Volver a la página índice

Milagroko gaztelua

FITXA

Udalerria: Milagro

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramica 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Herriaren gainean baino gehiago, Aragoi ibaiaren gainean dago gaztelua. Herria eta gaztelua Funestik eta Peñalendik datorren amildegiaren bukaeran daude. Behatoki aparta da. Hegoaldean, Ebroko lur lauak eta Logroñoko Alfaro ikusten dira. Ekialdean eta iparraldean, Aragoi eta Arga ibaien haranen hasiera eta hainbat herri agerian daude eta, atzerago, ekialdean ere, Bardearen hasiera. Garai batean hegoaldetik, Ebro arrotik, zetozen erasoak goiko herriei jakinarazteko toki ezin hobea zen.

Gazteluak inguruko biztanleak ere babesten zituen, gehienak leizeetan; Erdi Aroko azken mendeetan, herriaren eta gazteluaren gorabeherak nahiko lotuta egon ziren.

Milagroko gaztelua

Dorre angeluzuzen eta horma zati baten aztarnak, mendebaldeko erretenaren gainean. Atzerago, herria eta Aragoi ibaia. (1998)

Historia

Abd ar-Rahman III.a, Iruñeko erresumaren aurkako bere bigarren erasoan, 924an, Milagrotik igaro zen Tutera eta Carcar arteko ibilbidean. Garai hartan, kristauen eta musulmanen arteko muga Milagrotik gertu egongo zen, -edo han bertan, agian, Milagroko mendietan, baina kronikariek ez dute inolako toponimorik ematen.

Izan liteke Milagron musulmanen dorre bat izatea, Azagran eta Valtierrako inguruetan bezala. Dorre horrek Iparraldea zaintzeko balioko zien musulmanei, kristauen mugimenduak ezagutzeko.

Zenbait kontutan ziurtasunik ez badugu ere, badakigu, 1098 urte inguruan, dorre bat eraiki zutela Milagron. Valtierra eta Tutera inguruko eskualdea behatzeko, Pedro I.ak (Aragoiko erregea: 1085-1104; Iruñeakoa: 1094-1104) behatoki edo talaia bat jarri zuen, eta handik datorkio izena herriari (miraculo è Milagro). 1099ko agiri baten arabera, biztanleak zeuden Milagroko talaia horren inguruan. Ziurrenik, leizeetan biziko ziren, inguruko herrietan bezala.

Errege gaztelua zen Milagrokoa, eta hasieratik jaurerri edo tenentzia baten egoitza zen Milagro. Arduradun edo jaun ezagunen artean, Fortun Lopez ageri da, 1129tik 1132ra; Iruñeko eta Aragoiko Alfontso I.a Borrokalariaren garaia zen (1104-1134) eta Tutera ere haren ardurako zen. 1150ean, Martin Leet izan zen gazteluzaina, eta Petro Semeniz Orsseta 1169an.

1174ko uztailean, Alfontso VIII.ak Nafarroari eraso zion (bere erregealdian behin baino gehiagotan egin zuen), eta orduko hartan, Milagroko gaztelua eta hiribildua bera ere suntsitu egin zituen.

1189ko irailean, orduko erregea, Antso VI.a Azkarra (1150-1194), Milagron ibili zen; agiri batzuk han izenpetu zituen, eta horregatik dakigu. XII. mende horren bukaeran, 1191n, Guillermo Mendozaren esku zegoen gazteluburutza, eta mende berrian sartuta, Corbaran Leet ageri da gazteluzain. 1210ean sinatutako hainbat agiriri esker, badakigu Martin Txipia zela orduko gazteluzaina, lekuko gisa berak izenpetzen baitzuen (Martin Txipia gaztelu askotan ibili zen arduradun).

1221-1231 urteetan, gutxienez, Pedro Ximenez Olleta izan zen gazteluzaina, ¿Pedro Eximini Oleta jauna Milagron¿ (1221). 1276an, leinu bereko Rodrigo Ximenez Olleta ibili zen, eta XIV. mendean beste hiru olletatar ere izan ziren gazteluzain.

1280an, 15 sos ordainduta, dorreak konpondu zituzten, ziurrenik inguruko harresikoak. Badirudi egurrezkoak zirela; agirietan, behintzat, egurra ibai-basoetatik hartu zutela esaten dute.

XIV. mendearen bigarren erdialdea oso txarra gertatu zen Milagro herrirako. Izurriteak, gerrak, eguraldi zakarrak¿ Biztanleria murriztu egin zen, eta erregeek behin baino gehiagotan arindu behar izan zizkien zergak eta betebeharrak. 1366ko agindu batean adibidez, Milagroko ibarreko arduradunei esaten diete biztanleak ez dituztela derrigortu behar gazteluko konponketa lanak egitera.

Egun, gaztelua maldan behera erortzen ari da, baina orain dela 650 urte ere ikusten zuten arrisku hori. Hori erakusten du Martinenak jasotako agiri batek; 1359koa da, eta gazteluan egin beharreko lanen zerrendatxo bat ageri da: ¿Gazteluko zuloa garbitu, euria egiten duen bakoitzean gainez egiten baitu, eta arrisku handia izan dezake.¿

1407. urtean, Erriberriko merinaldea eratu zuen Karlos III.ak (1387-1425), eta Milagroko eskualde osoa Lizarrako merinaldetik kendu eta Erriberrikoari atxiki zion.

Orduko gazteluzaina, Pedro Ortiz Bañano, falcestarra bera, ez zen oso zintzo ibili, nonbait, konponketekin, eta 1413ko arautegia jarraituz, 1418ko soldatatik 100 sos eta 25 kaiza gari kendu egin zizkioten, konponketa gastuei aurre egiteko.

1430ean, gaztelarrekin beste gerra bat piztu zela eta, gazteluan, Johan Olleta gazteluzainaz gain, 14 zaldun eta 30 balaztari ere bazeuden. Herrian, bestalde, urte hartako urtarrilean, 7 gerrari eta 25 balaztari zeuden. Gerra horretarako, bi kainoi txikiz hornitu zuten gaztelua, 1429an.

XV. mendea ere ez zen ona izan; Milagrok biztanleak galdu zituen, eta 1446an zergak gutxitu behar izan zizkieten milagroarrei. Badirudi herriak gastu batzuk izan zituela gaztelua konpontzeko, eta horregatik, zerga gutxiago ordaindu behar izan zuten. XV. mende horretan, gazteluak pribatizatzeko joera nagusitu zen, iritsia zen eta urte hartan, 1446. urtean bertan, Vianako Printzeak Joan Beaumontekoari eta haren ondorengoei eman zizkien herria eta gaztelua. Orduko gazteluzaina Blanchet de Sant Lux zen, printzearen zerbitzaria.

XIV. eta XV. mendeetako mugako gerrez gain, gazteluak Agramondarren eta beaumondarren arteko liskarrak ere jasan behar izan zituen. Herria eta gaztelua beaumondarren esku zeuden, eta 1472an, Nafarroako Gorteek eratutako gudarosteek bereganatu zuten; hala, Gorteek hala erabakita, errege ondasun izatera itzuli zen, (eskuratzen zituzten gaztelu eta herri guztiekin berdin gertatzen zen).

Herria errege ondasun bihurtu zen, beraz, eta hala baieztatu zuten Nafarroako Katalinak (erregina: 1483-1513), 1497an, eta Espainiako Karlos I.a enperadoreak, 1520an. Dena den, enperadore horrek urte hartan gaztelua itzuli egin zion Luis Beaumontekoari, Leringo III. kondeari, Fernando Katolikoak hasitako bideari jarraituz.

1512-1518. urteen artean, hainbat gaztelu suntsitu zituzten, baina Milagrokoa ez, Leringo kondearena zelako, nahiz eta artean ez zegoen bere esku. Joan Beaumontekoak gordetzen zuen gaztelua urte horietan. Administrazioak ordaintzen zituen Milagroko gazteluzainaren eta gerrarien gastuak. Ez da esaten, baina, ziurrenik, defentsak kendu zizkioten gazteluari 1521-1522. urteetan.

Leringo konderi lotuta jarraitu zuen Milagroko gazteluak eta, ezkontzaren bidez, Albako etxe ospetsuaren eskura igaro zen. 1564. urtean, Brianda Beaumontekoa Albako dukearen bigarren semearekin, Toledoko Diegorekin, ezkondu zen, eta bi leinuak baturik geratu ziren.

XVI. eta XVII. mendeetan, gazteluaren jabeek jarraitu zuten jasotzen castillaje izeneko zerga. Milagron, almadiek ordaintzen zuten, Aragoi ibaitik jaisten zirenean. Almadia bakoitzeko enbor bana eman behar izaten zioten Santacarako, Murillo el Frutoko eta Marcillako gazteluzain edo jabeari, eta Milagrokoari, bi enbor.

XVIII. mendearen bukaeran, zera idatzi zuten Espainiako Historiaren Errege Akademiarako: ¿Oraindik han dago gaztelua, inguruko zuloekin, Aragoi ibaiaren gaineko kasko batean.¿

Milagroko gaztelua

Egitekoa zehazteke duen eraikin gangaduna, eta atzerago, horma-dorre baten aztarnak. (2000)

Egitura eta aztarnak

Gazteluaren egitura eta aztarnak ulertzeko, iraganeko deskripzio eta iritzi guztiak lagungarriak izan daitezke. Hona hemen Altadillena, 1936an argitaratua:

¿Gazteluaren hondakinek, Hego-Mendebaldetik begiratuta, erakusten dute oina lauki irregular bat zela, eta harresi zaharrenetan erromatarren garaiko egiturak ageri dira, Valtierrako dorreak dituenen antzekoak [Torraza aipatzen ari da]: porlanez aberastutako hormigoiarekin eta harri xehatuarekin eginiko nahastura dute, eta paretatzar trinko eta sendoak dira. Hegoaldean, ertz angeludun bat ageri da, garai batean zuloa izan zena, eta handik bertan, ganga bat, agian arma edo janari biltegiarena, ez ur biltegiarena. Gazteluaren hondakin horiek mendixka baten puntan daude, zeinak bi aldetatik arrunt irispide zaila baitu; Arga ibaitik 60 metro inguruko altueran dago: oraindik ikusten dira gora igotzeko bidearen aztarnak, bihurgune handiekin.¿

Aztarnen iparraldean zulo edo erretena dago, amildegiak edo ezpondak ez dauden toki bakarrean, baina beste bat ere ba omen zegoen herri aldera, agiri baten arabera (1359).

Erretena edo lubanarroaren gainean, geratzen den horma zati bakarra eta harresiaren dorre angeluzuzen baten aztarnak daude. Mortairuzko horma zati horrek eta dorreak 16 metro osatzen dituzte. Horma zatiaren zabalera, berriz, 1¿55 metrokoa da. Horma zatiak bi egitura mota ditu, eta, beharbada, bi garaitan egina da, edo egokitua. Bestalde, barrualdea izango zen azalean, oraindik enbor puskak ikusten dira bi tokitan. Agian, barruko etxeen aztarnak dira (harresiari atxikirik egoten baitziren); edo, agian, harresiari atxiki zizkioten egurrezko egituren aztarnak dira aldamioen aztarnak. Bestalde, ikusten den dorre hori ez zen bakarra izango, eta agiriek ere esaten dute gehiago bazirela.

Gazteluaren barrualdean hainbat eraikin zeuden; eraikin horien estalkiak zabaltzak ziren (1359an eginiko konponketa batzuen berri ematen duten agiriei esker dakigu hori).

Hegoaldean, etxetxo itxura duen eraikin angeluzuzen bat ikusten da; 7¿5 metro luze eta 5 metro zabal ditu, neurriak kanpotik harturik. Horma, 0¿70 metro da lodi. Sarrera alde luze batean ikusten da, mendebaldekoan. Gangaduna zen, eta puska handiak galdu ditu (barrualdera eta kanpoaldera erori dira), eraikin guztia mugitzen ari baita. Garai batean soto moduko bat izango zen eraikin hori, baina estaltzen edo inguratzen zuen lurra joan egin da. Bere egitekoa ez dakigu zehatz zein zen: ur biltegia, armategia¿

Inguruan, lurrean, izugarrizko pitzadurak daude; izan ere, poliki-poliki, Aragoi ibaiak harana zabaltzen jarraitzen du.

Eraikinen beste aztarnarik ez da geratzen, horma-dorreak eta etxetxo hori. Gainerako guztia urak eraman du edo herritarrek hartu dute. Ez dago jakiterik oinak zein itxura zuen, gazteluak zenbaterainoko hedadura zuen. Egun, zulo edo erretenaren inguruan ageri dena da ertz jatorrizko bakarra; gainerako alde guztiak eraldatuak daude, ezponda edo amildegi bihurtuak.

Agirietan jaso denez, eraikin aurreratu bat ere bazuen, barbacana esaten baitiote; gehienetan, horrek esan nahi du gazteluaren barrutitik kanpora eraikin gotortu bat zegoela. Handi samarra omen zen; hala pentsarazten dute bertan egin zituzten lanen berri ematen duten agiriek: 1442 eta 1445. urteen artean, 38 tapial (itxiturak) egin zituzten. Tokia ikusita, eraikin aurreratu hori gaztelutik ipar-mendebaldera egongo zen, baina egun ez da ezer nabaritzen.

Bestalde, herritarrek esaten dute galeriak bazirela (gehienek bi aipatzen dituzte): bata, gaztelutik ibai aldera zihoana, eta bestea, gaztelutik herrialdera.

Milagroko gaztelua

Geratzen diren aztarnak, Aragoi ibaiaren gainean, goitik begiraturik. (2002)

Iristeko

Herriko kalean gora abiatu, eta eliza igarota eta Ospitale kalea amaituta, Iñigo Arista kalea hasten da; han eskuineko orube batean ikusten dira aztarnak. Orube horretatik joan daiteke gaur egun.

Milagroko gaztelua