Aiherrako gaztelua
FITXA
Udalerria: Aiherra
Herrialdea: Nafarroa Behera
Zailtasuna
Aztarnak
Kokapena eta Egitekoak
Muino luze eta estu baten gainean dago kokatua. Handik, iparraldera eta ekialdera, Arbela eta Aran ibaien arroen arteko bidea ikusten da, orain D-251 errepidea dena. Antzina, bide horrek lotzen zituen lurralde horretako Nafarroako bi errege gotorlekuak: Isturitzeko Rokafort gaztelua, eta Bastidakoa. Isturitzekoa Aiherrako gaztelutik begi-bistan geratzen zen gainera. Mendebalderako eta hegoalderako ikusmiran Lapurdiko lurrak ageri dira.
Arbela lurralde historikoan dago, baina gazteluaren sorrera gerokoa da. Beltzuntze leinuari loturik zegoen, bestalde. Gazteluaren historia dagoeneko Nafarroa Beherekoekin batera doa. Beltzuntze leinuaren aipamenak egungo Aiherrako gaztelua baino lehenagokoak dira. Leinua Baionaraino eta Hazparneraino zegoen zabaldua eta Beltzuntze izeneko herri bat ere bada Nafarroa Garaian, Xulapaingo udalerrian.
Uste da Aiherrako gaztelua leinu horren egoitza nagusia izan zela Erdi Aroan. Baina ezin da segurutzat jo, Beltzuntze leinukoek, Aiherrakoaz gainera beste bi etxe handi baitzituzten. Bestalde, Aiherrako gazteluak, basailu zinak zirela eta, mugako gaztelu gisa ibili behar izan zuen maiz. Baita jaurgoen edo leinuen arteko gatazketan ere, nahiz eta horiek garrantzi gutxiko gertaerak izan.
Ekialdeko ikuspegi orokorra eta ingurukoak. (1998)
Historia
Leinuaren deiturak hainbat aldaera utzi ditu agirietan: Belçunce, Belçunçe, Belsunce, Belçunça, Belsunsa, Belçincu, Belcinçu, Belçinçu, Belçunçu¿ Eraikinari Belzuntzia izena eman zitzaion, noizbait.
Beltzuntze leinu nagusiaren ordezkariak eta semeak etengabe agertzen dira Nafarroako agirietan, gehienbat 1249tik aurrera. Urte hartan aurkeztu ziren Ingalaterra eta Nafarroaren arteko gerra ondoko erreklamazioak. Bi aldeek eginiko salaketetan agertzen da Beltzuntzeko jauna, baina era ezberdinean. Ingalaterrako erregearentzat bahiketen eta lapurreten egile izan zen, eta nafarrarentzat, berriz, hainbat lapurreta jasan zituena; besteak beste Agramonteko jaunak 250 idi eta behi ostu izana salatzen da. Arbelakoek ere Ingalaterrako erregearen aurka eginiko salaketan Beltzuntzeko jauna ohoratzen dute: ¿Garzia Arnalt Beltzuntzekoa, Nafarroako erregearen zalduna¿¿ Beltzuntze leinu-buruaz gain, Beltzuntze deiturako beste batzuk ere aipatzen dira bi aldeen erreklamazioetan.
Garai hartan Beltzuntzeko jaunak Nafarroako erregearengandik dirua jasotzen zuen gerrari talde bat mantentzeko. Dohaintza horri mesnada esaten zitzaion, eta 20 liberako diru saria izaten zen. 1266an, ordea, bestelako arrazoiengatik Beltzuntzeko jaunak 20 libera baino gehiago jaso zituen garitan.
1270ean, Garzia Arnaud Beltzuntze, orduko jauna, bere gerrari talde bat hartu eta VIII. Gurutzadara joan zen Nafarroako Teobaldo II. erregearekin (1253-1270). Tunisiatik itzuli ondoren, 1277an, Nafarroako Gudan ere esku hartu zuen; Eustakio Beaumarchais erresumako gobernadoreari lagundu zion Joana I erregina onartzen ez zutenen aurka.
Beltzuntzetarrek, urrutiko gatazkez gainera, etxean eta auzoan ere izan zituzten gora beherak. 1305 urte inguruan, garrotarrekin liskarrak izan baitzituzten.
Aiherrako gazteluaren lehenengo aipamenak 1385ekoak dira eta egungo aztarna nagusiek XIV-XV. mendeetara garamatzate. Leinua hori baino lehenagokoa zenez, baliteke beltzuntzetarrek Aiherrako gazteluaren aurretik beste eraikinen bat izatea, Aiherran ez baldin bazen Aiherratik gertu. Hipotesi hori baieztatzera, Beltzuntzeko leinuak Nafarroako erresuman ospea eta dirua lortu ondoren eraikiko zuen Aiherrako gaztelua. Aiherran 8 noble etxe aipatzen dira, eta beltzuntzetarrena hasierako erroldetatik garrantzitsuena bezala agertzen da. Batzuen aburuz, hegoaldean oraindik ere nabari den eraikin gotortua herriko elizak hartu zuen, eta huraxe izan zen egungoaren aurrekaria.
Urte hartako Beltzuntzeko jauna, Garzia Arnaut, edo Gasernaut, sarri elkartu zen Nafarroako erregearekin, eta agiri askotan agertzen da haren zerbitzuko. Nafarroako Beherako Bastidako bailea (1377), Iruñeko gobernadorea (1378), Garruzeko gazteluzaina, Donibane Garaziko gazteluburua (1386-1388), Nafarroa Behera osoko ardura zuen ibar-jauna, kargu horiek denak Beltzuntzeko jaunak bete zituela uste da, baina ez dago erabat ziurtatzerik.
Aita-semeen katea jarraiturik, zenbait genealogiaren arabera, hurrengo bi leinu-buruak Arnalt III. Beltzuntze eta Arnalt IV. Beltzuntze izan ziren, biak ala biak izen berekoak.
1450eko martxoaren 18ko Aiherrako ituna izenpetzean, lapurtarrek amore eman behar izan zuten, eta Lapurdi Ingalaterrako erresuma izatetik Frantziako erresumaren parte izatera igaro zen. Itunaren izenpetze lekua dela eta, gaskoieraz ¿Beltzuntze izeneko lekuan¿ idatzia dago agirian, besterik gabe. Ziurrenik Makeako Paganduria etxea da toki hori, eta ez Aiherrakoa.
Antzina, Beltzuntzetarrak Aiherrako jaurerriagatik leialtasun zina egin behar izaten zioten Nafarroako erregeari eta baita Ingalaterrakoari ere Makeako bizkonterriagatik. Baina 1450etik aurrera, Makea Frantziara bihurtu zenez, Ingalaterrako erregeari egiten zioten zina Frantziakoari egingo diote.
Arnalt izeneko jaunen aroa bukatzean, Joan izenekoen aroa hasi zen. Bata bestearen atzetik, bost jaun izan ziren Joan izenekoak. Lehenengoak XV. mende bukaeran hartu zuen leinuburutza eta azkenak XVII. mende hasieran utzi.
1512an, gaztelarrek Nafarroa Garaia konkistatu zutenean, Beltzuntzeko jauna Nafarroako erregearen alde jarri zen eta erresuma berreskuratzeko antolatutako saioan parte hartu zuen. Baina ahalegin hori hutsean gelditu ondoren, 1513ko ekainean, Beltzuntzeko jaunak errege konkistatzaileari leialtasun zina egin zion, inguruko hainbat nobleekin batera. Dena den, gero Joan III.a Beltzuntze Nafarroako erregearen aholkularia eta ganberazaina izateaz gainera, Frantziako erregearen zerbitzaria eta Akizeko gobernadorea ere bazen.
Erlijio gerra piztu zenean Beltzuntzeko leinuburuak, kalbinista bihurturik, fin jarraitu zion Joana III.a Nafarroako erreginari (1555-1572). Horrez gainera, beltzuntzetarrak buru belarri aritu ziren errege-erreginen zerbitzu lanean, eta horren ordainez Mauleko gazteluburu izatera ere iritsi ziren.
Ez dakigu noiz eta zergatik, baina azkenean, Beltzuntze leinuburuak Makeara joan ziren bizitzera. Dokumentuak arakatuz, Arnalt IV.a Beltzuntzek 1469ko azaroaren 16an testamentua egin zuenean Makea eta Lizagako jauna zela idatzi zuen, baina hala ere, Aiherran bizi zela. Aiherrako gazteluen aztarnen arabera, XVI. mendean egokitzeko lan sakonak egin zituzten, bizitzeko erosoago bihurtzeko asmoz. Egokitze lan horien seinaleak oraindik ere ageri dira ekialdeko fatxadaren goialdean eta iparraldeko hormaren erdian. Horrek esan nahi du, XVI. mendean beltzuntzetarrak Aiherran bizi zirela. Baliteke Erdi Aroan egoitza nagusi bat aukeratu ez izana, eta hanka bat Aiherran eta bestea Makean zutela bizitzea, bietan interesak baitzituzten. Baina ziurtzat jo daiteke, XVI. mendean, Frantziak Lapurdi bereganatu ondoren Makean finkatzea erabaki zutela.
Makeako Paganduria oso zaharra da, eta lehenengo pistak dio 1249rako jaun bat bazela bertan. Bigarren pistak 1311n jaurerri horretan eraikin bat bazela argitzen du. Baina ez dakigu beltzuntzetarrek noiz eskuratu zuten jaurgoa, 1154an datatutako agiria faltsutzat jotzen baita.
1600ean Mehaineko bizkonterriko premuarekin ezkondurik, Armand Beltzuntze, Mehainera joan zen bizitzera, eta Makeako etxea, bizkonde titulua eta eskubideak saldu egin zituen 1640an. Salmenta diru beharragatik egin bazen ere, arazoak lehenagotik zetozen.
Bitartean, Aiherrako gazteluak egoitza nagusia izateari utzi zion eta hutsik gelditu zen. Hutsik gelditze horrek ez zion onik egin, 1670eko inbentario batean argi esaten baita: ¿Harresiak, zureria eta holtzak erabat hondatuta daude.¿ Iraultza Frantsesarekin, ondare nazional gisa hartuta, saldu egin zuten gaztelua. Erostuna Donapaleuko Lardapide sendia izan zen, traturako hirugarren bat tartean zelarik.
Hegoaldeko hormaren xehetasuna, sarrerarekin. Zubi altxagarria zegoen, eta ate gainean, armarria eta matakana. (1998)
Egitura eta aztarnak
Aztarnak ez dira oraindik behar bezala ikertu. Ondorioz, gazteluaren egituraren berri ezin da zehatz-mehatz jakin. Inoiz egitura hori argitu nahi bada, indusketa edo zundaketa arkeologikoak eginez aztarnak sakon aztertu beharko dira.
Gaztelua kokatzen den mendia eta gaztelua bera zuzen eta argi deskribatzeko, eraikinak ipar-hegoaldeko norabidea duela kontsideratzen da. Oina norabide horretara begira dago eta angeluzuzen itxura duela dirudi, lau izkinetako bakoitzean dorre biribil banarekin. Murruei erreparatuz, mendebaldeko horma 34 metro zabal da, eta ekialdekoa 38. Iparraldeko hormak, berriz, aldez alde 22¿5 metro ditu. Izkina eginez dorreak daude.
Bakoitzaren neurriak kontuan hartuta hala dirudien arren, gazteluaren oina ez da trapezio bat. Mendebaldeko horma, gehien desagertu dena, pixka bat biribildua baita. Bestalde, hego-ekialdeko dorrea gainontzeko guztiak baino zerbait zabalagoa da eta barrualdea ere ezberdina du, zorua sakonagoa baitu.
Gazteluaren oinarrizko egitura hori XIV. edo XV. mendekoa dela uste da. Hegoaldeko hormari loturik lubanarroa eta garai bateko sarrera ikus daitezke. Aztarnak miatuaz, badirudi sarreran zubi altxagarri bat zegoela eta atearen ondoan defentsa bat. Ojiba arkuko atariaren gainean, giltzarria baino gorago, armarrirako toki bat eta matakan bat daude.
Landutako lubanarroak ageri du eraikina haitzaren gainean egina dagoela. Iparraldeko horma, aldiz, gizakiak kokalekua lautze aldera eginiko muino baten gainean eraikita dago.
Gazteluaren lau aldeetan, mota eta aro guztietako horma-zuloak daude: ateak, leihoak eta sarrerak. Leihoen artean badaude jauregi bati dagozkionak, zabalak eta batzuetan burdinsareak izateko zuloekin, eta eraikin gotortu bati dagozkionak beste batzuk, gezileiho eta suleiho motakoak. Ziurrenik, lehen leihoak XVI. mendekoak izango dira baina ez dirudi eredu hori eraikin osora iritsi zenik. Apaingarri bezala balioko zuen erlaitza baten aztarnak ere ikus litezke kanpoaldean, ekialdean.
Barrualdean ere aro ezberdinak nahasten dira, eta horrek gutxieneko egitura bat bereiztea zailtzen du. Ez dago esaterik, adibidez, eraikina trinkoa zen edo erdian azalera txikiko lorio bat zuen.
Hegoaldeko lubanarroaz gain, gazteluaren inguruko lubanarroa ere ebaketekin eta hesiekin eraldaturik dago. Hala ere ikerketa batek argituko luke Erdi Arokoa zer den eta zer ez. Bestalde, ekialdeko maldan, gazteluaren hormatik pare bat metrora, bospasei metro sakonerako zulo bat dago. Zulo biribila da, eta harriz egina. Agian elurtegi bat izango zen, edo bestela, jakiak fresko mantentzeko toki bat, besterik gabe.
Eraikina, nagusiki, inguruetako harriz egina da, Aiherrako karea izeneko harriz.
Iparraldeko hormaren ikuspegi orokorra. (1998)
Iristeko
Aiherra (2 kilometrora) eta Isturitze herrien artean kokatua dago, D-251 errepidearen gain aldean. Behin gazteluko beheko zelaira iritsita, errepide bazter batean utz daiteke beribila eta bide zahar batetik igo.
Bestalde, Lekorne inguruetatik baserrietarako bidexkak daude eta horietako bat aipatutako errepidera iristen da, autoak uzteko proposatutako tokitik 100 bat metrora. Mendebaldeko bide hori ere erabil daiteke gaztelura igotzeko.