertatzea.

Ikusten denez, berri gutxi eta zeharkakoak dira gazteluaren ingurukoak. Ez dago jakiterik noiz eraiki zuten, ezta noiz baztertu zuten ere.

Bestalde, Atxorrotx haitza, gaztelu eta inguruko leize edo zuloak hainbat kondairaren lekuko dira. Mota guztietakoak dira eta sasi historikoak ere badaude, horien artean izen eta abizenak aipatzen dituena.

XVI. mendean Santa Gurutzeko baseliza eraiki zuten gazteluaren tokian, dagoeneko 1556an aipatzen dute, Antxon Agirreren arabera. Gainaldea I. Karlistaldian erabili zuten, eta lubaki bat egin zuten 1936an.

Aitzorrotz

Haitzaren goialdea; bi barruti ageri dira, bakoitza maila batean. Goiko barrutiko inguruko harresiaren aztarnak ere ikus daitezke eta ur biltegiaren zuloa ere bai, baselizaren eskuinaldean. (1999)

Egitura eta aztarnak

Egin diren azterketa arkeologikoek ez digute askoz gehiago argitu gazteluaren historia. Lehenbiziko aurkikuntzen berri (giza hezurrak, burdinazko arma puskak, erromatar garaiko txanponak¿) Gorosabelek jaso zuen, baina jasotakoa ez da kontserbatu, eta ezin izan da ikertu. XX. mendean, lehenbiziko indusketa lanak Reca jaunak egin zituen, 1926an; Historiaurreko materiala aurkitu zuen, eta iberiarren eta erromatarren garaiko zerbait ere bai, baina egun ezin da jakin zer aurkitu zuen, horiek ere galdu egin baitira. Geroago, 1968 eta 1969an, Ignacio Barandiaranek egin zuen indusketa, eta Erdi Aroko egitura eta materialak aurkitu zituen. Ikerketa horretan, ez zen aurkitu arrasto erromatarrik.

Hainbat gauzaren artean, XIV. mendeko gazteluzainen bati omen zegokion brontzezko zigilu bat aurkitu zuen gazteluan bertan. Honako idatzia zuen grabatuta: ¿+SIDARPERECALDAPE+¿, hau da, SI(gillum) D(e) AR(nalt) PEREÇ (de) ALDAPE. Barruan La Banda zaldunen ordenako armarria zuen, Gaztelako Alfontso XI.ak Gasteizen 1330ean sortutakoa, zalditeria ekintzetan nabarmentzen zirenak saritzeko asmoz.

Gaztelua haitzaren gainaldean eraiki zuten, inguru osoan dauden amildegiak aprobetxatu ahal izateko defentsa lanetan. Gazteluak bi barruti zituen, goikoa eta behekoa, biak tokiari egokituak. Dena den, adituek ez dute baztertzen, behealdean, etxeak edo herrixka bat egon izana gazteluari atxikirik.

Goiko esparru nagusi horren oina karratu samarra dela esan da, nahiz eta itxuraz biribilagoa dirudien. Iparraldetik hegoaldera 31 metro hartzen ditu eremuak, eta mendebaldetik ekialdera, berriz, 25 metro inguru.

Gazteluaren barruti nagusian baseliza dugu, 85 metro koadrokoa. Gehienbat hareharriz eraikia dago, eta inguruko kareharriarekin kontrastea egiten du. Baselizaren ekialdeko muturrean, ur biltegiaren aztarnak daude. Egun, haitzean landutako zuloa besterik ez da ageri, baina oina gutxienez, 3¿50 x 1¿50 metrokoa da. Zabalera hori ezin da zehatz-mehatz eman, ez baitago osorik.

Goialdean, oraindik murru batek ixten ditu mendebaldea eta hegoaldea, egun barrutiko lurraren mailatik deus gutxi igotzen bada ere. Bi metro inguruko zabalera zuen harresiak, eta Ignacio Barandiaranek zioen karez eta hondarrez eginiko porlanak batzen zituela harriak. Goiko barrutia eta horma zatien aztarnak ondo baino hobeto nabari dira hegoaldean dagoen haitzetik.

Su-toki baten aztarnak ere aurkitu zituzten goiko barrutian, mortairuzko lurraren gainean. Angeluzuzena zen, eta bereizteko moduan zen aldeak 125 cm neurtzen zuen, harearrizko harlanduek inguratzen zuten (13-15 cm arteko lodierakoak), eta barruan buztin errea zegoen. Mortairuzko zorua aurkitu zuten beste hainbat tokitan ere, eta ipar-ekialdean, ura bideratzeko kanala.

Barruti nagusiko ekialdeko murrurako sarrera malkartsua da, eta beheko esparruari bide ematen dio. Bigarren barrutitik behera, haitza landua dago, sarbidea egiteko. Beheko barruti horretan, goiko barrutiaren murrutik egun dagoen amildegiraino 17 metro daude, eta haitzaren ertzetik sarbideraino 15 metro.

Goiko barrutiko mendebaldeko harresiaren oinarriaren azpian, kanpotik, zulo bat dago; metro bateko zabalera du eta 1¿5 metroko garaierakoa. Luzean, galdutako harresiaren zatia gehiturik, hiru metro izango zen. Indusketa egin ondoren, gazteluaren zabortegia zela ondorioztatu dute. Abere hezurrak aurkitu dituzte gehienbat, jaki hondarrak alegia, eta horrek elikadurari buruzko informazioa eman digu. Haragi gehiena behi eta zezenetatik lortzen zuten, eta egungoak baino txikiagoak omen ziren. Bertan aurkitu zituzten Euskal Herrian topatu diren katu eta oilo arrastorik zaharrenak.

Indusketak egin ondotik, ikerlariaren hipotesia da XIV. eta XV. mendeetan gaztelua ez zutela erabili tarte luzez, beharbada Enrike IV.aren erregealdia arte.

Aitzorrotz

Hegoaldeko harresiaren xehetasuna eta leizea (gaztelua zegoen garaian zabortegi gisa erabili zuten). (2000)

Iristeko

Aitzorrotzera hurbil gaitezke Eskoriatzatik, Bolibar auzotik barrena autoz (GI-3344). Beste bide bat ere badago, motzagoa, eta oinez ere egiteko modukoa: errepide horrek Eskoriatzako saihesbidea gainditzen duenean, eskuinean agertzen den porlanezko pistaren erpinenetik jarraituz joan daiteke. Baserri batzuk alboetan utziz, eta Bolibartik datorren bidearekin bat eginez Aitzorrozpeko Goikoa baserrira iritsiko gara, 2¿8 kilometro egin ostean eta errepidea jaisten hasten denean. Autoa utzita, atzera egiten duen bide bat hartu, eta handik aurrera eskuin aldera joaten diren bideak aukeratuz, beti haitz aldera, hogeita bost bat minututan iritsiko gara.

Aitzorrotz

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk