Volver a la página índice

Artaxo

FITXA

Udalerria: Larraona

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Gaztelu izeneko muino zorrotz baten gailurrean daude aztarnak, 930 metrora, gorabehera. Gazteluaren maila edo begiratoki guztietatik Erdi Aroko Kontrasta osoa ikusten da, baita Opakua mendaterako bidea ere. Bide horrek Aguraindik eta Dulantzitik etortzeko balio zuen eta balio du. Ez dira ikusten Kontrastaren hegoaldeko lurrak eta bideak, Maeztu eta Kanpezu aldera.

Hiru mendez (1200-1512), erresuma baten baino gehiagoren jabego izan ziren Arabako Kontrastako lurrak eta Larraonako ingurukoak. Ez dago jakiterik Kontrasta noiz izendatu zuten hiribildu, baina 1256. urte inguruan izan daiteke.

Goialdetik Ameskoagoieneta haran horretako azken herriak (Larraona, Aranaratxe eta Eulate) ikusten dira. Behealdea Nafarroako Erresumarako sarrera nagusietako bat izan zen azken gizaldietan, Lizarrarako bidean, Urbasa eta Lokiz artean. Muga zati hori zaintzea zen Artaxo gazteluaren egitekoa. Gehienetan, bide-lapurrek eta abere-lapurrek sortzen zizkieten buruhausteak, eta ez beste erresumetako gerrariek. Inguru horretan ¿eremu aski zabala- Larraonakoa zen errege gaztelu bakarra. Ameskoagoiengo igarobidea ixteko zeuden gainerako gotorlekuak pribatuak ziren: San Martin gaztelua, dorretxeak eta, larrialdietan, elizak (Larraonakoa eta Eulatekoa, gutxienez).

Artaxo

Goiko barrutia: aurrean, dorre nagusiaren aztarnak, ur biltegiarekin eta, atzerago, ipar eta ekialdeko ertzak. (2002)

Historia

Agirietan izena idazterakoan, aldaerak gehienbat soinu baten ingurukoak ziren: Artajo, Artaso, Artasso, Artazo¿ Lehenengo aipamena 1217ko irailaren 20koa da, bertako arduradunak Mues herriaren bi herenen salerosketan lekuko gisa izenpetu zuenekoa: ¿Johanne Petriz, Marañongo eta Artaxoko tenente.¿ Marañon berreskuratu berria zen urte hartan, eta biak mugako gazteluak izango ziren XIII. mendetik aurrera. Artaxo gazteluko gazteluzainak zein izan ziren esaten dute erresumako agiritegiko Comptos atalaren lehenengo erregistroan bertan (1259koa); urte horretan, adibidez, Diego Martinez Morentin zen gazteluzaina. Badakigu urte hartako soldata 60 kaiza garikoa zela, eta, agiriek diotenez, horiek ordaintzeko, Inzurako errotako alokairutik 25 kaiza hartu zituzten.

1277 eta 1297 urteen artean, Joan Martinez Medrano izan zen Artaxoko gazteluzain, Estellerriko noble tartekoa bera. Vianako gazteluzaina ere bera zen, 1276tik gutxienez, eta lehenago, ibar-jauna izan zen. 13 libera jaso zuen 1280an Artaxoko gazteluzain izateagatik eta 8 libera Vianakoagatik, eta beste 110 kaiza gari bi gotorlekuengatik. Urte horretan konponketa handiak egin behar izan zituzten Artaxoko harresi aurreratuko dorre batean (agiriek diote 35 libera ordaindu zituztela).

1337an, Lizarratik laguntza jaso zuten Artaxokoek, gaztelua gaztelar-arabarren esku erortzear baitzegoen; gazteluari eutsi zioten, baina urte hartan bertan, dorre laguntzaile bat erori zen, gazteluko etxeen gainean, gainera. Konponketarako, egurra Entzia mendilerrotik ekarri zuten.

1347an, arabarrak eta nafarrak elkartu egin ziren, Artaxo gazteluko eta Kontrastako inguruetan zebiltzan lapurren aurka. Lapurrak ere elkartzen ziren, jatorriari jaramonik egin gabe, askotan Oinaztar izendapenean, eta idatziek diotenez, Larraonako, Aranaratxeko eta Eulateko abereak ziren abere-lapurren helburu. Mugako gaztelua izanik, horrelako bitxikeria batzuk ageri dira Artaxori lotutako agirietan; bitxikeria horietako bat, adibidez, 1320an gertatu zen: Estellerriko ibar-jauna Larraonako Gonzalez (Larrahona edo La Rahona jatorrizkoetan) preso hartzera etorri zen, elizan lapurreta egina zuelako eta auzipetuta zegoen jendea etxean aterpetzen zuelako. Preso hartu eta hil egin zuten. Preso hartzeko borroketan, ibar-jaunaren gerrari bat hil egin zuten.

1379an, Brionesko ituna zela eta, Artaxoko gaztelua Gaztelako erregearen esku geratu zen, 10 urtez, berme gisa, beste hamabosten bat herri eta gaztelu bezala. Dena den, 1386an, Nafarroako erregeari itzuli zioten.

1429/1430 urteak, Gaztelarren aurkako gerra urteak izan ziren. Gazteluzainaren agindupean, 10 edo 12 gerrari egoten ziren Artaxon. 1429ko abenduan jaki eta edariz hornitu zuten gaztelua: 99 erregu gari, 247 zahagi ardo eta 99 libra haragi.

Erdi Aroko agirietan (haranetako biztanleek gaztelua konpontzeko zein lan egin zituzten adierazten dute), Ameskoa eta Arana izenak ageri dira Ameskoagoien izendatzeko. Erresumako arauen arabera, batzuetan dirua ordaindu behar izaten zieten herritarrei, beste batzuetan, berriz, ogia ematea nahikoa zen, baina, orduan, lanbide bereziko lani ez zuten egin behar izaten. 1349an eginiko konponketen agiria argitaratu zuen Martinenak, eta honela dio: ¿Hango gizon-emakumeen soldata, egurra landu baitzuten, eta kareorea, harriak, ura, harea eta egurrak igo...¿

Artaxoko gazteluzainen artean azpimarratzekoak dira Ameskoako bi leinu nagusietakoak: Eulate eta Bakedano. Bi leinu horietakoak 100 urtez baino gehiagoz ibili ziren gazteluzain: 1321etik 1429ra. Azken gazteluzaina ere, 1457. urtetik aurrerakoa, leinu horietakoa zen: Eulateko Martin.

1411n, Gonzalvo Ramirez Bakedano izan zen Artaxoko gazteluzaina (Estellerriko ibar-jauna eta Lizarrako gaztelu nagusiko gazteluzaina ere bazen). Betebehar asko zituen, eta soldata handi samarra zegokion, nonbait. Badirudi ordaintzeko orduan arazoren batzuk sortu zirela (ez zioten ordaindu nahi hainbeste lanpostu), eta Karlos III.a erregeak ere esku hartu behar izan zuen.

Denborarekin, gaztelarrek gero eta presio gehiago egitea lortu zuten muga inguruetan. 1427an txosten batean, Larraonako biztanleek aitortzen zuten azken 40 urteetan 24 etxe hustu zirela, eta arazoak guztien jatorria kokalekua zela adierazten zuten, Kontrastatik gertuegi zeudela, alegia: ¿...Kontrastatik legoa laurdenera.¿ Istiluak areagotu egin ziren Kontrastara Lazkaoko jauna iritsi zenetik; adierazgarria da oso ondoren datorren adierazoena: ¿eta hango jaunak egiten zizkien grazia eta mesedeengatik izango ez balitz, han ez zatekeela ia inor bizi izango.¿

Artaxo gaztelua desagertu egin zen 1460. urtearen inguruan, beharbada urte hartan gaztelarrek egin zuten erasoaren ondorioz. Urte horietatik aurrera, hamar bat gaztelu ez dira gehiago aipatzen Nafarroako agirietan; batzuk gaztelarrek hartu zituzten, baina beste hiruzpalau zergatik desagertu ziren ez dakigu zehatz-mehatz (Punikastro, Marañon, Artaxo...).

Artaxon, beharbada, tokiarekin arazoak izan zituzten, eta gazteluaren zati bat erori egin zen. Zenbait konponketaren berri ematen duten agiriek ere aipatzen dute arazo hori. 1365ean, adibidez, lehenengo edo kanpoko harresia berreraiki behar izan zuten, oinarriak haitzean jarriz. Lehenago ere, 1352an, gauza bera egin behar izan zuten, oinarriak gotortzeko ¿oinarria harri biziaren gainean da.¿

Artaxo

Dorre nagusiaren zulo angeluzuzena; ur biltegia izango zen. (1999)

Egitura eta aztarnak

Ipar-mendebaldeko maldatik joanez gero, igoeraren zati zail batean hasten dira gazteluaren aztarnak; haitz landua ageri da, eta zulo edo erreten gisako sakonune bat. Zuloa zenaren gaineko esparrua igaro eta gero, beste maila batera igo behar da, bigarrenera. Han, hegoaldean, beste maila bat, hirugarrena, egiteko horma baten harri batzuk ikusten dira, bi tokitan gutxienez. Horma horretatik eroritako harriak bigarren mailan barreiaturik daude.

Aztarnarik ikusgarrienak hirugarren maila horretan daude, mendiaren gainaldean. Han, harresiek lauki bat osatzen dute. Lauki horretan, mendebalderantz jota, kasko bat dago, eta han, dorre nagusiaren hondarrak. Horren erdian, zulo angeluzuzen bat ikusten da harriz egina (2¿70 x 2¿20 metro); ur biltegiaren aztarnak izango dira, ziur aski. Horrela bada, egitura nahiko ohikoa zuen Erdi Aroko gazteluen artean: ur biltegia dorre nagusiaren sotoan.

Barruti nagusiko lauki hori egiten zuten harresiak desagertu egin dira zati askotan. Dena den, hormaren ia luzera osoa ikus daiteke ekialdean eta iparraldean. Iparraldeko harresi horretan, gainera, sarrera ikusten da, eta sarrera ondoan, dorre bat izan zitekeena, zerbait gehiago gogortzeko asmoz egina. Mendebaldeko hormaren aztarna bat ageri da (hiru metroko harri ilara iparraldeko muturrean). Alde horretako gainerako guztia eta hegoaldekoa maldan behera joango ziren, desagertu egin baitira. Hona hemen alde bakoitzaren egungo luzerak, gutxi gorabehera: ekialdea: 16 metro; hegoaldea: 12 metro; mendebaldea: 15 metro; iparraldea: 20 metro. Beraz, harresiek, ez zuten angeluzuzen bat osatzen. Harresien lodiera neurtzea zailagoa den arren, ekialdeko hormaren zati batean 1¿25 metroko neurria du, (horma zatia oso-osorik dago hor).

Izkinak galdu dira, baina baliteke lau izkinetan dorreak egotea. IM-ko eta HM-koen aztarnak nabari dira oraindik, gutxienez, eta oin biribilekoak zirela dirudi.

Konponketei buruzko agiriek baieztatzen dute horixe zela gazteluaren egitura orokorrean. Bi harresi eta barruti nagusia aipatzen dira agiri batzuetan. Bi harresi horiek dorre eta almenak zituzten XIV. mendean. 1280 agiri baten dio ¿lehen ere aipatu dugu- dorre bat zuela harresi aurreratuan. Ziurrenik, geroago harresi gisa hartuko zuten, edo harresi bihurtu zuten, ez baitute berriro aipatzen. Bi harresi lerro horiek, ziurrenik, ez zuten gaztelua osoa inguratuko, ez baitago toki handirik, ezta beharrik ere, mendi horren maldetan. Harresiak garaiera handikoak ziren, gazteluaren barrutiko etxeak baino gorako iristen baitziren. Harresien goiko aldean, aldamioak edo egurrezko egiturak zeuden, eta zaindarien etxolak ere bai.

Agirietan, dorre zirkularrei buruzko aipamenak ere aurki daitezke; badakigu, gutxienez, bi dorre bazirela, bata Kontrasta aldera zegoena. Kareorez eginak zeudenez, aukera gutxiago izan dute orain arte irauteko. Martinenak, aztertutako agirietan oinarrituta, barruti nagusiak lau dorre laguntzaile zituela uste du, eta beharbada, izkinetan egongo zirela. Horietaz gain, dorre nagusi bat maiz aipatzen da, eta bere estalkia ez zen teilatua, zabaltza baizik.

Gazteluak bazeukan ur biltegia, baina ezin izan dugu baieztatu dorre nagusiaren azpian ote zegoen, aztarnek hala pentsarazten duten arren. 1352ko agiri bati eskerrak, badakigu barruti nagusiko dorre batean kapera zegoela, baina ez zegoen oso-osorik barruan, 1366eko konponketa batean, kapera harlauzaz estali baitzuten.

Artaxo

Goiko barrutiko ekialdeko hormaren aztarnak. (2002)

Iristeko

Larraonatik bertatik hasten da pista. Kale / errepide nagusiaren bazterrean iturria, aska eta ikuztegia daude, eta horien aurrean hasten den kaletik joan daiteke. Kalea pista bihurtzen denetik 400 metrora bidegurutze bat dago, eta eskuineko bidea hartu behar da.

Herritik 1¿6 kilometrora langa bat dago, aldapa behera hasten denean, eta Kontrasta erreka gaineko zubia igaro ondoren, eraikin baten ondoan utz daiteke autoa. Mendia ipar-mendebaldeko maldatik igotzen da, gainerako tokietan amildegiak baitaude.

Larraonatik begiraturik, dozena erdi tontor berdintsu daude hegoaldean.

Artaxo