Volver a la página índice

Aitziki

FITXA

Udalerria: Abadiño

Herrialdea: Bizkaia

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramica 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Aitziki mendiaren goialdean, Artola gaineko iparraldean 782 metroko altueran kokatzen dira aztarnak. Haitz hori Anboto mendilerroko azken tontorra da, eta Atxarte igarobidera jaitsi baino lehenago dago. Artolako gainaren beste aldean Alluitz mendi ikusgarria dago (1.034 m.). Aitzikiri Artolatx ere deitzen diote eta Abadiño ezagutzen liburuan Gazteluazko Puntak toponimoa jasotzen da haitza adierazteko.

Tontorretik Durangaldea eta Udalaitzen dagoen Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko muga ikusten dira, baita Urkiolako santutegia ere. Ipar-Mendebaldean, bista behera makurtuz, Aitzikiren eta Untzillatx haitzaren artean, Atxarte ikusten da bere harrobi eta guzti. Abadiño-Urkiola bide zaharra ere Atxartetik pasatzen zen lehenago, Otxandio eta Arabako lurretara luzatu baino lehen. Galtzadaren atal batzuk ikus daitezke haitzaren azpialdean.

Aitziki gaztelua

Bi tontorren arteko harresi baten aztarna. (2000)

Historia

Gazteluaren Erdi Aroko izena edo izenak ez dakizkigu, agirietan ez baita ziurtasun osoz identifikatu. Hortik dator haitzaren izena erabiltzea. Aztarna arkitektonikoen egituraren ezaugarriez gain, mendi magaletan jasotako hondarrek ere lagundu dute Aitzikin dagoena gaztelutzat jotzen.

Maldetan aurkitutakoen artean burdinazko lau ezpata motzak edo scramax-ak daude. Horien tipologia aztertuz, beste aztarnategi garrantzitsuetan aurkitutakoen antz handia dute. Beste aztarnategi horiek Iruñeko nekropolia, Nafarroako Elorzko Buzagako aztarnategia, Gasteizko parte gorenekoa (gutxienez VII. mendekoa) edo Langara-Otxoako Aldaieta (Araba) dira, denak ere Antzinate Berantiarrekoak. Beraz, zalantzarik gabe esan daiteke ezpata horiek Goiz Erdi Arokoak direla. Horrek, hasieran behintzat, gaztelua XI. mendekoa baino lehenagokoa dela esaten digu. Isotopoen bidez eginiko datatzeak ere, 975 +/- 25 urtekoa dela ondorioztatzen du. Beraz, gaztelu hau Erdi Aro hastapenekoa da, baina oraindik ez dakigu zein ziren bere betebeharrak.

Lehen aipaturikoez gain, Aitzikiko maldetan arrasto berriagoak ere aurkitu dituzte: burdinazko berrogeiren bat gezi-punta, eta bi txanpon. Txanpon hauek Gaztelako Alfontso VIII.aren erregealdikoak (1158-1214) dira.

Gezi-puntei dagokienez, gehienek ebakidura karratua dute, eta tutu-formako kirtena, trantsizio leuna eginez puntaren eta kirtenaren artean. Tipologia hori ekipamendu (soldaduen jantziaz ari gara) militarren aldaketa teknikoen adierazlea da: sare mailaz eginiko armak baztertu eta xaflenak erabiltzen hasi zirela, alegia. Aldaketa horrek sarrera azalera murriztea zekarren, hartara xaflen artean geziak sartzea erraztuko zen. Horregatik desagertzen dira gezi-punten hegalak. Arma motaren aldaketa XII. eta XIII. mendeen artean gertatu zen. Izan ere antzeko tipologia duten gezi puntak azaldu dira Gipuzkoan eta Araban 1200ean Gaztelako koroak hartu zituen gotorlekuetan. Beraz, garai hartarako Aitziki gaztelua erabiltzen zuten oraindik.

XII. mendearen bigarren erdian, Durangaldea zen Nafarroako Erresuman zegoen egungo Bizkaiko eskualde bakarra, eta hori zela medio gaztelarren jomuga bihurtu zen. Urte horietan, garrantzitsua behar zuen Aitzikiko gazteluak. Eta Aragoiko erregearekin adostutako politika eta erasoen bidez, 1176an, Gaztelako Alfontso VIII.ak eskualde hori hartu zuen. Gaztelarrek eta Antso VI.a Jakitunak Ingalaterrako Enrike II.a Plantagenet aukeratu zuten bitartekari gisa haien arteko liskarrak konpontzen laguntzeko. Emandako laudoa ez zen inoren gustukoa izan, eta 1179an, bi erregeek beste baldintza batzuekin hitzartu zuten bakea Naiaran. Hitzarmenean Gaztelako erregeak Durangaldea Nafarroako Erresumari zegokiola onartzen zuen, eta beraz, Nafarroari itzuli zion eskualdea.

Dena den, 1199-1200 urte bitartean gertatu zen eraso berrian, Durangaldea berriro gaztelarrek bereganatu zuten. Orduko hartan, behin betiko, Gipuzkoa eta Araba gehienarekin batera. Dena den, Ximenez Radak, Alfontso VIII.a erregearen kronikariak, ez du eskuratutako gaztelurik aipatzen Bizkaiko eskualde horretan. Beharbada, lehenagotik ere euren esku zuten Aitzikiko gotorlekua, edo bestela ez zuen garrantzia handirik.

Aitzikiko tontorrean gaztelu bat zegoela jakinik eta aurkitutako geziak eta bi txanponak ikusita (Alfontso VIII.a erregearenak ziren) Aitzikikoak Malvezin gaztelu ezezaguna izateko aukera handiak ditu. Gainera, 1179ko apirilaren 1ean, Gaztelako Alfontso VIII.ak eta Nafarroako Antso VI.a Jakitunak bakea nola hitzartu zuten oroituz, (¿...Araba berorren erreinuarentzat betiko, hau da, Itziar eta Durangotik, biak barne, Maluezingo gaztelua izan ezik, Gaztelako erregearena baita, eta Zufiarrutiako eta Badiako gaztelua ere bai¿¿), susmoak indarra hartzen du. Izan ere derrigor behar zuen eskualde horretan, Nafarroari zegozkion lurren barrualdean, Malvezin gazteluak, bestela ez zuen salbuespen gisa aipatuko.

Usteak uste, Malvezin gaztelu horren kokapena ez da behin betikoz zehatz-mehatz finkatu. Gainera, Basauriko Malmasin mendia ere, gazteluaren kokapena izateko aukera sendo bat dena, deskribatutako eskualdetik at geratzen da.

Malvezin gaztelua XII. mendeko agiri gutxik aipatzen dute. Aipagai duten guztiak 1174 eta 1179 urteen artekoak dira. Bi dira 1174koak eta haiei eskerrak bertako gazteluzainaren izena ezagutzen dugu: Pedro Velaz, Petrus Veila. Pedro Velaz hau Nafarroako erregearen menpe zegoen, eta Gebara deitura hartuko zuen leinutik zetorren. Bere leinuburua Arabako tenente zen, eta Aitzikitik gertu zegoen Aitzorrotzeko gazteluan biziko zen seguru asko: ¿Velaz kondea, Araban¿.

Baina 1176an Gaztelak hartu zuen eskualdea eta ondoko eskaerak, txostenak eta itunak eragin zituen Malvezin gazteluak. Nafarroak lurrak berreskuratzeko aurkezten zituen alegazioen artean beti agertzen zen Malvezin, Gaztelako erregeak indarrez kenduz ziela argudiatuz. Aipatutako Naiarako itunaren ondoren, Nafarroako erregeak Durangaldea berreskuratu zuen baina Malvezinek gaztelarren eskuetan jarraitu zuen.

Bestalde, Aitzikiko gaztelua Malvezin ez bada eta Nafarroako erregearen esku baldin bazegoen, bertako agiriek zergatik ez dituzte bere gazteluburuak aipatzen? 1190etik aurrera askotan jasotzen dira Nafarroako mendebaldeko mugan zeuden gazteluetako arduradunen izenak Antso Jakituna eta Antso Azkarra erregeek izenpetutako agirietan lekuko bezala. Durangaldeko gotorlekuari buruz, berriz, ez da inortxo ere agertzen Nafarroako Agiritegi Orokorrean, nafarren esku ez balego bezala.

Arestian aipatu agirietan Malvezin gazteluak zenbait aldaera ditu: Maluçin, Maluezin¿ Izenak gaskoi jatorria omen du eta Frantziako hegoaldean maiz aurkitzen da gazteluak izendatzeko ¿mauvesin¿ edo ¿mauvezin¿ izena, ¿mauvais voisin¿ hitzak eratorriz sortua. Euskal Herrian, epe laburreko agiritan soilik azaltzen zenez eta gainera izena bera euskarari arrotza zitzaionez, ez da harritzekoa Durangaldean toponimo gisa galdu izana.

Horretaz, Malvezin gazteluaren kokalekua ustez finkatu ondoren, Aitzikiko gailurrean dagoen gotorlekuak Erdi Aroan zeraman izena jakin behar genuke, baina aurkitutakoak aztertuta, bere historia luzean, gugana iritsi ez den beste izenen bat ere izango zuen.

Tamalez, oso txikia izan da Aitzikin egindako azterketa lana. Zundaketa bakarra 1994an egin zen: hiru gazteluaren barrutian eta bana leizean, iparraldeko maldako harresian eta Artolako lepoan. Eraikinaz gain, gezi-punta bat, iltzeren bat, animalien hezurrak¿ ere aurkitu zituzten. Dohaintza xumeak izan ziren gazteluari zegokionez.

Aitziki gaztelua

Mendebaldeko tontorreko harresi baten lerroa. (1999)

Egitura eta aztarnak

Artola lepotik gailurrerako bidean zeramika puskak ikusten dira, teilenak gehien bat. Sarbide inguruan daude eta errez bereizten dira kareharrizko harritzak baitira.

Haitzaren goiko aldean garaiera berdintsuko bi gailur daude eta euren arteko lotura ¿V¿ formako bi maldak egiten dute. Biak bereizteko, batari Ekialdeko gailurra eta besteari Mendebaldekoa hots egingo diegu. Bi tontorren artean hegoaldera ematen duen kasko txikia dugu, eta bertara iristeko bide bakarra dago. Hortxe daude lehen aztarnak. Gaztelua gain osora hedatzen zela uste da.

Ekialdeko tontorrerako ¿V¿ horren besoak 55 metroko luzera du. Gailurra lau-laua da baina gaur egun, ez da hormarik nabari. Mendebalderako besoak 40 metroko luzera du, eta ertzean, hegoaldera begira dauden 10 bat metro luzerako harri ilarak ikusten dira. Azterketa lanen txostenaren arabera, 0¿85 metroko lodierakoa zen murru hori, eta kareorez baturiko harriz egina zen. Lur azpian geratzen den zatia ahantzi gabe, paretak 0¿85 metroko garaiera du. Dena den, murru hori baino gehiago ere bazirela aipatzen du idatziak.

Bi gailurren arteko malda igo, eta metro erdiko garaierako bi harri ilara daude ikusgai. Ilara horiek, gehienez, lau metroko luzera dute. Aurkitutakoak aztertuta ateratzen den ondorioa, murrua 1¿5 metro lodi zela da. Handik gertu, gainaren beste aldean, beste zundaketa bat egina izan zen, eta harlanduzko angeluzuzen bat aurkitu zuten, ur biltegia izan zitekeena.

Orokorrean, aztarnen bila arretaz ibili behar da, bestela, ez baitira ikusi ere egiten. Inguruko haitzekin eta amildegiekin alderatuz, esanguratsua da bi gailurren lautasuna. Bestalde, ekialdeko gailurrerako bidean, lurreko haitza landua dago eta landaretza ere aldatu egiten da.

Iparraldeko maldan, beherago dagoen toki lau batean, harresi sendo bat eta teila puskak ikusten dira. Nahiz eta aztertu, ezin izan dute loturarik aurkitu gazteluarekin, eta eraikuntza horrek zukeen funtzioa ere ez dute argitu.

Mendiaren gainaldetik gertu, mendebaldeko maldan, Sorgin Koba dago. Izena deigarria izateaz gain, berriz ere gaztelutik gertu dago leizea. Dena den, barruan eginiko zundaketek ez dute emaitza arkeologikorik eman.

Aitziki gaztelua

Gaztelua zegoen mendia eta Artola lepoa, hego-mendebaldetik begiraturik. (1999)

Iristeko

Durangotik Elorriora doan errepidetik Mendiola auzora eta Atxartera joan behar da. Harrobiak eta baseliza igarota, 200 bat metro gorago bide ertzean utz daiteke ibilgailua. Hortxe, ezkerrera bidezidor bat hasten da. Bidezidor hori Artola gaineraino doa eta handik beste 150 metro gora eginda, Aitzikira iristen da.

Baina Aitzikira iristeko badira beste aukera batzuk ere. Durango-Urkiola errepide ondoan dagoen Txakurzulo baserri-jatetxetik ere abiatu liteke, eta Atxartera doan pista hartu. Bide hau aurrekoa baino luzeagoa da.

Zangozako gaztelua

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk